Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Etika eta Gobernu Onaren Kodea

Gobernuko kideen, goi-kargudunen, behin-behineko langileen eta Euskadiko sektore publikoko gainontzeko zuzendaritza-karguen Etika eta Gobernu Onaren Kodea onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Helburua

Beharrezko lege baliabideak eta baliabide materialak emanda, egungo euskal herritarren itxaropenak beteko dituen, kalitatezko zerbitzu publikoak eskainiko dituen eta administrazio publiko batek gizarte demokratiko batean bete behar duen paper garrantzitsua beteko duen euskal administrazio publiko baterantz joatea.

Zergatik da beharrezkoa etika-kode bat edukitzea?

Jarduera publikoaren eredu berri konprometitu eta arduratsuagoak ezartzea da kodearekin lortu nahi dena. Hain zuzen ere, zuzendaritza-jardunbide hobeak sustatzen dituzten ereduak ezarri nahi dira eta, gainera, eredu horiek herritarren eta zuzendaritza-kideen arteko konfiantza sendotzeko tresna bihurtzea nahi da.

Hortaz, zuzendaritza-kideen eguneroko lanean hainbat etika-printzipio ezartzea da helburua: zintzotasuna, gardentasuna, parte-hartzea, erantzukizuna, zerbitzu publikoa emateko borondatea, etab.

Kodearen bidez, langileek lana etika- eta portaera-printzipio hauek oinarri hartuz egitea bermatu nahi du Eusko Jaurlaritzak:

  • Inpartzialtasuna eta objektibotasuna.
  • Kudeaketari lotutako erantzukizuna.
  • Gardentasuna eta gobernatze irekia
  • Onestasuna eta ezaxola subjektiboa.
  • Errespetua.
  • Eredugarritasuna.

Zeini eragiten dio?

Gobernuko kideei, goi-kargudunei, behin-behineko langileei eta Euskal Autonomia Erkidegoko, bere erakunde autonomoetako, zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako, sozietate publikoetako eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 7. artikuluan ezarritako sailkapenaren arabera Jaurlaritzaren mende dauden sektore publikoko fundazio eta partzuergoetako zuzendaritza-kideei.

Zer da "gobernu ona"?

Ustelkeriarik, iruzurrik, arbitrariotasunik, gaitasun gabeziarik, xahukeriarik, eraginkortasun gabeziarik eta antzekorik ez egotea da gobernu ona.

Zentzu baikorrean, gobernu onak ahalegina egin behar du erabakiak hartu eta ezartzeko prozesua (gobernantza, alegia) arau hauei erantzunez egin dadin: parte-hartze demokratikoa, gardentasuna, kontu-ematea, legeekiko errespetua, etab.; guztiak ere balio moral eta etikoetan oinarritutako arauak.

Nola ziurtatzen da betetzen dela?

Balio eta jarrera horiek etikoa denaren parte dira, hau da, derrigorrezkoa denaren baina erantzukizun publikoak aldi batez beren gain dituztenek barru-barrutik eta nahi dutelako, kanpotik inposatu gabe onartzen dutenaren parte.

Kodeak izaera positibo eta sustatzailea dauka, arau juridikoekin baino moralarekin eta gizarte-erabilerekin zerikusi handiagoa duten jokabide-jarraibideak biltzen baititu.

Alabaina, kodea inolako eraginik ez duen aitorpen hutsean gera ez dadin, ahalik eta publizitaterik gehiena emango zaio eta sistema hauek ezarriko dira berau aztertzeko:

  • Kodearen edukiari atxikitzeko sistema: Kargua onartu aurretik kodearen edukiarekiko adostasun-adierazpena egitean datza. Dagoeneko lanean ari diren kargudunek ale bat jasoko dute aztertu eta bere edukiarekiko atxikimendua adieraz dezaten.
  • Jarraipen- eta ebaluazio-sistema: Kodean bildutako etika-printzipioek arduradun politikoen jardueren ingurumariei buruzko informazioa etengabe ematen laguntzeko prozedura ezarri nahi da eta, aldi berean, denboran etenik ez duen "tentsio positiboko" giroa sortu erakundean.

Jarraipen-sistemak eraginkortasun-maila egokia lortu dezan, Etika eta Gobernu Onaren Batzordea eratuko da Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren barruan.

Bost kide izango ditu batzorde horrek: Lehendakaria (Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua), 3 bokal eta idazkari bat.

Etika eta Gobernu Onaren Batzordea

Etika eta Gobernu Onaren Batzordearen funtzioak, osaera, aktibitatea eta kontaktua ikus ditzakezu Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailaren web gunean.

Zabalkundea

Kodea oso-osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Eusko Jaurlaritzaren intranetean eta zuzeneko komunikaziorako Irekia kanalean. Horrez gain, oro har euskal herritarren eta bereziki identifikatutako interes-taldeen eskura jarriko da. 

Dokumentuak

Etika eta Gobernu Onaren Kodea (leiho berri batean irekitzen da) (pdf, 55Kb)

Azken aldaketako data: