Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2017ko irailaren 7koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa Puntualari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa 42-Ormaza eremurako.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 186
  • Hurrenkera-zk.: 4650
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/09/07
  • Argitaratze-data: 2017/09/28

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2017ko maiatzaren 22ko sarrera-data izanik, Getxoko Udalak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zion 42. eremuari buruzko Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko maiatzaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendaritzari (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari. Era berean, Getxoko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen-arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak (espedientean daude horien emaitzak). Hartarako, araudian jasotzen denez, aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak baditu nahikoa datu ingurumen-txosten estrategikoa egiteko.

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Plana ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren IA eranskinean ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio-eremua ezartzen du, ez baitu ezartzen legez ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egin behar zaien proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrurik eta ezin baitie eragin Natura 2000 Sareko guneei ezta ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztutik pasa behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluan honako hauek zehazten dira, besteak beste: etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten planak eta programak izanik, 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte, ingurumen-ebaluazio estrategiko erraztu batetik pasa beharko dira, zeinaren prozedura 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen baita; guztia ere, V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Dokumentazio teknikoa eta 42-Ormaza eremurako Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau

Lehenengoa. Getxoko Udalak sustatutako «42-Ormaza eremurako Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (aurrerantzean, Plana) Aldaketa puntualari» buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jardunak.

    Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketaren helburua Eremu berriaren antolamendu estruktural eta xehatua gauzatzea eta eremua urbanizatzeko jardun batzuk definitzea da.

    Proposamenean honako hau proposatzen da: eremu berri bat sortzea, ekainaren 30eko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legearen arabera, indarreko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Ormaza Banaketa Eremuko egikaritze-unitateko (42.1 EU) lurretan eta 42.1 Ormaza eremu berri horretan sartu beharko liratekeen sistema orokorretako lurretan.

    Eremu berri hori hiri-lurzoruaren antolamendu xehatuko eremua da.

    Mugapen horren ondorioz beste eremu bat sortzen da, 42.1 Ormaza izenekoa, 54.620,00 m2-ko azalera duena.

    Ormaza 42.1 bizitegi-eremu mistoaren sailkapen globala baimendutako erabilerak definituz eta erabilera horien artean erabilera bereizgarriak eta erabilera bateragarriak bereiziz ezartzen da, erabilera bakoitzaren hirigintza-eraikigarritasuna zehaztuz ezartzen da.

  2. Proposatutako plan bereziaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, Lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proposatutako aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

      2. Beste plan eta programa batzuekiko eragina: ez da hauteman bateraezintasunik beste plan sektorial eta lurralde-plan konkurrente batzuekin. Zehazki, Getxoko udalerria Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialaren (LPP) barruan dago. Plan hori irailaren 26ko 179/2006 Dekretu bidez onartu zen.

      3. Planaren egokitasuna ingurumen-kontsiderazioak txertatzeko, garapen jasangarria sustatzeko helburu bereziarekin: horri dagokionez adierazi behar da Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partzialaren helburuetako bat ingurune fisikoarekiko jarrera aktibo eta konprometitua lortzea eta hiri-eremua eta jarduera ekonomiko berria eraldatzea dela hain zuzen ere (...), Eremu Funtzionalaren garapen jasangarria bermatzeko; horregatik, ulertu behar da alderdi hori kontuan hartu behar dela proposatutako aldaketan. Alternatiba egokia aukeratzeko garaian, ingurumen-irizpideak hartu dira kontuan, hala nola eremu libreetarako azalera, lurzoruaren kontsumoa, inpaktu akustikoa, eta abar. Eraikinak energia-eraginkortasuneko neurriak Eraikingintzaren Kode Teknikoak ezartzen dituenak kontuan hartuta diseinatzen dira. Hori dela eta, Planaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

      4. Ingurumen-arazoak: espedientean azaltzen diren txostenak eta dokumentazioa ez ezik, eskuragarri dagoen kartografia ere aztertu ondoren, esan daiteke eraginpean gera daitekeen eremuaren ingurumen-balioa eta urrakortasuna txikiak direla; izan ere, inguruan ez dago ingurumen-eremurik natura-balio bikainengatik, kultura-balioengatik edo giza osasunarentzat edo ingurumenarentzat orain edo etorkizunean izan daitezkeen arriskuengatik nabarmentzekoa denik; obrak egiteko fasean izango diren ingurumen-eragin nagusiak belar-sastrakak kentzeak, hautsaren eta zarataren isuria areagotzeak, makineria astunaren trafikoa areagotzeak, isuriak izateko aukerak, paisaian izango den inpaktuak eta abarrek eragingo dituzte, hori guztia hiri-ingurunean.

        Aurrekoaz gain, kontuan izan behar da udal-mailan babesteko proposatu diren Ondare Historiko-Arkitektonikoko elementuak daudela Planaren eremuan: Torrebarriako Estrada etxea eta Gońi baserria; bi eraikin horiek modu egokian zaindu beharko dira. Gainera, neurri egokiak hartu beharko dira eremuko landaredia zaintzeko eta tamaina handiko ahalik eta oin kopuru handiena kontserbatzeko eta bertako espezieak sartzeko gune libreetara bideratutako eremuko guneetan.

        Zaratari dagokionez, adierazi behar da Ormazako 42.1 EU egikaritze-unitatea eremu akustiko gisa kalifikatutako eremua dela «bizitegi-erabilera nagusi duten lurralde-eremuak/-sektoreak» eta, Getxoko Udalak igorritako dokumentazioaren arabera, kanpoko gunean aplika daitezkeen kalitate akustikoaren helburuak (KAH) gainditu egingo direla leku batzuetan, nahiz eta neurri zuzentzaile batzuk hartuko diren. Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 8ko 213/2012 Dekretuaren 45. artikuluaren arabera, kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez dituzten eremu akustikoak Babes Akustiko Bereziko Eremutzat (BABE) hartuko dira aipatutako arauan garatzen diren aginduen arabera.

      5. Plana egokitzat jotzen da ingurumen-arloko erkidego- edo nazio-mailako legeria txertatzeko. Sustatzaileak aztertu du eraikin berrietan energia berriztagarriko sistemak jartzeko aukerarik ote dagoen, baita garapen jasangarria sustatuko duten jardunak egiteko aukerarik ere ba ote dagoen (estalki berdeak eraikinen estalkietan, uraren arrazoizko erabilera sustatzeko instalazioak...), ingurumenaren alorrean ezarritako arauekin bat etorriz.

    2. Ondorioen ezaugarriak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak: jardunak hiri-lurzoruaren gainean egingo dira, eta aurreko ataletan aipatu denez, inguruan ez dago gune natural nabarmenik, ezta ingurumen-balio eta -urrakortasun handiko eremurik ere, baina landare-espezieen mozketaren ondoriozko eraginak murrizteko neurri egokiak eta eremuko etxebizitzek jasango dituzten zarata-mailak gutxiagotzeari buruzko neurriak hartu beharko dira, besteak beste.

      Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

      Urriaren 8ko 213/2012 Dekretuaren 43. artikuluaren arabera, etxebizitzetara, osasun-, hezkuntza- zein kultura-erabilerara bideratutako eraikinak eraikitzeko lizentzia eman ondoren, eremu hori Babes Akustiko Bereziko Eremutzat hartu beharko da eta eremu horrek aipatutako arauaren 45. artikuluan garatzen den gutxieneko edukia izan beharko du.

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua edukiko da.

      Jarduteko eremua mugatuko da, era horretan, obrak Planaren aldaketaren xede den lurzatia soilik hartuko du.

      Interesgarriak izan daitezkeen zuhaixka-espezieak eta zuhaitz-espezieak markatuko dira.

      Beharrezkoak ez diren belar-sastrakak garbitzea saihestuko da.

      Espezie inbaditzaileak ez ugaltzeko ahal diren neurriak hartuko dira; ahal den neurrian, ahaleginak egingo dira jarduteko lurzatian egon daitezkeen espezie inbaditzaileak errotik kentzeko. Gomendatzen da gai horretan adituak diren teknikariei aholkuak eskatzea.

      Obrako makineriari mantentze-lan eta garbiketa egokiak egingo zaizkio tailerretan edo horretarako bideratutako guneetan.

      Erregaia eta olioa zolata iragazgaitzaren gainean biltegiratuko dira obra-eremutik kanpo.

      Partikulak atmosferara (bereziki hautsa) isurtzea/mugitzea ekarriko duten eragiketak kontrolatuko dira, baldintza atmosferikoak kontuan hartuta.

      Sortutako hondakinak hondakin mota bakoitzari dagokion araudiaren arabera kudeatuko dira, hondakinak kudeatzeko printzipio hierarkikoak kontuan hartuta.

      Ingurunea landareztatzeko eta hobetzeko, bertako zuhaitz- eta zuhaixka-espezieak erabiliko dira eta ahalik eta soluzio naturalenak hartuko dira, «lorategi motako» diseinuak ahalik eta gehien saihestuz.

      Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da, eta proiektuak erasandako eremua obrako hondakinik batere gabe utzi beharko da.

      Ahaleginak egingo dira eremuan dauden ondare historiko-arkitektonikoko elementuetan eragin kritikorik ez izateko: derrigorrezkoa bada elementu horietan jardunak gauzatzea, elementu horien bolumetria, kanpoko itxura, oinarrizko egitura eta abar errespetatuko dira.

      Bigarrena. Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: aurreikusten da Getxoko Udalak sustatutako 42-Ormaza eremurako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa puntualak ez duela eragin garrantzitsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

      Hirugarrena. Getxoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 7a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik