Hezkuntza Saila

EIMA - Sarrera

 
 

EIMA izena akronimo bat da eta hau esan nahi du: euskal ikasmaterialgintza. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak 1982. urtetik hona abian duen lan-programa bat da. Helburu nagusia da unibertsitate aurreko ikasmailetarako euskaraz behar adina ikasmaterial sor dadin bultzatzea, ikasmaterial horien kalitatea zaintzea eta ikasmaterial horiek zabalkundea izan dezaten administraziotik laguntzea.

Helburu hori betetze aldera, EIMA programak euskarazko ikasmaterialak sortzeko diru-laguntza deialdiak ateratzen ditu urtero:

• EIMA 1 - Unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial inprimatuak egiteko diru-laguntzak

• EIMA 2.0 - Unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterial digitalak egiteko diru-laguntzak

• EIMA 4 - Unibertsitate aurreko irakasmailetarako euskarazko ikasmaterialak sortzeko diru-laguntzak

Sorkuntzarako diru-laguntzez gainera, ikasmaterialgileen lan eskerga aitortu nahi izan da administraziotik Ixaka Lopez-Mendizabal eta Migel Altzo sari-banaketekin, 1986an hasi eta 2011 arte urtero-urtero euskarazko ikasmaterialik onenak sarituz.

Ikasmaterialen kalitate egokia bermatzeko, diru-laguntza deialdietara aurkezten diren ikasmaterialei hainbat azterketa egiten zaizkie: hizkuntza-azterketa, didaktika-azterketa eta azterketa teknikoa. Arloan arloko teknikari berezituak arduratzen dira azterketa horiek egiteaz. Ikasmaterialen hizkuntza-kalitateari lotuta, ikasmaterialentzako estilo-liburua argitaratzen da, zatika. Guztira, 9 liburuki argitaratu dira.

Ikasmaterialen zabalkundean laguntzeko, berriz, EIMA katalogoa sortu zuen Sailak, 2005ean. EIMA katalogoa euskarazko ikasmaterialak jasotzen dituen interneteko baliabidea da. Euskarazko ikasmaterialen informazio zehatza eskaintzeaz gain, hainbat eta hainbat ikasmaterial zuzenean kontsultatzeko edota jaisteko aukera ere ematen du.