Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko irailaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Zallako Aretxaga auzoko Enkarterriko suhiltzaile-etxearen sistema orokorren plan bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 204
  • Hurrenkera-zk.: 5181
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/09/27
  • Argitaratze-data: 2018/10/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2018ko apirilaren 3an, Zallako Aretxaga auzoko Enkarterriko suhiltzaile-etxearen sistema orokorren plan bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera bete zuen Zallako Udalak. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait administrazio publikori eta interesduni, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia, Kulturako Zuzendaritza Nagusia, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Zuzendaritza Nagusia, Nekazaritzako Zuzendaritza Nagusia; Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa (URAren bitartez); Otsoaren Taldea elkarte ekologista; Eguzkizaleak konpartsa, eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkartea. Era berean, Zallako Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauen txostenak jaso dira: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza eta Kultura Ondarearen Zuzendaritza; Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Zuzendaritza Nagusia eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia; URA, Uraren Euskal Agentzia, eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, espedientean jasota dagoen emaitzarekin.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa edo proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumen-efektuen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Zallako Aretxaga auzoko Enkarterriko suhiltzaile-etxearen sistema orokorren plan berezia abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da; hor ezartzen da zer plan eta programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumenean ondorio esanguratsurik ez duela ingurumen-txosten estrategikoaren arabera edo ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin behar dela, ingurumenean ondorio esanguratsua izan dezakeelako. 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Aztertuta geratu dira Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Zallako Aretxaga auzoko Enkarterriko suhiltzaile-etxearen sistema orokorren plan bereziari (aurrerantzean, Plan Berezia) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea, Zallako Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Plan Bereziaren helburua da udalaz gaindiko ekipamendu kolektibo publikoaren sistema orokortzat hartzea (Foru Aldundiko suhiltzaile-etxea) ezaugarri desberdinetako lurzoruek osatzen duten eremua orain lurzoru urbanizagarri eta lurzoru urbanizaezin gisa kalifikatuta daude.

    Sistema Orokorraren antolamendu berria finkatzen du, eta, ondorioz, egitura eta eremuaren eraikigarritasun fisikoa aldatzen ditu, baina urbanistikoa ez dena (ez da zehaztu irabazizko eraikigarritasuna).

    Esparruaren guztizko azalera 7440,76 metro koadrokoa da.

    Proposatzen diren jarduketak suhiltzaile-etxe bat eraikitzearekin lotuta daude. Lurzatian sartzeko, orain dagoen bide bat erabiliko da, beraz, ez da sarbide berririk egin behar.

    Plan Bereziaren eremua Aretxaga auzoan kokatzen da, Cadaguako igarobidetik gertu, industrialde baten eta merkataritza-zona baten ondoan. Eremuaren barruan interes komunitarioko 6510 habitata aurki daiteke, Altitude baxuko sega-belardi pobreak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis). Landare eta animaliei dagokienez, ez dago natura-intereseko beste elementurik.

    Eremua bat dator EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintzako eremu gisa kategorizatutako lurzoruekin.

    Gerta litezkeen inpaktu nagusiak eraikin berria egitearen ondoriozkoak dira, batez ere: belar-sastrakak kentzea, zarata, hautsa eta partikulak isurtzea, lur-mugimenduak, hondakinak sortzea eta balio estrategiko handiko lurzoruei kalte egitea.

  2. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Plan Bereziak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen beste proiektu batzuetarako markoa: aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Plan Bereziak ez du biltzen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik beharko luketen proiektuak garatzeko zehaztapenik.

      2. Planak zer neurritan eragin dezakeen beste plan eta programa batzuetan: Plan Bereziaren eremua Balmaseda-Zalla funtzio-arloan dago kokatuta. Ez da hauteman bateraezintasunik funtzio-arlo horretarako onartutako plangintzarekin. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialari dagokionez, balio estrategiko handiko nekazaritza eta abeltzaintzako kategorian dago eremua, beraz, dagozkion zehaztapenak hartu beharko dira kontuan proiektatutako jarduketetan.

      3. Planaren egokitasuna ingurumenari dagokionez kontuan hartu beharrekoak txertatzeko, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: suteak itzaltzeko zerbitzua ezartzeko kokapen hori, besteak beste, Balmaseda eta Gueñes udalerriekiko gertutasuna eta zentraltasuna kontuan hartuta aukeratu da, hala, zerbitzua emateko ahalik eta herritar gehieni eta ahalik eta denbora gutxienean. Horrez gain, bilatu den kokapenak sarbide erraza du, industrialde baten ondoan dago eta gertu ditu ur, argi eta saneamendu-zerbitzuak.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Ebazpen honetako aurreko apartatuetan aipatu denez, inpaktu nagusiak eraikuntza- eta urbanizazio-lanen fasearen ondorioz gerta litezke: lurzorua eraldatzea, belar-sastrakak kentzea eta interes komunitarioko 6510 habitatari kalte egitea, Altitude baxuko sega-belardi pobreak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis); balio estrategiko handiko lurzoruei kalte egitea, zarata, hautsa eta partikulak isurtzea, lur-mugimenduak eta hondakinak sortzea.

        Jarduketa-eremua BI-636 foru-errepidearen zortasun akustikoko eremuaren barruan dago, nahiz eta aurkeztutako soinuaren eraginaren inguruko azterketaren arabera, ez diren gaindituko soinu-kalitatearen helburuak.

        Ez da hauteman Plan Berezia gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako jarduketa eta jarduerak.

      5. Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria Europakoa nahiz Espainiakoa txertatzeko. Ingurumen-dokumentu estrategikoak adierazten du, besteak beste, aukera dagoela energia berriztagarrien instalazioak izateko eraikin berrietan, hala, garapen berrietarako autosufizientzia energetikoa lortzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

      Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriei dagokienez, eta Plan Bereziaren zehaztapenak eta Ebazpen honetako aurreko ataletan deskribatutakoa kontuan izanik, ez da aurreikusten ingurumen ondorio adierazgarririk izango denik Plana gauzatzearen ondorioz, Zallako Udalak igorritako ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan jasotako zehaztapenak jarraitzen badira.

    3. Beraz, neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak egiten duen ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den edozertan, Zallako Udalak espediente honen ingurumen-izapideak egiteko igorritako dokumentazioarekin bat etorriz. Ebazpen honetako xede den Plan Bereziaren zehaztapenak garatzeko instrumentuetan etorkizunean garatzen diren neurriak gorabehera, egokitzat jotzen dira Planaren ebaluaziorako aurkeztutako ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotako neurriak. Neurri horiez gain, honako hauek gehitu beharko dira:

      Plan Berezia behin betiko onartu aurretik, nekazaritzaren arloko foru-organo eskudunari eskatu beharko zaio txosten bat egin dezan, proposatu diren jarduketek Nekazaritzako eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean balio estrategiko handiko lurzoru gisa kategorizatutako lurzoruetan izan ditzaketen ondorioak baloratzeko.

      Egitura horiei kalte zuzenik eragingo ez diela aurreikusten ez den arren, gomendatzen da Plan Bereziak neurriak izan ditzan Cadagua ibaiko sistema eta lurraldeko iragazkortasuna hobetzeko, eta, hala, ondo lotzeko orain dagoen itsasertzeko landareen zatia eta Cadagua ibaiaren ertzetako haltzadi-lizardiarekin eta ur-ibilguan gora dagoen landarediarekin.

      Gomendatzen da eraikin berrian egingo diren logela eta egongelak zarataren immisio-maila txikiena duten aldeetan kokatzea (hau da, mendebaldean eta iparraldean), eta ahalik eta gehien isolatzea, langileek atseden ondo hartzen dutela bermatzeko.

      Jarduketak (eraikinak, ibilgailu-sarbide berriak, hirigintza-elementuak...) diseinatzeko neurriak aztertu beharko dira, ingurunean paisaia-aldaketa handirik ez eragiteko eta paisaia indartzea lortzeko.

      Azkenean onartzen den Plan Bereziak edo, hala badagokio, ondoren onartzen diren proiektuek eremuan gauzatu beharreko jarduketetan zehar ingurumen-jardunbide egokiak aplikatzen direla bermatu beharko du. Hainbat alderdi hartu beharko dira kontuan; besteak beste, gehienez zenbateko azaleran jardun behar den, babestu beharreko landaredia, ubideak alferrikako jarduera guztietatik zaintzeko eta isuriak eragozteko beharra, ahalik eta hauts eta zarata gutxien egitea eta hondakinak kudeatzea. Lanak garbi egingo dira, eta garbiketa zorrotza egingo da amaitu eta gero. Gainera, kutsadura kontrolatzeko sistemak edukiko dituzte, makinen olioak edo erregaiak nahi gabe ez isurtzeko, eta hondakinen behar bezalako kudeaketa egingo da indarrean dagoen legeriari jarraikiz.

      Eraikina jasangarriagoa izatea ahalbidetzeko helburuarekin, Plan Bereziaren bidez, argiaren inpaktua gutxitu eta energiaren efizientzia sustatuko duten hainbat neurri txertatuko dira, baita ura, argindarra eta gasa bezalako baliabideak eraginkortasun maximoz erabiltzeko neurriak ere.

      Bigarrena. Zallako Aretxaga auzoko Enkarterriko suhiltzaile-etxearen sistema orokorren plan bereziak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, eta, horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egingo.

      Hirugarrena. Zallako Udalari jakinaraztea Ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Bosgarrena. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galdu eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Zallako Aretxaga auzoko Enkarterriko suhiltzaile-etxearen sistema orokorren plan berezia onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 27a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik