Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Donostiako Musika Hamabostaldia 2018

Donostia-San Sebastián Abuztuaren 2(e)tik irailaren 1(e)ra
  • Donostiako Musika Hamabostaldia 2018

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 79. edizioa abuztuaren 2an hasi eta irailaren 1ean bukatuko da. 31 egunotan, jaialdiak 93 proposamen eskainiko ditu; guztira 11 ziklo izango dira, eta Donostian nahiz Gipuzkoako beste lekuetan, Araban, Nafarroan eta Iparraldean garatuko dira. 

Mitoa eta tradizioa. Hauxe izango dira 79. edizioaren egitauaren hari gidaria. San Telmo Museoan udako hilabeteetan erakusgai izango den Los dioses del Prado. Arte y mito erakusketaren aldi berean izango delarik, Musika Hamabostaldiak duela milaka urtetik musikaren, mitologiaren eta tradizioaren artean dagoen erlazioa ospatu izan nahi du. Horretarako, hainbat artista eta orkestraren lankidetza izan du, eta obren edukiak lotura honi erreferentzia egingo diote.

ZIKLOAK

Ekoizpenak eta eskaerak. Jaialdiak berriz ere ikuskariak ekoitzi eta obrak eskatu ditu. Buenos Airesko Colón Antzokiarekin eta El Escorialeko San Lorenzo Jaialdiarekin batera ekoitzi duen “Italiarra Aljerren” opera antzeztuaz gainera, “Itsasotik eskolara” ekoitzi du Hamabostaldiak aurten; haurrentzako ikuskari berria da, Donostiako hainbat erakunderen arteko elkarlanaren emaitza: Easo Eskolania, Araoz Gaztetxo Abesbatza, Maushaus eta Emaus. Hamabostaldi Berdea izeneko jaialdiaren ingurumen-plangintzari jarraituz, ikuskari hau material birtziklatuekin egindakoa izango da. Eskaeren atalean, Hamabostaldiak obra bat eskatu dio Mikel Urquiza konpositoreari, eta obra hori Musika Garaikidearen zikloan estreinatuko da (abuztuak 21); era berean, Guridiren “Hamar euskal doinu” obraren egokitzapen bat eskatu dio Juan de la Rubia organistari, aurrenekoz Artzain Onaren Katedralean entzun ahal izango dena (abuztuak 8).

Kukai Dantza Arantzazun. Musika Hamabostaldiaren eskariz, konpainia gipuzkoarrak (2017ko Dantzaren Sari Nazionala) “Adio” aurkeztuko du, Arantzazuko espaziora berariaz egokituriko lana. Bere azkenaldiko errepertorioko atal bereizgarrienetako batzuk (“Oskara” eta “Erritu”) eta guztiz berriak diren beste hainbat zatik osatuko dute ikuskaria. Iñaki Salvador, David Azurza eta Landarbaso Abesbatzaren lankidetzarekin, Arantzazuko unibertsoko bi irudi nabarmen omenduko ditu “Adio”k: Bitoriano Gandiaga poeta eta duela gutxi zendu den, eta Oñatiko Santutegian Hamabostaldiaren ohiko lankidea izan den,  Iñaki Beristain.

KURSAAL AUDITORIOA

Kursaal Auditoriorako diseinatu den programa La Fura dels Bausen “Kreazioa” obraren bi ikuskariarekin hasiko da; talde hau zortzi urteren ondoren itzuliko da Donostiara (abuztuak 2 eta 3). La Furaren ikuskariak, Haydnen izen bereko obran oinarriturik, planetaren sorrera (makrokosmosa) giza gorputzarekin eta DNArekin (mikrokosmosa) lotu nahi ditu. Horretarako, konpainia katalanak eszenografia minimalista baliatuko du, zenbait pantaila zuriz, ur-tanga batez eta helioz beteriko globo zuri oso handiz osatua. Musikaren atalean, eta José Ramón Encinar maisuaren batutapean, Bilbao Orkestra Sinfonikoa arituko da.

Astebete geroago (abuztuak 11 eta 13) opera antzeztuarekiko jaialdiaren usadiozko hitzordua eskainiko du Kursaal Auditorioak. Gioachino Rossini musikagilearen heriotzaren 150. urteurreunean, haren titulu adierazgarrienetako bat eskainiko du 79. Musika Hamabostaldiak, “Italiarra Aljerren”. Opera komiko hau duela 25 urte pasa eman zen Donostian, eta oraingo honetan Euskadiko Orkestra Sinfonikoak eta Easo Abesbatzak interpretatuko dute, Paolo Arrivabeni maisuak zuzendurik. Rol nagusia, Isabella, Marianna Pizzolato italiar mezzosopranoak abestuko du. Haren ondoan honako abeslari hauek arituko dira: Luca Pisaroni, Francisco Brito, Joan Martín-Royo eta Arantza Ezenarro, besteak beste.
Musika Hamabostaldiaren, Buenos Airesko Colón Antzokiaren eta San Lorenzo del Escorial Jaialdiaren produkzio berrian, Joan Antón Rechi eszena-zuzendariaren begirada bereziak kontatuko du Aljeriako kostaldean urperatzen den Isabella neskatxa italiarraren historia, 40ko hamarkadan kokatzeko apustua eginez.

Edizio honetako atal sinfonikoa Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batekin hasiko da, zeina aurrenekoz jardungo baita Christian Zacharias maisuaren gidaritzapean (abuztuak 18). Egin zuen azken bisitalditik sei urte bete direnean itzuliko da Hamabostaldira alemaniar artista, eginkizun bikoitzean, pianista gisa eta zuzendari gisa. Andra Mari Abesbatzak eta hainbat bakarlarik, haien artean Elena Sancho eta Clara Mouriz donostiarrek, lagunduko diote orkestrari. 

Hanburgoko NDR Philharmonie izango da aurten Kursaaleko ziklo sinfonikoan arituko den hurrengo taldea, zeinak 1986. urteaz gero ez baitu gure hiria bisitatu. Saio honetarako (abuztuak 22) diseinatu den egiturauan daude, alde batetik, Johannes Brahmsen “2. Sinfonia” bukolikoa, eta Gustav Mahlerrek egokituriko herri-abesti alemaniarren sorta hautatu bat, errepertorio honetako interprete handienetakoa den Christian Gerhaher baritonoak abesturik. Zuzendaria Krzystof Urbanski izango da, Estatu Batuetako Indianapolisko Orkestra Sinfonikoaren egungo zuzendari titularra, eta Hanburgoko NDR Philharmonieren zuzendari gonbidatu nagusia. 

Beste batuta gazte batek, urte gutxian XXI. mendeko orkestra-zuzendari balioetsi eta ospetsuenetako bat bihurtu den Yannick Nézet-Séguinek, zuzenduko du Rotterdams Philharmonisch Orkest, aurten 100 urte betetzen dituen talde holandarraren zuzendari titular gisa egiten ari den despedida-itzulian (abuztuak 24). Mozarten aire klasizistekin hasiko da, haren “35. Sinfonia, Haffner” ondo ezagunarekin zehazki, gaur egun Philhadelphiako eta New Yorkeko Metropolitan Operako orkestrak zuzentzen dituen kanadar maisuak eskainiko duen programa; Liszten unibertso erromantikoan eta haren “Pianorako 2. kontzertua” obran barneratuko da jarraian; eta Txaikovskiren “4. Sinfonia” beti zailarekin bukatuko da saioa. Teklatuan, Liszten kontzertuaren bakarlari gisa, azken 50 urteetako pianoko maisu garrantzitsuenetariko bat, Yefim Bronfman, baina Espainian oso gutxi ezagutzen dena, non ia inoiz ez baitu jo.

Budapest Festival Orchestra izango da protagonista Kursaal Auditorioko hurrengo bi hitzordu sinfonikoetan, eta, Hamabostaldira egin dituen aurreko bisitaldietan bezala, Ivan Fischer maisuaren gidaritzapean arituko da. Lehen hitzorduan (abuztuak 26) orkestrak bere herrialdeko musikan sustraitutako piezak eskainiko ditu, hau da, pieza hungariarrak. Errepertorioa osatzeko, obra hauek eskainiko dira: Franz Liszten “1. eta 3. hungariar rapsodiak”, Pablo Sarasate nafarraren “Ijito-aireak” eta Johannes Brahmsen “1. eta 11. hungariar dantzak”; konpositore honen “Lehen Sinfoniak” itxiko du programa.

Bere bigarren saioan (abuztuak 27), hungariar taldeak Donostiako Orfeoia izango du ondoan, eta Wolfgang Amadeus Mozarten “Vesperae solenne de confessore” interpretatuko dute, austriar musikagileak Salzburgo bere sorterriko katedralerako idatzi zuen obra guztiz ederra. Saioa bukatzeko, austriar musikagile handienetakoa den Gustav Mahlerren sinfonia ospetsuenetako bat eskainiko da, laugarrena.

Programa bikoitza eskainiko du orobat Koloniako WDR Sinfonieorchester taldeak, bere zuzendari titularrak gidaturik, Yukka-Pekka Saraste maisuak. Lehen eguneko programak (abuztuak 31) XX. mendeko obra nagusietako bat eta musikaren historia osoko lan berritzaileenetakoa dena eskainiko du: Stravinskiren “Udaberriaren sagaratzea”. Horrekin kontrastean, kontzertuaren lehen zatian Johannes Brahmsen “Pianorako 1. kontzertua” obra erromantikoa entzungo da, musikagileak 21 urte besterik ez zuenean konposatua. Piano garaikidearen beste irudi garrantzitsu bat izango da bakarlaria; Igor Levit, Alemanian herritartasuna hartutako errusiarra.

Bigarren egunean (irailak 1) orkestrak Hector Berliozen “Requiem” erdiragarria eskainiko du, zeinari musikagile frantsesak berak “Hilen meza handia” izen dramatikoa ipini baitzion. Musikaren historiako konposizio monumental eta hunkigarrienetako bat da, non Berliozek, orkestrazioaren maisua baitzen, bere ezaugarririk hoberenak agertzen baititu, kontrastez eta argi-ilunez beteriko obra batean. Orkestrarekin batera arituko dira Andrew Staples tenor bakarlaria, baita Donostiako Orfeoia ere.

Kursaal Auditorioko eskaintza “Amoria” obraren estreinaldiarekin osatuko da. Katia eta Marielle Labéque Baionako pianista-bikotearen proiektu berria da hau, euskal musika omentzeko antolatua (abuztuak 29). XVIII. mendeko abesti tradizionalak baztertu gabe, Pablo Sarasate, Maurice Ravel, Jesus Guridi, Aita Donostia eta abarren obrak interpretatuko dira, euskal musikaren ondare aberatsari eskainitako omenaldi hunkigarri batean, interpretazio txundigarri eta liluragarrien bidez. 

Katia eta Marielle Labèquerekin batera arituko dira “Amoria” proiektuan Carlos Mena kontratenorra eta Thierry Biscary eta Eñaut Elorrieta euskal abeslariek Ander Zulaika perkusionistarekin eta Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte (Oreka TX). txalapartaren birtuosoekin batera osatzen duten Hegiak taldea. Kolaboratzaileen artean izango dira baita, Elena Martínez de Murguía violagambista eta Easo Eskolania taldeko hogei haur inguru.

VICTORIA EUGENIA ANTZOKIA

Lehen kontzertuan (abuztuak 6), uneotako interprete originalenetako bat delakoan hartzen den Alexandre Tharaud pianista paristarra izango da protagonista. Musikaren ia bi mende errepasatzen dituen programa bat landuko du; hasi François Couperinen klabezinerako pieza delikatuetatik, eta mitologia grekoari ageriko erreferentzia egiten dioten Claude Debussy eta Erik Satieren obretaraino, besteren artean.

Bigarren proposamena musikaren bi izen handietatik dator: Jordi Savall violagambista eta Carlos Nuñez gaita-jole eta flautista (abuztuak 20). Bi musikari hauek elkarrekin arituak dira lehendik ere, zuzenean nahiz grabazioetan, eta orain berriz ere elkartu dira “Elkarrizketa zeltikoak” obran; proiektu bikain bat da, atzoko eta gaurko tradizio zeltikoetara eramango gaituena, Irlanda, Eskozia, Euskadi, Galizia eta abarretako musika tradizionalaren bidez.

Hervé Koubi Dantza Konpainiak eskainiko du Victoria Eugenia Antzokiko hirugarren eta azken hitzordua (abuztuak 28). Aljeriar jatorriko koreografo frantsesak eta haren konpainiak “Les Nuits Barbares” ikuskaria eskainiko digute, non omenaldi bat eskaintzen zaien herri barbaro ahaztuei. Agertokiaren gainean nahastuko dira, alde batetik, Mozarten eta Fauréren requiemen zatiak eta Afrikako musika tradizionala, eta, bestetik, hip hop eta kapoeiraren kultura. 

INAUGURAZIO-EGUNA

Abuztuaren 2an hasiko da Musika Hamabostaldiaren aurtengo edizioa, hiriko hainbat tokitara helduko diren kontzertu- eta ikuskari-sorta zabal batekin. Egun horretan, guztira, 13 proposamen eskainiko dira, publiko guztientzat, haien barne direla musika instrumentala, ahozkoa, dantza… Inaugurazio-egunean eskainiko dira era berean hainbat zahar-egoitzetan egingo diren kontzertuak, Hamabostaldi Solidarioa izenekoaren baitan.


ORGANO ZIKLOA


Organo Zikloak, berriz ere, guztiz egitarau zabala eskainiko du, eta Gipuzkoako hainbat herritan kokaturiko elizak bisitatuko ditu, nola diren Ataun, Usurbil, Deba, Tolosa, Azpeitia eta Azkoitia. Ziklo honetako 13 kontzertuetan, nazioarteko izena duten organisten presentzia azpimarratu behar da, nola diren Michel Bouvard (abuztuak 6), Joonho Park (abuztuak 6) edota Klaus van den Kerkhoff (abuztuak 7). Ziklo honetan berebat eskainiko dira aurreneko aldiz Youri Boutsko eta Josep Solerren obrak, eta Guridiren “Hamar euskal doinu” obraren organorako egoitzapena. Azken hori Juan de la Rubiak egin du, Musika Hamabostaldiaren eskariz. Amaierako kontzertuan (abuztuak 12), San Bizenteko organoaren 150. urteurrena ospatuko da, soprano, txistu eta organorako idatzitako obrek osaturiko programa erakargarri batekin.

ANTZINAKO MUSIKA ZIKLOA

Santa Teresa Komentuan emango da Antzinako Musikaren Zikloa, eta bost emanaldi eskainiko dira guztira. A capella kontzertu batekin hasiko da zikloa, Hondore Abesbatzaren eskutik (abuztuak 6), zeinak Gombert, Cardoso eta Victoriaren obrak interpretatuko baititu. Hurrengo egunean L´Apothéose taldearen txanda izango da (abuztuak 7); Savoiako Maria Luisa Gabriela erreginaren jaiotzaren urteurrena ospatzen duen programa bat aurkeztuko du talde honek. Inégal Ensemble txekiarra (abuztuak 8), bere herriko errepertorio barrokoarekin, eta Raquel Andueza & La Galania (abuztuak 9), “Italia 1600” izeneko programarekin, izango dira Santa Teresa Komentuko hurrengo bi hitzorduen protagonistak. Ziklo hau Ímpetus Conjunto Barroco de Madrid taldearen saioarekin osatuko da (abuztuak 10), zeinak omenaldizko kontzertu bat eskainiko baitio François Couperini, haren jaiotzaren 350. urteurrenean.

OSTEGUN MUSIKALAK SAN TELMON


Bigarren urtez segidan, eta “Ostegun Musikalak San Telmon” izenpean, hainbat proposamenen agertokia izango dira museo honetako klaustroko hormak. The Brahms Project taldeak irekiko du atal hau ostegunean (abuztuak 10); ondoren Judith Jáuregui pianista eta Lina Tur Bonet biolinista etorriko dira (abuztuak 16), eta Clara Mouriz mezzosopranoak itxiko du zikloa, Joseph Middelton pianistak lagundurik (abuztuak 23). Mitologiaren eta folklorearen ingurukoak izango dira hiru kontzertuetako programak, bat etorriz Prado Museotik ekarritako obrekin San Telmo Museoan eskainiko den aldi bateko erakusketarekin.

MUSIKA GARAIKIDEKO ZIKLOA


Aspalditik da Musika Garaikideko Zikloa gaur egungo panorama musikaleko sorkari berrienei zabaldutako atea. Bost kontzertuk osatuko dute ziklo hau, eta abuztuaren 19an hasiko da, Cuarteto Gerhard taldearen saioarekin. Pablo Sorozabal Konposizio Lehiaketa irabazi zuen obra estreinatuko du taldeak, teknika garaikidea nola menderatzen duen erakusteko aukera emango dion programa eklektiko batekin. Bi egun geroago (abuztuak 21), erabateko bi estreinaldi eskainiko dituzte Cosmos Cuartet taldeak eta Noelia Rodiles pianistak: Musika Hamabostaldiak Mikel Urquizari eskatu dion obrarena, eta Raquel García-Tomásek Cosmos Cuarteti eskatu diona. Ondoren etorriko dira United Instruments of Lucilin (abuztuak 25), estetika eta aldi guztiz desberdineko obrez osaturiko programa batekin, eta Ensemble C Barré (abuztuak 28), Falla, Murail, Alvarado, Ibarrondo eta Mareszen obrekin. Ensemble Música Practica izenekoak itxiko du zikloa (abuztuak 30), eta Atlantikoaren bi aldeetan azken hamarkadetan sorturiko errepertorioa esploratuko du.

INTERPRETE GAZTEEN ZIKLOA


Hamabostaldiak balio berriei eskaintzen dien atal hau aukera ezinhobea da zuzenean ezagutu ahal izateko Musikene, Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiak egiten duen lana. Ziklo hau osatzen duten bost kontzertuen protagonistek oso lotura estua dute prestakuntza-zentro horrekin. Honako hauek dira autengo hitzorduak: Quinteto Morton (abuztuak 20); Gonzalo Manglano tenorra eta Daniel Huertas pianista (abuztuak 21); Dúo Icaro (abuztuak 22); Gonzalo Sánchez tronpeta eta Guillermo Martínez pianista (abuztuak 23); eta Kahlo Ensemble taldea (abuztuak 26). 

HAURREN HAMABOSTALDIA

Musika Hamabostaldiak, bere 79. edizioan, joan den urtean abian jarri zituen ekimen guztiak babestuko ditu, txikiei zuzendutako eskaintza aberasten jarraitzeko helburuarekin. 

Horixe da “Kantu Kontari” ikuskariaren kasua; formatu txikikoa da, ipuin-kontalari bat eta haren musika-laguntzaileak protagonista dituena; Kursaaleko saioak egiten jarraituko dira (abuztuak 4, 11, 18, 25) eta, horrezaz gain, Gipuzkoako hainbat herritara ere joango da “Kantu Kontari”, esaterako, Zumaiara (abuztuak 3), Getariara (abuztuak 17), Mutrikura (abuztuak 22), Irunera (abuztuak 24) eta Ordiziara (abuztuak 29).

Haurrentzako eskaintza berezian, gainera, bi lantegi izango dira: “Historia inventada de la música inventada”,  San Telmo Museoan (abuztuak 21) eta Debako elizan (abuztuak 22) egingo dena; eta “Materia”, San Telmo Museoan (abuztuak 2), Zumaiako Oxford Aretoan (abuztuak 3) eta Irungo CBAn (abuztuak 10) eskainiko dena.

Haurren egun tradizionala abuztuaren 21ean ospatuko da, “Itsasotik eskolara” (Victoria Eugenia Antzokia) lanarekin; haur-ikuskari berria da, Musika Hamabostaldiak ekoitzi duena, eta, Hamabostaldi Berdea izeneko jaialdiko ingurumen-planari jarraituz, material birtziklatuekin egingo da. Eguna osatzeko, “Banbalinen artean” lantegia eskainiko da, eszenografiaren, arkitekturaren eta musikaren alorreko jakintza eskuratzeko helburua duena.

MUSIKA AITZAKI

Hamabostaldiaren ziklo bidaiariak, hauxe da-eta, izan, bidaiaria, Donostiako mugak gaindituko ditu aurten berriz ere, eta Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat lekutara joango da. Musika Aitzakik, guztira, 15 kontzertu eskainiko ditu aurten, urteroko ohiko txangoa egiteaz gainera. Izan ere, txangoak Ibilbide Ignaziarra jarraituko du 79. edizio honetan, Aizpurutxo (Azkoitia) eta Urretxuren arteko bidea eginez (abuztuak 25). 

Gipuzkoar lurretan hainbat saio eskainiko dira, jadanik Musika Aitzakiren ohiko egoitza bihurtu diren tokietan, nola diren Zumaia, Getaria eta Hondarribiako kostaldeko herriak, beren eliza ezagunekin eta paradorearekin, hurrenez hurren. Azken horretan, Carlos V.a Paradore historikoan, Arantza Ezenarro sopranoaren errezital bat eskainiko da (abuztuak 17), programa konplexu bat landuko duena, eta abestuko ditu, besteak beste, Schuberten lieder delikatuak, zarzuelako erromantza bizi batzuk, eta Mozart eta Rossiniren ariak. Era berean, Hondarribian, Hiruzta Upategian, gozatu ahal izango da ziklo honetako proposamen berezienetako bat; Sigma Project taldeak Leonard Berstein konpositore eta orkestra-zuzendari amerikarrari eskainitako omenaldia, “West Side Story” guztiz ospetsuaren dantza bizitasunez beteak interpretatuz (abuztuak 22). Leyreko Monasterioa da (Nafarroa) ziklo honetan ohikoa gertatzen hasi den beste leku bat, eta, hala, aurten biolontxelo eta organorako kontzertu bat eskainiko da bertan, Josetxo Obregón eta Daniel Oyarzabal musikarien eskutik (abuztuak 4). 

Arantzazuko Santutegia (Oñati) da, inondik ere, Musikaren Aitzaki saileko egoitza nagusia. Oraingo honetan Kukai Dantza eta “Adio” hartuko ditu bere baitan; Errenteriako konpainiak Santutegiaren espaziorako berariaz egokitu duen ikuskaria da azken hori (abuztuak 23).

Iparraldean, ostera ere Senperera joango da Hamabostaldia, Lapurdira, eta bi kontzertu eskainiko ditu bertan. Larreko aretoan Bilbao Orkestra Sinfonikoaren ganberako talde bat arituko da, erromantizismoko harirako errepertorioan zentraturiko programa batekin (abuztuak 5). Bigarren kontzertua Saint Pierre elizan egingo da, Jordi Savall violagambista izango da protagonista, eta errepertorio zeltaren bere ikusmolde berezia eskainiko du (abuztuak 19).

Musika Aitzaki osatzeko, aipatu behar da jaialdiak arabar lurretan egiten dituen kontzertuen zikloa, Hamabostaldia Araban izenpean. Honako herri hauetan garatuko da auten programa: Artziniega (abuztuak 3), Kanpezu (abuztuak 11), Guardia (abuztuak 16), Tuesta (abuztuak 18) eta Olano (abuztuak 25). 

HASIBERRIENTZAKO GIDA

Publikoak egin duen harrera bikaina dela-eta, jaialdiak berriz ere errepikatuko ditu 2015ean abian jarri ziren ekimenak, musika klasikoaren alorrera publiko berriak erakartzeko xedeaz. 

 #ConversanDO: pertsona-talde bat aurrenekoz doa musika klasikoko kontzertu batera, Kursaal Auditoriora, eta ondoren beren esperientzia kontatuko digute. Informazio gehiago: 943 003 170. Izena emateko: www.quincenamusical.eus / conversando

Musikeler: garagardoa eta musika zuzenean dastatzera gonbidatzen zaitu Hamabostaldiak, Convent Gardenen kriptan, oraingo honetan Musikeneko bi talderen musika entzunez: Voz-ess (abuztuak 23) eta Bidaide (abuztuak 25). 

Sarreren salmenta orokorra

Sarreren salmenta orokorra ostegunean hasiko da, maiatzak 31
11:30tatik aurrera
honako bideak jarraituta: 
www.quincenamusical.eus eta Kursaal eta Victoria Eugenia Antzokiaren leihatilak

 


Laburrean

Non