Arautegia

Inprimatu

10/2018 DEKRETUA, urtarrilaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteei eta horien batasun edo federazioei buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 26
  • Hurrenkera-zk.: 649
  • Xedapen-zk.: 10
  • Xedapen-data: 2018/01/30
  • Argitaratze-data: 2018/02/06

Gaikako eremua

  • Gaia: Ingurune naturala eta etxebizitza; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Nekazaritza eta arrantza; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Nekazarien elkarteak eta horien batasunak edo federazioak eratzea modu eraginkortzat jotzen da nekazaritzako produktuen merkaturatzean dauden akatsak konpontzeko, produktu horien eskaintza kontzentratzeko eta, era horretan, elikakatearen balio-sorkuntzan ekoizpen-sektorearen negoziazio-ahalmena handitzea lortzeko.

Helburu horrekin, Europako araudiak erakunde horien aitorpena egiteko eta haiei laguntzak emateko araubide juridikoa erregulatu zuen, haien eraketa eta funtzionamendua sustatzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan Nekazarien Elkarteentzako laguntzak lehen aldiz abenduaren 30eko 401/1985 Dekretuaren bitartez ezarri ziren. Ondoren, egoera berrietara eta araudi berrira egokituz, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretua argitaratu zen.

Politika hori hasi zenetik denbora asko igaro den arren, oraindik ere beharrezkoa da nekazariak eta baso-ekoizleak berriz elkartzeko aukera bultzatzea eta sustatzea, lehen sektorearen garapen ekonomikoa pizteko asmoz, lan bateratuaren bitartez eskaintza kontzentratuta eta ekoizpena merkatuaren eskakizunetara egokituta eta elkartea bere egonkortasunari eta eraginkortasunari dagokienez behar adinako bermeekin egiten dela behar bezala kontrolatuta eta egiaztatuta.

Gaur egun, erakunde horien aitorpenari buruzko Europako Erkidegoko araudia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1308/2013 (EB) Erregelamendua da. Laguntzei dagokienez, landa-garapenerako laguntzei buruzko Europako araudiak (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1305/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko abenduaren 17koa) eta nekazaritza- eta basogintza-sektoreetan eta landa-eremuetan 2014tik 2020ra arteko estatuko laguntzei aplikatzekoak zaizkien Europar Batasunaren zuzentarauek ekoizleen elkarteei laguntzak emateko esparrua ahalbidetzen eta erregulatzen jarraitzen dute.

Europako Erkidegoko araudia garatuz eta aplikatuz, 2015-2020 aldirako EAEko Landa Garapeneko Programa garatu da, zeinak plangintza hori biltzen baitu, eta Batzordearen Betearazpen Erabakiaren bitartez onartu da (Batzordearen Erabakia (2015) 3479 azkena, 2015-05-26koa). Programa horretan, LGENF Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak kofinantzatutako neurri bat sartu da, «ekoizleen elkarteak eta erakundeak sortzeko laguntza» izenekoa. Halaber, otsailaren 14ko 43/2017 Dekretua argitaratu da, zeinaren bidez 2015-2020 aldirako Euskadiko Landa Garapenerako Programan jasota dauden laguntzen esparru-araudia ezartzen baita.

Aurreko guztiak ekoizleen elkarteen aitorpenari aplikatzekoa zaion araubide juridikoa aldatu beharra dakar, esparru berrira egokitzeko eta basogintza-sektoreko elkarteei sarrera emateko eta horien inguruabar bereziak biltzeko. Horregatik, dekretu honen bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzko urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretua indargabetzen eta ordezten da, araubide juridiko berri hau ezartzeko, nahiz eta oraindik ere haren filosofia eta oinarrizko ildoak antzekoak diren.

Euskal Autonomia Erkidegoak Konstituzioaren 148.7 artikuluaren eta Autonomia Estatutuaren 10.9 artikuluaren arabera nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean duen eskumen esklusiboa garatuz ematen da dekretu hau.

Dekretu hau prestatzerakoan, aholkua eskatu zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei eta sektorea ordezkatzen duten elkarte eta erakunde profesionalei.

Horrenbestez, nahitaezko txostenak eman ondoren eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko urtarrilaren 30ean egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hauxe

  1. Dekretu honen xedea da nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteen eta horien batasun edo federazioen aitorpenari aplikatzekoak zaizkion oinarrizko arauak erregulatzea, elkartuta daudenek ekoizten dutena modu bateratuan merkaturatzen badute.

  2. Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, basogintza-sektorean, merkaturatzearen parekotzat joko da elkartutako pertsonek ekoizten dutena merkaturatzeko bitartekaritza-lana.

    Bitartekaritza horrek gutxienez ere honako hauek hartuko ditu barnean: bazkideek erakundeari salgai jarriko dituzten baso-produktuen berri ematea, erakundeak horiei buruz egiten duen tasazioa, erakundeak bazkideei merkaturatzeko posibilitateei buruz ematen dien aholkularitza, eta baso-produktuak haren bitartekaritzaren bitartez erosteko interesa dutenei saltzea produktu horiek.

Kooperatibek, eraldaketarako nekazaritza-sozietateek eta nortasun juridiko propioa duen beste edozein entitatek jaso dezakete nekazarien eta baso-ekoizleen elkarte edo horien batasun edo federazio izateko aitorpena, bai produktu bat ekoizten dutenek bai batzuk ekoizten dituztenek, edota horien produktu multzoak ekoizten dituztenek. Horretarako, ordea, baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

  1. Ekoizleen ekimenez sortzea eta pertsona horiei erakundearen eta haren erabakien kontrol demokratikoa bermatzea.

  2. Nortasun juridiko propioa eduki beharko dute, bai eta ondare propioa ere, elkartekideekiko independentea.

  3. Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteek egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan eduki beharko dute, eta gutxienez elkarteko bazkideen % 70ek Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatuta egon beharko du.

  4. Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteen batasunek edo federazioek egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan eduki beharko dute, eta batasuna edo federazioa osatzen duten elkarteen % 70ek, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan kokatuta egon beharko du.

  5. Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteen kasuan, elkartea osatzen duten bazkideetako batek ere, banaka hartuta, ezingo du gainditu erakundearen ekoizpenaren guztizko bolumenaren % 20 elkarteko kideen kopurua 15etik gorakoa bada edo erakundearen ekoizpenaren guztizko bolumenaren % 40 elkarteko kideen kopurua 16tik beherakoa bada. Elkarteak merkataritza-sozietatearen forma juridikoa hartzen badu, akzioak edo partaidetzak izendunak izango dira, eta bazkide guztiek nekazari izan beharko dute. Sozietate-partaidetzak ekoizpen-ahalmenaren arabera banatuko dira; erabakitzeko ahalmena, bestalde, sozietate-partaidetzen araberakoa izango da.

  6. Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteen batasunen edo federazioen kasuan, horiek osatzen dituzten elkarteek (banaka hartuta) batasunaren ekoizpen osoarekiko duten ehunekoa ez da izango gainerako elkarteena baino 50 puntu handiagoa.

  7. Produktua, produktuak edo produktu multzoak ekoizteko eta merkaturatzeko lana elkarrekin egokitzea izan behar du elkartea sortzeko arrazoietako bat. Horretaz gain, produktuen % 70ek gutxienez Euskal Autonomia Erkidegokoa izan beharko du.

  8. Estatutuetan, alderdi hauek sartu beharko dituzte, gutxienez:

    Jarduteko lurralde-eremua.

    Ekoizleei erakundearen eta erabakien kontrol demokratikoa bermatuko dieten arauak, elkarteen kasuan; eta kide diren elkarteei erakundearen eta erabakien kontrol demokratikoa bermatuko dieten arauak, nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteen batasunen edo federazioen kasuan.

    Elkartea zer produktu dela-eta sortu den, produktu hori ekoizteko, eskatutako informazioa emateko eta produktuen zati bat gutxienez ere elkartearen bidez merkaturatzeko betebeharra, elkarteak ezartzen dituen arauei jarraituz.

    Zuzendaritza- eta gobernu-organoetan emakume eta gizonen presentzia orekatua izateko gomendioa, eta organo horietan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gaitasun nahikoa duten pertsonak egoteko gomendioa.

    Kideen finantza-kontribuzioen araubidea, eta elkartearen finantza- eta kontabilitate-arauena.

    Onartzeko araubidea.

    Uko egiteko araubidea.

    Zigortzeko araubidea.

  9. Ekoizteko eta merkaturatzeko gutxieneko bolumenak bete beharko dituzte, bai eta produktu bakoitzerako edo produktu-multzoetarako elkartean gutxienez egon beharreko kide kopurua ere, dekretu honen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera.

  10. Aitortzeko eskatzen duten jarduera betetzeko behar diren instalazio, ekipamendu edo baliabide teknikoak edukiko dituzte.

  11. Bai nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteek bai horien batasunek edo federazioek elkartzen dituen produktuaren edo produktu multzoaren kontabilitate bat izan beharko dute, erakundearen gainerako jardueretatik bereizita.

  12. Zerga-alorreko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Inguruabar horien egiaztapena zuzenean lortu ahal izango du erregistroa kudeatzen duen organoak, aitorpena eskatzen duen erakundeak horretarako baimena ematen badu.

Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteek eta horien batasun edo federazioek, aitorpena emateko arrazoi izan diren produktuei dagokienez, baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

  1. Ekoizteko eta merkaturatzeko gutxieneko bolumenak mantendu beharko dituzte, bai eta produktu bakoitzerako edo produktu-multzoetarako elkartean egon behar duten kideen gutxieneko kopurua ere. Produktuak eta kopuruak dekretu honen eranskinean jaso dira.

  2. Egoera ekonomiko eta administratiboa kargarik gabekoa eta orekatua izan beharko da; hori erakusteko, nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteen eta horien batasun edo federazioen balantzeak eta emaitzen kontuak aurkeztu beharko dizkiote, urtean behin, nekazaritza- eta abeltzaintza-arloan eskuduna den zuzendaritzari.

  3. Nekazaritza- eta abeltzaintza-arloan eskuduna den zuzendaritzan, aurreko urtean eginiko jardueren laburpen bat aurkeztu beharko dute urtero, urtarrilaren 31 baino lehen. Bertan, ekoizpen eta merkaturatzearen bolumena, negozio-zifra eta bazkide-kopurua aipatu beharko dituzte beren-beregi.

  4. Nekazaritza- eta abeltzaintza-arloan eskuduna den zuzendaritzak egiten dituen ikuskatze-lanetan laguntzea, nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteen eta horien batasun edo federazioen funtzionamendua egiaztatzeko.

  5. Emakumeen eta gizonen tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzea esparru guztietan, barnekoetan zein kanpokoetan, eta emakumeen posizio soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea eta autonomia sustatzea.

  6. Erakundearekiko harremanetan, idatzizkoetan zein ahozkoetan, bermatuko da pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea eta aukeratuko duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela. Era berean, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legeak dakartzan hizkuntza-betebeharrak ere zaindu beharko dituzte.

  1. Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteak eta horien batasunak edo federazioak aitortzeko eskaera nekazaritza- eta abeltzaintza-arloko zuzendaritza eskudunari egin beharko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean jasotakoaren arabera.

  2. Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

    1. Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteek beren estatutuen kopia bat aurkeztu beharko dute.

    2. Nekazarien edo baso-ekoizleen elkarteen batasunek edo federazioek estatutuen kopiak eta batasuna osatzen duten elkarte guztien estatutuenak aurkeztu beharko dituzte.

    3. Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteek haiek osatzen dituzten kideen kopuruari buruzko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar dute, sexuen arabera bananduta, eta ustiategiak zer udalerritan dauden eta produktu bakoitzerako zenbat ekoizpen-unitate (azalera edo abelburu) dituzten adierazi beharko dute, eta zuzendaritza- eta gobernu-organoen osaera, sexuen arabera bananduta.

    4. Nekazarien edo baso-ekoizleen elkarteen batasunek edo federazioek batasuna edo federazioa osatzen duten elkarteen zerrenda aurkeztu beharko dute. Halaber, batasun edo federazioaren barruan dagoen elkarte bakoitza osatzen duten nekazarien ustiategiak zer udalerritan dauden eta produktu bakoitzerako zenbat nekazari dituzten adierazi beharko dute.

    5. Erakundeko organo eskudunaren erabakia, honako gai hauek zehazten dituena:

      Zer produktu dela-eta (bakarra, batzuk edo produktu multzoak izan daitezke) eskatzen duten nekazarien edo baso-ekoizleen elkarte edo elkarteen batasun edo federazio izateko aitorpena.

      Produktua ekoizteko guztiek erabiliko dituzten arauak; programazioa, kalitate-sistemak eta, hala badagokie, erabiliko dituzten metodo ekologikoak edo praktika biologikoak.

      Ekoizpena ezagutzeko arauak.

      Merkaturatzeko eta informazioa emateko guztiek baliatuko dituzten arauak.

      Aurreikusitako negozio-zifra eta aurreikusita dagoen ekoizpen-bolumena, elkarteak aitortzeko eskatzen dituen produktuei dagokienez.

      Genero-ikuspegiaren arloko zuzentarauak.

      Komunikazioetan (ahozkoetan zein idatzizkoetan) hizkuntza ofizialak erabiltzearen arloko zuzentarauak, eta produktuak etiketatzerakoan hizkuntza ofizialak erabiltzeari buruzkoak.

    6. Elkartearen instalazio edo ekipamenduak eta eskura dituzten baliabide teknikoak, adieraziz kokalekua, egoera eta erabiltzeko ahalmen teknikoa.

    7. Nekazaritza- eta abeltzaintza-arloan eskumena duen zuzendaritzak aurkeztu den aitorpen-eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezko irizten dion dokumentazio edota informazio osagarri guztia.

  3. Nekazaritzaren arloan eskumena duen sailak nekazaritza- eta abeltzaintza-arloan eskuduna den zuzendariaren ebazpen baten bidez aitortuko ditu nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteak eta horien batasunak edo federazioak, betiere dekretu honen 2. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen badira.

  4. Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteak aitortzeko ebazpena gehienez ere sei hileko epean eman eta jakinaraziko da, eskabidea aurkeztu zen egunetik zenbatuta; epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea baietsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Aitorpena jaso duten nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteek edo horien batasun edo federazioek dekretu honetan aurreikusitako betekizun edo betebeharren bat betetzeari uzten badiote, galdu egingo dute izaera hori, nekazaritza- eta abeltzaintza-alorrean eskumena duen zuzendariaren ebazpen baten bidez. Izan ere, ebazpen horren bitartez, errebokatu egingo zaie nekazarien eta baso-ekoizleen elkarte gisa eta horien batasun edo federazio gisa egin zitzaien aitorpena. Hori gertatuz gero, erregistroaren arduradunak erregistroan baja emango dio, ofizioz.

  1. Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteak eta horien batasun edo federazioak urtarrilaren 20ko 13/2004 Dekretuaren bidez sortutako Nekazarien elkarteen eta horien batasunen erregistroan erregistratuko dira. Erregistro hori publikoa izango da, haren izena «Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien eta Baso-ekoizleen Elkarteen eta horien Batasun edo Federazioen Erregistroa» izango da, eta dekretu honetan xedatutakora egokituko da.

  2. Nekazaritza eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako titularra izango da erregistroaren arduraduna, eta zuzendaritza horretako langileek egingo dute lan bertan.

  3. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legean ezarritako dagokion tasa ordaindu ostean, aitorpena jaso duten nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteak eta elkarteen batasunak edo federazioak, 2. artikuluan jasotako betekizunak beteak dituztela, ofizioz inskribatuko ditu erregistroaren arduradunak, hartara eragotzi gabe dekretu honen lehen xedapen iragankorrean xedatutakoa. Aitorpena eskatu duen erakundeak aukeratutako hizkuntza ofizialean, gutxienez, egingo da inskripzioa.

  4. Erregistroan inskripzio-liburu bat egongo da, dekretu honetan ezarritako betekizunak beteak izanik nekazaritza eta abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen baten bidez aitortu diren nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteak eta horien batasunak edo federazioak erregistratzeko, zeinei erregistro-zenbaki bat esleituko baitzaie.

  5. Inskripzio-liburuak honako datu hauek jasoko ditu idatziz:

    Nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteen eta horien batasun edo federazioen izena, helbide soziala, erakunde mota eta identifikazio fiskaleko kodea.

    Jarduteko lurralde-eremua.

    Sozietatearen helburua.

    Erakundea noiz eratu zen, eta aitorpena noiz jaso zuen.

    Kideen kopurua, sexuaren arabera bereizita, eta zuzendaritza- eta gobernu-organoen osaera.

    Hasiera batean erregistratutako datuetan egindako aldaketak eta, halakorik balego, egindako ezerezteak eta ezerezte horien data.

    Erregistroaren arduradunak emango die inskripzioaren berri bai nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteei bai elkarteen batasun edo federazioei.

  6. Inskribatzen diren nekazarien eta baso-ekoizleen elkarteek eta horien batasun edo federazioek eguneratuta eduki beharko dituzte erregistroko datuak; horretaz gain, elkarteko estatutuak aldatuz gero edota zuzendaritza-organoak edo kideak aldatuz gero, aldaketa horien berri eman beharko diote arduradunari.

  1. Dekretu honen eranskinean, elkarrekin eginiko merkaturatzearen eta ekoizpenaren gutxieneko negozio-bolumenak ezartzen dira, baita produktu bakoitzerako edo produktu-multzoetarako elkartean egon behar duten kideen gutxieneko kopurua ere, ekoizleen elkarte edo erakundeentzat zein horien batasun edo federazioentzat.

  2. Nekazaritzaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren agindu baten bidez, elkarrekin eginiko merkaturatzearen eta ekoizpenaren gutxieneko negozio-bolumenak ezarri ahalko dira, baita beste produktu batzuetarako edo produktu-multzoetarako elkartean egon behar duten ekoizleen gutxieneko kopurua ere. Halaber, agindu horretan aldatu egin ahalko dira elkartean egon behar duten ekoizleen gutxieneko kopurua eta bolumenak, aurreko apartatuko eranskinean ezarriak.

  1. Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen sailaren titularraren agindu baten bidez, dekretu honetan ezarritakoaren arabera aitorpena lortu duten nekazari eta baso-ekoizleen elkarteak eta horien batasun edo federazioak eratzeko eta/edo horien funtzionamendurako laguntzen deialdia egin ahal izango da.

  2. Aurreko apartatuan aurreikusitako laguntzak gai honi buruz aplikatzekoak diren araudian edo Europako erabakietan ezarritakora egokitu beharko dira.

  3. Ezartzen diren laguntzak bateragarri izango dira edozein administrazio publikok nahiz entitate pribatuk ematen dituen laguntzekin, emandako diru-laguntza guztiak batuta aipatutako aginduan ezarritako mugak gainditzen ez badira eta hori Europako araudiarekin bateragarria baldin bada.

Dekretu hau indarrean jarri baino lehen aitortu diren nekazarien elkarteak eta horien batasunak dekretu honetan ezarritako araubideari egokitu beharko zaizkio, dekretua indarrean jartzen denetik kontatzen hasi eta gehienez ere sei hileko epearen barruan.

LEHENENGO XEDAPEN INDARGABETZAILEA. 13/2004 Dekretua, urtarrilaren 20koa.

Indargabetuta geratzen da 13/2004 Dekretua, urtarrilaren 20koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazarien Elkarteei eta horien Batasunei buruzkoa.

BIGARREN XEDAPEN INDARGABETZAILEA. Garatzeko aginduak.

Indarrik gabe geratzen dira agindu hauek, zeinen bidez ezartzen baitziren gutxieneko negozio-bolumenak eta ekoizle elkartekideen gutxieneko kopurua:

  1. Agindua, 2014ko abenduaren 19koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinen bidez ezartzen baitira gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-kopurua eta elkartutako ekoizleen gutxieneko kopurua, giza kontsumorako lekaleen sektorean diharduten Nekazarien Elkarte eta horien Batasun gisa aitortuak izateko.

  2. Agindua, 2014ko apirilaren 9koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinen bidez, batetik, ezartzen baita gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-bolumena, eta baita ekoizle elkartuen gutxieneko kopurua ere nekazarien elkarte gisa aitortua izateko txerriaren sektorean, eta, bestetik, aldatzen baita 2010eko azaroaren 24ko Agindua, gutxieneko ekoizpen- eta merkaturatze-bolumenari dagokionean, eta baita ekoizle elkartuen gutxieneko kopuruari dagokionean ere, nekazarien elkarte gisa aitortua izateko ardi-esnearen sektorean.

  3. Agindua, 2012ko uztailaren 4koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, gutxieneko produkzio- eta negozio-bolumenak eta gutxieneko ekoizle elkartekide kopurua ezartzen dituena, hain zuzen ere, zerealen sektorean Ekoizpena Elkarrekin Merkaturatzen duten Nekazari Elkarteak delako izendapena jasotzeko.

  4. Agindua, 2011ko ekainaren 10ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, gutxieneko produkzio- eta negozio-bolumenak eta gutxieneko ekoizle elkartekide kopurua ezartzen dituena, hain zuzen ere, haragitarako behi-aziendaren sektorean Ekoizpena Elkarrekin Merkaturatzen duten Nekazari Elkarte eta horien Batasunak delako izendapena jasotzeko.

  5. Agindua, 2010eko azaroaren 24koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, gutxieneko produkzio- eta negozio-bolumenak eta gutxieneko ekoizle elkartekide kopurua ezartzen dituena, hain zuzen ere, ardi- eta ahuntz-okelaren, eta ahuntz-esnearen sektorean Ekoizpena Elkarrekin Merkaturatzen duten Nekazari Elkarte gisa aitortua izateko.

  6. Agindua, 2008ko ekainaren 30ekoa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, hazitarako patata-ekoizleen elkarteak aitortzeari begira gutxieneko ekoizpen- eta negozio-kopurua eta elkartutako ekoizleen gutxieneko kopurua aldatzekoa.

    AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA. Garatzeko ahalmena.

    Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren alorrean eskumena duen sailaren titularrari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko.

    AZKEN XEDAPENENETATIK BIGARRENA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteizen, 2018ko urtarrilaren 30ean.

    Lehendakaria,

    IÑIGO URKULLU RENTERIA.

    Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

    MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

    (Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (12)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.