Borondatezko Aurreikuspen Sozialeko Erakundeen (BASE) erregistroa

Ogasuna eta Ekonomia

Erregistroa
LABURPENA

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak, eta haien federazioak, euren egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan badute, jarduerari ekin aurretik “Euskal Autonomia Erkidegoko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroa”n inskribatu beharko dira. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako Zuzendaritzari dagokio Erregistro hori zuzentzea, antolatzea eta kudeatzea.

 

Hauek dira Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroaren funtzioak:

  1. Lege honen eta indarrean dagoen araudiaren arabera, aipatutako erregistroan gizarte-aurreikuspeneko planen, borondatezko gizarteaurreikuspeneko erakundeen eta horien federazioen inguruan bildu behar diren egintzak kalifikatu, egoki diren liburuetan inskribatu eta egiaztatzea.
  2. Ikuskatutako urteko kontuen gordailua, kudeaketa-txostena eta txosten aktuariala jasotzea, hala badagokio.
  3. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen eta gizarteaurreikuspeneko planen izendapenei eta erregistratutako edozein daturi buruzko ziurtagiriak ematea.
  4. Bere eskumeneko gaien inguruko kontsultei erantzutea.
  5. Bazkideen Fitxategi Orokorra anonimoki kudeatzea, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bakoitzaren bazkideen altak eta bajak sartzeko eta, horrela, sektoreko bazkideen benetako kopurua ezagututa, bikoiztasunak eragozteko, prestazioak egoki erabiltzen direla bermatzeko eta plangintza antolatua laguntzeko, erregelamendu bidez ezarritakoaren arabera.
  6. Lege honek edo hori garatzeko arauek esleitutako beste edozein.

 

Datu hauek jasoaraziko dira Euskadiko Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen Erregistroan:

  1. Erakundearen eraketa eta izena.
  2. BGAE modalitatea.
  3. Sozietatearen egoitza.
  4. Gobernu-organoetako kideen, zuzendarien eta funtsezko funtzioen arduradunen identifikazioa eta, hala dagokionean, curriculum vitaea.
  5. Estatutuak eta erregelamenduak.
  6. Integratzen dituen Aurreikuspen Planak, horrelakorik dagoenean.
  7. Estatutuen edo erregelamenduen aldaketak.
  8. Bat-egitea, zatitzea, desegitea, likidazioa eta kontu-hartzea.
  9. Lehentasunezko enpleguko borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundearen kalifikazioa, hala dagokionean.
  10. Indarrean dagoen araudiak ezarritako beste edozein.

 

Erakundeen Erregistroan gordailutuko dira:

  1. BGAEen Inbertitzeko Printzipioen Deklarazioa, horrelakorik dagoenean.
  2. BGAEek egiten dituzten kontratuak, arreta berezia emanez Erregelamendu honen 63. artikuluan jasotako funtsezko funtzioak kanpora ateratzeko kontratuei.
  3. Urteko kontuak, kudeaketa-txostena eta txosten aktuariala, hala dagokionean.
  4. Likidatutako BGAEen liburuak eta dokumentazioa.
Nori zuzenduta dagoen (erakundeak zein pertsonak)

Hauentzat da erregistro hori:

  1. Otsailaren 23ko 5/2012 Legearen eta hura garatzeko Erregelamenduaren arabera, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde bati dagozkion jarduerak egiten dituzten erakundeentzat.
  2. Bazkide edo onuradun bihurtzen diren mota eta izaera orotako pertsonentzat.
  3. Edozein tituluren pean, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeetako administrazio edo zuzendaritzako karguak betetzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoentzat; otsailaren 23ko 5/2012 Legean eta hura garatzeko Erregelamenduan aurreikusitako dokumentuak sinatzen dituzten profesional eta erakundeentzat; eta otsailaren 23ko 5/2012 Legea garatzeko Erregelamenduaren eremu objektiboari lotuta debeku nahiz mandaturen bat legez ezartzen zaien pertsona fisiko eta juridikoentzat.
  4. Borondatezko gizarte aurreikuspeneko entitateen federazioentzat.

KONTSULTA
Kontsultatu erregistratuta dauden erakundeak
PROZEDURAK
Zer egin nahi duzu?
Herritarrek BGAE-etako Bazkideen Fitxategi Orokorra kontsultatzea Ezkutatu

Interes legitimoa duen edozein herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoko BGAE-etako Bazkideen Fitxategi Orokorrerako sarbidea izan dezake, informazioa eskuratu ahal izateko, ea hildako pertsona bat BGAE edo aurreikuspen-planen bateko bazkide edo onuradun ote zen.

Pertsona interesdunek aurrez aurre edo bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte prozedura horretako eskaerak, kontsultak eta izapideak.

Bitarteko elektronikoak erabili nahi badituzte, euren burua identifikatu beharko dute, identifikazio elektronikorako onartutako bideetatik edozein erabiliz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan. 

BGAE-ek BGAE-etako Bazkideen Fitxategi Orokorra kontsultatzea Ezkutatu

BGAE-ek, bazkide pasiboei edo kobratu gabeko eskubide ekonomikoak dituzten onuradunei dagokienez, horiei buruzko informazioa eman badiote Bazkideen Fitxategi Orokorrari, informazioa eskatu ahal izango dute, euren bazkide pasibo edo onuradunetakoren bat hil den jakiteko.

Kodea
06021