Eusko Jaurlaritzak bizitegi-eraikingintzaren kalitatea bultzatzen du jasangarritasunerako eta berrikuntzarako laguntzekin

2016.eko irailak 13

EHAAk atzo, irailaren 12an, argitaratu zuen bizitegi-eraikingintzaren sektoreko enpresetan kudeatzeko sistemak ezartzeko, jasangarritasuna sustatzeko eta berrikuntza indartzeko Eraikal programako laguntzen deialdia.

Etxebizitzaren Plan Zuzentzailean aintzat hartzen den eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak kudeatzen duen laguntza-programa horrek 880.000 euroko zuzkidura dauka. Lau laguntza-ildo ditu:

Lehen ildoa gai hauei buruzko berrikuntza-proiektuak sustatzera zuzentzen da: eraikinen kontserbazio-egoera, eraikinaren ikuskapen teknikoa, eraikinaren kalitatea, eraikinaren energia-eraginkortasunari buruzko azterketak eta obra eta instalazioetako segurtasunari eta lan-osasunari buruzkoak.

Bigarren ildoak informatika-tresnen eta dibulgazio-kanpainen garapena du aztergai. Hirugarren laguntza-ildoak, bestalde, Nazioarteko Normalizazio Arauetan (ISO 9001, 14001 eta 14006), UNE 166002 Espainiako Arauan eta OHSAS 18001 Segurtasun Industrialeko eta Osasun Okupazionaleko Ebaluazio Arauan oinarritutako kudeaketa-sistemak ezartzearekin eta ziurtatzearekin du zerikusia.

Azkenik, laugarren laguntza-ildoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) barruan hiri-habitatarekin eta bizitegi-sektoreko eraikuntza jasangarriarekin erlazionatutako proiektu berritzaileen diseinua bultzatuko du (eraikuntza industrializatua eta modelizazio birtuala, birgaitze integratua eta hiri-berroneratzea, hiri, auzo eta eraikin adimendunak, eraikuntza jasangarrirako material berriak, eta eraikin eta hiri irisgarriak).

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdia EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera.