Abokatutzako eta prokuradoretzako lanbideetarako sarbide-probak, azkenean, euskaraz egin ahal izango dira (Gobernu Bilera 2016-09-27)

logoconsejo.jpg

2016.eko irailak 27

Espainiako Gobernuak jaramon egin dio Eusko Jaurlaritzaren erreklamazio historikoari, onartezintzat jotzen baitzuen bi lanbide horietan sartu nahi zutenek azterketa nahitaez gaztelaniaz egin behar izatea.

Eusko Jaurlaritzak, lanbide-proba horietara aurkezten direnen hizkuntza-eskubideak bermatzeko, bere gain hartuko du euskarazko proba prestatzeak dakarren kostua.

Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur “Justizia Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren, Kataluniakoaren, Galiziakoaren eta Valentziakoaren arteko Lankidetza Hitzarmena”sinatzeko, abokatutzako eta prokuradoretzako lanbideetarako sarbide-probak dagozkien hizkuntza koofizialetan egiteko aukera izan dezaten. Hizkuntza ofizial propioa duten lau autonomia-erkidegoen erreibindikazio historikoa da, azkenean gauzatzea lortu dena, Espainiako Gobernuak behin eta berriz adierazitako eragozpenei konponbidea eman zaie-eta.

Hemendik aurrera, hitzarmen hori sinatu izanari esker, izangai bakoitzak askatasunez erabaki ahal izango du proba gaztelaniaz ala euskaraz egin nahi duen. Gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko, Kataluniako, Galiziako, Valentziako eta Espainiako erakundeen ordezkariek sinatuko duten testuak itzulpenaren kalitatea bermatzen du, baita probak, egiten den hizkuntzan egiten dela ere, prozesu osoan izaera bakarra, berdin-berdina eta konfidentziala izango duela bermatu ere.

KONPROMISOAK

Bost erakundeek batera aurki sinatuko duten hitzarmenak alderdi sinatzaile bakoitzak bere gain hartzen dituen betebeharrak jasotzen ditu:

  • Espainiako Gobernuak jarri beharko ditu itzulpenak bere egoitzan egiteko behar diren instalazioak eta informatika-materiala. Konpromisoa hartzen du, gainera, itzulitako txantiloiak gehitzeko, sarbide-probaren egunean izangaien eskueran egon daitezen.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko, Kataluniako, Galiziako eta Valentziako gobernuek bermatuko dute beren itzulpen-zerbitzuak Justizia Ministerioaren egoitzara joan ahal izango direla proba dagokion hizkuntza koofizialera itzultzeko. Autonomia-erkidego bakoitzeko justizia-saila izango da joan-etorri horren ondorio den kostu ekonomikoa bere gain hartu beharko duena.

JARRAIPEN-BATZORDEA

Hitzarmena sinatu ondoren, bertan ezarritakoa kontrolatu, koordinatu eta interpretatuko duen jarraipen-batzorde paritarioa sortuko da. Justizia Ministerioak izendatutako lau kidek eta hitzarmena izenpetzen duten autonomia-erkidegoen kide banak osatuko dute. Gutxienez urtean behin bilduko da.