Josu Erkorekak eta Margarita Uriak lantaldeak bildu dituzte lankidetza estuan, arinean eta etengabean aritzeko

2016.eko martxoak 23

  • Eusko Jaurlaritzaren ustez, bi erakundeen arteko harremana lehentasuna da, besteak beste, datu pertsonalak, datu intelektualak eta bizitza publikoari, pribatuari eta sekretu profesionalari buruzko datuak babesteko, eta herritarrei informazioa eskuratzeko eskubidea bermatzeko.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkoreka eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko Margarita Uria gaur goizean bildu dira Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, Gasteizen. Otsailaren 1an Uria Bulegoko presidente izendatu zutenetik, bi erakundeek egin duten lehen bilera da. Bileraren helburua Eusko Jaurlaritzako eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoko lantaldeak elkarri aurkeztea da, haien arteko harreman, lankidetza eta komunikazio ahalik eta zuzenena eta eraginkorrena bermatzeko. 

Josu Erkorekak zuzentzen duen Herri Administrazio eta Justizia Sailari dagokio Eusko Jaurlaritzaren eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren arteko harremana bideratzea. Eusko Jaurlaritzaren ustez, bi lantaldeen arteko harreman estua, arina eta etengabea lehentasuna da, herritarrei zenbait eskubide bermatzeko, besteak beste, datu pertsonalak babestekoa eta segurtasun publikoa, bizitza pribatua, sekretu profesionala, jabetza intelektuala eta jabetza industriala edukitzekoak. Era berean, herri-administrazioen arteko gardentasuna bermatu eta herritarrek informazioa eskuratzeko eskubidea babestu nahi du.

Bileran parte hartu dutenei dagokienez, Herri Administrazio eta Justizia Saileko beste ordezkariak Peru Bazako Erakunde Harremanetarako sailburuordea, Andrés Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordea eta Tatiana González San Sebastián Kabineteko zuzendaria izan dira. Datuak Babesteko Euskal Bulegotik, ordea, Joseba Etxebarria idazkari nagusia, Ana Aperribay Aholkularitza Juridiko eta Ikuskaritzako arduraduna eta Pedro Alberto González Erregistro eta Teknologia Berrien arduraduna joan dira.