Miribillako osasun-zentro berriak ekin dio asistentzia-jarduerari.

2016.eko apirilak 04

Miribillako Osasun Zentroak gaur zabaldu dizkie ateak Bilboko auzo honetako 11.115 auzotarrei. Joan den martxoaren 23an, zentro zabal eta moderno honen inaugurazioa egin zen. Bertan, hauek izan ziren: Iñigo Urkullu, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaria; Jon Darpón, Osasun Sailburua; Juan Mari Aburto, Bilboko Alkatea, eta auzotarren ordezkaritza-talde bat.

Osasun-zentro berria San Luis Meategiaren kalean dago, eta arreta emango die, batetik, Saralegiko Zentroko bezeroei (zentro horrek jarduteari utzi baitio), eta, bestetik, San Adriango Osasun Zentroari atxikitakoetako parte bati. Guztira, 11.115 biztanleri emango die arreta: 8.665 heldu eta 2.450 ume. 4.500 pertsona inguru Saralegiko zentrotik datoz, eta beste 6.500 San Adriangoan artatzen zituztenen artekoak dira. Nabarmendu beharrekoa da handia dela bertan arreta jasoko duten umeen portzentajea, % 22 hain zuzen. Izan ere, alde handia dago Bilboko portzentaje orokorrarekin: % 11.

Irala eta Ametzola auzoetako auzotarrak Saralegiko lehengo zentrotik eta San Adriangotik datoz, eta 25 profesionalek emango diete arreta, 8:00etatik 20:00etara hain zuzen ere. Miribillako zentro berriarentzat, sei lanpostu berri sortu dira: pediatra bat, bi erizain, erizaintzako laguntzaile bat eta bi administrari-laguntzaile edo zeladore.

Espazio berriak 2.000 metroko azalera du; horietatik, 1.350 metro koadro okupatuko dira lehen fasean, Lehen Mailako Arreta abiarazita. Bigarren fasean, zenbait espezialitate jarriko dira, eta, besteak beste, aurreikusita dago errehabilitazioko gimnasio bat egitea. Inbertsioa hiru milioi eta ehun mila eurokoa izan da: lokala erosi, birmoldaketa egin eta altzariak eta ekipamendu klinikoa berritu dira.

Beheko solairuan, sarbidea eta administrazio-aldea daude, eta, horiez gain, asistentzia-aldea: familia-medikuntzako eta erizaintzako 12 kontsulta, pediatriako eta erizaintza pediatrikoko 4 kontsulta, sendaketa-gela, proba funtzionaletako gela eta analisi-laginak ateratzekoa, emaginaren kontsulta, ama izateko prestakuntzarako eta jarduera komunitarioetarako erabilera anitzeko gela, eta itxarongela bat. Gainera, badaude aldagelak, liburutegia, biltegia, instalazio-gela eta komunak. Lehen solairuan, gela bat dago 50 pertsonarentzako edukiera duena, eta sarbide mugatuko historia klinikoen artxiboa. Era berean, hainbat espazio geratzen dira konplexu osoan, bigarren fasean abiaraziko diren espezialitateak hedatu ahal izateko.

Osasun-zentroan erreportaje grafiko edo elkarrizketaren bat egin edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero, eskatzen dizuegu zuen nahiaren berri eman diezaiozuela Bilbao – Basurto ESIko Komunikazio Unitateari, behar bezala antolatu ahal izan dadin.

Bilbon, 2016ko apirilak 4