Arautegia

Inprimatu

AKORDIOA, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hezkuntza Sailaren artean hitzartutako kudeaketa-gomendioari buruzkoa, EAEko langile langabeei eta landunei zuzendutako 2018-2020ko prestakuntza-programazioa egiteko.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Akordioa
  • Organo arau-emailea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila; Hezkuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 193
  • Hurrenkera-zk.: 4867
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/09/26
  • Argitaratze-data: 2018/10/05

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Alde batetik, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal Albeniz andreak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluko lehendakaria den aldetik,

eta, bestetik, Hezkuntzako sailburu Cristina Uriarte Toledo andreak hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa. Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa arautzen da. Dekretu horretan, helburu hauek ezarri dira besteak beste: langabezian eta lanean dauden langileen bizialdi osoko prestakuntzari bide ematea eta lan-merkatuarekin bat datozen beharrizanetara egokitutako kualifikazioa ematea, aldi berean erantzuna emanda bai enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei bai lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako helburuei. Prestakuntza horrek Euskal Autonomia Erkidegoko langileak trebatu behar ditu hainbat lanbide modu kualifikatuan gauzatzeko eta enplegurako sarbidea izateko, inolako bazterkeriarik gabe.

Bigarrena. Helburu hori lortzeko, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak honako hauek arautzen ditu:

  1. Langabetuentzako prestakuntza-eskaintzan (23. artikulua):

    1. Langabezian dauden langileentzako prestakuntza-ekintzen helburu nagusia pertsona horiek laneratzea da.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko sektore ekonomikoen beharrizanak bete beharko ditu prestakuntza-eskaintzak, eta lan egiteko moduan dauden pertsonei euren lan-proiektua gauzatzeko behar dituzten konpetentziak eman behar dizkie.

      Ildo horretan, profesionaltasun-ziurtagiriak izango dira prestakuntza-eskaintzaren oinarri nagusia. Hala ere, Dekretu horrek aukera ematen du, halaber, beharrezkoa den prestakuntza kualifikatzailearen eta zeharkako prestakuntzaren programazioa egiteko, betiere profesionaltasun-ziurtagirien multzoan jasota ez badago.

  2. Landunentzako prestakuntza-eskaintzan (25. artikulua):

    1. Langile landunentzako prestakuntza-eskaintzaren lehentasunezko xedea da honako hauei erantzutea: enpresen produktibitate- eta lehiakortasun-eskakizunei; produkzio-sisteman dauden aldaketetara egokitzeko beharrizanei, eta langileen lanbide-sustapenerako eta garapen pertsonalerako aukerei (aukera horien bidez, lanbide ezberdinetarako kualifikazioa izango dute, eta euren enplegagarritasuna hobetuko da).

    2. Prestakuntza-eskaintza honek enpresek programatutako prestakuntzan bete gabe dauden beharrizanak beteko ditu, eta harekin batera emango da, modu osagarrian, prestakuntza-programen bidez. Programa horiek sektoreko nahiz zeharkako beharrizanei erantzungo dieten prestakuntza-ekintzak hartuko dituzte barnean. Halaber, moduluka antolatutako prestakuntza-eskaintza jarriko du eskura, egiaztapen partzial metagarria egin ahal izateko, bai eta lan-esperientziaren bidez lortutako konpetentzien egiaztatze eraginkorra ahalbidetuko duten prozedurak ere.

      Hirugarrena. Martxoaren 11ko 4/2011 Lege Organikoak (Ekonomia Sostengarriari buruzko Legearen osagarriak) bosgarren xedapen gehigarria erantsi zion Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoari. Bada, hain zuzen ere, bosgarren xedapen gehigarri horrek arautzen du hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek prozedura bat ezarri behar dutela, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa irakasteko baimena duten zentroek aukera izan dezaten, araututako baldintzak betetzen badituzte, enplegurako lanbide-heziketako ikasketak ere emateko; xedapen gehigarri horrek arautzen du, halaber, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketa eta enplegurakoa modu integratuan eskaintzen duten zentro funts publikodunek aukera izan behar dutela aurrekontu-baliabideak eskuratzeko, hain zuzen ere enplegurako prestakuntza-ekintzak finantzatzeko, betiere hezkuntza- eta lan-arloko administrazio eskudunek hitzartzen dituzten lankidetza-mekanismoekin bat etorriz.

      Laugarrena. Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeak (urriaren 17ko EHAA) nabarmentzen du lanbide-heziketaren eskaintza integratu bat egin beharra, titulartasun publikoko nahiz pribatuko zentro-sare zabal baten bidez, bai hasierako lanbide-heziketan bai enplegurako lanbide-heziketan. Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aurrera egiten du zentzu horretan, lanbide-heziketako sistema integratu horretatik abiatuta, lanbide-heziketako eredu konbinatua sortzeko, zeinak berrikuntza aplikatuaren eta ekintzailetzaren arloko ikaskuntzak ere jasotzen baititu. Lanbide-heziketako euskal sistemaren helburuen artean, 4/2018 Legeak jasotzen du emaitzen araberako ikaskuntzaren ikuspegian oinarritutako prestakuntza-sistema malguak eratzea. Horretarako, ikaskuntza-ibilbide batzuk erabiliko dira, dauden prestakuntza-eskaintzen eta hezkuntza- eta lan-sistemaren mailen arteko transferentzia ahalbidetuko dutenak. Horrez gain, sail arteko organo bat eratzen du, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren arloko eta enplegurako lanbide-heziketaren arloko eskumenen koordinazioa bermatzeko.

      Bosgarrena. Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzekoan eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari egozten zaizkio «enplegu-politika, baita enplegurako lanbide-heziketa ere, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza arloarekin koordinatuta, hauxe baita lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta zuzentarauak prestatzearen arduraduna eta, bere erantzukizunei dagokionean, LanbideEuskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetza izango du». Eta Hezkuntza Sailari egozten zaio ardura «anbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta jarraibideak ezartzeko, eta, hartara, bizitzan zehar kualifikazioak eskuratzea edo emendatzea ahalbidetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan (betiere, zerbitzu horren erantzukizunen barruan)».

      Seigarrena. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoa Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago eta, besteak beste, enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguaren eta enpresa-sorkuntzaren sustapeneko programak kudeatzea dagokio, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 3.b) artikuluarekin bat.

      Halaber, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, EAEn Enplegurako Lanbide Heziketa arautzekoan, erakunde autonomo horri esleitzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan enplegurako lanbide-heziketa programatzeko, kudeatzeko eta kontrolatzeko eskumena (9. artikulua). Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legeak aitortu egiten du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arlo horretan duen eskumena.

      Enplegurako lanbide-heziketako ekimenen artean, Lanbideri dagokio langile langabe eta landunentzako prestakuntza-eskaintzak garatzea.

      Zazpigarrena. Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuan, espresuki xedatzen da, 13. artikuluan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lanbide-heziketa emango duela, bai Eusko Jaurlaritzaren zentro propioen bidez, bai kudeaketa-gomendioetarako akordioak izenpetzearen bidez. Xede horretarako, zentro propiotzat hartuko dira titulartasun publikoko Lanbide Heziketako zentro integratuak.

      Xedapen honekin bat etorriz, eskuragarri dauden baliabide publikoak eraginkortasunez erabili eta optimizatzeko, eta lanbide-heziketaren arloan esleitutako eskumenak eta egitekoak gauzatuz aurreko apartatuetan azaldutakoak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Hezkuntza Sailak prestakuntza-ekintzen programazioa bultzatzen dute lanbide-kualifikazioa sustatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko langileek jarduera-sektoreetan dituzten kualifikazio-beharrei erantzuteko.

      Horretarako, 2018-2020ko aldian, Euskal Autonomia Erkidegoan garatu beharreko prestakuntza-ekintzen plangintza egin dute Hezkuntza Sailaren mendeko EAEko Administrazioaren zentro propioekin, honako hauek kontuan izanda: lan-merkatuaren egoera eta enpresa-egituran atzemandako beharrak, esparru horietan prestakuntza ematen duten zentro publikoen sareak duen prestakuntza-gaitasunarekin batera.

      Horrela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoak, langile langabe eta landunentzako enplegurako lanbide-heziketaren eskaintza programatu eta kudeatzeko EAEko organo eskuduna den aldetik, eta Hezkuntza Sailak, prestakuntza hori emateko zentroak dituen aldetik, kudeaketa-gomendioari buruzko akordio hau izenpetzea hitzartu dute, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hona hemen akordio hori arautuko duten

      KLAUSULAK

      Lehenengoa. Xedea.

      1. Akordio honek aipatzen duen kudeaketa-gomendioaren helburua da Hezkuntza Sailak, haren mendeko diren lanbide-heziketako prestakuntza-zentro publikoen bitartez, hauentzako prestakuntza-programazioa egitea:

        1. Langile langabeentzat (akordioaren I. eranskinean jasota dago).

        2. Langile landunentzat, lehentasunez (akordioaren II. eranskinean jasota dago).

      2. 2018ko ekitaldian hasi beharko da gomendio honen helburu den programazioa osatzen duten prestakuntza-planak egiten; horretarako, planak osatzen dituzten prestakuntza-ekintzetariko batek gutxienez orduan hasi eta 2020ko azaroaren 1a baino lehenago amaitu beharko du, barnean hartuta lantokiko prestakuntza praktikoen modulua edo lanekoak ez diren praktikak, hala badagokio.

        Prestakuntza-planak prestakuntza-ekintza egiaztagarriren bat badu, gutxienez horietako bati 2018ko ekitaldian eman behar zaio hasiera.

        Betiere, 2019ko abenduaren 31 baino lehen hasita egon beharko dute prestakuntza-planak osatzen dituzten prestakuntza-ekintzen % 70ek.

        Bigarrena. Prestakuntza-eskaintzaren plangintza.

        Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzak eta Hezkuntza Sailak kudeaketa-gomendioari buruzko akordio honetan bildutako prestakuntza-eskaintza diseinatu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langile langabe eta landunentzako prestakuntza-ekintzak egiteko. Prestakuntza-eskaintzaren plangintza horrek bi xede ditu: batetik, langabeen kualifikazio-beharrei erantzutea, eta, bestetik, eskuragarri dauden baliabide publikoen erabilera optimizatzea. Prestakuntza hori lanbide-heziketako zentro publikoek emango dute.

        Prestakuntza-eskaintza hau zehazteko, aintzat hartu dira EAEko lurralde eta eskualdeetako lan-merkatuaren eta industria-sarearen egoera, hezkuntzaren eremutik eta enplegurako lanbide-heziketatik egiten den lanbide-kualifikazioei buruzko prestakuntza-eskaintza orokorra, eta egun dagoen zentro publikoen sarea eta zentro horietako bakoitzak duen prestakuntza-gaitasuna, betiere aldez aurretik identifikatuta zentroek eman ditzaketen profesionaltasun-ziurtagiriak, eta horretarako dauzkaten instalazioak, ekipamenduak eta irakasleak.

        Horrez gain, Hezibi eta Lehen Aukera programetan parte hartu duten prestakuntza-zentroak ere kontuan hartu dira.

        Hirugarrena. Prestakuntza-planak.

      1. Prestakuntza-plantzat hartuko da prestakuntza-behar jakin batzuei erantzuteko osatutako prestakuntza-ekintzen multzoa, betiere kontuan hartuta, ekintzak zuzentzen diren taldearen tamainagatik, aurreikusitako prestakuntza-orduen bolumenagatik edo bestelako ezaugarri garrantzitsu batzuengatik, planaren onuradunen konpetentziak eta enplegagarritasuna nabarmen hobetzen direla.

      2. Prestakuntza-planak hasi direla ulertuko da, horiek osatzen dituzten ekintzetako lehena hasten denean.

      3. Planak osatuko dituzten prestakuntza-ekintzak izango dira profesionaltasun-ziurtagiria lortzera bideratuta daudenak, izaera berritzaileko prestakuntza-ekintza ez-formalak, edo langileei prestakuntza ematera bideratutakoak funtsezko konpetentzietan, produkzio-sektore jakin bateko berariazkoetan edo zenbait jarduera-sektoretako konpetentzia horizontal eta zeharkakoetan.

        Laugarrena. Finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoak.

        Bi urteko prestakuntza-programazioa (2018-2020) finantzatzera bideratutako guztizko kreditua kudeaketa-gomendio honen xedea hemeretzi milioi bederatziehun eta laurogeita hemeretzi mila bederatziehun eta bost euro eta hogeita sei zentimokoa da (19.999.905,26), honela banatuta:

        999.927,70 euro, langile langabeentzako prestakuntza-ekintzetarako; horietatik, 2.799.985,54 euro 2018ko ordainketa-kredituari dagozkio, 6.999.963,85 euro 2019ko konpromiso-kredituari, eta 4.199.978,31 euro 2020ko konpromiso-kredituari.

        Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan sartzen diren espezialitateetako prestakuntza-ekintza egiaztagarriak, langile langabeei zuzenduak, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu ahal izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko EGFren 2014-2020 Programa Operatiboaren edo Gazte Enplegurako 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan.

        999.977,56 euro izango dira lehentasunez langile landunentzako prestakuntza-ekintzetarako; horietatik 1.199.995,52 euro 2018ko ordainketa-kredituari dagozkio, 2.999.988,78 euro 2019ko konpromiso-kredituari, eta 1.799.993,26 euro 2020ko konpromiso-kredituari.

        Bosgarrena. Prestakuntza-programazioa eta haren zuzkidura ekonomikoa.

      1. Lanbide Heziketako zentro publikoetan egin beharreko prestakuntza-planetan sartutako prestakuntza-programazioa I. eta II. eranskinetan jasota dago. Hor daude adierazita eman beharreko prestakuntza-ekintzak, eta identifikatuta ekintza bakoitzari dagokion prestakuntza-espezialitatea, prestakuntza emango duen zentroa edo erakundea, ordu-kopurua, ikasle-kopurua eta zuzkidura ekonomikoa. I. eranskinean, langile langabeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak daude jasota, eta, II. eranskinean, berriz, langile landunei zuzendutakoak.

      2. Prestakuntza-zentro berberak eman beharreko prestakuntza-ekintzek prestakuntza-plan bakarra osatuko dute akordio honen egikaritze-aldirako, eta osorik hartuta finantzatuko dira.

      3. Prestakuntza-ekintza bakoitzak jasoko duen zenbatekoa kalkulatzeko (I. eta II. eranskinetan dago adierazita), parte-hartzaile bakoitzak duen prestakuntza-orduko kostua hartu da kontuan, modulu ekonomikoen arabera (III. eranskinean zehazten da horien osaera eta kalkulua).

        Aplikatu beharreko modulu ekonomiko bakoitza hiru elementuk osatzen dute: A moduluak (langileen zuzeneko kostuak), B moduluak (funtzionamenduko zuzeneko kostuak) eta C moduluak (zeharkako kostuak).

        Seigarrena. Alta ematea Estatuko Prestakuntza Zentro eta Entitateen Erregistroan.

        1. eta II. eranskinetan jasotako programazioan parte hartzen duten zentroek Lanbidek akreditatuak edo inskribatuak izan beharko dute emango den prestakuntza-espezialitatean. Datuok Prestakuntza Erakundeen Estatuko Erregistroan sartuko dira, hala badagokio.

          Zazpigarrena. Harreman zuzena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta lanbide-heziketako zentroen artean, eta ordaintzeko modua.

          1. Prestakuntza-programazio hau gauzatzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak zuzeneko harremana izango du programazioan aritzen den prestakuntza-zentro bakoitzarekin.

          2. Hezkuntza Sailaren antolaketa ekonomiko-finantzarioaren arabera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren kontuan sartuko du prestakuntza-plan bakoitza emateagatik esleitutako zuzkidura.

            4 ordainketa egingo dira, periodifikatze honen arabera:

            1. Lehen ordainketa (prestakuntza-plan bakoitzaren guztizko zenbatekoaren % 20), 2018ko ordainketa-kredituaren kargura, lehen prestakuntza-ekintzaren hasieraren jakinarazpena jasotako unean. Prestakuntza-planak prestakuntza-ekintza egiaztagarriak izanez gero, lehen prestakuntza-ekintza egiaztagarria hasi dela jakinarazten den unean egingo da lehen ordainketa hori.

            2. Bigarren ordainketa (prestakuntza-planaren guztizko zenbatekoaren % 25), 2019ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen % 40 gutxienez hasteko baimena ematen duenean Lanbidek.

            3. Hirugarren ordainketa (prestakuntza-planaren guztizko zenbatekoaren % 25), 2019ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzen % 70 gutxienez hasteko baimena ematen duenean Lanbidek.

            4. Laugarren ordainketa (prestakuntza-planaren gainerako zenbatekoa), 2020ko konpromiso-kredituaren kargura, prestakuntza-ekintza guztiak amaitzen direnean, lanekoak ez diren praktikak barnean direla, lehenengo klausulan ezarritakoaren arabera, diruz lagundutako jarduerak justifikatu ondoren, hamargarren klausulan v) apartatuan eta III. eranskineko C apartatuan aurreikusitako baldintzetan.

              Zortzigarrena. Prestakuntzaren hartzaileak.

              1. Programazio honetako prestakuntza-ekintzetan honako hauek har dezakete parte:

              1. Langabeei zuzendutako ekintzetan: langile langabeak, baldin eta enplegu-eskatzaile gisa izena emanda badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan prestakuntza-ekintzaren hasieran. Ez da beharrezkoa izango enplegu-eskatzaile moduan izena emanda egotea arau espezifikoren batek hala xedatzen duenean, eta, bereziki, Gazte Bermearen Sistema Nazionalaren fitxategian inskribatutako gazteak direnean.

                Ondorio horietarako, langabeen taldean sartuko dira honako hauek: lanaldi partzialeko kontratu batekin aritzen diren langileak, baldin eta euren lanaldia lanaldi osoz aritzen den pertsona batek duenaren herena baino laburragoa bada konparagarriak izan behar dute.

              2. Lehentasunez langile landunei zuzendutako ekintzetan: EAEko lantokietan lan egiten duten langileak, baldin eta dagokion eskabidea aurkezten badute. Ekintza horietan, parte hartu ahal izango dute honako hauek ere: mendekotasun-egoeran dauden pertsonen zaintzaile ez-profesionalek, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen arretarekin lotutako prestakuntza-eskaintzan, eta administrazio publikoetan jarduten duten langileek. Gehienez jota, pertsona landunentzako planeko guztizko eskaintzaren % 10 bete ahal izango da pertsona horiekin.

                Ekintza horietan, langabezia-egoeran dauden langileen parte-hartzea, gehienez jota, % 30 izango da prestakuntza-ekintza bakoitzeko. Pertsona horiek enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egon behar dute, enplegu-zerbitzu publikoren batean. Ehuneko horrek programatutako parte-hartzaile guztiei egiten die erreferentzia; berdin dio zenbat hasi diren prestakuntza-ekintzan.

                Langabeak diren erabakitzeko, prestakuntzaren hasieran duten lan-egoera hartuko da kontuan, eta lehentasuna izango dute Lanbiden izena emanda daudenek.

              1. Eskaintzen diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten pertsonek ekintza horietan parte hartzeko baldintzak bete beharko dituzte.

                Bederatzigarrena. Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.

              1. Prestakuntza ekintzetan parte hartuko duten pertsonen aurretiko aukeraketa egingo du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, kurtso bakoitzean parte hartzea eskatu duten hautagaien artean.

                Honako hauek izan daitezke hautagai:

                Kurtsoan parte hartzea eskatzen dutenak, bai eskabide bat aurkeztuta Lanbidek lurralde bakoitzean dituen bulegoetan, bai eskabidea beteta Lanbideren webgunean (www.lanbide.euskadi.eus). Webgune horretan jakinaraziko da zein diren prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten baldintzak adierazita, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren deskribapena eta ezaugarriak ere.

                Enplegu-eskatzaileak (eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenak), baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Orientazio Zerbitzuek kurtsoa egitea agindu badiete euren prestakuntza-ibilbidearen barruan.

                Prestakuntza-zentro publikoetatik edo haien orientazio-zerbitzuetatik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura deribatutako kurtsoen eskatzaileek.

              2. Prestakuntza-zentroek egingo dute kurtsoetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa, euren instalazioetan, Lanbideren bidez inskribatutako hautagaien artean. Horretarako, beharrezkoa den prestakuntza-ekintza guztietan, hautaketa-proba bat egingo da, ekintzari probetxua ateratzen zaiola bermatzeko, batetik, eta, bestetik, egiaztatzeko ikasleek aldez aurretik badituztela kualifikazio-ekintzetako helburuak lortzeko nahitaezko aurretiko ezagutzak, barnean hartuta, hala badagokio, 2. eta 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-moduluetan sartzeko funtsezko konpetentziak.

                Prestakuntza-zentroetako arduradunek zehaztuko dute zer bitarteko tekniko eta material behar diren aukeraketa egiteko, eta ikasleek profesionaltasun-ziurtagirien errege-dekretu arautzaileetan eskatzen zaizkien sarbide-eskakizunak betetzen dituztela segurtatzeko.

              3. Prestakuntza-ekintza batean profesionaltasun-ziurtagiri oso bat programatzen bada, inolako prestakuntza-modulu akreditaturik ez duten pertsonek soilik ahal izango dute parte hartu. Hala ere, enplegu eta prestakuntzako ibilbideak sustatzeko xedez, eta langabeen nahiz landunen garapen profesionala eta pertsonala lantzeko, prestakuntza-moduluren bat akreditatuta daukatenei ere utzi egingo zaie prestakuntza-ekintzan parte hartzen, baldin eta modulua zeharkakoa bada, aldez aurretik Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazita, eta horrek baimena emanda.

              4. Hamargarren klausularen 2. apartatuan xedatutakoa aplikatzeko orduan, profesionaltasun-ziurtagiria moduluka banatzen bada, bermatu egin behar da horrela hasten diren pertsona guztiek modulu guztietan parte hartzea prestakuntza-ibilbide osoa egin dezaten.

                Horietaz gain, erakundeak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta beraietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte.

              5. Profesionaltasun-ziurtagiri bati buruzko prestakuntza-ekintza bat moduluka programatzen denean, profesionaltasun-ziurtagiriko gainerako moduluak gaindituta dauzkatenek izango dute lehentasuna, profesionaltasun-ziurtagiriaren prestakuntza-ibilbidea osatze aldera. Kasu horretan, prestakuntza-ekintzan sartuko dira, lehenik eta behin, gainerako moduluak gaindituta dituzten pertsonak, eta, bigarrenik, ziurtagiriaren gainerako moduluak egin ez dituzten beste pertsonak.

              6. Prestakuntza-ekintza programatzen bada laneko esperientziaren edo prestakuntza ez-formalaren bidez eskuratutako konpetentzia profesionalak ebaluatzeko eta egiaztatzeko prozeduraren deialdi bateko aholkularitza- edo ebaluazio-fasean detektatutako prestakuntza-premia dela-eta, orduan, ekintza horretan parte hartzeko lehentasuna izango dute prestakuntza-premia hori antzeman eta preskribatu zaien pertsonek.

              7. Prestakuntza-ekintzan parte hartzeko baldintzak bete eta hautaketa-prozesua gainditu duten pertsonen artean, kolektiboen araberako lehentasuna ezarriko da, honako hurrenkera honi jarraituz:

              1. Langabeentzako kurtsoetan:

                Lehenik eta behin, eta lehentasun-maila berberaz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituztenak. Lehentasuna emango zaie kualifikazio-maila baxua duten pertsonei: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten proportzio berean; luzaroko langabeak; 45 urtetik gorakoak; desgaitasuna duten pertsonak; langabezia-saria agortua duten eta berriz profesionalki gaitzeko Prepara programan eta Enplegua Aktibatzeko programan parte hartzeagatik diru-laguntzak jasotzen dituzten pertsonak; aparteko langabezia-sorospenaren, gizarteratzeko errenta aktiboaren eta diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) onuradun diren langabeak; eta terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.

                Bigarrenik, laneko esperientzia eta ikaskuntza ez-formala aitortzeko prozeduretan parte hartu dutenak, dagokien profesionaltasun-ziurtagiria osatzeko prestakuntza-ekintzak egiteko.

                Hirugarrenik, etendurako EEE baten eraginpean dauden langabeak, ordutegia dela-eta prestakuntza-ekintzara joateko prestasuna badute.

                Laugarrenik, gainerako langabeak, oro har.

              2. Lehentasunez pertsona landunentzat antolatutako kurtsoetan:

                Landunak, programatutako plazen % 70 bete arte gutxienez.

                Langabeak, plazen % 30 bete arte, behar adina pertsona landun ez badago.

              1. Pertsona batek ezin izango ditu bi kurtso batera egin, beste langabe batek kurtsoan sartzeko baldintzak betetzen baditu eta horretarako eskabidea egin badu.

              2. Hautaketa amaituta, prestakuntza-zentroek 7 egun balioduneko epea izango dute haren emaitzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko aplikazioan (LAN-F) mekanizatzeko.

              3. Hautatuak izan direnen eta kurtsoetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-zentroek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago, gutxienez, eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.

                Iragarpen-bitarteko horiez gainera, egoki iritzitako bestelako bitartekoak ere balia ditzakete prestakuntza-zentroek alderdi horien berri emateko ikasleei. Prestakuntza-zentroek ordainduko dute hautaketa-prozesuen emaitzen berri emateko bitarteko osagarri horien kostua, halakorik badago.

              4. Prestakuntza-ekintzak ezin izango dira hasi 8 parte-hartzaile baino gutxiago badago.

                Hamargarrena. Prestakuntza-programazioa egiteko baldintzak eta alderdien betebeharrak.

              1. Gomendio honen xede diren prestakuntza-planak egiteko, baldintza hauek bete behar dira eta behar hauek izango dituzte alderdiek:

              1. Hezkuntza Sailaren aldetik:

                1. Bermatzea prestakuntza-zentroek emandako datu guztiak egiazkoak direla.

                2. Baimena ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, behar duen informazioa egiaztatzeko, horri buruzko kontsultak egiteko edo eskatzeko, zentro bakoitzaren prestakuntza-planaren gaineko datuak egiaztatzearren.

              2. Prestakuntza ematen duten lanbide-heziketako zentroen aldetik:

                1. Gomendioan utzi zaizkien prestakuntza-ekintzak (akordio honen I. eta. II. eranskinetan adierazitakoak) gauzatu behar dituzte, aurreikusitako ordu eta egunetan, eta haietan gerta daitezkeen aldaketa esanguratsuen berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

                2. Prestakuntza-ekintzak Lanbideren prestakuntzako aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F) kudeatuko dituzte.

                3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraziko diote prestakuntza-jardueren hasiera, LAN-F kudeaketa-aplikazio informatikoan.

                4. Ziurtatu behar dute prestakuntza-ekintzetan parte hartzen duten irakasleek bete egiten dituztela profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituzten errege-dekretuek prestatzaileentzat ezartzen dituzten eskakizunak. Prestakuntza ematen duen zentroak betetze-maila horri buruzko ziurtagiria aurkeztuko du, informatika-aplikazioaren bidez emandako ereduari jarraikiz. Halaber, Lan-F programan sartuko da kurtsoa hasi baino lehen. Irakasleak zentroko bertoko langileak izango dira edo zentroak berak zuzenean kontratatutako pertsona fisikoak. Ez dago baimenduta azpikontratazioa (30/2015 Legearen 14. artikulua).

                5. Kurtsoen hasieran, gutxienez honako material hau emango diete prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenei:

                  eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikokoa, espezialitatearen eduki guztiak bilduko dituena,

                  Kurtsoa egiteko behar den idazmahaiko materiala eta behar diren babes-elementuak.

                  Prestakuntza-zentroek berariaz jakinarazi behar dute material didaktiko horiek eta sortutako beste material batzuek Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren finantzaketa izan dituztela.

                6. Lanbide-informazioa eta -orientazioa eman behar diete prestakuntza-ekintzetan parte hartu nahi duten pertsonei, haien prestakuntza-premiak eta programatu diren prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko aukerak argitzeko.

                7. Jakitera eman behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak finantzatu dituztela programa honen arabera emandako prestakuntza-ekintzak, ekintzok komunikatzeko, hedatzeko edo publiko egiteko ekintzetan.

                8. Ikasleei eta irakasleei jakinarazi behar diete Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatutako eta Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintzak direla.

                9. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariekin lankidetzan aritu behar dute, prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzeko prozesuan, eta ziurtatu egin behar dute aukeratutako izangaiek bete egiten dituztela kurtsoetako sarbide-eskakizunak.

                10. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariei eman behar diete haiek kurtsoen garapenari buruz eskatzen dieten informazio guztia.

                11. Parte-hartzaileen prestakuntza-ebaluazioa eta ebaluazio sumatiboa egin behar dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eginiko jarraibideekin bat etorriz, eta LAN-F aplikazioaren bidez jakinarazi behar dute bai plangintza bai banakako ebaluazioa.

                12. Puntualki jakinarazi behar dituzte, LAN-F kudeaketarako informatika-aplikazioaren bidez, kurtsoetan sortzen diren ikasleen bajak edo uzteak. Halaber, prestakuntza-ekintzak egitean gertatzen diren gorabehera aipagarrien berri eman behar diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

                1. Kurtsoetan libre geratu diren lekuen berri eman behar diete erreserba-egoeran dauden pertsonei, eta ziurtatu behar dute bajak betetzen dituzten pertsonek behar adinako jakintza dutela prestakuntza-ekintzaren gainerako denbora aprobetxatzeko, eta profesionaltasun-ziurtagiriak ateratzen ari diren pertsonei dagokienez, gai direla modulu guztiak amaitzeko.

                2. Prestakuntza praktikoko modulua lantokiren batean egiteko aurreikuspenak egin behar dituzte, kurtsoetan parte hartzen duten pertsona guztientzat, aintzat hartuta, betiere, zer salbuespen arautzen dituzten profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretua aldatzen duen abenduaren 10eko 1675/2010 Errege Dekretuak eta profesionaltasun-ziurtagiriak ezartzen dituzten errege-dekretuek.

                1. Akordio edo hitzarmenak egin behar dituzte, hain zuzen ere kurtsoetan parte hartzen duten ikasleek prestakuntza praktikoko modulua lantokian behar adinako bermeekin egingo dituztela ahalbidetzeko.

                2. Tutoreak izendatu behar dituzte lantokian egiteko prestakuntza praktikoko modulurako. Tutoreen ardura izango da enpresarekin adostea zer prestakuntza-programa egingo den, eta, enpresak izendatutako tutorearekin batera, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa egin beharko dute. Horretarako, ikus eta neur daitezkeen ebaluazio-irizpideak erabiliko dira prestakuntza-programan.

                3. Kurtsoetan parte hartzen duten pertsonen bertaratze-kontrola eraman behar dute.

                4. Kurtsoan baja emango diete ikasleei, baldin eta baztertze-egoera hauetako batean badaude:

                  Prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25ean edo hortik gora ez bertaratzea ekintzara, arrazoia edozein izanik, justifikatuta zein ez.

                  Prestakuntza ematen duen zentroaren edo erakundearen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren iritziz, prestakuntza-ekintza ez aprobetxatzea, edo portaera egokirik ez izatea, eta horietan sartzen dira higienearen eta osasungarritasunaren arloan exijitu daitezkeen arauak.

                  Prozedura hau beteko da ikasle bat baztertzea erabakitzeko:

                  1. Prestakuntza-zentroak Lanbideko prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela, hartarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den arte.

                    Ikasleren baten ez-bertaratzeak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, prestakuntza-zentroak horren berri espresuki emango dio prestakuntzako teknikariari, eta ikasleari baja emango zaio. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako huts-egiteak arrazoi justifikatu batengatik gertatu badira (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), aztertu ahal izango da pertsona horri geratzen den modulua egiteko aukera eman dakiokeen.

                  2. Ebazpenaren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jar dakioke Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

                5. Ikasleei gogorarazi behar diete, prestakuntza-ekintza amaitzen denean, prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdera-sortak telematikoki bete beharko dituztela.

                6. Lanbideko teknikariek bisitaldiak egitea erabaki dezakete intzidentziak egiaztatu eta konpontzeko, eta zentroek erraztu egin behar dituzte bisitaldi horiek.

                7. «Amaierako ebaluazioaren akta» egin behar dute. Horretarako, LAN-F informatika-aplikazioa erabiliko dute, gainditutako prestakuntza egiaztatzeko diplomak aterako dituzte aplikazio horretatik eta ikasleei eskuratuko dizkiete, profesionaltasun-ziurtagiria egiteko eskaerarekin batera, hala badagokio. Ikasleak kurtsoa ebaluazio positiboarekin gainditzen ez badu, bertaratze-ziurtagiri bat emango zaio.

                8. Kudeaketa-gomendioaren barruan egin diren ekintzak eta haiek finantzatzeko baliabide ekonomikoen aplikazioa justifikatuko dituzte, III. eranskineko C apartatuan ezarritako moduan eta dokumentazioaren bidez; horretarako, 15 eguneko epea izango dute prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzetako bakoitza amaitzen denetik aurrera.

                9. Egiaztatze- eta kontrol-jarduerak igaro beharko dituzte, zehazki Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuarenak, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoarenak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarenak, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiarenak; baita Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketarekin loturiko kontrol-instantziak ere (EGFren Unitate Administratzailea, Europako Batzordea eta Kontuen Auzitegia). Hala, lokal eta instalazioetarako sarbidea errazteaz gainera, prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatzea egoki irizten dioten beste edozein pertsonarekin harremanetan jartzen utzi beharko die.

                  Horren haritik, eta Batasuneko araudiak xedatzen duen moduan, Europako Gizarte Funtsaren kofinantzaketa duten prestakuntza-ekintzetan ikuskapen-bisitak egingo dira in situ, Europako funtsetatik eratorritako eskakizunak betetzen diren egiaztatzeko.

                10. Finantzatutako gastuek Europako Gizarte Funtsaren hautagarritasun-baldintzak bete ditzaten, prestakuntza-zentroek diru-laguntzarekin lotutako transakzioak identifikatu beharko dituzte, kontabilitate-identifikazio bereizgarri bat edo kontabilitate-kode egoki bat baliatuta.

                11. Gorde eta zaindu behar dituzte, 2025era arte, kurtsoen emaitzen aktak eta jarduera finantzatuari buruzko dokumentazio guztia, gomendio honen ondorioz zentro prestatzaileek hartzen dituzten konpromisoak eta betebeharrak bete direla egiaztatzeko aukera izan dadin; aktok Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emango dizkiote zentroen arduradunek, LAN-F informatika-aplikazioaren bidez. Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintzak badira, hari dagokion araudiak ezarritakoa beteko da.

              3. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aldetik:

                1. Kudeaketa-gomendiorako akordio honetan oinarrituta egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatu behar ditu.

                2. Prestakuntza-zentroetako arduradunekin lankidetzan aritu behar du prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak aukeratzen. Horretarako, ezarritako aurrerapenaz eman beharko du hautagaien zerrenda, bai eta lehentasunak ezartzeko prozesurako informazioa ere; halaber, aholkularitza teknikoa eman behar du prozesu horretan.

                3. Gertatzen diren intzidentziak konpontzen lagundu behar die kurtsoak ematen dituzten zentroei.

                4. Kurtsoetan parte hartu dutenek profesionaltasun-ziurtagiria eskatzeko egiten dituzten eskabideak ebatzi behar ditu.

                5. Profesionaltasun-ziurtagiriak egin eta entregatu behar ditu.

                6. Prestakuntza-ekintzetako diplomen eta horiek dakartzaten profesionaltasun-ziurtagirien erregistroa eguneratuta iraunarazi behar du.

                  1. Profesionaltasun-ziurtagiri oso bat ematen denean, erakundeak baimena eman ahal izango dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, erakunde autonomo horrek aukera izan dezan ziurtagiria hainbat prestakuntza-ekintza lotutan banatzeko; hain zuzen ere, profesionaltasun-ziurtagiriak dituen beste modulutan banatu ahal izango du, etengabeko ikaskuntza indartzeko. Honela egikarituko da:

                    Modulu bakoitza modu indibidualean egin eta justifikatuko da.

                    Moduluak emateko, profesionaltasun-ziurtagirian ezarritako ordena bete beharko da, bestela egiteko arrazoi justifikaturik ez badago eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aldez aurretik baimendu ez badu.

                    Pertsona orori bermatu behar zaio modulu guztietako parte-hartzea, prestakuntza-ibilbidea osorik egiteko aukera izan dezan.

                    Horietaz gain, erakundeak beste parte-hartzaile batzuk sartu ahal izango ditu modulu bakoitzean, baldin eta beraietan sartzeko eskakizunak betetzen badituzte.

                    Erakundeak praktikak nahitaez eskaini behar dizkie modulu bat edo bat baino gehiago egiten dituzten pertsonei, profesionaltasun-ziurtagiria eurekin amaitzen dutenean.

                    Hamaikagarrena. Hezibi eta Lehen Aukera programa sustatzea kudeaketa-gomendioaren bidez.

                    Langile langabeentzako prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroek gazteentzako ikas-ekinezko edo txandakako prestakuntza sustatuko dute, eta, horretarako, profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzeko prestakuntza-ekintzak kudeaketa-gomendio honetan onartutakoak Hezibi proiektu bihurtuko dituzte. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 3ko Aginduak arautzen ditu proiektu horiek, eta prestakuntza eta lana txandakatzeko gazteentzako Hezibi programaren oinarri arautzaileak ezartzen ditu.

                    Agindu horretan ezarritako eran kudeatuko dira proiektu horiek.

                    Era berean, prestakuntza-zentroek 30 urtetik beherako gazteen kontratazioa bultzatuko dute Lehen Aukera programaren bidez.

                    Hamabigarrena. Europaren kofinantzaketa izatetik eratorritako gardentasun-betebeharrak.

                    Kudeaketa-gomendio honi dagozkion datuak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115.2 artikuluan aipatuta dagoen eragiketa publikoen zerrendan jasoko dira.

                    Hamahirugarrena. Kudeaketa-gomendioaren indarraldia.

                    Onartutako programaziorako eta zuzkidura ekonomikoarekin beteko da kudeaketa-gomendio hau.

                    Hamalaugarrena. Konpetentzia.

                    Kudeaketa-gomendioak ez dakar berekin eskumenen titulartasuna lagatzea, ezta eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuen titulartasuna lagatzea ere; Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleituta daude, eta erakunde autonomo horren ardura izango da kudeaketa-gomendio honen xede den jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barnean hartuko duten egintza edo ebazpen juridiko guztiak ematea.

                    Bi aldeek edukiarekin ados daudela adierazten dute, eta, hala jasota gera dadin, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko agiri hau sinatu dute.

                    Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 26a.

                    Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,

                    BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

                    Hezkuntzako sailburua,

                    CRISTINA URIARTE TOLEDO.

                    (Ikus .PDF)

                    (Ikus .PDF)

                    (Ikus .PDF)