Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko irailaren 28koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatzen eta berrikusten baita Cominter Tisú SL sozietateari emandako ingurumen-baimen integratua, papera fabrikatzeko jarduerarako, Hernaniko udal-mugartean (Gipuzkoa).

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 213
  • Hurrenkera-zk.: 5445
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/09/28
  • Argitaratze-data: 2018/11/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi Jarduerak; Ingurune naturala eta etxebizitza; Garraio eta herri lanak
  • Azpigaia: Industria; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko apirilaren 30eko ebazpenaren bidez, Celulosas de Hernani SAri Hernaniko udalerrian (Gipuzkoa) papera fabrikatzeko jarduerarako ingurumen-baimen integratua eman zitzaion.

2008ko ekainaren 6an, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Celulosas de Hernani SA sozietateak 2008ko apirilaren 30eko Ebazpen horren aurka.

2009ko urtarrilaren 21ean, Celulosas de Hernani SAk 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duen agindua eman zuen ingurumen-organoak. Agindu horretan, partzialki onartzen da gora jotzeko errekurtsoa, eta aldatu egiten dira ebazpenaren lehen eta bigarren apartatuak (B.1.1.2, C.1 eta C.3 azpiapartatuak), eta hirugarrena ere bai.

Ingurumeneko sailburuordearen 2013ko martxoaren 8ko Ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen Celulosas de Hernani SAri eman zitzaion ingurumen-baimen integratua, papera fabrikatzeko jarduerarako, Hernaniko udal-mugartean (Gipuzkoa).

Ingurumeneko sailburuordearen 2014ko irailaren 26ko Ebazpenaren bidez Cominter Tisú SL enpresari eskuordetu zitzaion Celulosas de Hernani SAri emandako ingurumen-baimen integratua, Hernaniko udal-mugartean (Gipuzkoa) papera fabrikatzeko jarduerarako.

2018ko otsailaren 7an, Cominter Tisú SLk tinta kentzeko jarduketa egiteari utzi ziola jakinarazi zuen, eta zuntz birjinarekin eta paper-makina batekin bakarrik diharduela adierazi.

2011ko uztailaren 29an, Estatuko Aldizkari Ofizialean eman zen argitara uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa.

2012ko urtarrilaren 23an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eman zen argitara abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituena.

2013ko urriaren 19an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, industriako igorpenen Erregelamendua onartzen duena eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.

2013ko abenduaren 11n, Ingurumen ebaluazioari buruzko Legea (abenduaren 9koa, 21/2013) argitaratu zen.

2014ko urtarrilaren 20ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen abenduaren 23ko 468/2013 Dekretua, zeinaren bidez aldi baterako eteten baita irailaren 25eko 183/2012 Dekretua Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzekoa eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoa.

2014ko abenduaren 18an onartu ziren Batzordearen 1357/2014 Erregelamendua (2008/98/EE Zuzentarauaren II. eranskina ordeztekoa) eta Batzordearen 2014/955/EB Zuzentaraua (Hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia aldatzekoa), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauarekin bat etorriz.

2015eko martxoan Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020rako Plana onartu zen.

2015eko martxoaren 13an, 180/2015 Errege Dekretua onartu zen, Estatuko lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena.

2015eko martxoaren 13an, 180/2015 Errege Dekretua onartu zen, Estatuko lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena.

2016ko abenduaren 31n, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

Aipatutako testu bateginaren 26. artikuluak zehazten ditu baimena berrikusteko baldintzak; horrela, instalazio baten jarduera nagusiari dagozkion teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak argitaratu eta lau urteko epean, organo eskudunak bermatuko du berrikusi direla eta, hala behar bada, egokitu direla instalazioa baimentzeko baldintza guztiak, eta instalazio horrek betetzen dituela TEO aplikagarrien erreferentzia-dokumentuei buruzko ondorioak.

2014ko irailaren 30ean, Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Isurketa Industrialei buruzko 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera (2014/687/EB Erabakia).

2018ko urtarrilaren 15ean, baimena berrikusi ahal izateko, ondorioetan deskribatutako teknika erabilgarri onenekin instalazioak izandako funtzionamenduaren konparatiba bidaltzeko eskatu zion ingurumen-organoak Cominter Tisú SLri, baita isuriei buruzko dokumentazioa ere.

2018ko otsailaren 7an, ingurumen-baimen integratua berrikusteko eskatu zitzaion dokumentazioa aurkeztu zuen Cominter Tisú SLk.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikoa zela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko otsailaren 22ko Ebazpenaren bidez erabaki zen jendaurrean jartzea Cominter Tisú SLren ingurumen-baimen integratuaren berrikusketa, 30 egun balioduneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2018ko martxoaren 5ean.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2018ko martxoaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zion URAri.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostena eskatu zien Ańarbeko Urei, Hernaniko Udalari eta Osasun Sailari 2018ko apirilaren 9an eta 26an.

2018ko maiatzaren 16an eta apirilaren 27an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta URAk txostena bidali zuten, hurrenez hurren, eta espedientean jaso da txosten horien emaitza.

2018ko irailaren 14an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Cominter Tisú SLren esku utzi zen espedientea.

1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluaren 4. eta 5. apartatuetan ezarritako irizpideen arabera, ezin daiteke jakinarazitako aldaketa kalifikatu «funtsezko aldaketa» gisa.

Proiektatutako aldaketak ez daude sartuta ez Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeko IB eranskinean ez Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eta II. eranskinetan. Horregatik, ez da hizpide ditugun aldaketen gaineko ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedurarik egingo.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta 2008ko apirilaren 30eko ebazpenaren bosgarren apartatutan ezarritakoarekin bat etorriz, egokia da ingurumen-baimena egokitzea, airearen kalitateari, saneamendu-sareko isuriei, hondakinak sortzeari eta lurzorua babesteari buruzko apartatuen idazkera eta zaratari buruzko baldintzak eguneratzeko, eta apartatu berri bat txertatu behar da ontziak merkaturatzeari buruz.

Baimen-aldaketaren jakinarazpenean emandako informazioa behar bestekoa izan da.

Ingurumen-baimen integratuaren berrikusketari dagokion jendaurreko informazioaren izapidea amaituta, ez da alegaziorik aurkeztu.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina), ingurumen-baimen integratua zein kasutan aldatu eta berrikusi behar den zehazten da, indarraldiari epe zehatzik ezarri gabe, eta beraz, baimenaren laugarren apartatua ezabatu eta bosgarrena aldatu behar dira.

Industriako igorpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak, besteak beste, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretua indargabetzen duela, eta beraz, 2008ko apirilaren 30eko Ebazpeneko bigarren zenbakiko G. azpiapartatua ezabatu behar da.

Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan xedatzen denez, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren legearen eraginpeko enpresek aukera dute jarduera aldi baterako eteteko; hori aintzat hartuta, berariazko apartatu bat erantsi behar da utzialdiak dirauen denboran ingurumen-baimen integratua betetzen dutela bermatzeko baldintzak ezartzearren.

Aipatutako abenduaren 23ko 468/2013 Dekretuak aldi baterako eteten du I. eranskinean jasotako prozedurak IKS-eeM tresnaren bitartez bakarrik izapidetzea. Prozedura horien artean, ingurumena zaintzeko programaren igorpena dago. Hori dela eta, 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bigarren apartatuko F azpiapartatua aldatu behar da.

Ebazpen hau emateko ingurumen-organo honek du eskumena, xedapen hauetan ezarritakoaren arabera: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babestekoa; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Honako xedapen hauek ikusi dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Lehenengoa. Berrikustea Cominter Tisú SLri emandako ingurumen-baimen integratua, eta orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenen gaineko ondorioen dokumentuari egokitzea baimenaren baldintzak.

Bigarrena. Aldatzea Cominter Tisú SLri Hernaniko udal-mugartean papera fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua, zeina 2008ko apirilaren 30eko Ebazpenaren bidez eman baitzen. Ondorioz, 2008ko apirilaren 30eko Ebazpen horren lehen, bigarren, bosgarren eta zazpigarren apartatuak aldatzen dira.

Lehenengoa. Helbide soziala Hernaniko (Gipuzkoa) udalerriko Florida kaleko 156. zenbakian eta B62110101 IFK duen Cominter Tisú SL enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, muselina papera zuntz birjinarekin fabrikatzeko Hernaniko udal-mugartean, eta ebazpen honen bigarren atalean zehaztutako baldintzak jarraituz.

Jarduera 6.1.b) kategorian sartuta dago: Papera eta kartoia fabrikatzeko industria-instalazioak, egunean 20 tona baino gehiago ekoizteko ahalmena dutenak, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskina.

Hernaniko (Gipuzkoa) fabrikan, Cominter Tisú SL enpresak norberaren higiene eta garbiketarako muselinazko produktuak eta industria-prozesutan erabiltzeko garbiketa-produktuak fabrikatzen ditu.

Cominter Tisú SL enpresaren jarduera nagusia orea eta papera fabrikatzea da.

Orea fabrikatzeko prozesuan zuntz % 100ean birjina erabiltzen da lehengai gisa, eta paper-makina elikatzen du oreak. Tinta kentzeko instalazioak daude. Hondakin-paperaren ebakinetatik orea fabrikatzeko jarduera etenda dago egun, eta paper-makinetako bat ere zerbitzuz kanpo dago, baina tinta kentzeko eta papera fabrikatzeko jarduketei berriz ere heltzeko aukera ez da baztertzen.

Hondakin-paperarekin orea fabrikatzeko jarduketari berriz helduz gero, ekin baino lehen jakinarazi beharko da, euri-urak isurtzeari loturiko baldintzak ezartzeko, hondakin-papera gordetzeak euri-urei eragiten badie.

Orea pardeletan ekartzen dute kamioiz enpresaren instalazioetara. Estalpean gorde ondoren, pulperrera bidaltzen dira urarekin nahastu eta desegiteko; nahasketa sortzen da horrela.

Ondoren, orea upel batean gordetzen da, eta arazgailu bertikaletik iragaten da, zikinkeria kentzeko (harri txikiak, hondar aleak, etab.). Gero, disko-finketara igarotzen da, eta oreak tratamendu mekanikoa jasotzen du. Bi upeletan gordetzen da, eta horietatik bidaltzen da paper-makinara muselina-papera ekoizteko.

Makina-prozesuan sortutako ur soberakina flotazio bidezko klarifikagailu batera bideratzen da. Bertan, orea fabrikatzeko prozesurako ere erabiltzen den ura garbitzen da.

Papera zertarako erabili nahi den kontuan hartuta, produktu kimiko diferenteak gehitzen zaizkio ezaugarri zehatzak emateko; hezetasunarekiko erresistentzia, leuntasuna, etab.

Paper-makina Crescent Former motakoa da; bertan sortzen da orria, eta bertan hasten da drainatze bidezko lehorketa ehunaren eta feltro sintetiko baten artean arrabola formagailuan. Ondoren, feltroaz lagundutako orriak prentsa xurgatzaile bat eta zilindro lehortzaile bat (yankee) ukitzen ditu, ura kentzeko presioaren, hutsaren eta beroaren bidez. Hala, orria lehorgailuari itsasten zaio eta zulo itxiko bigarren prentsara igarotzen da, ura kentzeko presioaren, hutsaren eta beroaren bidez. Ondoren, orria, lehorgailua ukitzen ari dela, lehortzeko kanpaian sartzen da; orria, urrunez elikatutako zilindro lehortzailearen (yankee) gainazalaren aurka jasaten duen beroa dela-eta, eta sortutako lurrunak kanpora ateratzen dituen xurgagailuak sortutako aire beroari esker, lehortu egiten da. Makinaren lehortze-kanpaiak behar duen aire beroko emaria erregailu batean gas naturalaren errekuntza bidez lortzen da.

Azkenik, orri lehorra biribilkagailuan jasotzen da (Pope), diametroa eta zabalera aldez aurretik finkatutako bobinatan. Bobinatako batzuk bobinagailura/tolesgailura igarotzen dira. Bertan, bi geruzako bobinatan eta/edo nahi erako formatuetan jasotzen dira.

Urteko ekoizpen-gaitasuna 30.000 tona ingurukoa da, baina egun urtean 21.000 tona inguru ekoizten dira.

Ekoizpen-prozesuan erabiltzen diren baliabideak energia elektrikoa eta gas naturala dira. Gas naturala prozesuko lurruna sortzeko erregai gisa erabiltzen da gas-galdaran, eta airea berotu eta papera kanpaian lehortzeko; energia elektrikoa, berriz, fabrikaren prozesu guztietan erabiltzen da.

2016. urtean, gas naturalaren eta energia elektrikoaren kontsumoa 39.439.000 kWh eta 17.541.508 kWh izan ziren, hurrenez hurren.

Bestalde, gizakiek erabiltzeko ura udal-saretik jasotzen dute, eta prozesuan erabiltzen den ura, aldiz, bi lurrazpiko harguneetatik (8. eta 9. putzuak), biak Hernaniko udalerrikoak (Gipuzkoa). 2016. urtean hartunetatik jasotako 151.132 mł ur kontsumitu zen.

Instalazioan sortutako hondakin-urak flotazio bidezko klarifikagailu batera bideratzen da. Solidoak malutatzeko eta kentzeko prozesua egiten da bertan, paleta bidez. Ur klarifikatu horien soberakina Ańarbeko uren mankomunitatearen biltodira isurtzen da.

Bestalde, zelaiko euri-uren zati bat Karapote errekara isurtzen diru, isurgune baten bitartez.

Era berean, instalazioak bi igorpen atmosferikoen foku ditu, FE01 1. galdarari eta FE03 MP2 erregailuari dagozkienak.

Instalazioan sortutako hondakin arriskutsu nagusien artean daude plastikozko ontzi hutsak eta/edo erabiltzen ez diren produktu kimikoak (iraganeko jarduketakoak), instalazioaren zerbitzu orokorretan sortuak. Bestalde, hondakin ez arriskutsuen artean daude plastikozko ontzi hutsak, txatarra, zura, kartoia, bilgarrietarako plastikoa eta paperezko eta kartoizko errefusa.

Halaber, Europako Batzordearen 2014ko irailaren 26ko Betearazpen Erabakia betetzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta antolaketakoak daude. Erabaki horren bidez, orea, papera eta kartoia ekoizteko teknologia erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dira, eta ondorio horietatik honako hauek aplikatu behar dira: TEO1, TEO2, TEO5, TEO6, TEO7, TEO8, TEO9, TEO10, TEO12, TEO17, TEO47, TEO50, TEO52, TEO53.

Horien artean, ur-kontsumoa murriztera bideratutakoak nabarmen daitezke; esaterako, prozesuko urak birziklatzea eta ura kudeatzeko sistema bat ezartzea zirkuitu-itxieren ondoriozko mugak kontuan hartuta, istripuzko isurien maiztasuna eta efektuak murriztera bideratutako neurriak aplikatzea, etab. Halaber, hondakin-uren isuriari loturiko inpaktua murriztearren, Cominter Tisú SLk lehen mailako tratamendu-sistema bat du, industria-urak isuri baino lehen hartzen dituena. Airera egindako igorpenak gutxitzeari bideratutako Teknika Erabilgarri Egokienei dagokienez, energetikoki eraginkorrak diren teknologiak erabiltzea eta galdara laguntzaileen errekuntza-baldintzak kontrolatzea bezalako lehen mailako neurriak azpimarratu behar dira.

Bigarrena. Honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea, Cominter Tisú SLk, Hernaniko udal-mugartean sustatzen duen papera fabrikatzeko jarduera ustiatzeko:

  1. Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik badago, Cominter Tisú SL enpresak aldaketa horien berri emango du.

  2. Neurri babesle eta zuzentzaileak, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira:

    Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

    1. Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

    1.1. Baldintza orokorrak.

    Cominter Tisú SLren instalazioaren ustiapenean bete beharreko baldintzak dira atmosferarako isuriek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako eskakizun teknikoak betetzea.

    Prozesuan zehar atmosferara igortzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

    Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango igorpen ez-zarratuak biltzea teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez denean, edota ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

    Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko isurtzerik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, instalazio horiek martxan ez dauden edo erabilgarri ez dauden aldien iraupena ahalik eta gehien murriztuko da.

    Instalazioaren titularrek bete beharko dituzte Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak 5. artikuluan jasotzen dituen betebeharrak.

    Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

    Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako ILE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

    1.2. Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

    Cominter Tisú SLren instalazioak foku itxi hauek ditu papera fabrikatzeko jarduerei lotuta. Fokuen zerrendan, foku aplikagarrietan, urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuko katalogazioa jarraitu da. Dekretu horrek atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen du eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen ditu.

    (Ikus .PDF)

    Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko batek bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondoko urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.

    1.3. Igorpenen muga-balioak.

    Igorpen atmosferikoek igortzeko muga-balio hauek ez gainditzeko moduan ustiatuko da instalazioa:

    (Ikus .PDF)

    Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa, eta gas lehorra.

    Igorpen-balioak betetzen diren ebaluatzeko, abenduaren 28ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluak ezartzen duena beteko da. Ikusten bada igorpenen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta haien epeen berri eman beharko zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen sailari.

    1.4. Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.

    Fokuetako hondakin-gasak kanporatzeko tximiniak ez dira egongo bigarren apartatuko B.1.2 azpiapartatuan ezarritako goreneko kotatik behera. Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.

    Igorpen lausoak minimizatzeko helburuarekin, ihesak antzemateko ekipoak erabiliko dira, ingurumenaren kudeaketa egokia egingo da, eta instalazioa modu egokian diseinatuko da

    2. Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

    2.1. Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.

    Isuria sortzen duen jarduera mota nagusia: Paperaren fabrikazioa.

    Jarduera-taldea: papera.

    (Ikus .PDF)

    Tinta kentzeko jarduketari berriz ekinez gero, eta jarduketa horrek euri-urak kutsatzen baditu, dagokion isuri-baimena eskatu beharko da.

    2.2. Gehienez isur daitezkeen emariak eta bolumenak:

    1. isuria: Industria-urak:

      (Ikus .PDF)

      Prozesuko ur industrialen emariak 2. isurgunean, tratamenduaren ondoren, urtean ez du gaindituko produktuaren 20 m3/t.

      2.3. Isurtzeko muga-balioak.

    1. isuria: Industria-urak:

      (Ikus .PDF)

      Ezingo dira diluzio-teknikak erabili igortzeko muga-balioak lortzeko.

      2.4. Arazteko eta husteko instalazioak.

      Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek jarduera hauek hartuko dituzte barne funtsean:

      Orea eta papera fabrikatzeko zirkuituetatik solidoak berreskuratu eta berrustiatzea, flotazio bidezko tratamendu fisiko-kimikoarekin eta loditze-prozesuekin.

      Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoak ez direla egiaztatuz gero, Cominter Tisú SL enpresak beharrezkoak diren aldaketak egin beharko ditu arazteko instalazioetan, isuriak baimendutako ezaugarrietara egokitzeko, administrazioari jakinarazi ondoren, eta, hala badagokio, baimena aldatzeko eskatuko du.

      Aurkeztutako agirien arabera, isuriak kontrolatzeko kutxatila bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzerako, eta isurien lagin esanguratsuak lortzeko beharrezkoak diren ezaugarri guztiak izango ditu kutxatila horrek. Administrazioak egoki deritzonean ikuskatzeko sarbide zuzena duen lekuan kokatuko dira kutxatilak.

      3. Lantegian sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

      Instalazioetan sortutako hondakin guztiak kudeatuko dira Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

      Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

      Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

      Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

      Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan deuseztatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horien ezaugarriak zehaztuko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

      Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa ezertan galarazi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

      Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hautsezko hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

      Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

      Hondakinak desagertu edo galduko balira galdu edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko zaio gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzari eta Hernaniko Udalari.

      Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, 180/2015 Errege Dekretua (Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duena) eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

      Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batetik lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

      Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta matxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute; arrazoitutako erabakia garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.

      Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarria bete beharko da.

      3.1. Hondakin arriskutsuak.

      Hauek dira sustatzaileak aitortutako hondakin arriskutsuak:

      (Ikus .PDF)

      Hiru/bost urtean behin sor daiteke. Sortuz gero, 1.000 kg inguru sortzen dira.

      1. Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, beste batzuk, oinarrizkoak direlako, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen definitzen dute. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko 2015-2020rako Ingurumeneko Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balioztapena kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.

      2. Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

      3. Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

      4. Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino gehiagoz biltegiratu.

      5. Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da, hondakina lehenengoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinak beste kudeatzaile batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzekotan. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

      6. Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Cominter Tisú SLk tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo haien baliokide diren agiri ofizialak erregistratu eta artxiboan gorde behar ditu, hiru urtez, gutxienez.

      7. Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

      8. Cominter Tisú SL enpresak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du bere enpresan erabilitako olioa.

      9. Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak besteak beste, lanpara fluoreszenteenak 110/2015 Errege Dekretuak, otsailaren 20koak, gailu elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzkoak, xedatuaren arabera kudeatuko dira. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbuetsita egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta Toki Erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki Erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

      10. Cominter Tisú SLk PCB eduki dezaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak (errege-dekretu haren bidez, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dira) eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

      11. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009/EE Erregelamenduak, ozono-geruza agortzen duten substantzien gainean eman zuenak, adierazten dituen substantziak erabiltzen baditu, Cominter Tisú SLk berreskuratu egingo ditu, aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez edo ingurumenaren ikuspegitik onargarri den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz; bestela, birziklatzeko edo birsortzeko erabiliko ditu aparatuak berrikusteko edo mantentzeko eragiketetan, edo desmuntatu edo deuseztatu aurretik.

      12. Cominter Tisú SL enpresak urtero adierazi beharko du Ingurumen Sailburuordetzan ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helburua eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

      1. Erregistro bat eramango da, eta bertan adieraziko dira kantitatea, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.

      2. Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zein hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea baita, Cominter Tisú SLk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Cominter Tisú SL hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

      1. Baldin eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Cominter Tisú SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

      2. Irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan (Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko dena) xedatutakoari jarraituz, e) eta f) letretan aipatutako dokumentuak kudeatzaileak EAEkoak direnean eta l) eta m) apartatuetan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabiliz.

      3. Amiantoa duten hondakinak daudela ikusiz gero, Cominter Tisú SLk bete beharko ditu Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

        3.2. Hondakin ez-arriskutsuak.

        Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak honako hauek dira:

        (Ikus .PDF)

      1. Bigarren ataleko B.3 azpiapartatuan bereiztearen eta hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoen inguruan xedatutakoari jarraituz, nahasketak izeneko hondakinak ezingo du baliotu daitekeen hondakin-frakziorik izan. Horri dagokionez, egungo egoeran Euskal Autonomia Erkidegoan baliotu daitezkeen hondakin-frakzioak hauek dira: papera eta kartoia, zura, plastikoak, metal ferrikoak eta metal ez-ferrikoak.

      2. Hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei dagokienez bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan xedatutakoaren arabera, hondakinak balorizatu egin beharko dira, eta balorizatzaile baimendun bati eraman beharko zaizkio horretarako. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa izatea horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Justifikazio tekniko hori baliagarria izan dadin, delako hondakina hartzeko baimena duten hiru kudeatzailek balorizatzeari uko egiten diotela frogatu beharko da.

      3. Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzailea), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati emango zaizkio.

      4. Baldin eta hondakin horiek deuseztatzeko badira, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.

      5. Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Cominter Tisú SLk tratamendu-kontratuak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.

      6. Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin ez-arriskutsua eraman aurretik jarraipen eta kontrolerako agiria bete beharra egongo da, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzekoa) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa.

      7. Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 25.2 artikuluaren arabera.

      8. Baldin eta Ontziei eta ontzien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada Cominter Tisú SL, bera izango da ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna, eta, beraz, hondakin hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati entregatu beharko dio.

      9. Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasoko dituena: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, kontrol-erregistro horren kopia bat eta ingurumena zaintzeko programa, urte egokikoa, bidali beharko dira Ingurumen Sailburuordetzara.

      10. Ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzeko Dekretuan (irailaren 25eko 183/2012) xedatutakoari jarraituz, atal honetako g), h) eta i) letretan aipatutako dokumentuak kudeatzaileak EAEkoak direnean eta g) letran aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM sistemako erakundeak bertsioa erabiliz.

        4. Ontziak merkaturatzea.

        Cominter Tisú SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

        Era berean, Cominter Tisú SL enpresak derrigorrez ezarri beharko du ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Cominter Tisú SL enpresak, bere produktuak merkaturatzeko industria- edo merkataritza-ontziak erabiltzen baditu, aipatu betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontzi eta ontzi-hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarrian arautakoari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio.

        Baldin eta Cominter Tisú SL enpresak, urte natural batean zehar, ontziratutako produktuak merkaturatzen baditu edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak merkaturatzen baditu kantitate hauetan baino handiagoetan:

        250 tona, beira bada bakarrik.

        50 tona, altzairua bada bakarrik.

        30 tona, aluminioa bada bakarrik.

        21 tona, plastikoa bada bakarrik.

        16 tona, zura soilik bada.

        14 tona, kartoia edo material konposatuak soil-soilik badira.

        350 tona, hainbat material badira eta, banaka, bakoitzak aurreko kopuruak gainditzen ez baditu.

        Prebentziorako enpresa-plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi agiriok.

        5. Lurzorua babesteko baldintzak.

        Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko aurkeztutako lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostenaren gomendioekin bat etorriz, Cominter Tisú SLk lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

        Halaber, 9/2005 Errege Dekretuan, urtarrilaren 14koan, 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan, eta abenduaren 16koan, xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:

        http://www.euskadi.eus/informazioa/lurzoru-kutsatuen-eta-lurpeko-uren-gaineko-arauzko-eskakizunak-aplikatzea-ingurumen-baimen-integratua-behar-duten-instalazioetan/web01-a2ingkut/eu/

        Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen diharduen den erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da.

        Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

        1. Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

          1. 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) letran ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

          2. Hondeaketa horretan hondeatutako materialek 500 mł gainditzen badituzte, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du; planak 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu behar du plan hori, betetzen hasi aurretik.

          3. Hondeatu beharrekoa 500 mł baino gutxiago bada, aldaketa-komunikazioak informazio hau eman beharko du: non dagoen kokatuta, zenbat induskatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.

          4. Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu aurretik.

          5. Oro har, ondorengo irizpide hauek beteko dira:

            Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan (hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena) ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da; eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.

            Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde akreditatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, urriaren 10eko 199/2006 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baita lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten.

            4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

            Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

        2. Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

          Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluaren 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e) zenbakiari jarraikiz betiere.

          6. Zaratari buruzko baldintzak.

          1. Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

            1. Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

            2. Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

            3. Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.

            (Ikus .PDF)

            1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak

              Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

              Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun-modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

          2. Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiagoko guneetako zarata-maila.

          3. Ingurumena zaintzeko programa.

            Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

            1. Igorpen atmosferikoak kontrolatzea.

            1.1. Kanpo-kontrolak.

          1. Cominter Tisú SLk igortzen dituen kutsatzaileak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:

            (Ikus .PDF)

            Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduaren bidez zehaztu ziren jarraibide teknikoak Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak garatzen dituzten instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretua garatzeko.

          2. Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak Administrazioaren II. mailako Ingurumen Lankidetzako Erakunde (ILE) batek egin beharko ditu, 212/2012 Dekretuan, urriaren 16koan, ezarritakoari jarraituz, eta aldizkako neurketa horiei buruzko txostenek Ingurumeneko sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan eskatzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, bereziki honako gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua eta banakako neurketa bakoitzaren iraupena, eta erreferentzia-metodoak hautatzeko irizpidea.

          3. Halaber, a) letran azaldutako igorpen-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, igorpen bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.

            1.2. Lortutako emaitzen erregistroa.

            Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz, betiere: 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua (100/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) eta 278/2011 Dekretuaren III. eranskina (278/2011 Dekretua, abenduaren 27koa, Atmosfera kutsa dezaketen jarduerak burutzen dituzten instalazioak arautzen dituena).

            Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.

            2. Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea:

          1. Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, honako analisi hauek egingo dira:

            (Ikus .PDF)

          2. Isurketen kontrolen emaitzak hauei bidaliko zaizkie:

            Ingurumen Sailburuordetzari, ebazpen honetako bigarren apartatuko C.6 azpiapartatuan ezarritako epeak eta baldintzak betez.

          3. Laginketak, kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

          4. Isurketak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, baldin eta puntu honetako a) apartatuan ezarritako kontrol-parametro guztiek betetzen badituzte ebazpen honen bigarren apartatuko B.2.3 azpiapartatuan ezarritako mugak.

            3. Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

            Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumen-zaintzako programarekin batera aurkeztuko du.

            (Ikus .PDF)

            4. Zarataren kontrola.

          1. Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urterik behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo.

          2. Neurketa bidezko ebaluazio guztiak II. mailako administrazioko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ingurumen organoak ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du.

          3. Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan ezarritakora egokituko dira.

C.5. Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik egin beharko da hari dagokion jakinarazpena, eta ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egin ere. Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.

C.6. Ingurumena Zaintzeko Programaren Agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina prestatu beharko du, eta bertan bildu beharko ditu aurkeztutako dokumentazioan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak. Honako hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

  1. Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

    1. Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

    Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

    Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, bigarren apartatuko B.3 azpiapartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

    2. Jarduera uztea.

    Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa (21.1 epigrafea, paper-orea, papera eta kartoia fabrikatzea), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Cominter Tisú SLk jarduera uzte horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hilabeteko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea noiz hasiko den beranduenez, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 31.3 artikuluan xedatzen duenari jarraikiz.

    Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Cominter Tisú SLk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen bigarren apartatuaren B.3 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

    3. Jarduera aldi baterako etetea.

    Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Cominter Tisú SLk, aldi baterako etetearen eskabidearekin batera, dokumentu bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuan ezarritako kontrolak eta eskakizunak nola beteko dituen adierazteko.

    Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.

    4. Ezohiko jardunean aplikatzeko neurriak eta jarduketak.

    Aurkeztutako agirietan proposatzen diren ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentzio-neurriak eta funtzionamendu-baldintzak ezertan eragotzi gabe, letra hauetan aipatzen diren baldintzak bete beharko dira:

  1. Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

    Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jarioak edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko biltodi-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

    Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, tangen barnealdearen ikuskapen bisualak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

    Era berean, atmosfera eta ura kutsatzea prebenitzeko eta kutsatutakoa zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

    Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira ibai-ibilgura hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo hondakindegi baimendu batera eramateko. Hala dagokienean, hondoan hustubiderik ez duten andel iragazgaitzetan biltegiratuko dira. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

    Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lineara bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

    Hondakin-ura ezingo da «by pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

    Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «by pass» bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «By pass» horretatik ustekabeko isuri bat sortuko balitz, segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko luke titularrak, Ingurumen Sailburuordetzara 48 orduko epean bidali behar duen txostenaren bidez (apartatu honetako i letran adierazitakoaren arabera).

  2. Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.

  3. Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

  4. Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur-zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

  5. Hautsezko produktuak biltegiratzeko zulo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabiloi estali eta itxiak izan beharko dira.

  6. Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.

  7. Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratzeko instalazio horiek produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

  8. Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko ontziak; kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipamendu egokiak.

  9. Gorabeheraren bat gertatuz gero agintariei jakinaraztea.

    Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen jazoera edo anomalia baten aurrean, sustatzaileak jazoera edo anomalia horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, gertatu dena zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere. Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

    Gorabehera mota.

    Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

    Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

    Sortutako ondorioak.

    Epe laburrera aurreikusitako jarduketak, halakorik balego.

    Gorabehera edo arazo larriren bat edo ustekabeko isurketaren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Hernaniko Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

    Gorabehera mota.

    Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

    Gorabeheraren iraupena.

    Ustekabeko isurketa izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barne hartuta.

    Mugak gaindituz gero, igorpenei buruzko datuak.

    Eragindako kalteen balioespena.

    Hartutako neurri zuzentzaileak.

    Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

    Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

    Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

  10. Aurreko letran ezarritakoari kalterik egin gabe, gerta daitezkeen gorabeherak edo arazoak saiheste aldera, jardueraren titularrak berehala jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioko edozein etenaldi programatu, etengabeko prozesu bati badagokio, baita aurreikusitako mantentze prebentiboak ere, betiere ahalik eta aurrerapen handienarekin.

  11. Larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

  1. Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren periodikotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta Ingurumena Zaintzeko Programa jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

  2. Urtean behin, martxoaren 31 baino lehenago, Cominter Tisú SL enpresak, aurreko urtean atmosferara eta uretara isuritako emisioei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Emisio eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin eta Ingurumena Zaintzeko Programarekin bat etorriz.

    Informazio hori IKS-eeM sistemaren erakunde-bertsioaren bidez emango da (www.eper-euskadi.net webgunean dago eskueran), hau da, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistemaren bidez.

    Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumenean eragina duten jardueren erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, datuak Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko, E-PRTR-Europa erregistrora, alegia.

    Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoan (abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa) ezarritakoa betetzen dela.

  3. Instalazioetan aldaketarik egin ahal izateko, aldez aurretik helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko dute:

    http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

    Erakunde honen onespena ere beharko da, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

    16/2002 Legeak, uztailaren 1ekoak, Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzkoak garatzen duen 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.1 artikuluan ezartzen ditu aldaketa bat funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

    Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuak, urriaren 18koak, 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

    Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

    Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua Ez Kutsatzeko eta Kutsatutakoa Garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.»

    «Bosgarrena. Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:

  1. Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako igorpenen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

  2. Igorpenak nabarmen murritz badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

  3. Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

  4. Arroko erakundeak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.

  5. Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

  6. Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

  7. Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitzeko beharra ikusten bada; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

  8. Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak akastunak direla egiaztatzen bada.

  9. Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

    Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan».

    Zazpigarrena. Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

    Cominter Tisú SL enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

    Hirugarrena. Alderdi hauei sei hilabeteko epean erantzuteko eskatzea Cominter Tisú SL enpresari:

    Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

    Lurzorua babesteari dagokionez, lurzoruen dokumentu bakar bat aurkeztu beharko da, ikerketa-lanak eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzeko lanak egin ditzakeen erakunde egiaztatu batek egina. Dokumentu horretan, hauek jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta lurzoruen eta lurpeko uren kontrol eta jarraipeneko dokumentuak. Horiek guztiak eskatzen dira «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» izeneko zirkularrean, zeina bigarren apartatuan aipatzen baita: B.5. Lurzorua babesteko baldintzak. Dokumentuari «058» kodea esleituko zaio, eta 6 hilabeteko epean entregatu beharko dute baimena jasotzen denetik hasita.

    Laugarrena. Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

    Bosgarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Cominter Tisú SL enpresari, Hernaniko Udalari, ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

    Seigarrena. Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu jaunaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.

    Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 28a.

    Ingurumeneko sailburuordea,

    MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.