Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadi Literatura Sariak [2014]

EUSKARAZKO HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Orkestra lurtarra - Atala

Irabazlea: Harkaitz Cano Jauregi
Izenburua: Orkestra lurtarra
Argitaletxea: Elkar

18.000 euroko saria eta 4.000 euroko lan saritua beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

Epaimahaia:

  • Xabier Olaso Bengoa, epaimahaiburua
  • Imanol Mercero Etxebarria, epaimahaikidea
  • Naroa Zubillaga Gómez, epaimahaikidea
  • Elisabet Mas Elizondo, epaimahaikidea
  • Itziar Zubizarreta Ayerbe, epaimahaikidea

EPAIMAHAIAK IKUSITAKO MERITUAK

Idazle iaioa agertzen zaigu Harkaitz Cano Orkestra lurtarraren liburuaren luze-zabalean. Eraginkortasunez eta maisuki erabiltzen ditu nola hizkuntzaren bitarteko guztiak, hala literaturaren esparrukoak ere.

Nonsensea eta umorea trebetasunez uztartzen ditu ipuin irudimentsu honek. Bremengo Musikariak tradiziozko ipuinaren zantzuak aurki daitezke Canoren honen abiapuntuan, baina kontakizunaren joan-etorri guztiek oso bestelako norabidean jarriko dute irakurlea, eta, aurrera egin ahala, garapen interesgarria izango du kontakizunak.

Banan-banan azaltzen zaizkigu pertsonaia xelebre eta bereziak, animaliak ere tarteko; eta guztiek ere aurkitzen dute beren lekua orkestra bitxi horretan. Nork bere ekarpena egiten dio taldeari eta denak ala denak ere onartuak dira, izaera eta jokaera ezberdinak gorabehera.

Funtsean, talde baten bilakaera ageri da obra honetan, sorreratik amaierara. Azken atalean dioen bezala: “Orkestra lurtarreko lagunak elkarrekin bidaiatu dute (...) Barre eta negar egin dute. Ezagutu dute: lagunaren heriotza, herriaren txaloa. Eztabaidatu dute eta kexatu dira. Tarteka ongi moldatu dira. Baina iritsi da unea elkarrekin aspertzen direna ere”.

Bestalde, hamaikatxo dira –pertsonaia batzuen izen barregarriak, elkarrizketa umoretsuak, egoera aldrebes eta zoro samarrak, xelebrekeriak, kultura ezberdinei keinu egitea,… – istorioari arretatsu eutsi eta, aldi berean, irakurlearen jakin-mina suspertze aldera idazleak erabili dituen bitartekoak.

Epaimahai honek kontakizuna burutzeko erabili dituen baliabideak hartu ditu bereziki aintzat, testuinguru literario jakin batean proposatu dituen baliabideen bikaintasuna eta horrek sortu duen maila goreneko testua.


SARITUTAKOARI BURUZKO HAINBAT DATU

Harkaitz Cano Jauregi

Harkaitz Cano (Lasarte, 1975)

Harkaitz Cano Lasarten jaio zen 1975ean. Donostian burutu zituen zuzenbide ikasketak, baina idaztea izan du beti ogibide. Twist nobela (2011) da argitaratu duen fikziozko azken literatur lana. Beluna jazz (1996) eta Pasaia blues (1999) eleberriak, Belarraren ahoa (2004) ukronia, Neguko zirkua (2005) ipuin bilduma eta irailaren 11ko erasoen aurretiko New Yorkeko bere egonaldian mamitutako Piano gainean gosaltzen (2000) kronika ere argitaratu ditu, besteak beste. Hiri horrekiko bere harremanaren fruitu izan zen, halaber, Norbait dabil sute-eskaileran (2001) poema bilduma. Hamar urte beranduago heldu zen gaztelaniaz idatzitako poema liburu bat: Compro oro (2011). Telebista eta komiki gidoilari gisa aritua da, eta irudiaren munduarekiko bere kezkak aletu zituen saiakera batean: Zinea eta literatura: begiaren ajeak (2008). Hanif Kureishi eta Allen Ginsberg euskaratzeaz gain, bera arduratu izan da eskuarki bere lanetako asko autoitzultzeaz ("etengabea da berridazketaren tentazioa"). Haur literatura ere idazten du tarteka. Diziplina ezberdinen arteko nahasketarako bere joeraren erakusle dira, bestalde, hainbat artista plastiko, musikari eta dantzarirekin elkarlanean burututako egitasmoak. Birritan irabazi du Euskadi Saria (oraingo hau baino lehen) eta beste bi aldiz Espainiako Kritikarena. Twist nobelarekin, Beterriko Liburua aipamena ere erdietsi zuen. Nederlanderaz, galegoz, grezieraz, ingelesez, gaztelaniaz, errusieraz, alemanez eta italieraz irakur daitezke bere liburuak.


ORQUESTRA LURTARRA

Orkestra bat sortu nahi du Manuk, eta bertan joko duten lagunen bila abiatuko da: horrela topatuko ditu Lurrinetti anaiak, bi “t”-rekin, tronpeta jotzeaz gain Presidente izeneko ahuntz bat dutenak, eskailera gainera igotzen dena; Aldika izeneko biolin-jotzaile bat, aldika besapeetan azkura izaten duena; Osoki deritzan triangelu-jolea, bere tresna gainean pausatzen den kardantxilo eta guzti; Crocanti izozki-saltzaile eta kontratenorea… Denen artean musikaririk zoroena eta zoragarriena sortuko dute, baita hainbat abentura bizi ere, umorez eta irudimenez beteak.


ZATIA

Amaitu da kontzertua. Ez da oso gaizki joan. Ezta oso ondo ere. Aldika biolin-jotzaileak azkura izan du bigarren kantutik aurrera eta Osokiren triangelua garaiz kanpo sartu da bi edo hiru aldiz, kardantxiloaren erruz. Hori bai, Manuren erratzari esker, eszenatokia sekula baino garbiago geratu da. Orkestrako kide guztiak beldur dira K emakumeak, Goyan Bego kritikari gupidagabeak, zer esango ote duen.

-Zer esan dizu Goyan Begok, Manu? Zer esan dizu K emakumeak? Gustatu al zaio kontzertua kritikariari?

-Pse. Bai eta ez. Zera esan dit: “Zuen orkestra hori…” –eta Goyan Bego imitatzen hasi da orduan Manu–. “Egia esango dizut: nik esango nuke, zuen orkestra hori ez dela beste mundukoa”.

-Eta zuk, zer erantzun diozu?

-Nik arrazoia eman diot: “orkestra lurtarra da” esan diot. Eta berak, harrituta: “Orkestra… estralurtarra?”. Eta nik: “Ez al duzu entzuten, K emakumea? Belarri fina zeneukala uste nuen! Estralurtarra ez… Justu kontrakoa, emakumea: or-kes-tra, lur-ta-rra… Mundu honetakoa, alegia!”

-Aizue –esan du Aldika Emakume Azkuretsuak barre eta azkuratu, biak aldi berean egiteari utzi gabe– konturatu al zarete gaur arte gure taldeak ez zeukala izenik? Hemendik aurrera Orkestra Lurtarra izango gara!

Ados agertu dira denak eta topa egin dute, edalontzirik gabe eta xanpainarik gabe, musikariek egiten duten bezala, musika tresnak zerurantz altxatuz, tresna haiek xanpainaren burbuilak balira bezala.


AURREKO EKITALDIETAKO IRABAZLEAK