Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2018ko abuztuaren 29koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzarako laguntzak arautzen dituena eta laguntzetarako deialdia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Lan eta Justizia Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 173
  • Hurrenkera-zk.: 4447
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/08/29
  • Argitaratze-data: 2018/09/07

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua; Ogasun eta Ekonomía; Hezkuntza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Gobernua eta herri administrazioa; Ekonomia

Testu legala

Gizarte-ekonomiaren sustapena da Gizarte Ekonomiaren zuzendaritzaren oinarrizko helburu estrategikoa, eta xede horren baitan lehentasuna du gizarte-ekonomiako berariazko prestakuntza-jarduerak sustatzeak. Izan ere, bazkide langilea eta enpresa, biak ala biak dira prestakuntzaren onuradun, bientzat baita prestakuntza etorkizuneko erronkei aurre egiteko modua. Halaber, gizarte osoa izango da prestakuntzaren onuradun pertsonak, eta ez kapitala, oinarri dituen eredu ekonomikoa sustatzen bada.

Aurreko urteetako irizpideak daude aurtengo deialdiko oinarrian: prestakuntza zuzena sustatuko da, gizarte-ekonomiako enpresei dagozkien berezitasunak ezagutzera ematen duena hain zuzen. Halaber, helburu bikoitza du prestakuntza mota horrek: batetik, aldi berean langile eta enpresaren jabe izatetik eratortzen diren eskubide zein betebeharrak barneratzea; bestetik, bazkide langileak bere egitea gizarte-ekonomiako enpresa baten parte izatearen ardura.

Beste alde batetik, gizarte osora zabaldu nahi ditugu eredu ekonomiko honen onurak eta abantailak. Horretarako, zabalpen eta publizitate jardueretarako diru-laguntzak emango dira; jarduerok zuzenekoak, ohiko euskarrien bidezkoak (liburuak eta aldizkariak) zein teknologia berriei lotutakoak izango dira.

Ekitaldi honetarako laguntza-ildo berriak sortu dira, eta horiek harreman zuzena dute Zuzendaritzak diseinatutako Plan Estrategikoaren emaitzekin. Laguntza horien bitartez gabeziak atzeman ziren hiru arlo indartu nahi dira: gizartean, bera orokorrean hartuta, gizarte-ekonomiaren ikusgaitasuna bultzatzea; EAEko eskola-curriculumerako unitate didaktikoak sortzea; eta, azkenik, gizarte-ekonomiako gaien ikerketa aplikatua bultzatu eta gizarte-ekonomiaren ereduari buruzko diskurtso propioa sortzea.

Hortaz, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu denez, eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak azaldutakoa entzunda, honako hau

Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen diren eta bereziki gizarte-ekonomiarekin zerikusia duten prestakuntza-jarduerak egiteko Eusko Jaurlaritzak, Lan eta Justizia Sailaren bitartez, 2018ko ekitaldian emango dituen laguntzak arautzea eta laguntzetarako deialdia egitea.

Agindu honetan aurreikusitako laguntzak diru-laguntzatzat hartuko dira, eta gastuak honako jarduera hauek finantzatzeko izango dira:

  1. Prestakuntza-jarduerak:

    1. Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntzara bideratutako ekintzak prestakuntza espezifikoa eta desberdindua, unibertsitate-eremuan, unibertsitate aurreko eremuan edo sozietateen eremuan kooperatibismoari edo lan-sozietateei buruzko hasierako ezagutza lortzeko edo perfekzionatzeko edo, oro har, ezagutza horretan gaitzeko.

    2. Gizarte-ekonomiako enpresa bat diseinatzeko eta abian jartzeko ekintzak, unibertsitate-prestakuntzaren parte gisa, eta haren tutoretzaren pean.

  2. Gizarte-ekonomiaren hedapen-jarduerak. Honako hauek izango dira jarduera horiek:

    1. Kooperatibei eta lan-sozietateei buruzko aldizkako argitalpenak editatzea.

    2. Aldian behingo jardunaldiak egitea.

    3. Ekitaldi bereziak egitea gizarte-ekonomiako enpresa eta erakundeen ikusgaitasuna bultzatzeko, hala nola oroipen edota omenaldi egunak, sari berezien banaketak eta antzeko ekitaldiak.

    4. Zabalkunde-jarduerak hainbat formatu eta euskarri grafikotan: irratia, prentsa, telebista, internet eta multimedia. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak emango du horien gaineko oniritzia, beti ere praktikara eramanda jarduerok izan dezaketen benetako eraginaren kuantifikazioa eta zenbatespena oinarri hartuta.

    5. Gizarte-ekonomiako gaiak ardatz izango dituzten unitate didaktikoak sortzea, ikastetxeetan zabalkundea egin dadin. Horrez gain, material didaktikoa sortuko da, gizarte-ekonomiaren arloa EAEko eskola-curriculumean txerta dadin.

    6. Euskal gizarte-ekonomiari buruzko narrazio bat eraikitzea, zeinak kontuan hartuko baititu arlo horren baitako familia edo ildoen identitate bereizia eta errealitatea. Halaber, eraldatze-tresnak sortzea izango du xede; tresnok pertsonaren garrantzia, enpresa-antolamenduaren demokrazia eta gizarteari egiten zaizkion ekarpenak nabarmenduko dituzte, beti ere enpresetan ezartzeari begira.

    7. Gizarte-ekonomiaren euskal ereduari buruzko ikuspegi estrategiko globala sortzea, zeinak kontuan hartuko dituen printzipio europarren garapena eta Euskadiko gizarte-ekonomiaren errealitatea.

      Agindu honen indarrez laguntza jaso dezaketen prestakuntza- eta zabalkunde-jarduerek aurten hasi behar dute, eta 2019ko ekainaren 30a baino lehen amaiturik egon behar dute.

  1. Agindu honen xedea betetzeko, bostehun eta laurogeita bi mila eta zortziehun (582.800) euroko gehieneko kopurua erabiliko da guztira, honela banatuta: hirurehun eta berrogeita bederatzi mila seiehun eta laurogei (349.680) euroko ordainketa-kreditua, 2018ko ekitaldirako; eta berrehun eta hogeita hamahiru mila ehun eta hogei (233.120) euroko konpromiso-kreditua, 2019ko ekitaldirako.

  2. Adierazitako zenbateko orokorra igo ahal izango da, betiere diru-laguntzak esleitzeko prozedura ebatzi aurretik, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan izanik eta ondokoen arabera: dagoen aurrekontu-lotura, Lan eta Justizia Sailaren beste programen betearazpenetik sortzen diren aurrekontu-aukerak edo onartzen diren beste aurrekontu-aldaketak. Halakorik gertatuz gero, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da horren berri.

  3. Ezarritako epearen barruan beren eskaerak aurkezten dituzten interesdun guztiek, aurreikusitako agirien bidez Agindu honetan eskatutako baldintza subjektiboak eta objektiboak betetzen dituztela egiaztatzen badute, 11. artikuluan ezarritako mugen eta zenbatzeko irizpideen arabera dagozkien diru-laguntzak jasoko dituzte.

  4. Deialdiari esleitutako baliabide ekonomikoen hornidura nahikoa izango ez balitz aurreko paragrafoan aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten eskari guztiei aurre egiteko Agindu honek ahalbidetzen dituen gehieneko zenbatekoetan, honela jokatuko da:

    1. Lehenik eta behin, egiaztatuko da ezen, 2.1.b) artikuluan jasotzen diren jardueretarako esklusiboki aurkeztatu diren eskaera guztiei aipatutako parametroak erabiliz kalkulatutako zenbatekoetan erantzuteko nahikoa diru badagoela. Hala bada, dagokion zenbatekoa emango da diru-laguntza gisa. Baina, horrela ez bada, hasieran kalkulatutako kopuruak murriztu egingo dira. Horretarako, hainbanaketa bakarra egingo da, 2.1.b) artikuluko jarduerei dagozkien eskabide horien artean; eta gainerako eskaeretarako aurkeztutako eskabide guztiak ukatu egingo dira.

      2.1.b) artikuluko jardueretarako eskabideei dagozkien zenbatekoen arabera erantzuteak ez badu agortzen deialdirako jarritako diru-hornidura, gelditzen den zenbatekoa erabiliko da gainerako jardueretarako laguntza-eskabideei erantzuteko. Zenbateko horrekin ez bazaie erantzuten eskabide horiei, dagozkien zenbatekoen arabera, zenbatekoak murriztu egingo dira, eta, horretarako, hainbanaketa bakar bat egingo da guztientzat.

  5. Ezin izango da guztira 100.000 euro baino gehiago bideratu aldizkako argitalpenak editatzeko.

    2.2.d) ataleko jarduerek orotara ezin izango dute gainditu 50.000 euroko zenbatekoa; horrez gain, jarduera bererako ezin izango da laguntza bikoiztu eskaera bera plan bitan aurkeztuz.

  1. Agindu honetan jasotzen diren laguntzen eskaera izapidetzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez.

  2. Eskaerak eta gainerako ereduak izapidetzeko zehaztasunak egoitza elektroniko hauetan egongo dira: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza_prestakuntza_2018/y22-izapide/eu

  3. Eskabidearen ondoko izapideak https://euskadi.net gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nire Kudeaketak» atalean.

Agindu honetan aurreikusten diren laguntzak, helbide soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten honako erakunde hauek eskuratu ahal izango dituzte:

1. 2.1.a), 2.2.a), 2.2.b), 2.2.e), 2.2.f) eta 2.2.g) artikuluetan adierazitako kasuetan: Fakultateak, Unibertsitate Eskolak, Unibertsitate Institutuak eta unibertsitatearekin lotura duen ikerketa-entitate oro.

2. 2.1.a), 2.2.a), 2.2.b), 2.2.c), 2.2.d), 2.2.e), 2.2.f) eta 2.2.g) artikuluetan adierazitako kasuetan: Federazioak, Kooperatiba Konfederazioak, behar bezala eratu eta inskribatutako ekonomia sozialeko enpresen beste elkartze-egitura batzuk, gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkarte-entitateak eta Lan Sozietateen Taldeak.

Agindu honen ondorioetarako, gizarte-ekonomiako bigarren graduko elkartetzat joko dira honako baldintza hau betetzen duten elkarte egiturak: beren kideak ere, 5/2011 Ekonomia Sozialeko Legeak araututakoaren arabera, elkarteak izatea, alegia.

  1. Bakarrik 2.1.a) artikuluan adierazitako kasuetan: Gizarte-ekonomiaren arloko prestakuntza-zentroak, kooperatiba-egitura zein -taldeen edo lan-sozietateen menpe daudenak.

  2. Bakarrik 2.1.b) artikuluan adierazitako kasuetan: 2.1.b) artikuluak aipatutako gizarte-ekonomiako erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako unibertsitateren baten prestakuntza- eta ekintzailetza-planen tutoretzapean eratutakoak.

  1. Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

    1. Euskal Autonomia Erkidegoan izatea sozietatearen edo elkartearen egoitza.

    2. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea, Ogasun eta Ekonomia Sailak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

    3. Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zehapen penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean.

    4. Erakunde eskatzaileak erantzukizunez deklaratzea zein egoeratan dagoen administrazio honi edo beste administrazio publiko batzuei xede eta helburu berberaz eskatutako beste edozein laguntza (eskatuta, izapideak egiten nahiz emanda).

  2. Era berean, ezingo dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatutako egoeretakoren batean dauden pertsonak edo erakundeak.

  3. Eskatzaileari diru-laguntza jasotzeko eskubidea onartzen bazaio, diru-laguntzaren abonua jasotzeko Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan eman beharko du izena. Erregistratu gabe egonez gero edota jasota dauden datuak aldatu nahi izanez gero, alta edo aldaketa egin daiteke http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/ helbidean

  1. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz, zeinaren bidez onartzen baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiaztatu beharko dira aurreko artikuluko baldintzak. Adierazpen hori eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Ondoren, Gizarte Ekonomiaren zuzendaritzak egiaztatuko du erantzukizunpeko adierazpenean adierazitakoa.

  2. Eskaera aurkeztean, baimena ematen zaio Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzari zuzenean egiazta dezan erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela. Hala ere, baimena berariaz ukatu ahal izango da, eta, kasu horretan, erakunde eskatzaileak ogasun-agintaritzaren eta Gizarte Segurantzaren administrazio-instantziek eginiko ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu. Betebehar horiek egunean izatea nahitaezkoa da onuradun izateko, baita onuradun gisa irauteko ere emandako diru-laguntza likidatu arte, eta, beraz, betebehar horiek betetzen direla egiaztatuko da diru-laguntza ematean eta dagozkion ordainketak egitean ere.

  3. Herri-administrazioen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenak gorabehera, eskabideek aukera emango dute laguntza jasotzen duen erakundeek idatziz onar dezaten organo kudeatzaileek datuak lortu edo egiaztatu ahal izango dituela.

  4. Halaber, erakunde eskatzaileak adierazi beharko du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

  1. Diru-laguntzen eskaerak egoitza elektroniko honetan egongo dira: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza_prestakuntza_2018/y22-izapide/eu

  2. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

  3. Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, pertsonak edo erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko 10/1982 oinarrizko Legeak, azaroaren 24koak, 6.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

  4. Eskabidearekin batera, hurrengo artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu behar dira.

  1. Arau orokor gisa, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eskuratzeko eskabideekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da, eta aurreikusitako jarduerak egiteko arrazoiak eta helburuak zehaztuko dira bertan. Memoria horrek nahitaez jaso behar ditu honako hauek:

    Giza baliabideak eta baliabide materialak.

    Aurkeztutako proiektuaren partiden gutxi gorabeherako aurrekontua eta aurrekontu zehatza.

    Diru-laguntza jaso dezakeen jardueraren garapenaren egutegia.

    Proiektuak finantzatzeko plana.

    Programaren Erakunde laguntzaileen zerrenda, halakorik badago.

  2. Zehazki, 2.1.b) artikuluko jarduerei dagokienez, agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:

    Enpresa-proiektuaren sorreraren oinarri den prestakuntza-planaren memoria.

    Ikasle bazkide langileen Gizarte Segurantzaren alta-agiriaren kopia.

    Bazkide langileak ikasten ari diren unibertsitatearen zinpeko adierazpena edo ziurtagiria, bertan matrikulatuta daudela dioena, bai eta unibertsitateak kasuan kasuko enpresa tutoretzapean duela ere.

Diru-laguntzak lortzeko eskabideak oso-osorik bete ezean, edo dagokien artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Hori egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dugu. Dena den, Administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 21.1 eta 68.1 artikuluetan.

  1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluak ezarritakoaren arabera, proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren gastuak joko dira diruz lagundu daitezkeen gastutzat, beti ere eskabidean aurkeztutako aurrekontua eta Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak balioztatu eta onartutakoa oinarri hartuta.

  2. Zenbateko hauek egokituko zaizkie baldintzak betetzen dituzten eskariei:

    2.1.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.1.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 5.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.2.a) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.2.b) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.2.c) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.2.d) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 10.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.2.e) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 20.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.2.f) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 85; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 30.000 euro jaso ahal izango ditu.

    2.2.g) artikuluaren arabera diruz laguntzekoak diren jarduerak: jardueraren kostu garbiaren % 100; erakunde onuradun bakoitzak, gehienez, 50.000 euro jaso ahal izango ditu.

  3. Agindu honetako 2. artikuluan araututako ekintza bakoitzeko, emandako diru-laguntza ez da, inola ere, ordaindutako kostu garbi erreala baino handiagoa izango.

  4. Agindu honetako 2.1.b) artikuluan aurreikusitako prestakuntza-ekintzetarako laguntza publikoa kalkulatzeko, jarduera horretako kostutzat hartuko dira enpresaren bideragarritasunari buruzko analisian izandakoak, bai eta enpresak lehen urtean egindakoak ere, unibertsitatearen tutoretzapean jarraitzen badu.

    2.2.g) artikuluan aipatzen diren jardueren kasuan, baldin eta 5.2 artikuluaren bigarren apartatuan zehaztutako entitatea onuradun gertatuko balitz, beren kostu garbiaren % 100 lagun daiteke diruz, muga 50.000 eurokoa izanda elkarte onuradun bakoitzeko.

    2.2.b) artikuluko jardueretarako diru-laguntzak esleitzeko irizpideak honako hauek izango dira:

    Antolatutako jardunaldiaren eragina, erreferentzia gisa jardunaldiaren hartzaile potentzialen kopurua hartuta: gehienez ere, 40 puntu.

    Jardunaldiaren berri emateko ahalegina: gehienez ere, 10 puntu.

    Antolatutako ekitaldiaren jarduketa-eremua eta proiekzioa (nazioartekoa, estatu mailakoa edo erkidego barrukoa): gehienez ere, 25 puntu.

    Erakundearen eta, halakorik badago, hizlarien kualifikazioa eta ospea: gehienez ere, 25 puntu.

    Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskabideak ez dira finantzatuko.

    Emandako diru-laguntzak soil-soilik izango dira honako hauek ordaintzeko: jardueretan parte hartzen duten hizlarien gastuak, diruz laguntzekoak diren jarduerak egiteko beharrezkoak diren materialen kostuak eta ekitaldia hartuko duten lokalen alokairua (onuradunarena berarena ez bada).

  1. Agindu honen 2.c) letretan arautzen diren hedapen jarduerarako, 5.2 artikuluan jasotako entitateek onuradunak izan ahal izango dira soilik.

  1. Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak dira arrazoi eta xede beragatik bestelako administrazioek edo erakunde publikoek ematen dituzten bestelako laguntzekin. Nolanahi ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostu osoa gainditu, ezta agindu honetako 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa ere.

  2. Agindu honetako laguntzak eta onuradunak beste administrazio publiko edo erakunde publiko batzuetatik arrazoi eta xede beregatik jasotzen dituen bestelako laguntzak pilatzen badira, eta laguntza horien baturak laguntza-gai den jardueraren kostua edo agindu honetako 11. artikuluan aurreikusitako gehieneko zenbatekoa gainditzen badu, orduan soberakin horren bateraezintasuna deklaratuko da, eta, kasua bada, murriztu egingo da Lan eta Justizia Sailak eman beharreko laguntzaren zenbatekoa.

  1. Gizarte Ekonomiako Zuzendaritza izango da agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

  2. Gizarte Ekonomiako zuzendariak esanbidez emandako ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak. Aipatutako ebazpena bakarra izango da, aginduak aurreikusten duen hainbanaketa egin behar izanez gero.

    Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik kontatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.

  3. Orobat, agindu honetan aurreikusitako laguntzak eman eta, hala behar badu, ordaindu ahal izateko, entitate onuradunak amaituta eduki beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako eta izaera bereko diren laguntza eta diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz prozedura zigortzaile oro, prozedura horiek oraindik izapide-aldian badaude, behintzat.

  4. Agindu honen babesean egindako eskabideak esanbidez ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez, aginduak ondorioak dituenetik kontatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, eskaerei ezezkoa eman zaiela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, nahiz lege horrek Administrazioari espresuki ebazteko betebeharra ezartzen dion.

  5. Publikotasun-printzipioa betetzeko, honako hau argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Gizarte Ekonomiaren zuzendariaren ebazpenaren bidez: alde batetik, agindu honen babesean diru-laguntza zer entitatek jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zer erakunderi aldatu zaizkien emandako diru-laguntzak. Nolanahi ere, ebazpena espresuki eta banan-banan ere jakinaraziko da.

  1. Diru-laguntzak zatika ordainduko dira, modu honetan:

    1. Lehenengo, diru-laguntzaren guztizkoaren % 60, diru-laguntza emango dela jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita hamabost egun igarotakoan, betiere esanbidez uko egin ez bazaio.

    2. Bigarren zatia, gainerako % 40a, diruz lagundutako jarduerak amaitzen direnean.

  2. Diru-laguntzaren bigarren zatia ordaintzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu behar ditu:

    Diruz lagundutako gastu guztiei buruzko txostena eta egiaztagiriak: jatorrizko fakturak edo konpultsatutako fotokopiak, eta egindako lanen kopia.

  3. Aurreko paragrafoan adierazitako agiriak aurkezteko epea 3 hilabetekoa izango da gehienez, diruz lagundutako ekintzak amaitzen direnetik kontatzen hasita.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, hartara eragotzi gabe azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsitako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoak; eta, horiez gain, honako betebehar hauek izango dituzte:

  1. Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzara prestakuntza-proiektuetan erabilitako ikasmaterialen ale bat bidali behar dute, halakorik izan bada.

  2. Era berean, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren laguntza jaso dutela espresuki jasota utzi beharko da, baldin eta diru-laguntza jaso duten jarduerak argitaratu behar badira, argitalpenaren azalean sail horren logotipoa gaineratuta. Halaber, beharrezko diren zabalkunde-neurriak hartuko dira era egokian iragartzeko agindu honen baitan jasotako diru-laguntza. Beharrezkoa da egindako jardueren justifikazio-memoria bat egitea, derrigorrezkoa baita diru-laguntzaren bigarren ordainketa eskatzeko; memoria horrek betebeharrak gauzatzeko hartu diren neurriak adieraziko ditu.

  3. Diru-laguntza zertan eta zelan erabili den ziurtatu beharko dute zerrenda bidezko bermeen bitartez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa betez. Dekretu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horien itzulketei buruzko erregimen orokorra arautu zen, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren.

Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatuz gero, horren helburua betetzat jotzen denean, eta administrazio honen edo beste edozeinen, edo erakunde publikoren baten diru-laguntzak eta laguntzak jasoz gero (hala gertatzen denean), diru-laguntza emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, alabaina, agindu honetan onuradun izateko ezarri diren betekizunak bete behar dira. Horretarako, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak aldaketa egiteko ebazpena emango du. Ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira, eta pertsona onuradunek itzuli egin beharko dituzte soberakinak.

Onuradunak betetzen ez baditu diru-laguntzak emateko ebazpenean ezarritako arauak, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarriko arauak eta erabilgarri diren gainerako xedapenak; edo aurkeztutako datuak egiazkoak ez badira; edo emandako dirua, bere helbururako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabili bada; orduan, Gizarte Ekonomiaren Zuzendaritzak berariaz horretarako hasitako espedientea izapidetuko du, eta interesdunari hamabost eguneko epea emango dio esan behar duena entzuteko, eta, ondoren, hala badagokio, onuradunak diru-laguntza galduko du, eta, bi hilabeteko epean, ordura arte jasotako diru-laguntzak (osorik edo partez) eta legez dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari; horrez gainera, legez egin litezkeen gainerako egintzak ere egingo dira. Hori guztia halaxe izango da honako hauek oinarri hartuta: abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa, horren bidez onartu baitzen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetzeen kasuetan, hau izango da jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

  1. Ebazpen baten bidez, dirua itzultzeko prozedura hasi dela, eta prozedura hori zergatik hasi den, jakinaraziko dio Gizarte Ekonomiaren zuzendariak interesdunari, eta 15 eguneko epea emango dio, bidezko iritzitako alegazioak egin ditzan.

  2. Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, Gizarte Ekonomiaren zuzendariak ebazpena emango du, eta horren bitartez, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzuli beharra adieraziko da, gehienez ere bi hilabeteko epean ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.

    Itzultzeko prozedura, gehienez ere, hamabi hilabetean ebatzi behar da.

  3. Kopuru horiek borondatezko epean itzultzen ez badira, horren berri emango zaio Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasun eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplika daitekeen lege-araudian xedatutakoari jarraituz.

    AZKEN XEDAPENETAKO LEHENA. Ordezko araubidea.

    Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluaren aurreikuspenak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra.

    AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA. Errekurtsoak.

    Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 112. eta hurrengo artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legak, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duenak, 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

    AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA. Ondorioak.

    Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

    Vitoria-Gasteiz, 2018ko abuztuaren 29a.

    Lan eta Justiziako sailburua,

    MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.