Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2017ko uztailaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Muskiz udalerriko Itsaslur-Pobeña Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa jasotzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 157
  • Hurrenkera-zk.: 4121
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/07/27
  • Argitaratze-data: 2017/08/18

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: EAEko udalak; Ingurumena; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2017ko martxoaren 20an, Muskizko Udalak eskatu zuen Muskiz udalerrian dagoen Itsaslur-Pobeña Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hastea, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategiko bat atxiki zitzaizkion eskaerari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko apirilaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta:

Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza.

Kultura Ondarearen Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza.

Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza.

Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza. Eusko Jaurlaritza.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Zuzendaritza Nagusia.

Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa, Ihobe.

Ura, Uraren Euskal Agentzia.

Euskadiko Itsasertz Demarkazioa.

Ekologistak Martxan. Bizkaia.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Ebazpen hau egin den egunera arte, hainbat txosten jaso dira, hala nola honako erakunde hauenak: Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzarena, Kultura Ondarearen Zuzendaritzarena, Kultura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzarena (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzarenak), Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko zuzendari nagusiarena eta Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kostaldearen Jasangarritasun eta Itsasoaren Zuzendaritza Nagusiarena. Horiek denak espedientean jaso dira. Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu aski judizio-elementu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan dago plana; hor azaltzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitarte arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

Lehenengoa. Itsaslur-Pobeña Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea. Txosten hori Muskizko Udalak eskatu du, eta honako eduki hau jaso du:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Planaren helburua da ingurunea sustatzea, nekazaritza-jardueraren, gizarteratzearen eta ingurumenaren bidez. Gune horretako ondarea babestuz eta kontserbatuz, lehenengo sektorea eta ingurumena oneratzeko oinarriak finkatuko dira.

    Plan Berezian 65 ha inguruko azalera sartzen bada ere, kostaldeko eremua denez eta kostaldea babesteko distantzia errespetatu behar denez, amaierako jarduketa-eremua 50 ha ingurukoa da. Izaeraren arabera, lau eremutan banatuko da:

    1. eremua, Itsaslur Pobeña interpretazio-zentroa (2.734 m2): eremu horretan egongo da ingurumena ezagutzeko zentroa. Dauden eraikinak birgaitzea edo ordezkatzea planteatu da, interpretazio-espazio bat, prestakuntza-zentro bat, ingurumen-boluntariotzako harrera-zentro bat eta tokiko produktuak saltzeko gune bat sortzeko.

    2. eremua, prestakuntza-gunea, gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko eta nekazaritza eta abeltzaintzako ustiategiak bideragarri egiteko (13,6 ha): dokumentazioan aipatutako Bizkaiko Foru Aldundiaren 700. Foru Aginduaren bitartez erabilera onartua aldatu eta gero, eremu horretan nekazaritza-ekinbideak garatzearekin lotutako jarduerak egingo dira.

    3. eremua, nekazaritza eta abeltzaintza kudeatzeko eremua (14 ha): larreak mantendu eta babestu nahi dira, bai eta eremu horretan abeltzainek egiten duten artzaintza-erabilera arautu ere.

    4. eremua, baso-aisialdiko eremua (216,4 m2): guztiontzako atsedenlekua, baso-ustiapenarekin bateratuko dena. Zuhaitz-masak pixkanaka espezie autoktonoekin ordeztea sustatuko da, eremua orekaz eta era jasangarrian kudeatze aldera.

  2. Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planaren aldaketak ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa behar duen zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak:

      1. Planak ingurumen-balio nabaria duen eremu bat babesteko eta kontserbatzeko eragileak ezarri ditu. Planak bere gain hartu ditu baso-erabilera nekazaritza-erabilerara aldatzeko baimena lortzeko Bizkaiko Foru Aldundiaren 700. Foru Aginduan jadanik ezarritako neurriak, eta, ondorioz, ez du baldintzatzailerik, besteak beste, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategoria bati dagozkion proiektuak etorkizunean baimentzeko kokapenari, ezaugarriei, dimentsioari edo funtzionamenduari dagokienez.

      2. Planak lurralde- eta sektore-planetan izan ditzakeen intzidentziak aztertu ondoren, hierarkizatuta daudenak barne, horiekin bateragarria dela xedatu da.

      3. Planean planteatutako xedapenek eremuko ingurumen-balio bereziak babestu eta kontserbatzen dituzte. Emandako dokumentazioan aurreikusitako neurrien eta ebazpen honetan ezarritakoen bidez, ingurumenean eragin negatiboak eragozteko, murrizteko eta zuzentzeko, ingurumen-kontsiderazioak egoki txertatu dira, zehazki, garapen jasangarria sustatzeko.

      4. Ez da aurkitu planarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsurik.

      5. Plana egokitzat jo da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia ezartzeko.

    2. Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta ziur asko eragina jasoko duen eremuaren ezaugarriak:

      Planaren edukia ikusita, ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutako neurriekin zein ebazpen honetan jasotakoekin ez da ingurumen-eragin negatibo garrantzitsurik aurreikusten.

      Ingurumen-dokumentu estrategikoak ingurumen-eragin negatiboa eragozteko, murrizteko eta zuzentzeko neurriak proposatzen ditu, garapen-dokumentuetan txertatu behar direnak. Hala, horiek eragotzi egiten dute proposatutako jarduketek ingurumen-balioetan eraginik izatea. Ingurumen-dokumentu estrategikoan ezarritako neurriei, besteak beste, hauek gehitu beharko zaizkie:

      Biologia-dibertsitatea handitzea lehenetsiko da, habitaten eta espezieen funtzionamendua babestuz eta lehengoratuz. Ezarriko den edozein neurrik, gutxienez, ingurumen-egoera mantenduko dela ziurtatu beharko du. Horren harira, eremuan dauden intereseko landare-egiturak, natura-ondarea lehengoratzea bultzatzen dutenak, babestea eta kontserbatzea bermatzen duen ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutako neurriei gehitu behar zaie 4. eremuaren azterketa bat egin behar dela, orkideak dauden edo ez egiaztatzeko, eta, ondorioz, 6210 arrantza-habitata (*) lehentasunezkotzat jotzeko edo ez. Lehentasunezko habitata osatuz gero, Planak egitura hori kontserbatuko dela bermatzeko neurriak definitu beharko ditu.

      Landareak kontserbatzen direla ziurtatu beharko da, bereziki, haritzak (Quercus robur), arteak (Q. Ilex) eta erkametzak (Q. Faginea) nagusi diren zuhaiztietan. Hala behar izanez gero, mantendu eta kontserbatzeko interesgarria den landaredia duten eremuak mugatu eta balizatu beharko dira, gune ahulak markatu beharko dira, kontserbatu beharreko zuhaitzak babestu eta abar, jarduketek horiei ez eragiteko eran.

      Behar diren neurriak jarriko dira eragingo zaien lurzoruen ezaugarri edafikoak mantentzeko. Landare-lurra ezpondetan eta berriz landatu beharreko eremuetan erabili ahal izateko saiakera egingo da, eta, halaber, espezie inbaditzaileak hedatzea eragotziko da.

      Jarduera-esparruaren barruan, inbentarioan sartutako partzela bat identifikatu da (kodea: 78071-00042), lurra kutsa ditzaketen jarduerak izan dituena edo izaten ari dena. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako zirkunstantzietako bat agertuz gero, arau horretan aurreikusitako lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa izapidetu beharko da. Horrez gainera, kutsadura-zantzurik detektatuz gero, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da.

      Ibilgailu-sarbide berriak eta energiaren efizientziako instalazioak diseinatzeko neurri berriak aztertu beharko dira, ingurunean paisaia-aldaketa handirik ez eragiteko eta kostaldeko paisaia indartzeko.

      Proposamenen garapenak behar diren neurriak ezarriko ditu lurraldeko konektibitate ekologikoa mantentzen dela ziurtatzeko. Lurraldearen iragazkortasuna sustatzeko neurriak aztertu beharko dira.

      Planaren jarduera-esparrua Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren eraginpean dago. Agindu horren bidez, arriskuan dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak eta hegazti-faunaren babes-eremuak mugatu dira. Halaber, goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko aplikatu beharreko neurriak argitaratu dira; beraz, hala badagokio, neurri horiek aintzat hartu beharko dira.

      Kultura-ondareko elementuei eragiten dieten Planeko jarduketek eta arauketek Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakora egokitu beharko dute. Lur-mugimenduak egiten badira eta horiek egitean arkeologikoren ren bat aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio arlo horretan eskumena duen organoari, eta hark behar diren neurriak hartuko ditu.

      Garatzeko plangintzak jarduketak egitean ingurumen-jardunbide egokiak ezartzen dituztela bermatu beharko du. Hainbat alderdi hartu beharko dira kontuan, besteak beste: gehienez zenbateko azaleran jardun behar den, babestu beharreko landaredia, ubideak alferrikako jarduera guztietatik zaintzeko eta isuriak eragozteko beharra, ahalik eta hauts eta zarata gutxien egitea eta hondakinak kudeatzea. Lanak garbi egingo dira, eta garbiketa zorrotza egingo da amaitu eta gero. Gainera, kutsadura kontrolatzeko sistemak edukiko dituzte, makinen olioak edo erregaiak nahi gabe ez isurtzeko, eta hondakinen behar bezalako kudeaketa egingo da indarrean dagoen legeriari jarraikiz.

      Neurri horiek nahiz ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutakoak Plan honetako hirigintza-arauen araudi partikularrean jaso beharko dira.

      Bigarrena. Xedatzea, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritako terminoekin bat eginez, ez dela ingurumen-eragin handirik aurreikusten Muskiz udalerriko Itsaslur-Pobeña Babesteko eta Kontserbatzeko Plan Berezian. Hortaz, ez zaio ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikorik egin behar.

      Hirugarrena. Muskizko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Vitoria-Gasteiz, 2017ko uztailaren 27a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik