Gogorak Portugaleten ekingo dio berriro Memoria Plaza erakusketari

Portu_prentsaurrekoa_1.jpg

2017.eko irailak 20

Erakusketa ikusgai egongo da El Solar Plazan irailaren 21etik 28ra

Portugaleteko Alkate Mikel Torresek eta Aintzane Ezenarrok Gogora Institutuaren zuzendariak, Memoriaren Plaza Portugaleten izango duen programazioa aurkeztu dute. Herritarrek parte hartzeko iaz martxan jarritako proiektu bat da; helburua da Euskadin azken urteotan gertatutakoei buruzko lekukotzak biltzea eta azaltzea, memoria plural eta partekatu bat eraikitzeko asmoz. Erakusketa Portugaleteko El Solar Plazan egongo da ikusgai irailaren 21etik 28ra.

Aurkezpenean Mikel Torresek azpimarratu du Portugaleteko Udalak 2012an onartutako Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plana bultzatzeko duen konpromezua eta esan duenez, bertan kokatzen da Memoriaren Plaza erakusketa herrira ekartzeko ekimena ere. Zentzu honetan, Udalak herritarrekin batera, bakea, bizikidetza eta giza eskubideetan oinarritutako gizarte eredu bat indartzeko beharraz hitz egin du.

HELBURUAK

Ezenarrok azaldu duenez, lau xede ditu Memoriaren Plaza proiektuaren fase ibiltariak:

  • Memoria jendarteratzea eta partekatzea, erakusketa baten bitartez, eta guztion artean eraikitako gogoeta sustatzea.
  • Herritarrei beren memoria-lekukotza uzteko espazio bat eskaintzea.
  • Memoriak udalerrien eremuan lantzea, eta dinamikak sustatzea iraganari buruzko gogoeta kritikoak partekatzeko.
  • Gogora Institutua ezagutaraztea eta herritarrengana hurbiltzea.

PROGRAMA PORTUGALETEN

Gogora institutuaren zuzendariak Memoriaren Plazaren programazioa azaldu du:

  • Irailaren 21ean 19:30etan: erakusketaren irekiera-ekitaldia.
  • Irailaren 25ean, 19:00etan: Memoria historikoari buruzko hitzaldia Portugaleteko OROITUZ elkartearen eskutik, “Frankismoaren arrastoa Portugaleten”.
  • Irailaren 27an, 19:00etan: Biktimen mahai-ingurua. Nerea Barriosek, Iván Ramosek eta Fermín Pérez Elexpek parte hartuko dute.

Beste herri batzuetan egin den moduan Portugaleteko Memoria Plazak hezkuntza tailerrak antolatuko ditu goizetan DBH4ko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat. Helburua da esperientzia esanguratsua eskaintzea Memoria eraikitzeko giltzarriak ezagut ditzaten laguntzeko eta gogoeta kritikoa egin dezaten errazteko

ERAKUSKETAGUNEA

Honako gune hauek izango ditu:

  • Lekukotzak grabatzeko eremua: erakusketara bertaratutakoek beren memoria-lekukotza in situ grabatzeko aukera izango dute.
  • Lekukotzen bideoak: Gerra Zibilaren nahiz 107/2012 Dekretuaren babespeko frankismoaren biktimen memorien lekukotzak entzun ahal izango dituzte, bai eta terrorismoaren biktimenak ere.
  • Proiekzio eta debate eremua: zenbait dokumental proiektatuko dira eta mahai-inguru batzuk antolatzea aurreikusi dute.
  • Mezuen hormairudia: bertaratzen direnek beren mezua hormairudian idatzi ahalko dute.

 

MEMORIA PLAZAREN AURREKARIAK

Gogora Institutuak iaz ekin zion testigantza hauek ezagutarazteari eta herritarren zuzeneko testimonio eta emozioak biltzeari. Orain arte, erakusketa ibiltari hau Bilbon, Durangon, Tolosan, Gasteizen, Eibarren, Donostian, Zarautzen, Arrasaten, Getxon, Lasarte-Orian, Gernikan eta Santurtzin egon da. Beste udalerrietako esperientziak eskuragarri daude hurrengo estekan: https://goo.gl/lEJ8Xv