Eskola jazarpenaren bilakaera Euskadin; 2015-2016 ikasturtea

2017.eko martxoak 09

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso sailburuordea eta Jose Antonio Romero Hezkuntza Ikuskaritzako burua lagun zituela, 2015-2016 ikasturtean eskola jazarpenak Euskadin izan duen bilakaera aurkeztu du gaur goizez.

Uriartek azaldu dituen datuetan ikus daitekeenez, aztertutako kasuen kopuruan igoera handia izan da, ia-ia aurreko ikasturteko kopuruak bikoiztuz. Horien artean, %25ean egiaztatu ahal izan da jazarpen kasua izan dela. Horrela bada, 2015-2016 ikasturtean Hezkuntza Ikuskaritzak 121 eskola-jazarpen kasu zenbatu ditu. Kopuru honek ia-ia bikoiztu egin du 2014-2015 ikasturtean jasoriko datua.

Uriartek azaldu duenez “gizartean bilakaera esanguratsua gertatu da. Sentsibilizazio handiagoa dago, eta hori ona da”, baieztatu du.

Hezkuntza Sailburuaren aburuz, jazarpen gisa identifikatu diren kasuak ugaritzeak ez du esan nahi gero eta jazarpen edo ekintza bortitz gehiago gertatzen denik, baizik eta gizarteak oro har, eta hezkuntza komunitateak bereziki, jazarpenarekiko tolerantzia maila jaitsi egin duela. “Orain kasu gehiago gertatzen dela esan nahi ote du horrek? Kasu gehiago identifikatu ditugu, baina horrek ez du esan nahi ikastetxeetan jazarpenaren hazkundea gertatu denik. Guk ezetz uste dugu. Ziurrenik guztiok, bai Ikuskaritzak, ikastetxeek, familiek eta ikasleek eurek ere bai, onarpenaren langa mugitu egin dute. Lehen jazarpentzat hartzen ez zen ekintza, orain halakotzat har daiteke. Orain urte batzuk behar beste garrantzia ematen ez zitzaion horri, orain ematen zaio. Eta horrelaxe behar du”.   

DBHn gertatzen da kasurik gehien, nahiz eta Lehen Hezkuntzako azken etapako kopurua ere esanguratsua izan.

Kasuen izaerak aztertuz:

  • Gehien gertatzen direnak hitzezko erasoak dira: kasuen %43
  • Ondoren dator bazterketa soziala: %25
  • Kasuen %16 eraso fisikoak dira
  • %11,6 beldurra eragitea, xantaia edo mehatxuak
  • %4, bestelako kasu batzuk
  •  %1 baino gutxiago dira jazarpen edo abusu sexuala, edo jazarpen sexista

Aipatzekoa da kasuen %23an zerikusia izan dutela Internet edo sare sozialek. Ciberbullying-a ere, tamalez, errealitatea da, ez guztiz berria, baina protagonista izaten jarraitzen du jazarpen gisa konfirmatu diren jarreren artean.

Egoera hauek guztiak ikastetxeetatik bertatik lantzen dira, irakasleen parte hartzearekin, eta Berritzeguneetako Bizikidetza arduradunen laguntzarekin. Hauen guztien lana funtsezkoa da eskolako bizikidetza mantentzeko eta sor litezkeen arazoak birbideratzeko.

Era berean, garrantzitsua izan da Hezkuntza Saileko Ikuskarien Kidegoak egiten duen lanak azken urteotan izan duen bilakaera ere. Eurak dira ondoren jazarpenaren inguruan egingo den analisirako estatistikak osatzen dituztenak. Arazoari jarraipena egiteaz arduratzen dira, eta baita balizko kasu bat gertatzen denean ikastetxeei laguntza emateaz ere. Gorago aipatu den gizartearen sentsibilizazio horrek isla izan du Ikuskaritzaren lanean ere.

Aipatu diren jarduera horiek guztiek, erreminta berri bat izango dute eskura aurki. Uriarte sailburuak legealdi honetarako ildo estrategikoak azaldu zituen Legebiltzarreko agerraldian aurreratu bezala, Hezkuntza Sailak datozen hilabeteetan Eskola-jazarpenaren aurkako Plan bat aurkeztuko du. Eskola-jazarpenaren aurkako ekintzak garatzeko lagungarri gertatuko diren prozedurak jasoko dituen dokumentu hori taxutzen hasia da Saila. 

Sailen arteko koordinazioa

Nabarmentzekoa da Hezkuntza eta Segurtasun sailen artean dagoen koordinazio lana ere. Duela hiru ikasturtetik hona, Segurtasun Saileko arduradunek Hezkuntzakoekin elkarlanean dihardute, hezkuntza komunitatearentzako interesgarri den hainbat gairen inguruko informazioa, orientazioa eta aholkularitza helarazteko zereginean.

Elkarlan honek 2015-2016 ikasturtean utzi dituen datuak, honako hauek dira:

  • Aurreko ikasturtean, Ertzaintzako adituek dibulgaziozko 595 jarduera burutu zituzten ikastetxeetan.
  • Jarduera horietan 26.675 ikaslek parte hartu zuten, aurreko ikasturtean baino 9.000 ikasle gehiagok.
  • Ikasle gehien batu zuen jarduera Interneteko arriskuei buruzkoa izan zen, 13.700 ikasleren parte-hartzearekin
  • Bigarren lekuan, bullyingari saioak daude. 5.300 ikaslek jaso zuten arazo honen inguruko formazioa eta informazioa

Zeuk Esan telefonoa

Euskadik badu, duela zazpi urte ingurutik hona, haurrei eta nerabeei arreta emateko telefonoa. ZEUK ESAN telefonoa da, 116111 zenbakia duena. Azken datuek erakusten dute gero eta gehiago erabiltzen dela. Psikologo talde batek beharra duten gazte eta gaztetxoei entzun eta laguntza ematen dio, beste bideren batetik, agian, ez bailirateke ausartuko zuzen-zuzenean euren arazoa kontatzen.

Eusko Jaurlaritzak ipini duen baliabide bat gehiago da. Hezkuntza Sailak horren beharrean egon daitezkeen neska-mutilak telefono hori erabil dezaten animatu nahi ditu.

 

Atxikitako PDF dokumentuan daude eskuragarri datu eta grafikoak.