Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko irailaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa MA.05 Martutene eremurako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 181
  • Hurrenkera-zk.: 4574
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/09/06
  • Argitaratze-data: 2018/09/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2017ko abenduaren 27an, Donostiako Udalak eskabidea osatu zuen MA.05 Martutene eremuan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) aldatzeari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua izapidetzeko ebaluazio-prozedura estrategikoa hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera aurkeztu ziren Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia duen ingurumen-agiri estrategiko bat.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko otsailaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia; URA-Uraren Euskal Agentzia, eta IHOBE-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa. Interesdun gisa, hauei ere egin zitzaien kontsulta: Gipuzkoako Ekologistak Martxan; Ugatza ornitologiako sozietatea, eta Itsas Enara Ornitologi Elkartea.

Halaber, espedientean jasotzen diren agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, hauen txostena jaso da: Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza biak Eusko Jaurlaritzakoak, Ihobe-Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa eta Ura-Uraren Euskal Agentzia; espedientean dago horren emaitza.

ZUZENBIDE-OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko ondorioen analisia, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

MA.05 Martutene eremuari dagokionez egitekoa den Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala (aurrerantzean, Plana), abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago; hor ezartzen da zer plan edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Agiri teknikoak eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako agiri estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eskumena duen organoa baita, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Xedapen hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenak, eta hau

Lehenengoa. MA.05 Martutene eremuan Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntualari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aurrerantzean, Plana), Donostiako Udalak sustatua, jarraian zehazten den moduan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren xedea da Donostiako MA.05 Martutene eremuaren kalifikazioa aldatzea. Martutene auzoko hiri-ingurunean dago eremu hau, hiri-inguruko mosaikoarekin mugan. Bizitegirako hiri-lurzorua da, zeinetan blokean irekitako tipologiako etxebizitzak baitira nagusi; bertan gasolindegi bat dago, bere instalazio lagungarriekin, eta horri lotutako bi solairuko eraikin bat. Eremuan ez da hauteman ez landaredi azpimarragarririk ez espezie inbaditzailerik. Industria-erabileratik bizitegi-erabilerarako aldaketa egitea proposatzen da, eta 1.824 m2-ko azalerako lurzatiaren ordenamendu xehatu berri bat ezartzea. Halaber, 324,00 m²-ko azalera bat espazio libre eta gune berde gisa erabiltzeko hiri-lur gisa sailkatzen da, eta espazio libreen eta gune berdeen sistema nagusien udal-sarera sartzen.

    Horrela, bada, Planean aurreikusitako jarduketek aurreikusten dute:

    Gasolina-zerbitzugunea eraistea, eta zorupea deskontaminatzea, hala badagokio.

    Industria-kalifikazioa kentzea.

    Bide-kalifikazioa kentzea.

    Eraikuntza irekiko bizitegi-erabilerarako lurzati baten ordenamendua, HAPOko irizpideei jarraikiz. Bizitegi-eraikigarritasuna 1 620,00 m² (t) handitzen da.

    Espazio libreen zuzkidura berri bat sortzea, zeinak egun hegoaldean daudenei gehituko baitzaizkie.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. Planaren xedea da lurzatiaren kalifikazioa aldatzea, industria kalifikaziotik bizitegi kalifikaziora, eta ordenamendu xehatu berria ezartzea. Lurzati horretan jarduera sailkatu bat gauzatzen da, gasolina-zerbitzugune bat, hain zuzen ere. Halaber, hiri-lur gisa sailkatzen da Puio parkearekin mugakide den lursail-zati bat, espazio libreen eta gune berdeen sistema nagusien udal-sarera sartzeko. Hori guztia eraikuntza- eta hirigintza-proiektu elkartu baten barnean burutuko da. Aurkeztutako agiriak ikusita, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Zer neurritan eragiten duen planak beste plan edo programa batzuetan: planak ez du ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia den edo ez bereziki garapen jasangarria sustatzeko egindako ingurumen-oharpenak integratzeko: plan hau garatzearen ondorioz, lurzoru antropizatuen berrerabilpena lehenetsiko da, lurzoru naturalak artifizial bilakatu ordez, eta, era berean, bizitegi-eremuan gasolina-zerbitzugune bat izateak jendearentzat duen arriskua ezabatzen da. Gainera, elkarrengadik hurbil dauden gune berdeak eta espazio publikoak gehituko dira, eta Martutene pasealekua bulebar bilakatuko. Hori dela eta, irizten da egokia dela garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

      4. Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, zoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako airearen kutsadura, eta abar. Ziurta dezakegu, beraz, ez dela izango Plana burutzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira eraginpeko eremuan burutzen diren jarduketak eta jarduerak. Ondorioz, jarduketak bateragarria izan beharko du Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren 2015-2021 Plan Hidrologikoaren 40. eta 41. artikuluetan xedatutakoarekin, uholde-arriskuko guneko erabilerekiko mugei dagokionean. Arroko erakundearen administrazio-baimena beharko da gune horretako jarduketa orotarako. Halaber, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituztenen kalifikazio-aldaketa bat denez, lurzoruaren kalitatearen adierazpen bat izapidetu behar izango da.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legedia txertatzeko Europakoa nahiz Espainiakoa.

    2. Eraginen ezaugarriei eta eraginpeko eremuaren ezaugarriei dagokienez, eremuan ez dago ingurumen-babeserako araubidea duen espaziorik, Natura 2000 Sarea kasu, edo natura-balioak direla-eta elementu azpimarragarririk duen espaziorik. Kultura-ondarean kokatzen den elementurik ere ez dago.

    3. Nolanahi ere, indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira neurri babesle eta zuzentzaileak, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera, eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:

      Proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

      Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Hondakin arriskutsuentzako ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betez.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 40. artikuluan ezartzen duen bezala, kalitate akustikoko helburuak bermatu beharko dira dekretu horretan ezarritako eraikinen barnerako.

      Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria:

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz (2017rako lehentasuna). Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.

      Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

      (Ikus .PDF)

      Bigarrena. Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, ez da aurreikusten MA.05 Martutene eremuari dagokionez Donostiako HAPOn egitekoa den aldaketa puntualak eragin adierazgarririk izatea ingurumenean, eta, beraz, ez da ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri ematea Donostiako Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen eraginak sortzeari utziko dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, baldin eta MA.05 Martutene eremurako Donostiako HAPOren aldaketa puntuala onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 6a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik