Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2018ko apirilaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, Derioko Manduliz sektorearen plan partzialaren aldaketari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 77
  • Hurrenkera-zk.: 2167
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2018/04/09
  • Argitaratze-data: 2018/04/23

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2017ko urriaren 10ean, Derioko Udalak eskabide bat aurkeztu zuen Mantuliz sektorearen plan partzialaren (aurrerantzean, Plana) aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazioa estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa; azken horrek Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zuen. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko abenduaren 19an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki ikusten zituzten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari biak Eusko Jaurlaritzarenak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Derioko Udalari izapidea hasiko zela jakinarazi zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren web-orrian, interesdun orok egoki ikusten zituen ingurumen arloko oharrak egin zitzan.

Behin ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzaren txostenak jaso dira, eta espedientean bertan islatu da haien emaitza.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu izanik.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Derioko Mantuliz sektoreko Plan Partzialaren Aldaketa ez dago Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean (ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua ezartzen duena), ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei, ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere, tokiaren kudeaketarekin loturarik eduki gabe.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluan honako hau zehazten da, besteak beste: planak eta programak, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren eremuan egon ez baina proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen dutenak izanik, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29. artikulutik 32.era bitartean arautzen baita; guztia ere, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Aztertuta geratu dira Derioko Mantuliz sektoreko Plan Partzialaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

Lehenengoa. Derioko Mantuliz sektoreko Plan Partzialaren Aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Derioko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa, hirigintzakoa eta merkataritzakoa hobetzeko irizpideei helduta gaur egungo antolamendua arrazionalizatu beharrak ekarri du plana aldatzea.

    Merkataritza-ekipamendu berezi bat sortzea, erakarpen-elementua izango dena.

    Sektorearen antolamendua aurkitutako zailtasun geoteknikoetara egokitzea, bizitegi-lurzatiak kenduz.

    Eraikigarritasunaren berbanaketa gauzatua izateko egokienak diren eremuen artean. Horrek etxebizitzen kopuru garbia handitzea dakar, Derioko Plangintzako Arau Subsidiarioetan aurreikusitako kopuruarekin alderatuta, eta etxebizitza guztietatik familia askorentzakoak (kolektiboak, eta neurri txikiago batean, atxikitakoak) diren etxebizitzen kopurua handituko da gehien, familia bakarrekoen kaltean.

    Ingurumen-eragin esanguratsuak sor ditzaketen planaren ondoriozko jarduerak gehienbat bideratuta daude erakarpen-elementu bat izatea nahi den merkataritza-ekipamendu berezi bat sortzera. Hori dela eta, litekeena da mugikortasunaren areagotzeari lotutako eragin hauek handitzea: negutegi-gasen isurketak, kutsatzaile atmosferikoak eta zarata-mailak. Inpaktu horietako batzuk zuzentze aldera, bide-sarean hobekuntza batzuk egitea proposatzen da, merkataritza- eta bizitegi-garapen berriaren bide-arintasuna eta -segurtasuna bermatzeko. Zenbait proposamen egin dira eremua Bilboko metropoli-barrutiko garraio-sarearekin lotzeko. Litekeena da, beraz, Derioko Mantuliz sektorearen Azpiegituren Konexiorako Plan Bereziaren berrikuspen bat behar izatea. Plan hari martxoaren 16ko 476/2005 Foru Aginduak behin betiko onarpena eman zion (2005eko apirilaren 19ko BAO, 73. zk.).

    Bestalde, bere garaian sektorea urbanizatzeko proiektuaren barruan egindako lur-mugimenduek, oraindik bukatu gabe dauden horiek, grabitazio- eta higadura-prozesuak eragin dituzte, eta horrek ezpondak behar bezala egonkortzea eskatuko du, bai haien leheneratzea eta eraginpeko eremuan integratzea ere.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira planari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak: bereziki arlo hauek hartuko dira kontuan:

      1. Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Planak zer eragin duen beste plan edo programa batzuetan: Plana bateragarria da eremuko lurralde-plan partzialekin eta sektorialekin (LPP eta LPS), zehazki, Bilboko Area Funtzionalaren LPParekin, ibaiertzak eta errekaertzak antolatzeko LPSarekin eta jarduera ekonomikoetarako eta merkataritza-ekipamenduetarako lurzoruaren sorkuntza publikoaren LPSarekin. Derioko Mantuliz sektoreko Azpiegituren Konexiorako Plan Berezia berrikusi behar da, eta, behar izanez gero, antolamendu-proposamen berrira egokitu beharko da.

      3. Plana egokia den edo ez, bereziki garapen jasangarria sustatzeko egindako ingurumen-oharpenak integratzeko. Planak eremuaren antolamendua aldatzen du bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa, hirigintzakoa eta merkataritzakoa hobetzeko irizpideei helduta, sektorearen garapena ahalbidetzeko, indarreko arau subsidiarioetan ezarritako parametroei eta egiturazko elementuei eutsiz.

      4. Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Ez da aurkitu Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo esanguratsurik, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari eta kutsadura akustikoari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.

      5. Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legeria -Europakoa nahiz Espainiakoa- txertatzeko.

    2. Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriak:

      Eraginen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriei dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da aurkitu ez naturagune adierazgarririk, ez alda daitekeen eremu ingurumen-baliodunik edo -kalteberarik, eta ez du Planaren aplikazioagatik larriagotu litekeen ingurumen-arriskurik.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ingurumen Txosten Estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Obren faserako kontuan hartuko dira, orobat, eta aplikatu ere aplikatuko dira Manduliz sektorea urbanizatzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenean jasotako neurriak (adierazpen hura Ingurumeneko sailburuordearen 2006ko otsailaren 10eko Ebazpenaren bidez eman zen). Hauek dira neurri horiek, besteak beste:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.

      Fauna eta landare-multzo autoktonoentzako habitatak babestea.

      Jarduera-eremua balizatuko da eta ez zaie inola ere eragingo ipar-ekialdeko eta hego-mendebaldeko baso-formazioei. Gainera, markatu eta babestuko dira aurreikusitako jardueren eraginik jasoko ez duten eremuko zuhaitz-orpoak.

      Eremu berdeak lorategi bihurtzeko, bereziki zainduko da inbasio-prozesua eragin lezaketen espezie aloktono apaingarriak ez sartzea. Lorategi eta eremu berde jasangarriak diseinatzeko gidaliburua hartuko da aintzat.

      Eragotzi behar da eremuan dagoen flora exotiko inbaditzailea gehiago hedatzea. Horretarako, neurri zehatzak hartu beharko dira, lehenengo, dauden aleak erauzteko, eta bigarren, gehiago ez zabaltzeko. Esaterako, dokumentu hauetan ezarritako gomendioak hartuko dira kontuan: EAEko flora aloktono inbaditzailearen diagnosia, Bizkaiko flora aloktono inbaditzailea.

      Kultura Ondarea babestea:

      Baldin eta, lur-mugimenduak egitean, material arkeologikoak edo aztarnategi ezezagunak atzematen badira, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 48. artikuluan xedatutakoaren arabera jardungo da.

      Lurren eta soberakinen kudeaketa:

      Ingurumen-dokumentuan esaten den bezala, landare-lurren geruza kenduko da aldatuko diren guneetan.

      Baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Azaleko uren babesa:

      Lurrak mugitzearen ondorioz sortzen diren solido esekiak saihesteko, eta eraikuntza-hondakinen edo olio-hondarren isurketa posibleak saihesteko, aldi baterako dekantazio-putzuak eta sedimentuei eusteko barrerak ezarriko dira, zeinetatik jariatze-ura ibiliko baita, eta plataforma iragazgaitzak ezarriko dira dekantazio-putzuei eta koipea kentzeko tangei lotutako tresnak garbitzeko.

      Ibilgailuen gurpilak garbitzeko eremu bat ezarriko da. Garbiketa honetako ura dekantazio-putzu batera bideratuko da.

      makinen mantentze-lanetarako eremuak hidraulikoki isolatuko dira eta efluenteak jasotzeko sistema bat edukiko du.

      Ahalik eta gehien murriztuko da ibilgailuen joan-etorria eremuan dauden errekastoen jabari publiko hidraulikoan, eta dituen babes-zerrendak errespetatuko dira. Ustiaketa-fasean, lur-landaretzaren gerrikoak izan beharko ditu. Beraz, ibaiertzetako landaretzarik ez dagoen lekuetan, landatu egin beharko da. Nolanahi ere, jabari publiko hidraulikoaren gaineko edozein jarduerak arroako erakundearen baimena beharko du (Uraren Euskal Agentziarena).

      Induskatutako lurzoruen kontrola:

      Derioko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.

      Paisaia leheneratzea eta higadura-prozesuak kontrolatzea:

      Egindako lur-erauzketak eta lur-mugimenduak egonkortu eta behar bezala leheneratu beharko dira. Horretarako, leheneratze-plan berezi bat ezarriko da non sartuko baita espazio horiek berlandareztatzea inguruko balizko landaretzako bertako landaretza-espeziekin. Zehazki, ipar-ekialdeko eta ekialdeko inguruetako ezpondetan, eremuan dauden hostozabalen basoetako espezieak erabiliko dira.

      Hondakinak sortzea eta kudeatzea:

      Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan (eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena) xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren (Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa) 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte.

      Olio erabiliak Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

      Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Mugikortasun jasangarria:

      Funtzionamendu-fasean, ingurumen-dokumentuarekin batera emandako trafiko-azterlanean aurreikusitako neurriak ezarriko dira, zehazki, inguru horretan dabiltzan garraio publikoko lineen geralekuak ezartzea eremutik hurbil.

      Eraikigintza eta eraikuntza jasangarria:

      1. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko dagokion gidan jasotako gomendioak. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

        Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

        Energia. Berriztagarriak ez diren iturrietatik datorren energiaren kontsumoa eta/edo sorkuntza murriztea.

        Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.

        Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

        Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.

        Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.

        Bigarrena. Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, honako hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, Derioko Mantuliz Sektoreko Plan Plan Partzialaren Aldaketak ez du kontrako ondorio esanguratsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

        Hirugarrena. Ebazpen honen edukiaren berri Derioko Udalari ematea.

        Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

        Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 9a.

        Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

        IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik