Arautegia

Inprimatu

230/2015 DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, Arkamu-Gibillo-Arrastaria (ES2110004) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena, eta, hori kontserbatzeko neurriak ez ezik, Gorobel Mendilerroa (ES0000244) Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuarenak ere onartzen dituena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 14
  • Hurrenkera-zk.: 298
  • Xedapen-zk.: 230
  • Xedapen-data: 2015/12/15
  • Argitaratze-data: 2016/01/22

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Kultura eta Kirola; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Ingurumena; Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Nekazaritza eta arrantza

Testu legala

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda (BGL), 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Horien artean, Arkamu-Gibillo-Arrastaria (ES2110004) Batasunaren Garrantzizko Eremua (BGL) eta Gorobel mendilerroa (ES0000244) Hegaztientzako BBEa daude, Atlantikoko eskualde biogeografikoan. Hori izendutako sei Hegaztientzako BBEtako bat da.

Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 44. eta 45. artikuluek ezarritakoari jarraikiz, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, bai KBEetarako, bai Hegaztientzako BBEetarako, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.

92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakondu egin da Arkamu-Gibillo-Arrastaria KBEaren azterlanean, eta eskala egokian irudikatu da Batasunaren intereseko habitaten banaketa. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

Era berean, Gorobel mendilerroa Hegaztientzako BBEari dagokionez, haren habitatak kontserbatzeko neurriak aplikatzen dira, hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzeko dagokion banaketa-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere.

Arkamu-Gibillo-Arrastaria KBEan, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruz 1992ko maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauaren (hemendik aurrera, Habitaten Zuzentaraua) I. eta II. eranskinetan eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Basoko Hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren (hemendik aurrera, Hegaztien Zuzentaraua) I. eranskinean jasotako hainbat habitat eta espezie atzeman dira, baita zerrenda gorrietan edo autonomia- edo eskualde-mailako katalogoetan jasotakoak ere. Eremu horretan, Basa eta Itsas Fauna eta Florako Espezie Mehatxatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Zerrendan jasotako 55 fauna-espezie eta 4 flora-espezie daude edo egiaztatu ahal da daudela. Horietatik, honako hauek dira galzoriko espezieak: ugatza, miru gorri eta igaraba.

Bere aldetik, Gorobel mendilerroa Hegaztientzako BBEan, era berean, Habitaten Zuzentarauaren I. eta II. eranskinetan jasotako habitat eta espezieak topatu dira; espezie horiek, gainera, Hegaztien Zuzentarauaren I. eranskinean edo zerrenda gorrietan edo autonomia- edo eskualde-mailako katalogoetan daude jasota. Gorobel mendilerroan, 121 hegazti-espezie daude; horietatik, 116k izaten dituzte kumeak mendi horietan. Gorobel mendilerroan, hegaztiez gain, ornodunen beste espezie batzuk ere badaude, zehazki, 55 ugaztun-espezie, 13 narrasti-espezie, 11 anfibio-espezie eta 6 arrain-espezie; gainera, Basa eta Itsas Fauna eta Florako Espezie Mehatxatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Zerrendan jasotako 66 animalia-espezie eta 20 landare-espezie daude edo egiaztatu ahal da daudela. Horietatik, bost (ugatza, miru gorria, Mediterraneoko ferra-saguzarra, igaraba eta bisoi europarra) galzoriko espezieen artean daude.

KBEaren eta Hegaztientzako BBEaren behin betiko mugaketa lan-eskala hobetzearen ondoriozkoa da. Horrek ekarri du, BGLaren kasuan, 110 hektareako areagotzea; eta, Hegaztientzako BBEaren kasuan, 29 hektareako areagotzea. Nahiz eta horrek ez duen aldaketa garrantzitsurik eragin BGLaren edo Hegaztientzako BBEaren mugetan, ez habitat naturalen azalaren irudikapenean, ezta Europar Batasunaren intereseko flora- eta fauna-espezieen populazioetan ere; baina Europako Batzordeak baliozkotu egin behar du. Ildo beretik, xehetasun-lanei esker lortu diren habitat moten azalerari buruzko datuak, zenbait kasutan, ez datoz bat Europako Batzordera Euskal Autonomia Erkidegoko tokien zerrendaren proposamenarekin batera igorri eta jakinarazitako datuekin. Alde horiek habitatak identifikatzeko metodologiaren aplikazioan izandako aurrerapenen ondorio dira, baita hasierako proposamena egiteko unean erabili zen lan-eskalaren ondorio ere. Xehetasun-azterketari esker habitat jakin batzuen interpretazioa zuzentzeko aukera izan da. Esate baterako, egiaztatu ahal izan da, eremu batzuetan, formularioan adierazitako zenbait habitat-mota ez zeudela; eta, aitzitik, hasierako proposamenean adierazi ez ziren habitat-mota batzuk bazirela.

Arkamu-Gibillo-Arrastaria KBEa izendatzeko, eta, hori kontserbatzeko helburu eta neurriak ez ezik, Gorobel mendilerroa Hegaztientzako BBEarenak ere onartzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraikiz. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Gainera, parte hartzeko kanalak irekita egon dira tramitazioan zehar, bai interesa zutenei komunikazioak bidalita bai horretarako berariaz prestatu den web-orriaren bitartez: http://www.euskadi.eus/natura2000. Esteka horretan, izendapen-prozesu honi buruzko informazio eguneratua egongo da eskuragarri.

Arkamu-Gibillo-Arrastaria eta Gorobel Mendilerroa kontserbatzeko baliabideak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraikiz landu dira, 92/43/EEE eta 2009/147/EE zuzentarauetan jasotako eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.

Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4. artikuluarekin bat, izendapenaz gain, Dekretuak jasotzen ditu lekuaren eta bere mugaketaren kartografia, izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak eta jarraipen-programa.

Bestalde, Legearen 22.5 artikuluaren lehenengo paragrafoari jarraikiz, Eusko Jaurlaritzak «eremu horiek kudeatzeko jarraibideak eranskin gisa argitaratzeko agindua emango du». Lurralde historikoetako foru-organoei dagokie haien onespena kasu honetan, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiei eta Dekretu honetan Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen kontserbazio-helburuetan oinarriturik onartuko dira. Horretarako, Dekretu honen 3.2. artikuluan Lehen Azken Xedapenean ezarritakoarekin batera, baimena ematen zaio Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari jarraibideak argitaratzeko, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek onartu ondoren eta aginduan ezarritako baldintzetan.

Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.5. artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko abenduaren 15ean egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Arkamu-Gibillo-Arrastaria (ES2110004) Kontserbazio Bereziko Eremu (hemendik aurrera, KBE) izendatzen da, Arabako Lurralde Historikoan.

  2. Arkamu-Gibillo-Arrastaria (ES2110004) KBEaren mugak eta Gorobel mendilerroa (ES0000244) Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuarenak (hemendik aurrera, Hegaztientzako BBE) Dekretu honen I. eranskinean jasotako kartografian agertzen direnak dira eta, eskala-doikuntzak egin ostean, bat datoz Atlantikoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian bildutako Batasunaren Garrantzizko Lekuen mugekin.

  3. Aurreko idatzi-zatian aurreikusitako mugaketa zabaldu egingo da, eskala-doitzeengatik, I. eranskinean jasotako mugetara arte, Europako Batzordeak onetsi ondoren.

  4. Onartu egiten dira KBEa eta Hegaztientzako BBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.

  1. Arau honen xedea honako hau da: KBEan eta eta Hegaztientzako BBEan bermatzea Europar Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako 92/43/EEE Zuzentarauan, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora babesteari buruzkoan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion banaketa-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak Basoko Hegaztien kontserbazioari buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, baita eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.

  2. KBEan eta Hegaztientzako BBEan, honako araubide orokor hau aplikatuko da: 92/43/EEE eta 2009/147/EE zuzentarauetan ezarritakoa eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean ezarritakoa.

  1. Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bateginaren 22.4. artikuluarekin bat, II. eranskinak KBE eta Hegaztientzako BBE hauen kasuan, izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak, kontserbazio-arauak eta jarraipen-programa bat jasotzen ditu.

  2. Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek eremu horiek kudeatzeko onartu dituzten kudeaketarako jarraibideak eta neurriak Dekretu honen eranskin gisa argitaratuko dira, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren Ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 22.5 artikuluak ezarritakoari jarraikiz.

  1. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan eta 2009/147/EE Zuzentarauan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 26/2007 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

Dekretu honen esparruaren barne dagoen Naturagune babestuari ezarri beharreko zehapen-araubidea, honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen Testu Bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari baimena ematen zaio Dekretu honen eranskin gisa argitaratzeko Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiek eremu hau kudeatzeko onartu dituzten jarraibide eta neurriak, Dekretuaren 3.2. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Atlantikoko eskualde biogeografikoko BGLen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian bildutako mugei dagokienez, Europako Batzordeak KBEa zabaltzeko erabakia hartu izanaren berri ematen duen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Orduan izango dira eraginkorrak Dekretu honetan eremu horretarako aurreikusitako kontserbazio-neurriak. Ordura arte, eremu horretan, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 eta 6.4 artikuluek ezarritako prebentzio-araubidea aplikatuko da, baita Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 4., 5. eta 6. atalek ezarritakoa ere.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 15ean.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

ABENDUAREN 15EKO 230/2015 DEKRETUAREN I. ERANSKINA

mugaketa mapa

KARTOGRAFIA

http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_230_2015/Arkamu.json&lang=eu

(Ikus .PDF)