Argitalpen-data: 2016/10/27

16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 23,7koa da 2016ko hirugarren hiruhilekoan

Aurreko urteko hiruhileko berdinarekin alderatuz hiru puntuko beherapena dago

Biztanleriaren Jardueraren Arabera sailkatzeko inkestaren (BJA) 2016eko hirugarren hiruhilekoari dagozkion datuak argitaratu berri direla-eta, Euskadiko Autonomia Erkidegoko (EAEko) gazteen langabeziaren egoera aztertu du Gazteen Euskal Behatokiak.

Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, hiru hilean behin lantzen du inkesta hau eta Gazteen Euskal Behatokiari 16 eta 29 urte bitarteko biztanleriaren datuak helarazi dizkio.

  • Zer adierazten du langabezia-tasak?

Enplegurik ez duten baina lana aktiboki bilatzen ari diren pertsona aktiboen (lan egiteko moduan egonik, azken lau asteetan lana bilatzeko gestioren bat egiten duten pertsonen) ehunekoa adierazten du langabezia-tasak. Bertan ez dira sartzen lan bila ez dabiltzan ikasleak edo lan egin ezin duten ezgaituak.

  • Zein da gazteen langabezia-tasa 2016ko hirugarren hiruhilekoan?

EAEko 16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 23,7 da 2016ko hirugarren hiruhilekoan, biztanleria osoarenarekin konparatuta ia bikoitza (% 12,6).

  • Badago alderik sexu edo lurralde historikoaren arabera?

Emakume gazteen langabezia-tasa (% 24,3)  gizonena (% 23,1) baino handixegoa da.

Lurralde historikoei dagokienez, ikus dezakegu Gipuzkoan gazteen langabezia-tasa beste lurraldeetan baino baxuagoa dela (% 19,3, hain zuzen ere). Bizkaian eta Araban portzentajeak parekoak dira (% 26 eta % 25,9, hurrenez hurren).

  • Zein izan da bilakaera?

2016ko bigarren hiruhilekoarekin alderatuz langabezia tasa 0,5 puntu igo da eta aurreko urteko hiruhileko berdina begiratzen badugu portzentajezko hiru puntuko jaitsiera eman da, % 26,7tik oraingo % 23,7ra pasatuz.

Datu hauek Gazteen Euskal Bahatokiaren Estatistiketan ere kontsulta daitezke, Lana ataleko Jarduera, Okupazioa eta Langabezia azpiatalean.

Jarrai gaitzazue gizarte- sareetan!