Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESI-k 11 ibilgailu berri eskuratu ditu eta CO2 isuriak % 77 murriztea lortuko du horrela

2017.eko azaroak 17

Ibilgailu horiek helduen eta haurren etxeko ospitaleratzeetan eta loaren unitatean zerbitzua emateko erabiliko dira.

Eskuratutako hamaika automobil horietatik bederatzi erabat elektrikoak dira; gainera, bateria guztiz kargatzeak 1,2 euro balio izango du. Energia horrekin 300 eta 400 km artean egin daitezke.

Eskaintzak hautatu eta baloratzerakoan, kontuan izan dira ibilgailuak erosteko irizpideak, Eusko Jaurlaritzaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak zehaztutakoak.

 

Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIk 11 auto berri eskuratu ditu; 18.960 kg CO2 gutxiago isurtzea espero du horrela, hau da, % 77 gutxiago izango dira isuriak. Auto horietatik bederatzi erabat elektrikoak izango dira, eta Euro 6 isurpen-estandarra dute. Beste biak, berriz, Bi-fuel modelokoak dira, eta A kalifikazio energetikoa eta EURO 6 isurpen-estandarra dituzte. Hamaika ibilgailu horiek helduen eta haurren etxeko ospitaleratzeetan eta loaren unitatean zerbitzua emateko erabiliko dira.

Eskaintzak hautatu eta baloratzerakoan, kontuan izan dira ibilgailuak erosteko irizpideak, Eusko Jaurlaritzaren Jasangarritasun Energetikoaren Batzordeak zehaztutakoak. Irizpide horiek, EAEko sektore publikoaren jasangarritasun energetikoari buruzko 178/2015 Dekretuaren xedapenei jarraikiz, hau ezartzen dute:

  • Autonomia-erkidegoko sektore publikoak eskuratutako ibilgailuek petroliotik eratorritako erregaien ordezko energia-iturriak erabili beharko dituzte.
  • Ibilgailuak erosteko orduan, kontuan hartu behar da ibilgailuak bizitza erabilgarri osoan zehar zer energia- eta ingurumen- inpaktu eragiten duen.

Era berean, erakundeak erositako ibilgailuek diru-laguntza eskatzeko 617/2017 Errege Dekretuak ezarritako xedapenak betetzen dituzte. Dekretu horren bidez, diru-laguntzak zuzenean ematea arautzen da, ordezko energiak erabiltzen dituzten ibilgailuak erosteko eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneak ezartzeko 2017an (MOVEA Plana 2017). Horren zenbatekoa 51.500 euro artekoa izan liteke renting-kontratuaren indarraldian.

 

Ibilgailuak kargatzeko guneak

Nabarmendu beharra dago ibilgailu horiek jatorri-ziurtagiria duen energia berriztagarriarekin kargatzen direla erabat. Hala, kargatzeko, 11 IBILbox 116-M gune eta IBILbox 232x2 gune trifasiko bat ezarri dira. Ibilgailuak gauez kargatzen dira, eta bateria guztiz kargatzeak 1,2 euro balioko du. Energia horrekin 300 eta 400 km artean egin daitezke.

Kargatzeko kontratatutako irtenbidea berezia da bi ezaugarri hauengatik:

  • Batetik, eskariaren kudeaketa aktiborako zerbitzua du, eta, horri esker, txikiagoa da behar den potentzia. Hala, konektatzen diren ibilgailuen arabera, potentzia modu dinamikoan aldatuko da kargatu bitartean, betiere kontuan hartuta ibilgailu guztiek 08:00etarako guztiz kargatuta egon behar dutela ospitaleratze-zerbitzuak lan egin ahal izan dezan.
  • Eta, bestetik, ezarritako IBILbox 232x2 terminal trifasikoa 22 kW arteko terminala da, bi konektore dituena, eta ibilgailua gehienez bi orduan kargatu ahal da horri esker. Bi hargune dituenez, gainerako ibilgailu elektrikoak ere gehienez bi orduan kargatu ahal izango dira emergentziarik badago.

Era berean, IBIL erakundearen kargatzeko sare publiko bat dago Bizkaian, ESIren ibilgailuek erabil dezaketena; karga normaleko 38 gune ditu, eta karga azkarreko bi (35 minutu bateriaren % 80 kargatzeko), lekualdaketetan azkar kargatu beharra izanez gero.

Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIk ingurumenarekin hartutako konpromisoaren barruan dago erosketa hau; izan ere, helburua da erakundearen jarduerak sortutako inpaktua ahalik eta gehien murriztea, besteak beste.

 

2017.eko azaroak 17