Euskal Hezkuntza Sistemaren Diagnostikoa

Legegintzaldiaren hasieratik, gobernuak adierazi zuen aldaketa horiek baterako gogoeta eta ikuspegi desberdinen egokitzapena eskatzen zuela euskal hezkuntza-komunitatearen aldetik.

Helburu horrekin, hezkuntza-hitzarmenerako prozesu bat bultzatu genuen. Prozesu horrek komunitate osoa inplikatu behar zuen eta lege berrirako adostasun-oinarritzat balio behar zuen. Arau berriak aukera eman behar digu gure hezkuntza-sistemaren oraingo eta etorkizuneko erronkei modu malguan eta berritzailean erantzuteko. Ezin konta ahala pertsona, kolektibo eta erakunderen ekarpenak entzun ondoren, baita Euskadiko Eskola Kontseiluarenak eta Eusko Legebiltzarrarenak berarenak ere, emaitza izan zen “Hezkuntzaren aldeko Akordioa” izenburua daraman dokumentua onartzea.

Lege berria landu aurreko analisi- eta eztabaida-helburu banaezin berarekin, Sailean diagnostiko-ariketa bat bideratu dugu, gure hezkuntza-sistema ikuspegi global, zorrotz eta eguneratu batetik ulertu ahal izateko. Badakigu gure hezkuntza-sistema ibilitako bidearen gainean eraikitzen joan dela, lehendik eraikitakoaren gainean. Oinarri sendoa eta finkatua dugu abiaburu, eta, Hezkuntzan aldaketek bereizgarri duten zerbait baldin badago, denbora behar dutela da hori. Horregatik, etorkizunari eta lege berri bati aurre egiteko helburuarekin, beharrezkoa dugu diagnostiko bati ekitea. Diagnostiko horrek, gure hezkuntza-sistemaren berezitasunak aintzat hartuta, analisi eta datu objektiboak ekarri beharko ditu haren egoeraren eta etorkizunerako erronken inguruan.