Lanbidek Millennium programa globala ekarri du Euskadira, gure ingurunean teknologiaren eta enpleguaren etorkizuna zein den aztertzeko

2016.eko irailak 27

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lan-jardunaldi bat antolatu du biharko Euskadiko enpleguaren eta teknologiaren etorkizunaren inguruan eta Millennium nazioarteko proiektuaren esparruan. Jardunaldia 10:00etatik 13:00etara izango da Bizkaia eraikinean, eta bertan izango da Millennium Proiektuaren zuzendari exekutiboa den Jerome C. Gleen, estrategiak zehazteko erreferentzia izango diren eta ezarri diren Agertoki Globalak aurkezteko. Jardunaldiaren helburua da, hain zuzen ere, jarduera proposamen eta estrategia zehatzak planteatzea zehaztutako esparruetan identifikatutako erronkei aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritza da, Lanbideren bitartez, Euskadin enpleguaren eta teknologiaren etorkizuna zein den aztertzeko proiektuaren buru, nazioarteko Millennium Proiektuaren laguntzaz. Proiektu hau thik tank global bat da, eta mundu osoko korporazio, unibertsitate, GKE, NBEko agentzia eta gobernuetako adituak elkartzen ditu prozesu parte-hartzaile batean, 50 nodoren edo gehiagoren bitartez. Horietan 1996az geroztik gizaterian eragina duten erronka globalei nola aurre egin ikertzen da prospektibako tresnak erabiliz.  

Alde horretatik, enpleguaren eta teknologiaren etorkizunari buruzko Millennium Proiektuko ikerlan berri honek ateratzen duen ondorioa da datozen hamarkadotan enpleguaren ezaugarriak aldatzen ez badira, langabezia ikaragarria izango dela mundu osoan 2050ean. Ikerlan honen lehenengo fasean 50 herrialdetako 200 adituk baino gehiagok trukatu dituzte enpleguaren teknologiak etorkizunera begira duen ahalmenaren dinamikari buruzko iritziak nazioarteko Delphi inkestaren bitartez. Ikerlan honen emaitzak erabiliko dira 2050eko enpleguaren agertoki globalak sortzeko, Millennium Proiektuaren 56 nodoak mundu osoan bideratzen ari diren tailerretan ebaluatuko diren estrategiak identifikatze aldera.

Ikerlan honen bidez, Lanbidek gai horiek aztertu nahi ditu enpleguaren etorkizunari buruzko nazioarteko Delphi ikerlanaren ondorio globalak Euskadira ekarrita, eta, horrez gainera, epe laburragoan enplegua sortzeari buruzko emaitza positiboak erakusten dituzten bestelako hausnarketak eta proiekzioak egiaztatu nahi ditu. Proiektuak etorkizuneko enplegagarritasunari buruzko hausnarketa-prozesu prospektiboa bultzatu nahi du, eta Euskadirentzat erabakigarriak diren faktoreak identifikatu nahi ditu aurrean ditugun erronkei buruzko gogoeta egin ahal izateko ikuspegi partekatua izateko.

Bide horretan, hainbat elkarrizketa egin dira Delphi metodoa erabiliz, eta, esate baterako, aztertu eta hausnartu dira etorkizunari buruzko gogoeta eta estimazio ezberdinak eta horri lotuta egin diren proposamenak, 2030ean garapen ekonomiko jasangarria eta gizarte-kohesioa ziurtatzeko. Bestalde, maiatzean lan-jardunaldi bat antolatu zen etorkizuneko agertokietarako Euskadin funtsezkoak diren faktoreei buruz gogoeta prospektibo bateratu bat egiteko.  

Euskadiren ordezkaritza Iparramerikan

Proiektu honen esparruan, joan den uztailean Vancouverren (Kanada) eta Washington D.Cn (Estatu Batuak) egindako lan-jardunaldietan parte hartu zuten Lanbideko ordezkariek. Vancouverren, euskal enpresetako zuzendaritzako lanpostuetan 45 urtetik gorako zuzendariak sartzeko ‘Design thinking in Lanbide, Servicio Vasco de Empleo’ proiektu pilotua aurkeztu zuen orduan Lanbideko Lan Aktibazioko zuzendari zen Gotzone Sagarduik. Estatu Batuetako hiriburuan, berriz, Millennium Proiektuaren planifikazio-batzordean eta World Future Conference 2016 ekitaldian hartu zuten parte ordezkariek, eta bidaia aprobetxatuz hainbat herrialdetako ordezkari eta enbaxadoreekin elkartu ziren.