Euskadik eskualde eta nazionalitateen ahotsa defendatuko du Europako Kultura Foroan

Irene Larraza, erdian, saioaren momentu batean.

2017.eko abenduak 07

-Europako Batzordeak gonbidaturik, osoko bilkuran hitza hartuko duen “eskualde europar” bakarra da

-Eskualde eta nazionalitateak europako kultur politiken erronkei aurre egiteko funtsezko bazkide bezala kokatzen dituen narratiba berria defendatuko du

- 2018. urtean aurkeztuko den Kulturarako Europar Agenda berriaren lan-ildoen oinarriak jorratuko dira Europako Kultura Foroan

Etxepare Euskal Institutuak Europako Kultura Foroan parte hartuko du gaur eta bihar, Milanen, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari bezala. Europako Batzordeak bi urtero antolatzen duen erreferentziazko topaketa honetan europako kultura eta sormen industrien alorreko eragile nagusiak elkartzen dira Europar Batasunaren politika eta egitasmoak eztabaidatu, europa mailako kultur lankidetza estutu eta kultur diplomazian sakontzeko.

Europako Batzordeak gonbidaturik, osoko bilkuran hitza hartuko duen “eskualde europar” bakarra da Euskadi. Bertan, EBk kulturaren alorrean dituen erronkei aurre egiteko eskualde eta nazionalitateen ekarpena defendatuko du. Europako eskualdeen ordezkari bezala eta RICC (Regional Inititative for Culture and Creativity) europar sareko ko-lider gisa hitz egingo du foroan. 2018. urtean zehar aurkeztuko den Kulturarako Europar Agenda berrian txertatuko diren lan-ildoen oinarriak landuko dira osoko bilkura horretan.

Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria izango da topaketan parte hartuko duen euskal ordezkaria. Epe ertain eta luzera, europan kulturaren dimentsio estrategikoa eta sormenaren ahalmena garatzeko “eskualde europarrak” funtsezko eragile bezala kokatzen dituen narratiba berria defendatuko du bertan.

Larrazak nabarmenduko du eskualdeek europako kultur estrategiei eta espezializazio adimentsurako politikei ematen dieten balio erantsia, eta azpimarratuko du diplomazia kulturalaren eta kultur lankidetzaren alorrean egiten duten ekarpena.

Halaber, kultura eta hizkuntza ez hegemonikoek europarrok partekatzen dugun ondareari egiten dioten ekarpena balioetsiko du eta kultur aniztasuna Europar Batasunaren lehentasun bezala kokatzearen beharra azpimarratuko du, baita agintairei bide horretan sakontzeko eskatu ere.

Kulturak elkartasuna sustatzeko, elkar ulertzeko eta gatazkak gainditzeko duen ahalmenaz ere mintzatuko da.

Azkenik, kulturak eta sormenak lurralde garapenean izan dezaketen garrantzia nabarmendu eta Creadis 3 – Smart Specialisation Creative Districts europar proiektua azalduko du. Egitasmo honen helburua da lurraldeetako politika publikoen agendak koordinatzea kultura eta sormen industrien (KSI) alorrean berrikuntza eta garapen ekonomikoa bideratuko duen ekosistema lagungarri bat sortzeko. Euskadi -Etxepare Euskal Institutuaren partaidetzarekin- buru duen egitasmo honetan Europar Batasuneko sei lurraldek parte hartzen dute.

Kulturaren “Davos” europarra

Europako Kultura Foroa Europako Batzordeak kultur alorrean antolatzen duen ekitaldi garrantzitsuena da. Topaketa hau funtsezkoa izaten da europako kultur politikan eragiteko, KSIen papera azpimarratzeko eta kulturak Europako Batzordeak dituen lehentasunei egiten dien ekarpena nabarmentzeko. Gainera, aurtengo edizioak hasiera emango dio 2018an ospatuko den Ondarearen Urte Europarrari.

Bilkuran mila pertsona inguru elkartuko dira: kultur alorreko profesionalak; nazioarteko erakundeetako ordezkariak; europako kultur plataforma eta sareetako kideak; erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak; EBko zenbait herrialdetako ministroak, eta EBko zenbait agintari; Jean Claude Juncker, Europako Batzordeko presidentea; Antonio Tajani, Europako Parlamentuko presidentea; eta Tibor Navracsic, Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kiroletako komisarioa, besteak beste.

EBko kultur politikan eskualdeen parte hartzeari bultzada

Europako erakunde eta bazkideekin buruturiko elkarlanaren ondorioz Euskadik papel garrantzitsua jokatzen du “europar eskualdeek” europako kultur agendarekiko duten posizionamenduari dagokionean. Aipatzekoa da Eusko Jaurlaritzak RICC (Regional Initiative for Culture and Creativity) sarea gidatzen duela. Sare hau Bruselan ordezkaritza duten 23 eskualdek osatzen dute eta bere helburua da europako erakundeen aurrean KSIen alorreko europar politiketan eta EBren kultur politikan eskualdeek egiten duten ekarpena defendatzea. Era berean, Euskadik, Etxepare Euskal Institutuaren parte hartzearekin, Creadis 3 – Smart Specialisation Creative Districts proiektua europarra gidatzen du KSIen garapena sustatzeko. Halaber, Institutua EUNIC sareko (EBko kultura institutu nazionalak elkartzen dituen sarea) kide elkartua da. Hau guztia EBko erakundeen aurrean Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzak egindako elkarlanaren ondorioa da.