URAk gaur irekiko du Zubimusu zubi berriztatua Villabona-Zizurkilen Oria ibaia zeharkatzeko

Argitalpen-data: 

Zubimusu

URA-EJ-k gaur irekiko du Zubimusu zubi berriztatua oinezko, txirrindulari eta autoek Oria ibaia berriro erraz zeharkatzeko, Villabona-Zizurkilen.

Zubi berriak guztira 7,10 metroko zabalera dauka (barnean 6,5 metro izango dira erabilgarri) — bizikletentzako bidegorriak 1,5m; autoentzako 3m; eta oinezkoentzako 2m—  eta Oria ibaiaren bi ertzak lotuko ditu.

Zubi ia bukatuta dagoenez eta erabat erabilgarri, zubia aurreikusitako data baino lehenago irekiko da. Dena dela, bi asteren buruan bi egunez itxi egin beharko da argiak eta azken ukituak behin betikoz bukatzeko.

Lanok Zubimusu zaharraren ura husteko ahalmena oso nabarmen handitu dute. Izan ere, ur askoko sasoietan, Oriak jariatzen duen emari oparoak zubiaren aldamenean sortutako ageriko estutasunarekin egiten zuen talka, eta hortaz, ur-laminak artifizialki gorantza jotzen zuen, ingurune urbano dentso batean.

Zubi berria berritzeko lanak Zubimusu zaharraren erdiko baotik hasi ziren — jatorrizko harrizko arkua egonkortu da eta Zubimusu berriaren euskarri izaten dirau; bestalde,  Eusko Jaurlaritzako Kultura-Ondarearen Zuzendaritzak katalogatutako ondare da—. Hori burututakoan, ezker eta eskumako bi baoetan taula berri bana jarri da —guztira, beraz, hiru bao—, ertzetan eta erdiko baoan oinarrituta: ondorioz, emari dezente oparoagoek ez dute oztoporik aurkituko zubipetik igarotzeko, eta hortaz, Oriaren ur-goraldiekiko segurtasuna handiagoa izango da datozen ur askoko sasoietan.

Hots, zubi berriak ahalbidetzen du ur askoko sasoietan emari handiagoak pasa ahal izatea, eta, ondorioz, Villabona-Zizurkilen, Oriaren ur-goraldien aurrean segurtasun-maila handitzea; eta aldi berean, zubiaren jatorrizko egiturari bere horretan eustea.

Era berean, proiektuaren bigarren fase honetan honako lan osagarri garrantzitsu hauek burutu dira:

  • Alde batetik, Oria ibaiaren ibilgua zabaldu eta eskuineko ibaiertzean ura bideratzeko horma berria eraiki da, Zubimusu zubiaren inguruan.
  • Bestetik, Villabonako saneamendua hobetu da. Ibaiaren ibilgua zabaltzeko eta ura bideratzeko horma berria eraikitzeko lanak aprobetxatuz, otsailaren 4ean URAk eraikitako kolektorea abian jarri zen, Villabonako 4000 biztanle baliokideen hondakin-urak bildu eta Adunako araztegira bideratzeko —Gipuzkoako Urak kudeatzen duena—, Oria ibaira isurtzea saihestuz.

Uholdeei aurre egiteko edozein lanek bezalaxe, lanok gogorarazten digute Euskadik ezinbestekoa duela prebentzio-lanetan irmo jarraitzea. Alegia, bermatu behar da erabilpen kaltebera berririk — etxebizitzak, oinarrizko azpiegiturak…— uholde-arrisku eremuetan ez kokatzea; alegia, uholde natural eta errepikakorrak izaten dituzten lekuetan.

Izan ere, erabilpen berriak uholde arrisku eremuetatik aldenduz gero, hainbat gauza lortzen dira: pertsonon segurtasuna handitzea, etorkizunean uholdeekiko defentsa lan berriak egin beharra saihestea, eta, era berean, ibaiak hainbeste ez eraldatzea, hainbeste ez artifizializatzea, bizitzaz beteriko ekosistemak sustatzeko.

Orobat, Villabonako 4000 bizilagunen hondakin urak araztegira bideratu dira, eta  hondakin-uren isurketa garrantzitsu bat kendu zaio gainetik Oria ibaiari. Hartara, ibaiaren kalitate fisikokimikoa —orohar, egoera ekologikoa—hobetzeko.