Argitalpen-data: 2016/09/27

Irailaren 30a izango da azken eguna, Kontsumobidek 2016-17 ikasturtean ikastetxeetan emango dituen prestakuntza-ekintzetan izena emateko

Guztira, 170 ikastetxe, ikastola eta institutuk eman dute izena, 58.000 laguni baino gehiagori kontsumoari buruzko heziketa doan emateko

EAEko ikastetxeek irailaren 30era arteko epea (ostirala) izango dute Kontsumobidek 2016-2017 ikasturtean zehar ikastetxe, ikastola eta institutuetan emango duen prestakuntza-eskaintzan parte hartzeko eskatzeko. Kontsumoko Euskal Institutuak hainbat tailer diseinatu ditu, ikasleentzat: Lehen Hezkuntzarako 18, eta Bigarren Hezkuntzarako, berriz, 19. Halaber, hainbat prestakuntza-ekintza eskaintzen dizkie gurasoei, eta orientabide pedagogikoko zerbitzu bat ere bai, irakasleei.

Helburua hau da: prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenek kontsumoari buruzko oinarrizko ezagutza bat izatea, doan, arlo oso desberdinetan: besteak beste, elikadura, publizitatea, garraio publikoa edo Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak. Horrela, jarrera kritiko eta arduratsu bat lortzeko beharrezkoak diren baliabideak izango dituzte. Interesa duten ikastetxeek aukera dute oraindik online izena emateko, Kontsumoko Euskal Institutuaren web-orriaren bitartez.

EAEko 170 ikastetxek bidali dituzte, gaur arte, eskabideak Kontsumobidera: Lehen Hezkuntzako 127k eta Bigarren Hezkuntzako 43k. Lehen Hezkuntzaren kasuan, 2.300 tailerretik gora ematea eskatu dute ikastetxeek. Hauek dira eskaera handiena izan duten tailerrak: Litxarreriak, Supermerkatua eta erosketa eta Telefono mugikorra eta Internet. Bestalde, DBHko irakasleriak 400 tailerretan baino gehiagotan inskribatu ditu ikasleak. Hauek dira gehienek egin nahi dituztenak: Elikadura osasuntsua, Publizitatea eta gorputzaren gurtza eta Telefono mugikorra. Institutuak, halaber, ehundik gora tailer eta hitzaldi egingo ditu, gurasoentzat. Guztira, 58.000 lagunek baino gehiagok jasoko dute prestakuntza.

Kontsumobidek, ikastetxeetako tailer horietaz gain, beste prestakuntza-ekintza batzuk ere eskaintzen ditu urtean zehar, edonorentzat. Ekintza horietan sartzen dira hauek guztiak: Kontsumoko prestakuntza Kontsumobideko zentroetan programa, adinekoei zuzendutako eskaintza, urteko kanpainak edo ikasgela birtuala (online).

Informazio gehiago: Kontsumorako prestakuntza ikastetxeetan (pdf, 2 MB).

Lehen Hezkuntzarako tailerrak:

  1. Kontsumitzen ikasiko dut
  2. Elikagaien ekoizpena
  3. Supermerkatua eta erosketa
  4. Fruta eta barazkiak
  5. Litxarreriak
  6. Ontziak eta euren berrerabilera
  7. Produktu baten bizi-zikloa
  8. Ura: kontsumoa eta aurreztea
  9. Energia
  10. Garraiobideak
  11. Jolasa eta jostailuak
  12. Bideo-jokoak
  13. Publizitatearen analisia
  14. Arriskuak sahiestu
  15. Elikagaiak: etiketak eta osarea
  16. Badakizu zer janzten duzun? Etiketak esaten dizu
  17. Etxeko-ekonomiaren jokoa
  18. Telefono mugikorra eta Internet

Bigarren Hezkuntzarako tailerrak:

  1. Kontsumitzen ikasiko dut
  2. Bidaian ere eskubide eta betebehar
  3. Elikadura osasuntsua
  4. Elikagaien manipulazio segurua
  5. Kontsumoa eta ingurumena
  6. Produktu baten bizi-zikloa
  7. Ura: nola kontsumitu eta aurreztu
  8. Aurrezpen energetikoa
  9. Aisia eta kontsumoa
  10. Bideo-jokoak
  11. Publizitatea eta markak
  12. Publizitatea eta gorputzaren gurtza
  13. Arriskuak saihestu
  14. Elikagaiak: etiketak eta osaera
  15. Bidezko merkataritza
  16. Badakizu zer janzten duzun? Etiketak esaten dizu
  17. Etxeko ekonomia jokoan
  18. Telefono mugikorra
  19. Internet