Arautegia

Inprimatu

5/2018 DEKRETUA, urtarrilaren 16koa, industria segurtasunari buruzko erregelamentazioa bete behar duten instalazio eta ekipoak aldizka ikuskatzeko kudeaketa-prozedurari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 20
  • Hurrenkera-zk.: 475
  • Xedapen-zk.: 5
  • Xedapen-data: 2018/01/16
  • Argitaratze-data: 2018/01/29

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua; Ingurune naturala eta etxebizitza
  • Azpigaia: Lana eta enplegua; Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Hirigintza eta etxebizita

Testu legala

EAEko Autonomia Estatutuaren 10.30 artikuluak ezartzen du Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela industria arloan, arau horretan bertan ezarritako salbuespenekin.

Eskumen horren arabera onartu zen 8/2004 Legea, azaroaren 12koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Industriakoa, eta Lege horren xedea da, besteak beste, industriako segurtasunaren eta kalitatearen arloan Administrazioak esku hartzeko jarraibideak eta industriako instalazioak, tresnak, ekipoak, prozesuak eta produktuak kontrolatzeko jarraibideak zehaztea. Horren arabera, administrazio industrialak ikuskatu beharko du industriako instalazioak, tresnak, ekipoak eta produktuak ondo ote dabiltzan, tartean diren eragileei eta instalazioen jabeei dauzkaten betebeharrak betearaziz, horien artean, segurtasun industrialari buruz erregelamendu bidez ezarritako betekizunak eta baldintza teknikoak bete direla egiaztatzea.

Erregelamendua betetzen dela egiaztatzeko modu bat instalazioak edo ekipoak aldizka ikuskatzea da, eta horregatik arautzen da ikuskapena sektore bakoitzeko erregelamenduetan, segurtasun-irizpideen arabera.

Arautze horren ondorioz, kudeatu beharreko ikuskapen ugari egiten dira, eta horri gehitzen bazaio instalazio edo ekipoetan jarduten duten agente kolaboratzaileen arteko komunikaziorik eza, maiz gertatu izan da oso zaila izatea instalazio edo ekipo jakin batzuek erregelamenduak agindutakoa betetzen duten ala ez egiaztatu ahal izatea. Horregatik erabaki da prozedura bat arautzea, titularraren mandatuz aldizkako ikuskapenak egiten dituzten agente kolaboratzaileen (kontrol-erakundeen edo agente ikuskatzaile gaituen) esku-hartzeen emaitzak bideratzeko, horrela lortuko delako esku-hartze horiek erregelamendua zenbateraino betetzen duten ziurtasunez eta fidagarritasunez zehaztu ahal izatea.

Administrazioak errazago kontrolatu ahal izan ditzan bai egindako jarduketak eta bai kontrol-erakundeen edo agente ikuskatzaile gaituen lana bera, eta industriako Legeak 24. artikuluan ezarritako irizpideei jarraituz, aldizkako ikuskapenak kudeatzeko aplikazio informatiko bat jarri du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak.

Bereziki aipatzekoa da Dekretu honen azken xedapenetako lehenengoa, urriaren 30eko 229/2012 Dekretua, industria-instalazioak abian jartzeko prozedura erraztekoa, aldatzen duena, Dekretu horren 7. artikuluko 2. paragrafoa ezabatuz.

Zehazki, 7. artikulu horretako 2. paragrafoak ezartzen du Administrazioak instalazioak ikuskatu beharko dituela, abian jartzeko komunikazioarekin batera aurkezten den dokumentazioa aztertzean kasu jakin batzuk atzematen direnean.

Hala ere, ikusi ahal izan da aurreikusita dauden zuzenketa-mekanismoak aktibatzea aski izaten dela gehienetan instalazioek eta ekipoek azkenean erregelamendua betetzen dutela egiaztatzeko, eta kasu horietan ez dela beharrezkoa ikuskapen hori egitea. Arauaren zurruntasunak, artikulu bereko 1. paragrafoak instalazioen arrisku potentzialaren eta egin beharreko ikuskapenen artean ezarritako konexioa haustera eramaten du, eta, beraz, baliabide publikoen kudeaketaren efizientzia murriztera. Horregatik erabaki da, hain zuzen ere, kentzea.

Hori guztia kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturarako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko urtarrilaren 16an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

  1. Dekretu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen-eremuan sartzen diren instalazio eta ekipoek industria-segurtasunari buruzko erregelamentazioaren arabera nahitaez egin behar dituzten aldizkako ikuskapenak kudeatzeko prozedura ezartzea.

  2. Dekretu honen aplikazio-eremutik kanpora geratzen dira ibilgailuen ikuskapen teknikoak, gasa hartzeko instalazioenak eta instalazio erradioaktiboenak, horiek arautzeko prozedura espezifikoak baitaude.

  1. Instalazioaren titularraren edo erabiltzailearen ardura da instalazioa ondo erabilita, zainduta eta mantenduta egotea, eta dagokion erregelamendua betetzen dela egiaztatzea.

  2. Industria-segurtasunari buruzko araudiak ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko, instalazioen edo ekipoen titularraren edo erabiltzailearen ardura eta erantzukizuna da kontrol-erakundeek edo agente ikuskatzaile gaituek, bakoitzari dagokion araudiaren arabera, instalazioak eta ekipoak balio-bizitza osoan zehar ikuskatzen dituztela segurtatzea.

  1. Instalazioaren titularrak aukeratutako kontrol-erakundeak edo agente ikuskatzaile gaituak, instalazioak eta ekipoak ikuskatuko ditu bakoitzari aplikatu beharreko erregelamenduetan ezarritakoaren arabera eta, halakorik dagoenean, onartutako dokumentazio teknikoan edo ikuskapeneko eskuliburuetan zehaztutakoaren arabera.

  2. Aldizkako ikuskapena egiten den bakoitzean, dagokion ziurtagiria, txostena edo akta egingo da, sektore bakoitzeko erregelamenduak agindutakoaren arabera, eta dokumentu horien kopia eman beharko zaio instalazioaren edo ekipoaren titularrari, eta, baldin badago, mantentzea egiten duen enpresari, ikuskapena egin eta 15 eguneko epean gehienez, akats oso larriak atzematen direnean izan ezik, orduan berehala eman beharko baita.

  3. Instalazioaren edo ekipoaren titularra ados ez badago kontrol-erakundeak edo agente ikuskatzaile gaituak adierazitakoarekin, erreklamazioa jarri ahal izango du eskumena duen zuzendaritza sektorialean. Erreklamazio horien ebazpenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da, indarreko legedian aurreikusitakoari jarraikiz.

  1. Kontrol-erakundeak, edo agente ikuskatzaile gaituak, egiten dituzten aldizkako ikuskapen guztien datuak sartu beharko dituzte Eusko Jaurlaritzaren barruan industria-gaien gaineko eskumena duen sailak berariaz prestatutako aplikazio informatikoan. Datuak sartu ahal izateko, ziurtagiri digital onartua eduki beharko da.

  2. Instalazioa eta aplikatzekoa zaion erregelamentazioa identifikatu beharko dira, eta, halaber, akatsik dagoen ala ez eta nolako tipologiakoak diren kontuan izanda, ikuskapenaren emaitza aplikazioan sartzean zehaztu beharko da:

    1. Akatsik gabe: akatsik atzeman ez denean.

    2. Akats arinak: era horretako akatsak bakarrik atzeman direnean.

    3. Akats larriak: akats larri bat behintzat atzematen denean; hala ere, akats arinik detektatzen bada, horiek ere jaso beharko dira. Kasu horretan, kontrol-erakundeak edo agente ikuskatzaile gaituak aplikazio informatikoan zehaztu beharko du agente kolaboratzaile gaituek akats horiek konponduta daudela egiaztatzeko ezarri den epea, inola ere 6 hilabetetik gorakoa izango ez dena.

    4. Akats oso larriak: maila horretako akats bat behintzat atzeman denean. Emaitza hori sartuko da bakar-bakarrik akats oso larri horrek eragotzi ez badu instalazioaren ikuskapena osatzea.

  3. Ikuskapena egitean akats oso larriak aurkitzen badira, lehenbailehen sartu beharko dira datuak horretarako jarritako aplikazio informatikoan. Gainerako kasuetan, 15 eguneko epea egongo da, gehienez, datuak aplikazioan sartzeko.

  1. Instalazioaren edo ekipoaren titularrak arduratu behar du akatsak konpontzeaz, eta aplikatzekoa den araudiaren arabera gaitutako enpresa bat kontratatu beharko du horretarako.

  2. Ikuskapenean atzemandako akats guztiak lehenbailehen zuzendu behar dira. Edonola ere, akats oso larriak zuzendu beharko dira kautelazko neurriak kendu aurretik; akats larriak, kontrol-erakundeak edo agente ikuskatzaile gaituak horretarako ezartzen duen epean; eta akats arinak, hurrengo nahitaezko aldizkako ikuskapena egin aurretik.

  3. Akatsak zuzendutakoan, akatsak zuzendu izanaren ziurtagiria egin duen enpresa gaituak, edo titularrak bestela, ziurtagiri hori bidaliko dio ikuskapena egin zuen kontrol-erakundeari edo agente ikuskatzaile gaituari, eta hark, sektoreko araudiak bestelakorik ezarri ezean, aplikazio informatikoan sartuko du eta ikuskapenean sortutako dokumentazioarekin batera gordeko du, erregelamenduak dokumentazio hori jasota edukitzeko ezarritako denbora guztian.

  4. Ikuskapenean akats larriak atzeman direnean, kontrol-erakundeak edo agente ikuskatzaile gaituak ez badu zuzenketa egin izanaren ziurtagiririk jasotzen zuzenketa egiteko emandako epea amaitu aurretik, Administrazioari jakitera eman beharko dio aplikazio informatikoaren bitartez, nola jokatu erabaki dezaten. Betebehar hori betetzeak ez du libratzen, egin beharrekoa denean, erregelamenduan aurreikusitako txosten negatiboa egitetik.

  1. Akats oso larriren bat atzematen bada ikuskatutako instalazio edo ekipoetan, pertsonei, ondasunei edo ingurumenari kalte egiteko arriskua kontuan izanda, kontrol-erakundeak ego agente ikuskatzaile gaituak behar diren kautelazko neurriak hartuko ditu instalazioaren edo ekipo industrialaren funtzionamenduari buruz. Hartutako neurriak arriskuaren proportziokoak izango dira, eta arriskua gauzatzea eragozteko behar-beharrezkoak. Neurri horiek iraungo dute neurriak hartzera behartu duen arriskua desagertu arte. Denbora hori izango da, gehienez ere, akatsak konpontzeko behar-beharrezkoa dena edo beste era bateko jarduketak erabakitzeko behar dena.

    Kautelazko neurri jakin bat hartzekotan, teknikoki arrazoituta egin beharko da, eta instalazioaren edo ekipoaren funtzionamenduaren eta arriskuaren artean dagoen harreman edo lotura kausala azaldu beharko da.

    Instalazioa geldiarazteko neurria hartu ahal izango da, soil-soilik, bestelako kautelazko neurrien bidez eragotzi ezin denean arriskua gauzatzea. Geldiarazte hori erabatekoa edo partziala izan ahal izango da, eta geldiarazte partziala erabaki ahal izango da, baldin eta xede hori betetzeko teknikoki posible bada.

  2. Kontrol-erakundeak edo agente ikuskatzaile gaituak berehala jakinaraziko dio industria arloan eskumena duen Lurralde Ordezkaritzari kautelazko neurriak hartu direla, eta jakinarazpenean zehaztuko du ikuskapena osatu ahal izan duen ala ez.

  3. Sektoreko zuzendaritza eskudunak berehala berretsi edo ezeztatu beharko ditu kautelazko neurriak.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

    Ezabatu egiten da Industria-instalazioak abian jartzeko prozedura sinplifikatzeko urriaren 30eko 229/2012 Dekretuaren 7. artikuluko 2. paragrafoa.

    AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

    Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hiru hilabetera sartuko da indarrean Dekretu hau.

    Vitoria-Gasteizen, 2018ko urtarrilaren 16an.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.