Galdakao-Usansolo Ospitaleko Pneumologiako Zerbitzuak SVNPAR/ENAPE XXX. biltzarra antolatu du

2017.eko azaroak 17

Zerbitzu horrek Euskadiko eta Nafarroako Arnas Patologia Elkartearen hogeita hamargarren edizioa antolatzen du. Biltzarreko aztergaiak hauek izango dira: ingurumenaren kutsadura, giza faktorea medikuntzako praktikan, eta osasun sistema publikoaren jasangarritasuna.

Biltzarrean adituak eta pazienteak izango dira, eta arnas patologiari elkarren eskutik ekiteaz jardungo dira.

Beste urte batez, zientzia arloko biltzar honek ikuspegi orokorra izango du, eta pertsonal medikoari eta erizaintzakoari zuzenduta egongo da, gaur egun tratamenduak diziplina anitzekoak baitira.

 

Gaur, azaroak 17, ostirala, Euskadiko eta Nafarroako Arnas Patologia Elkartearen XXX. Biltzarra izango da Gernikako Kultur Etxean. Barrualde-Galdakao ESI barruko Galdakao-Usansolo Ospitaleko Pneumologiako Zerbitzuak antolatu du biltzarra. Aurtengoa osasun arloko topaketa horren hogeita hamargarren edizioa izango da, eta bere helburua hauxe da: medikuntza eta erizaintza arloko ezagutzak, esperientziak eta praktika onak komunean jartzea, arnas patologian eta toraxeko kirurgian zerbitzurik onena eskaintzen jarraitzeko.

 

Kutsadura

Biltzarreko lehen ezatabaida-mahaian arnas aparatuaren espezialistak eta airearen kalitatea kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko arduradunak izango dira. Horiek kutsadura atmosferikoa aztertuko dute, Europan 488.000 heriotza goiztiar eragiten dituena. Osasun arloko arriskurik handienetakoa da, tabakismoak eragiten dituen arriskuen parekoa, eta bizi-itxaropena murrizteaz gain, arnas-aparatuaren gaixotasunak izatea eta horien patologia kronikoak areagotzen ditu.

Arrisku faktorea den aldetik, kutsadurak herritar ahulenei eragiten die nagusiki: adinekoei eta umeei, konkretuki. Umeei, gainera, biriken garapenaren okerragotzea dakarkie.

Ingurumen-kutsadurari lotutako patologien kopurua handitzeak osasun arloko gastuak handiagoak izatea dakar. Zenbakien arabera, Zainketa Intentsiboetako Unitateetako ospitaleratzeak %26 hazi dira, eta ospitaleratzeak, berriz, %20.

 

Giza faktorea medikuntzako praktikan

Praktika klinikoko humanizazioaz aritzeko beste eztabaida-mahai bat egongo da, eta horretan osasun arloko profesionalek, senitartekoek eta arnas-aparatuaren patologia duten pazienteek parte hartuko dute. Eztabaida-mahaian, besteak beste, patologia horiei batera ekiteaz arituko dira.

Osakidetzako politikarekin bat etorrita, azken urteotan lanean aritu dira pazientea ahalduntzeko eta bere gaixotasunaren erantzukizuna emateko. Horretarako, pazientea trebatu egin dute, eta gaixotasuna kontrolatzeko eta osasun arloko profesionalei datuak bidaltzeko sistemak ere eman dizkiete; profesionalek gaioxtasunaren jarraipena egin dezaten. Eztabaida-mahaian, konkretuki, hauek parte hartuko dute: paziente asmatikoek BGBK (Biriketako Gaixotasun Butxatzaile Kronikoa) gaixotasuna dutenek, eta fibrosia duten gaixoen senitartekoek.

 

Osasuna eta gastua

Azken hamarkadetan, ikerketa medikoak farmako berriak sortzea ekarri du, eta, terapia estrategia anitzak garatu dira. Horrekin batera, osasun arloko gastuak ere hazi egin dira. Horregatik guztiagatik, eztabaidatuko den hirugarren gaia hauxe izango da: medikuntzaren eraginkortasunaren eta osasun sistema publikoaren arteko oreka topatzearen garrantzia.

Era berean, helduen penumonia pneumokozikoa prebenitzeko araudi berriaz arituko dira, baita pleurako isuri gaiztoaren diagnosiaren eta terapien azken eguneraketez ere.

 

Erizaintzako kontsulta espezifikoak

Beste behin ere, Euskadiko eta Nafarroako espezialitate horretako erizaintzako langileak batu dira biltzarrean. Aurtengo edizioan, erizaintzako arloa honi buruz arituko da: arnas aparatuaren patologiei osasun-hezkuntza bidez ekiteaz.

Azkeneko urtean, Barrualde-Galdakao ESIak gaixotasunaren alderdi psikologikoen tratamenduari lehentasuna eman dio, baita arnas aparatuaren patologiari hainbat diziplinatatik ekiteari ere. Zehatz-mehatz hauek aurkeztuko dira: paziente asmatikoaren tratamendu psikologikoaren berritasunak, Psikiatria Zerbitzuarekin batera landu direnak, eta patologia hori duten pazienteei zuzendutako talde-hezkuntza saioen eskaintza.

Azkenik, biltzarrean hauxe nabarmendu da: espezialitate horretan egiten diren kontsulta espezifikoek daukaten garrantzia arnas aparatuaren patologiak kontrolatzeko eta tratatzeko orduan. Horretarako, erakunde honetako erizaintzako langileek azalduko dituzte Asma, BGBK eta biriketako fibrosi idiopatikoaren erizaintzako kontsulten abantailak eta jarduketa, eta ospitaleratzean egiten diren heziketako esku-hartzeak.

 

Gernika, 2017ko azaroaren 17a