Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bi mahai-inguru antolatu ditu, biharko, Durangoko Azokan

Euskadi_Liter.jpg

2017.eko abenduak 07

-          ‘Zinemagintza eta euskalkiak’ da lehenengoaren izenburua; bigarrenak, berriz, Euskadi Literatura Sarien irabazleen sormen prozesua aztertuko du.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bi mahai-inguru antolatu ditu, biharko, Durangoko Azokan. Lehenengoan, euskara batua eta euskalkien erabilera aztertuko da gaur egungo zinemagintzan, ‘Handia’ eta ‘Errementari’ filmen kasua oinarri hartuta. Bigarrengoan, aurtengo Euskadi Literatura Sarietako irabazleen sorkuntza prozesuaz hitz egingo dute, eta han izango dira aurtengo bost irabazle.

‘Zinemagintza eta euskalkiak’ izango da lehen mahai-inguru horren izenburua, eta arratsaldeko 14.30ean hasiko da, Irudienean. Paul Urkijo (‘Errementari’, besteak beste), Jon Garaño (‘Handia’, ‘Loreak’ edota ’80 Egunean’), Olatz Beobide (‘Eskamak kentzen’ edota ‘Goenkale’, beste askoren artean) eta Patxo Telleria (‘Ez dok hiru’, ‘Igelak’, ‘Hodeiak pintatzeko makina’ edota ’27 ordu’, beste lan askoren artean) izango dira hizlariak. Moderatzailea Onintza Irureta kazetaria izango da.

Bigarren mahai-ingurua, berriz, areto nagusian izango da, arratsaldeko 17.00etatik aurrera. ‘Sormen prozesua literaturan’ izenburupean, aurtengo Euskadi Literatura Sarietako zazpi irabazleetako bost izango dira hizlariak: Asier Serrano (Literatura Euskaraz), Arantxa Urretabizkaia (Saiakera Euskaraz), Ander Izagirre (Saiakera Gaztelaniaz), Leire Bilbao (Haur eta Gazte Literatura) eta Mikel Valverde ( Literatura Lanaren Ilustrazioa). Goizalde Landabaso kazetaria izango da moderatzailea.