Euskal Ekonomiak eutsi egiten dio 2016. urtearen itxierako barne produktu gordinaren hazkunde erritmoari eta enplegu sorrerako erritmo handiari

2017.eko uztailak 27

 

EUSKAL EKONOMIAK EUTSI EGITEN DIO 2016. URTEAREN ITXIERAKO BARNE PRODUKTU GORDINAREN HAZKUNDE ERRITMOARI ETA ENPLEGU SORRERAKO ERRITMO HANDIARI

 

  1. Barne-produktu gordina % 2,9 hazi zen 2017ko bigarren hiruhilekoan, urte arteko datuei erreparatuta. Horrenbestez, espantsio-erritmoa gehitu egin da berriro ere, urteko hiruhileko bakoitzean hamarren bat igo baita. Hiruhileko arteko datuei erreparatuta, hazkunde-tasa % 0,9koa izan da.

  2. Enpleguaren sorrera, lanpostu baliokideei dagokienez, % 2,2 hazi zen urtean, eta hiruhileko arteko hazkunde-tasa % 0,8koa izan da. Tasa hori laugarren hiruhilekoan lortutakoa baino hamarren bat handiagoa da, eta horrek lotura estua du zerbitzuek hazkunde-ereduan duten protagonismoarekin.

  3. Biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestak —joan den ostiralean argitaratutakoak— jakinarazi du enplegu-sorreraren erritmoak % 2,2 egin zuela gora, 19.600 enpleguren sorrerarekin, eta langabezia-tasak hiru puntu egin zuela behera, % 11ra arte. Datu hau 2011ko laugarren hiruhilekoarekin bat etorri liteke. Bestalde, Gizarte Segurantzako afiliazioaren bilakaerak ere % 2,2ko hazkunde-tasa izan du ekainean —urte arteko datuei erreparatuta— eta agerian utzi du enpleguak abiadura berean hazten jarraitzen duela.

  4. Datu horiek islatzen dute enpleguak produktibitateak baino protagonismo handiagoa duela. Urteko datuetan, bigarren hiruhileko honetan itxurazko produktibitatearen aldaketa % 0,4koa izan da, errekuperazio berri honetako batez bestekoan hautemandakoa baino nabarmen txikiagoa.

  5. Gobernuak % 2,7eko hazkundea aurreikusi zuen hiruhileko honetarako, hau da, aurreko hiruhilekoaren aldean 0,2 puntuko murrizketa. Ekonomia, beraz, aurreikusitako egoera gainditzen ari da, eta horrek aurreikusitako hazkundea gorantz berrikustea ekarri beharko du.

  6. Duela gutxi gorantz berraztertu dira Espainiako ekonomiaren hazkundearen kopuruak. Espainiako Bankuak (% 3,1) zein Gobernuak (% 3) handitu egin dituzte ekaineko eta uztaileko hazkunde-aurreikuspenak; nahiz eta hurrengo urteetarako murrizketa adierazgarria proiektatzen jarraitzen duten (% 2,5 eta % 2,6).

  7. Aurrerapen hori hiruhileko kontuen argitalpenean islatzen denean, eta behin kontu horien egituraren xehetasunak ezagutzen direnean, Eusko Jaurlaritzak epe laburrerako bere aurreikuspen-eredura txertatuko ditu xehetasun horiek eta ingurunearen datuak aldatuko ditu. Aurreko kasuetan bezalaxe, ezin dugu emaitzazko zifra aurreratu, baina, itxura guztien arabera, % 3tik hurbileko zifra izango da.

 

Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27