Marcos Muro: "Gizarte- kohesioa eta -justizia, derrigorrezko osagaiak Euskadik Europan herrialde lehiakor eta indartsu gisa duen etorkizunerako"

Argitalpen-data: 

Lanbide.

  • ‘Lurraldeko enplegagarritasun eta gizarte-kohesioa 2020 urteari begira’ jardunaldia, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta
  • "Lanbidek sustatutako prestakuntza-ekintza batean parte hartzen duten pertsonen % 53k laneratzea lortzen du"

Marcos Muro Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak gaur goizean azaldu du Gobernua 2017-2021 Gizarteratze Aktiborako IV. Euskal Plana prestatzen ari dela; laster argitaratuko da. Muroren hitzen arabera, "gizarte-bazterketa tratatzeko erronkak eta lehentasunak ezartzen dituen plangintza-tresna nagusia da, eta inklusio-prozesuei bide emateko zer jarduketari heldu zehazten du".

‘Lurraldeko enplegagarritasun eta gizarte-kohesioa 2020 urteari begira’ jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu du, Hernaniko Orona Fundazioaren Entzungelan. Bertan, sailburuordeak esan du "pertsonen oinarrizko beharrekiko sentsibilitatea eta konpromisoa direla mugitzen gaituen ekintzaren funtsezko printzipioa, eta gizarte- kohesioa eta -justizia derrigorrezko osagaiak direla Euskadik Europan herrialde lehiakor eta indartsu gisa duen etorkizunerako".

"Badakigu gizarte bat benetan aberatsa dela herritar guztiek oinarrizko balioetara jo eta horiek gozatu ditzaketenean", esan du Murok, eta nabarmendu du "Euskadi erabat konprometituta dagoela laneratzearekin eta gizarte-kolektibo ahulenentzako laguntzarekin". Hori dela eta, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzak gizarte-kohesioan eta -inklusioan izan du eragina, eta, horretarako, Gizarteratze Plana garatu eta "pobrezia-egoerei aurre egiten dieten" diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko sistema antolatu du.

"Badakizuenez, bete-betean ari gara, halaber, Lanbide erreformatzen eta eguneratzen. Lanbide enplegua sustatzeko eta gizarteratzea kudeatzeko tresna eskudun bilakatzen ari da. Datu bat emango dizuet: Lanbidek sustatutako prestakuntza-ekintza batean parte hartzen duten pertsonen % 53k laneratzea lortzen du", esan du Muro sailburuordeak. Eremu horretan, "2018a erreferentziazko urtea izango da Euskal Enplegu Zerbitzuaren kudeaketa berrian".