Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko ekainaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena; honen bidez, Vitoria-Gasteizko HAPOaren aldaketa puntualaren ingurumen-txostena ematen da, Dato 11 eta Cadena y Eleta 2 lurzatietarako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 118
  • Hurrenkera-zk.: 3183
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/06/05
  • Argitaratze-data: 2018/06/20

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2017ko abenduaren 27an, Vitoria-Gasteizko Udalak Gasteizko HAPOaren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari, Dato 11 eta Cadena y Eleta 2 lurzatien kalifikazio aldatzeko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legean (abenduaren 9ko 21/2013) xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukiarekin. Gainera, ingurumen-dokumentuan, agiri hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuz, 2018kootsailaren 12an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), eta Arabako Ekologistak Martxan elkarteari.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egin zitzan.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta txostenak jaso dira (biak ala biak Eusko Jaurlaritzakoak).

Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean efektu garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; era horretan, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorraren (otsailaren 27ko 3/1998) 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintzako lehen faseetan, eta alternatiba egokienak aukeratzeko, ingurumenean izango diren eraginen analisia sartzen dela, jarduera desberdinen eragin metagarri eta sinergikoak kontuan hartuko direlarik.

Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago arautua, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Plan Bereziaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eskumena duen organoa baita, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena), ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusi dira: 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko lege orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, hirugarren xedapen iragankorra; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako Dato 11 eta Cadena y Eleta 2 eremuetarako Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduerak.

    Ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotakoaren arabera, Planak helburu hauek ditu:

    Baimendutako erabileraren eskaintzaren muga gainditzea.

    Egun dauden eraikin eta hiri-bilbeak birgaitzea.

    Lurzorua eraginkortasunez okupatzea.

    Zuzkidura mailei eustea.

    Helburu horiek lortzeko, Planak Vitoria-Gasteizko hiri-lurzoruko bi lurzatiren erabilera aldatzea proposatzen du, aurreikusten baita egungo erabilera gauzatzea ez dela posible izango. Honako hauek dira:

    1. Dato 11 (udal-bulegoen egoitza zaharra): proposamenaren eragin bakarra eraikinaren kalifikazio xehatua aldatzea da; administrazio-ekipamendua izatetik OR-2 bizileku-erabilera kolektibora pasatuz.

    2. Cadena y Eleta apezpikua 2 (Goya gasolindegi zaharra): kalifikazio xehatua aldatzea proposatzen da, egungo hiri-zerbitzu handi izatetik ekipamendu generikoa izatera pasa dadin.

      Planean jasotakoaren arabera, Dato kaleko administrazio-ekipamenduaren deuseztapena orekatu egingo da Cadena y Eleta apezpikuaren kaleko lurzatiaren kalifikazioarekin.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak proiektuetarako eta bestelako jardueretarako markoa ezartzen duen neurria: proposatutako planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer neurritan eragiten duen beste plan eta programetan: ingurumen-ikuspegitik, aldaketak ez du aintzat hartzeko moduko eraginik beste plan edo programetan.

      3. Planaren egokitasuna ingurumeneko irizpenak integratzeko, batik bat garapen jasangarria sustatzeko xedearekin: planaren xedea da, besteak beste, lurzorua eraginkortasunez okupatzea egun existitzen diren eraikinak eta hiri-bilbeak birgaituz; ondorioz, garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpenen arabera, egokia dela jotzen da.

      4. Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak. Beste hainbat gairen artean, hauek izan beharko dira kontuan:

        Cadena y Eleta apezpikuaren kaleko 2. zenbakian kokaturiko eraikinari dagokionez (Goya gasolindegi zaharra), Kultura Ondarearen Zuzendaritzak adierazi du eraikinak monumentuaren izendapena duela, eta Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean dagoela, Kulturako sailburuaren 1994ko azaroaren 22ko Aginduaren bidez (1995-01-27ko EHAA). Euskal Autonomia Erkidegoko zerrendatutako monumentu-izaera eta Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legean ezarritako lege-xedapenak betetzeko beharra jasota geratu behar dira Planaren dokumentazioan. Era berean, Dato kaleko 11. zenbakiko eraikinari dagokionez, arkitekturako gidetan ezaguna den eraikin bat denez, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak gomendatzen du, edozein esku-hartzeren aurretik, dokumentazio-lan bat egitea, aldaketaren ondoriozko jarduketetan egungo eraikinaren zer elementu gorde behar diren zehazteko.

        Cadena y Eleta apezpikuaren kaleko lurzatian, kontuan hartu behar da identifikatutako lurzatiak daudela (kodeak: 01059-01306) lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioari buruzko Dekretuan (irailaren 30eko 165/2008) eta Dekretua eguneratzeko zirriborroan identifikatuta daudenak. Horregatik, esku hartu aurretik, lurzoruaren kalitatearen ikerketa bat egiteko eskatu beharko da. Planean adierazten da lurzoruen erabilera aldatu egingo dela leku horietan; horregatik, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikulutik 31. artikulura bitartekoen arabera, lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedurari hasiera eman beharko zaio. Horretarako, miaketazko ikerketari dagokion txostena eta, hala badagokio, ikerketa xehatua igorri beharko da ingurumen-organora; erakunde egiaztatu batek egin beharko du txosten hori, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egin behar dituzten ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

    2. Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten Planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta ondorengo atalean ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.

    3. Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, Ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoaren arabera. Honako hauek dira hartu beharreko neurri nagusiak:

      Proiektua gauzatzerako orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

      Hondakin-kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, aurrea hartzea sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu behar dira, hau da: aurrea hartu, berrerabiltzeko prestatu, birziklatu eta beste modu batzuetan balorizatu, balorizazio energetikoa barne hartuta. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: ezinezkoa bada horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik. Beti egiaztatu beharko da hori horrela dela. Obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

      Obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legean (uztailaren 28ko 22/2011) eta aplikatzeko berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko Dekretuan (uztailaren 26ko 112/2012) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen Errege Dekretuan (ekainaren 2ko 679/2006) eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa Arautzen duen Dekretuan (irailaren 29ko 259/1988) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen Errege Dekretuaren (urriaren 19ko 1367/2007) 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Fauna eta landaredia babestea: landarediarekin zerikusia duten neurriei dagokienez, obrak amaitu eta gero, zolatu gabeko eremuak eta obrek kaltetutakoak landareztatuko dira. Landareztatu behar den inguruneko berezko landarediaren espezie autoktonoekin egingo da landareztatzea. Halaber, eremua lorategiz hornitzeko, lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburuko gomendioak hartuko dira kontuan. Beharrezko landareztatzeak gorabehera, neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk deskribatzen dira landarediaren gaineko eragina minimizatzeko; esaterako, honako hauek:

      Obrak hasi baino lehen eta horien zuinketak dirauen artean, ibilbide sakon bat egingo da erasandako azaleran honako hauek detektatu eta markatzeko, baldin eta halakorik balego: aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten zuhaitzak eta, behar bezala babestuz gero, kontserba daitezkeenak edo, behar izanez gero, birlandatu daitezkeenak.

      Ahal dela baliabide mekanikoak erabiliz kenduko dira sastrakak, herbiziden erabilera minimizatuz.

      Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria: IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.

      Bigarrena. Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten Dato 11 eta Cadena y Eleta 2 eremuei dagokionez Vitoria-Gasteizko HAPOan egitekoa den aldaketa puntualak eragin adierazgarririk izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.

      Hirugarrena. Ebazpen honen edukia jakinaraztea Vitoria-Gasteizko Udalari.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013) 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Dato 11 eta Cadena y Eleta 2 lurzatietako Vitoria-Gasteizko HAPOaren Aldaketa Puntuala onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

      Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 5a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik