Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2017ko irailaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa ematen baita, Zamudioko Udalak sustatutako Arteagako SAPUR 1eko plan partzialean egin nahi den bigarren aldaketari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 188
  • Hurrenkera-zk.: 4699
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2017/09/19
  • Argitaratze-data: 2017/10/02

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Hirigintza eta etxebizita; EAEko udalak; Ingurumena

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

2017ko maiatzaren 19an, Zamudioko Udalak eskabidea aurkeztu zuen, Arteagako SAPUR 1eko plan partzialean -aurrerantzean, Plana- egin nahi den bigarren aldaketari dagokion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskabidearekin batera, planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategiko bat aurkeztu zituen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2017ko maiatzaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, biak Eusko Jaurlaritzakoak.

Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumen arloan egoki iritzitako oharrak egiteko.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege honen helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako.

Aipatutako 6.2 artikuluak zehazten duenez, besteak beste, 6.1 artikuluan aipatutako programetan eta planetan aldaketa txikiak egiteko, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin beharko da; horretarako prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean dago araututa, eta V. eranskinean ezarritako irizpideak bete beharko dira.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (eskumena duen organoa otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Arteagako SAPUR 1eko plan partzialean egin nahi den bigarren aldaketaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak.

Xedapen hauek ikusi dira: Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, baita aplikatzekoa den gainerako araudia ere, eta, beraz, honako hau

Lehenengoa. Arteagako SAPUR 1eko plan partzialean egin nahi den bigarren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, Zamudioko Udalak sustatua, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

  1. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

    Aldaketa hau urbanizatze-lana azken txanpan dagoela idatzi da eta haren helburua plan partzialeko dokumentazioaren zati batean aurkitutako zenbait zehaztugabetasun eta kontraesan zuzentzea da.

    Proposatzen diren jarduerak gai hauekin lotuta daude:

    Zenbait bizitegi-partzelaren artetik doan oinezko-ardatza, aurrerago eragina izango duena. Horrela, bulebarraren azpiko sotoak egiten badira, alegia ondoko etxebizitzetako garajeak izango direnak, antolamendu xehatuan ezarritakoaren arabera, aurreikusita dagoen oinezko-ardatza garatuz gero, obraren zati bat eraitsi beharko litzateke, eta, ondorioz, geroago, obra lehengo moduan jartzeko lanei ekin beharko litzaieke. Oinezko-ardatzaren hasierako tratamendua aldatuz arinduko da, neurri batean, egoera hori.

    Bestalde, zehaztapen batzuk sartu dira, eraikiko diren etxeen zenbait inguruneren erabilera pribatuari buruzkoak, ingurune horien erabilera pribatiboa zehazteko. Ingurune horiek etxe horien beheko solairuan daude, eta sotoen etorkizuneko okupazioaren gainean.

    Bukatzeko, plan partzialaren 1. aldaketan egindako aldaketak sartu dira, aldaketa horiek eragina baitute partzela batzuk soto gisa okupatzean, partzela batzuetako ibilgailu-sarbidean eta etorkizuneko eraikinen altuera partzialen eta guztirakoen egokitzapenean, udal ordenantzetan eraikinen goiko solairuen gutxieneko altuera dela-eta egindako aldaketara egokitu direlako.

  2. Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

    1. Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

      1. Planak zer neurritan ezartzen du proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua. Planak aldatzen du aurretiaz ezarritako antolamendu xehatua, eta horrek urbanizatze-proiektua aldaraziko du.

      2. Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Planak soilik aldatzen ditu indarrean dagoen plan partzialean ezarritako antolamendu xehatuaren hirigintza-parametro batzuk; beraz, esan daiteke ez duela eraginik izango beste plan edo programa batzuetan.

      3. Plana egokia den edo ez ingurumen-gogoetak integratzeko, garapen jasangarria sustatzearren, bereziki. Planak proposatutako zehaztapenak onartuta, hiri-kalitatea hobetuko da, batetik, espazio libre publikoen kopurua handitu eta, ondorioz, aisialdirako espazioen eskaintza areagotuko delako, eta bestetik, udal-aparkalekuen kopurua handituko delako.

        Era berean, hiri-eredu trinkoa indartzen da, eta, eraikinak diseinatzeko, kontuan hartzen dira Eraikuntzako Kode Teknikoan energiaren efizientziari dagokionez ezarritako neurriak. Hori dela eta, planaren xedea egokia dela irizten da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko.

      4. Ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak. Ildo horretatik, jakitera ematen da ezin zaiola eragin Arteagako burdinolaren azpiegitura hidraulikoari, babesteko proposamena jaso duen ingurune arkeologikoa delako.

      5. Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko erkidego- edo nazio-mailako legedia txertatzeko.

    2. Eraginen ezaugarriei eta ziurrenik ukituko den eremuari dagokienez, eraginpeko lekuaren inguruan ez da hauteman ez naturagune adierazgarririk, ez eremu ingurumen-baliodunik edo -kalteberarik, Arteagako burdinola izan ezik.

    3. Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean berean jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:

      Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.

      Lurren eta soberakien kudeaketa. Proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

      Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.

      Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

      Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

      Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

      Induskatutako lurzoruak kontrolatzea: Zamudioko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betez.

      Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoa babestea: era berean, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen Errege Dekretuan (otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.

      Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta garbi mantendu beharko dira kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

      Bigarrena. Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat, zehaztea ez dela aurreikusten Arteagako SAPUR 1eko plan partzialean egin nahi den bigarren aldaketak eragin garrantzitsurik izatea ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.

      Hirugarrena. Zamudioko Udalari ebazpen honen edukia jakinaraztea.

      Laugarrena. Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

      Vitoria-Gasteiz, 2017ko irailaren 19a.

      Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

      IVAN PEDREIRA LANCHAS.

Gaiarekin lotutako edukiak.


Arauaren historia

Ez dago lotutako edukirik

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik