Argitalpen-data: 2014/12/09

María de Maeztu Fórum Feministak jasoko du Berdintasunerako Emakunde saria

• Borroka feministan duen ibilbide luzea baloratu du epaimahaiak, Euskal Herriko elkarte feministen aitzindarietako bat izanik.

• Sariak “gure aurretik borroka feministan izan diren emakume guztien omenaldia” ere suposatzen du.

2014ko Berdintasunerako Emakunde Saria María de Maeztu Fórum Feministarentzat izan da. Epaimahaiak borroka feministan duen 25 urte baino gehiagoko ibilbidea goraipatu du, eta honekin batera, emakumeen eskubideetan atzerapausoa suposatzen duten egoeren salaketa, emakumeekin eta beste elkarte batzuekin sarean egindako lana eta EAEn berdintasun erakunde bat sortzeko bere garaian alderdi politikoetan izan zuten eragina, besteak beste.

Emakunde Saria epaimahaiak Fórum Feminista María de Maezturen hautagaitza aukeratu du Berdintasunerako Emakunde Sarira aurkeztutako 27 hautagaitzen artean. Epaimahaiak elkarteak beste elkarte batzuekin eta emakumeekin egindako sare-lana goraipatu du, eta nola lan honekin bere garaian eragin handia izan zuten alderdi politikoetan EAEn berdintasun erakunde bat edukitzeko. Lan hau denboran zehar mantendu dute eta zabalduz joan da bere proposamen eta salaketen eragina.

Honekin batera, berdintasuna ardatz hartuta egin duten kontzientziazio lana aipatu du epaimahaiak, baita erakundeekin egindako elkarlana, eta emakumeen eskubideetan eta berdintasun politika publikoetan atzerapausoa suposatzen duten egoeren aurrean egindako salaketa. Honekin batera, hautagaitza hau aukeratuz, epaimahaiak aitortza egin nahi dio borroka feministan aurretik izan diren emakume guztiei, beharrezkoa baita aurretik egindako lana ezagutzea belaunaldi gazteenek ikusi dezaten feminismoaren bidetik bakarrik egin daitekeela aurrera berdintasunaren bidean.

Historia

Forum Feminista María de Maeztu 1988 eratu zen elkarte modura, baina eratu zuten emakumeen bi urte lehenago hasita zeukaten gero elkarte izango zenaren ibilbidea. 1986ko maiatzean ehunka emakume bildu ziren Zarautzko Monte Albertua egoitzan alderdi politiko guztiei eskakizun bat egiteko: emakume eta gizonen berdintasunerako erakunde publiko bat eratzea. Honen ondorioz, Eusko Legebiltzarrak 1988ko otsailaren 5ean Emakunde-Emakumearen Euskal Institutuaren sortzea onartu zuen. Lorpen honek bultzatuta, elkarte feminista bat eratzea erabaki zuten hauetariko askok, eta 1988ko ekainean Fórum Femnista María de Maeztu elkartearen erregistroa burutu zuten.

“Transformando la sociedad” liburuak Fórum feministaren historia jasotzen du: http://www.forumfeministamariademaeztu.org/galeria/LIBRO_acabado_cast_web.pdf

Fórum Feministaren historiako argazki galeria: http://www.forumfeministamariademaeztu.org/galeria/fotos_centrales_castellano_web.pdf

Epaimahaia

Edizio honetako epaimahia honako hauek osatu dute: Emakundeko zuzendariak, Izaskun Landaida Larizgoitiak; Emakundeko idazkari nagusiak, Ana Alberdi Zubiak; Manoli Cubero Lejarzak, Emakundeko Aholku-batzordeko ordezkariak (Leioa Andrak elkarteko kidea); Arabako Foru Aldundiko Gizarte Promoziorako Zuzendariak, Jagoba Gómez Alonso; Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendariak, Laura Gómez Hernándezek; Foruako alkateak (EUDEL ordezkatuz), Jane Eyre Urkietak; Emakundeko Programak arloko arduradunak, Raquel Raposo Acevedok; Maite Asensio Lozano Berriako kazetariak; Xabier Arakistain Ecenarro Arte komisarioak; eta maskulinitateak eta berdintasunean aditua den Mikel Otxotorena Fernándezek.

Sariaren helburua

Sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere. Sariaren diru-kopuru gordina 14.400 euro da

Emakunde Sariak lau alorretan banatzen ziren 2006ko ediziora arte. 2006an Emakundek pentsatu zuen egokia zela arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dela eta, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko ekarpen bakar bat saritzea erabaki zuen, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda ere. Sari bakarra ematen denetik hauek izan dira sarituak: Mari Jose Urruzola 2006an, Bagabiltza elkartea 2007an, Bizkaiko Emakumeen Asanblada 2008an, Lilaton taldea 2009an, 2010ean Teresa del Valle, 2011an Irun eta Hondarribiako alarde mistoak, 2012an Bilboko Modulo psikosozialak. 2013an La Posada de los abrazos elkartea, eta 2014an María de Maeztu Fórum Feminista.