Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2019ko apirilaren 3koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak arautu eta horietarako deialdia egiteko dena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 74
  • Hurrenkera-zk.: 1937
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2019/04/03
  • Argitaratze-data: 2019/04/16

Gaikako eremua

  • Gaia: Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Instituzional

Testu legala

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren arabera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta jardun-arloak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak, zeinaren bidez Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen baita.

Gure Artea sariak hainbat modalitatetan ematen dira, eta saria jasotzen duten pertsona fisiko edo juridikoen lanaren ordaina izan nahi dute, bai eta euskal arte garaikideari eta euskal kulturari egiten dioten ekarpenaren aitorpena ere. Horretarako, batetik sortzaileak saritzen dira, bai beren ibilbide profesionalagatik bai azken urteetan egindako jarduera sortzailearengatik, eta, bestetik, beste agente batzuk ere saritzen dira, arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera orokor edo zehatzarengatik.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitekoa da, besteak beste, arte plastiko eta ikusizkoak sustatzea. Sari-deialdi hau eta berari atxikia dagoen sari-ematea aipaturiko helburu hori lortzeko tresna bat dira, zeren eta sormenaren garapena bultzatzen baitute arte-sorkuntzarako pizgarrien eta aitorpenaren bidez, eta euskal arte garaikidearen hedapena errazten ere bai, bide batez beren lan sortzailea dela-eta edo arte plastiko eta ikusizkoen arloan izandako jarduera dela-eta gizartearen errekonozimendua bideratzen baitute.

Beraz, bere zeregina betetzeko, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egoki deritzo arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak, hainbat modalitatetan, arautzeari eta horretarako deialdia egiteari.

Ondorioz, hauxe

  1. Agindu honen xedea da arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea sariak arautzea, haien hiru modalitateetan, eta haietarako deialdia egitea:

    1. Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta, egindako lan sortzaileagatik eta kulturari eta arte garaikideei egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista aitortzeko saria.

    2. Sorkuntza-lana aitortzeko saria: azken urteak aintzat hartuta, bere jarduera artistikoagatik eta sortzaileagatik eta sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea aitortzeko saria.

    3. Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoen arloan egindako ekarpenagatik, alegia, kulturaren balio-katearen faseetan (ikerketa, prestakuntza, sorkuntza-ekoizpena, sustapena-hedapena eta banaketa) horiek sustatzeko jarduerak garatuz egindako lanagatik, nabarmendu diren pertsonak aitortzeko saria. Aintzakotzat hartu ahal izango da ibilbide osoa edo, bestela, azken urteotan egindako programa edo proiektu zehatzak.

  2. Guztira hiru sari emango dira, modalitate bakoitzean bat.

  3. Deialdi bakoitzeko sari bakarra lortu ahalko da.

Agindu honen xederako 54.000 euro izango dira, 2019ko EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako jarrita dagoen aurrekontu-partidaren kargu. Sari bakoitzaren zenbatekoa 18.000 euro gordin dira.

Deialdi honen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.

  1. Ibilbide artistikoa aitortzeko saria (a modalitatea) eta sorkuntza-lana aitortzeko saria (b modalitatea) jasotzeko hautagaiak Euskal Autonomia Erkidegoan jaio diren edo administrazio-egoitza duten pertsona fisiko guztiak izango dira, bai eta administrazio-egoitza hori hamar urtetik gora izan dutenak ere.

  2. Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria (c modalitatea) jasotzeko hautagaiak pertsona fisikoak edo juridikoak, publikoak nahiz pribatuak izango dira.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren mendeko erakunde autonomoren batek emandako izaera bereko laguntzaren baten esparruan itzultze- edo zigor-prozedurak abiarazi badira eta oraindik izapideak egiten ari badira, sarien esleipena eta, hala badagokio, sariak ematea delako prozedurak erabat amaitu arte baldintzatuta egongo dira.

  4. Ezingo dira saridun izan laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsonak, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere. Halaber, ezingo dute saria jaso sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten pertsonek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

  1. Hautagaiak epaimahaiko kideek aurkeztuko dituzte arrazoitutako proposamenaren bidez eta hautagaien beraien aldez aurretiko onespen dokumentatua beharko dute.

  2. Epaimahaikideek beren hautagaitzak Kultura Sustatzeko Zuzendaritzara bideratuko dituzte. Zuzendaritza honi dagokio aurkeztutako hautagaitzei buruzko dokumentazioa aztertzea.

  3. Epaimahaikideek beren hautagaitzak aurkezteko honako bide hauek dituzte:

    Bide presentziala: hautagaitzak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.

    Bide elektronikoa: hautagaitzak aurkeztu ahalko dira euskadi.eus guneko ondorengo helbidean:

    https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/018204

    Hautagaitza aurkezteko edo dokumentazioa gehitzeko bide horietako bat erabiliz gero presentziala edo elektronikoa, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea, halaxe jasotzen du-eta Administrazio elektronikoari buruzko 2012ko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak.

  4. Tramitazioari buruzko argibideak eta ereduak, bide presentziala nahiz elektronikoan, artikulu honen 3. atalean jasotako helbide elektronikoan daude ikusgai.

  5. Hautagaitza aurkeztu ondorengo izapideak bide elektronikoa erabiliz, hemen egin behar dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

  6. Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

  7. Betekizunak konplitzeari dagozkion akreditazioak eta onespenari dagokion dokumentazioa, lehenago ekarri ez badira, Epaimahaiak akordioa lortzen duenean eskatuko dira. Hautagaiak bere onespena eman ezean edo eskatutako betekizunen bat konplitzen ez duela egiaztatuko balitz, edo horri dagokion akreditazioa aurkeztuko ez balitz, hautagaitza baztertuta dagoela ulertuko da. Horren ondorioz Epaimahaiak deliberazioekin jarraitu beharko du beste akordio bat lortu arte. Hautagaitza egin duen pertsonari dagokio akreditazioak aurkeztea.

    4.1 artikuluan zehazten diren betekizunak betetzen direla akreditatuko da hautagaiaren jaiotze lekua jasotzen duen nortasun agiri, pasaporte edo balio bereko dokumentu baten bitartez eta errolda agiriaren bitartez.

  1. Hautagaiak aztertu eta ondorengo epaia ematea epaimahai bati dagokio. Epaimahaia aitortutako gaitasuna eta prestigioa duten bost kidek osatuko dute eta horietako bat epaimahaiburua izango da. Epaimahaiak erabakiko du bere lehenengo bileran lehendakaria nor izango den.

  2. Epaimahaikideak abstenitu egingo dira eta ezetsiak izan daitezke Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/1015 Legearen 23. eta 24. artikuluetan ezarritako kasuetan. Halaber batzordean parte hartzeagatik epaimahaikideek jasotako informazioa konfidentzialtasunez gordeko dute.

  3. Epaimahaia nortzuk osatuko duten erabakitzeko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan xedatutakoa beteko da.

  4. 2019ko Gure Artea Sarien Epaimahaia honako kideok osatuko dute: Beatriz Herraez Dieguez, Fernando Golvano Gutierrez, Gema Intxausti Miangolarra, Iñaki Gracenea Zapirain eta Maite Martinez de Arenaza Hidalgo.

  5. Idazkari-lanetan M. Jesus Cambra Contin, Eusko Jaurlaritzako funtzionarioa, arituko da. Idazkariak iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez.

  6. Epaimahaiak honako irizpide hauek erabiliko ditu erabakia hartzeko:

    1. Ibilbide artistikoa aitortzeko modalitatea:

      Artistaren jardueraren kalitate artistikoa.

      Ibilbide eta bilakaera artistikoa.

      Euskal sorkuntza eta kultura garaikideari egiten dion ekarpena.

      Nazioarteko proiekzioa.

    2. Sorkuntza-lana aitortzeko modalitatea:

      Artistaren lanaren kalitate artistikoa.

      Azken urteotako ibilbide eta bilakaera artistikoa.

      Euskal sorkuntza garaikideari egiten dion ekarpena.

    3. Arte plastikoen eta ikusizkoen arloan egindako lana aitortzeko modalitatea:

      Saria jasotzeko hautagaitza arrazoitzen duen jardueraren edo jarduera-multzoaren kalitatea eta haren garrantzi artistiko-kulturala.

      Saria jasotzeko entitatearen hautagaitza arrazoitzen duen jardueraren edo jarduera-multzoaren interesa, Euskal Autonomia Erkidegoko arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko lanagatik kulturaren balio-katearen edozein fasetan.

      Euskal artisten lana hedatzeko eta balioztatzeko ekimenak garatzea.

      Euskal Autonomia Erkidegoko beste sektore sozial eta ekonomikoekin elkarreragiteko eta harremanetan jartzeko proiektuak garatzea, Euskal sortzaileen sorkuntza-lana balioztatzeari begira.

  1. Epaimahaiak modalitate bakoitzeko sariak emateko proposamen arrazoitua egingo du, proposamen hori funtsatzen duten zergatiak azalduta. Epaimahaiaren erabakiek bertako kideen gehiengoaren aldeko botoa beharko dute. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuaren botoak ebatziko du.

  2. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agindu bidez modalitate bakoitzean Gure Artea saria irabazi dutenak izendatuko ditu. Agindua banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, agindu hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, hautagaitza ez dela onartu ulertuko da, 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

  3. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian modalitate bakoitzean saritutako pertsonen zerrenda jasoko duen iragarkia argitaratuko da, baina, horrez gain, hedabideetan egokitzat jotzen dituen zabalkunde-ekintzak egin ahal izango ditu, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak.

  4. Modalitate bakoitzean saria inori eman gabe uztea ere erabaki ahal izango da, baina kasu horretan epaimahaiak erabaki hori hartzeko zertan oinarritu den azaldu beharko du.

  5. Sari-ematea berariaz antolaturiko ekitaldi batean egingo da.

Saria ordainketa bakar batean emango da, behin saria ematen duen ebazpena hartutakoan eta gehienez hiru hilabeteko epean. Aurretik saridunek onartu egin beharko dute saria. Horretarako hamar eguneko epean, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, saridunek ez badiote sariari berariaz eta idatziz uko egiten saria onartu egiten dutela ulertuko da.

Sari hauek bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin emandako beste laguntzekin.

Deialdi honetan finkatutako edozein betebehar zein beste edozein xedapenetan jasota egonik deialdi honi aplikatu dakiokeena betetzen ez bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritakoari ekingo zaio eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena).

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesaren Arloko Informazio-Klausula.

Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Kultura Sustatzeko Zuzendaritza.

Helburua: arte plastiko eta ikusizkoak sustatzeko Gure Artea Sariak ematea.

Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legea).

Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.

Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko, informazio gehigarrian adierazten den moduan.

Informazio gehigarria: web helbide honetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/dbao/0128204

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek beren onespena ematen dute Administrazio Publikoak erkatu ahal izateko adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egiteko dirulaguntzen onuraduna izateko betekizunak konplitzen direla ziurtatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 3a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik