Antonio Aiz: "salgaien garraioan intermodalitatea hedatzen ari da Europan eta Euskal Autonomia Erkidegoan aurrea hartu behar diogu horri"

Congres_Transport_27_10_16_(67).JPG

2016.eko urriak 27

  • Bilbaon egiten ari den Garraio Enpresen XVI. Kongresuan parte hartzen du Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordeak
  • Aizek errepideko garraioak Euskal Autonomia Erkidegoan duen garrantzia nabarmendu du eta berrikuntzan eta langileen prestakuntzan aurrera egitera animatu ditu enpresak

 

Bilbao 2016/10/16

Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuorde Antonio Aizek adierazi duenez, “salgaien garraioan intermodalitatea hedatzen ari da Europan eta Euskal Autonomia Erkidegoan aurrea hartu behar diogu horri”. Salgaien Garraioko Espainiako Konfederazioak (CETM) antolatuta Bilbaon egiten ari den Garraio Enpresen XVI. Kongresuan parte hartzen du Aizek. 

“Euskal Autonomia Erkidegoa da, hain zuzen ere, Europako itsasalde atlantikoaren agertoki nagusietako bat, bai Salgaien Errepideko Garraiorako eta bai gainerako garraio-moduetarako” adierazi du Antonio Aizek. Ohartarazi duenez, “aldaketa asko gertatzen ari dira sektorean, bai Europar Batasunean bai munduaren gainerakoan. Aldaketa horiek, jakina, eraginpean hartzen dute salgaien errepideko garraioa hainbat alderditan: lehia, intrusismoa, trebakuntzak, jarduera uztea, araudietara egokitzea, teknologia eta berrikuntza, besteak beste”. 

Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordeak azaldu duenez, “Euskal Autonomia Erkidegoa bete-betean dago Korridore Atlantikoan eta hemendik igarotzen da Europako autobien arteria nagusietako bat; hemen daude Atlantikoko portu nagusietako bi; Forondan dugu estatuko salgai-aireportu nagusietako bat, kontinentearteko hedatze-ahalmen handiena duena; Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide-sare berria aurki jarriko da zerbitzuan Europako trenbide-sare atlantiko berriaren barruan; industria-, teknologia- eta merkataritza-jarduera garrantzitsua duen erkidegoa gara, gure enpresetako bakoitza eta enpresa horietako langileak bereizgarri dituena, batez ere garraioaren eta logistikaren alorrean”. 

“Herri hau —eta gure ingurune osoa— garraioaren munduari hertsiki loturik dagoen lurraldea da, errepideari dagokionez batik bat. Beharbada, salgaien garraioko intermodalitatea izan daiteke gai interesgarrienetako bat gure enpresentzat eta sektore horretan hemen lan egiten dutenentzat. Europan aldaketa asko eta handiak izango dira eta aurrea hartzen eta horretarako prestatzen jakin behar dugu” azpimarratu du Antonio Aizek. 

“Basque Country Logistics gure ekimenean adierazitako lankidetza-esparruaren barruan, Eusko Jaurlaritzak gure eragile nagusiekin batera (Merkataritza Ganberak, Bilbaoko eta Pasaiako Portuak, Euskotren eta sektoreko enpresak) parte hartzen du garraioaren agertoki guzti-guztietan” adierazi du sailburuordeak. 

Aizek Kongresuan bildutako garraio-enpresen ordezkariak animatu ditu “gurekin parte hartzera nazioarteko foro horietan, Basque Country Logistics plataforma logistiko multimodal eta multipolarraren barruan, Iberiar penintsulako salgaien fluxuak Europar Batasunaren gainerakoarekin egituratzen dituen nodoan, gure enpresek aukera izan dezaten merkatu gero eta globalizatuagoan lankidetzan jarduteko eta lehiatzeko”. 

Sailburuordeak gogorarazi du Eusko Jaurlaritzatik sustatzen dela “salgaien garraioaren sektoreko kalitatea eta lehiakortasuna, sektoreari laguntzeko programen bitartez, hainbat laguntza ematen baititu jarduera uzteko, elkartegintza sustatzeko edo errepideko garraioan teknologia berriak ezartzeko”. Bihar, ostirala, administrazioek alor honetan betetzen duten eginkizuna aztertuko du Kongresuak.