Arabako Foru Aldundiak eta Uraren Euskal Agentziak milioi bat euro inbestituko dute 2018an ibaien mantentze-lanetan

Argitalpen-data: 

Ernesto Martínez de Cabredo eta Josean Galera hitzarmenaren aurkezpenean
Ingurumen eta Hirigintza diputatu Josean Galera Carrillok eta Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Ernesto Martínez de Cabredok aurkeztu egin  dute gaur Abi erakundeek adostutako lankidetzarako hitzarmena: lurraldeko ibaien mantentze-lanak koordinatzea xede duena. Lan horietarako Aldundiak 225.000 euro inbestituko ditu datorren urtean; URAk —ibaien mantentze-lanetarako zerbitzuaren bitartez—800.000.

 

Hitzarmenak ibaien Ingurumena hobetzeko lanak egitea, zein ibilguen ahalmen hidraulikoari eusteko lanak egitea aurreikusten ditu: zubi-begiak garbitzeko lanak, ibilguan bildu litezkeen metakinak erauztea edota ibaien ertzetan ingurumen-lehengoratze lanak egitea barne.

Hartara, erakunde biek ala biek konpromisoa hartu dute plangintza adostu bat zehazteko; baita ezustekoei aurre egiteko protokolo gehigarri bat —batik bat, ur-goraldien sasoietarako—.

“Akordio berri honekin Arabako Administrazio-Batzarren eskaera historiko bati erantzungo diogu” goraipatu du Ingurumen foru diputatu Josean Galerak; eta azpimarratu egin du “erakundeen arteko elkarlana” lan horiek egikaritzeko: “izan ere, gure ibai eta ekosistema urtarrak ez dituzte administrazio mugak aintzat hartzen”

Bere aldetik, Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Ernesto Martínez de Cabredok adierazi duenez ”mantentze lanek administrazioek partekatu beharreko lana da, ibaiaren egoera ekologikoaren alde egiteko lagun: ibaiari dagokion berariazko forma eta landaredia berreskuratzeko, besteak beste. Jakitun bagara ere, ez dagoela mantentze lanik, inolaz ere, gu geu ibaien ur-goraldi errepikakorrek bere egiten duten eremuetan jarri izanak sortutako arazoak konponduko dituenik”. 

Adostutako ekintza plan horretan, oro har, Uraren Euskal Agentziak ingurumen berreskuratzea lortzeko eta ibilguen ur-hustutze ahalmenari eusteko ekintzak lehenetsiko ditu; Aldundiak, horiez gain, lurraldean ibaiak zeharkatzen dituzten bere azpiegituren ahalmen hidraulikoaren alde ere egingo du.

Urtero, biek ala biek elkarrekin partekatuko dituzte ekintza-planak hitzarmen-kideari plangintza-proposamen berriak helarazteko, proposatutako ekintzak lehenesteko, edota lankidetza zehatzak zehazteko; era berean, lurraldean egin nahi dituzten egitasmoen berri emango diote elkarri, egutegi komuna zehazteko.

Ibaien mantentze-lan horiek tokiko administrazioari eta autonomia administrazioari dagokie; aldiz, administrazio hidraulikoari: lan horiek egiteko baimenak eman eta baldintzak ezartzea, lan horiek egin ditzaketen udal, elkarte eta partikularrei. Horiek guztiak erakundeen arteko koordinazioa ezinbestekoa egiten dute: horixe, bada, hitzarmen honen xedea.

Ibaiak badira ere paisaia- eta ingurumen-balio nabarmeneko espazio publikoak, eta horiek zaintzea eta hobetzea beharrezkoa egiten dute ahaleginak bateratzea; baita beren-beregi gorde beharreko galeria-basoa ere: ezinbesteko, egoera ekologiko ona lortuko bada.

Dena dela, gogorarazi beharra dago ibaien mantentze-lanek inoiz ez dutela uholdeek sor litzaketen balizko kalteak berez saihestuko; izan ere, ur askoko  sasoietako emariak ez dira inoiz ez ur gutxiko ohiko ibilguan kabituko, eta, lantzean behin, ur handiek okupatu behar duten eremua okupatzen jarraituko dute.