Argitaratzea data-mota: 2013/03/16

OREGIK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA PROPOSATU DU PENINTSULARA SARTZEKO BASE LOGISTIKOTZAT

Jundiz, Foronda, Arasur, aireportuak, Pasaiako eta Bilboko portuak, Lezo, euskal trenbide-sare berria eta E5 europar bidearen konexioak Europako hego-mendebaldeko operatibotasun estrategikoan sartzen dira

Ana Oregik Ana Pastor ministroari bidalitako txostena, Espainiako Plan Logistikorako

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren ustez Euskal Autonomia Erkidegoak (baita EAE biltzen duen Akitania/Euskadi euroeskualdeak ere) egiteko oso garrantzitsua beteko du Sustapen Ministerioa prestatzen ari den penintsularako plangintza logistiko berrian.  Ana Pastor ministroari igorritako txosten batean, Oregik dio “Euskal Autonomia Erkidegoak ahalegin handia egin duela azpiegiturak definitzen eta eraikitzen, eta azpiegitura horiei guztiei balioa emateko unea iritsi da, modu koordinatuan, izaera multimodala nabarmenduta eta haien arteko sinergiak sortuta Europako sare handien barruan”.

 Oregik zera proposatu dio Pastorri, Espainiako “Plan Logistikoa” osatzeko garaian kontuan izan ditzala “Arabako poligono logistikoek eskaintzen duten potentzialtasuna; mugaren bi aldeetako euskal aireportuen, trenbide-sare berriaren eta Bilboko nahiz Pasaiako portuen osagarritasuna; eta E5 europar bidea EAEko autobide eta autobietatik igarotzen dela”.

Otsailaren 28an, Ana Pastor Sustapeneko ministroak logistikaren arloko politika eta estrategia koordinatuak aurkezteko eskatu zien autonomia-erkidegoetako ordezkariei. Ministerioak abiarazitako Unitate Logistikoaren bilkura horretan, “administrazioen arteko lankidetza-esparrua” oso garrantzitsua dela nabarmendu zuen Pastorrek, “logistika optimizatu eta berritzaile, iraunkor eta lehiakor izan dadin lortzeko, betiere koherentzia eta koordinazioa bermatuta”.

 Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Sustapen Ministerioaren logistikaren eremuko optimizazio-estrategiarako egin duen ekarpena Oregik igorritako txostenean biltzen da eta, horren arabera, “Euskal Autonomia Erkidegoren kokapen geografikoa kontuan izanik, nahitaezko igarobidea da Arku Atlantikoko azpiegituren nazioz gaindiko ardatz nagusien barruan, Ardatz Atlantikoaren funtsezko lotura eta intermodalitate-puntu baita, bai dituen azpiegiturengatik, bai fatxada atlantikorako sarbidea eskaintzen duelako itsasoz. Halaber, Mesetatik Europarako bidean nahitaezko pasabide da eta hainbat autonomia-erkidegorentzat eta Portugalentzat Europar Batasunera iristeko sarbide ere bai”.

 “Laburbilduz, –azaldu du Ana Oregik- Euskal Autonomia Erkidegoa Europar Batasunaren Garraio Sarearen (RTE-T) barruan dago; beraz, ezinbestekoa da salgaiak garraiatzeko premia horri aurre egiteko azpiegiturak prestatuko dituzten politikak aktibatzea”. Bere ustez, “hasteko, Euskal Autonomia Erkidegoan garraio-azpiegituren sarea oso garatua dago eta, gainera, orain euskal Trenbide Sare Berria ere badagoenez, garraio-sistema globalaren konfigurazioa errotik aldatuko da. Trenbide Sare Berria mistoa da, bidaiarientzat eta salgaientzat. Hartara, Europatik datozen eta Europara doazen salgaien garraiorako ahalmen handiko azpiegitura dela esan dezakegu. Dena dela, Euskal Autonomia Erkidegoko garraio-sistemari balio berezia ematen diona ez da soilik Trenbide Sare Berria (nahiz eta erabakigarria den), baizik eta erabilgarri ditugun azpiegitura guztien multzoa”.

 Euskal potentzial logistikoa

EAEren potentzial logistiko hori tren-sektorean laburbiltzen da, ohiko zabalerako trenbide-sarean, Irun – Madril linean, zabalera aldatuta Europarako sarbidean, eta Bilbo – Miranda de Ebro – Castejon/Zaragoza linean. Zabalera metrikoko trenbide-sarea: Bilbo–Hendaia, Bilbo–Kantabria/Asturias/Ferrol eta Bilbo–Leon.

 Errepide-azpiegiturei dagokienez, A-1 / AP-1 Madril – Irun ardatza; A-68 Korridore Atlantikoa – Ebroren Harana: Bilbo – Zaragoza – Bartzelona; eta A-8: Galizia-Asturias-Kantabria-Euskadi-Akitania Kantauriko Korridorea. Portu-azpiegituren kasuan, Bilboko, Pasaiako eta Bermeoko portuak aipatuko ditugu, eta karga-aireportua Gasteiz – Forondako pista luze eta modernoei dagokie.

 Sailburuak, Eusko Jaurlaritzaren 2002 – 2012 Garraioaren Gidaplanean oinarrituta, Salgaien Garraio Foroa indartzeko jardunak nabarmendu ditu, foro horretatik plataforma logistikoei buruzko ekimen zehatzak sortu diren aldetik. “Plan horren jarraibideetan oinarrituta, Eusko Jaurlaritzak horrelako azpiegitura logistikoak abiarazteko politikak gauzatu ditu eta, Abiadura Handiko Trenbidearen garapenarekin loturik, hainbat kokapen-azterketa egin ditu intermodalitatea abiapuntu hartuta; lurralde-integrazioari buruzko azterketak ere egin ditu plataforma logistikoen sarea kokatzeko kokaleku onena zehaztearren”.

Sustapen Ministerioa prestatzen ari den Plan Logistikorako egin duen ekarpenean, Eusko Jaurlaritzak eskualde arteko lankidetzarako Europako politikak azaldu ditu eta EAPL (Euskadi–Akitania Plataforma Logistikoa) nabarmendu du; izan ere, bi eskualdeen arteko lankidetza eta baterako lana bultzatzea du xede, plataforma logistiko intermodalak indartzearren. Gaur egun, erakunde hori Akitania – Euskadi euroeskualdean txertatu da; euroeskualdearentzat, Ardatz Atlantikoaren barruan garraioa indartzea eta salgaien Europako korridoreak helburu nagusiak dira.

 Era berean, Gasteizko Jaurlaritzak CFA-EFFIPLAT proiektua ere nabarmendu du; Eusko Jaurlaritza buru izanik, Arku Atlantikoko autonomia-erkidegoak eta eskualdeak (Galizia, Asturias, Kantabria, EAE, Nafarroa, Akitania, Bretainia, Región Do Centro) biltzen dira proiektuan, besteak beste, honako hauekin: Pasaiako Portua, ADIF eta Irlanda Hegoaldeko Esportatzaileen Elkartea. Proiektuaren helburua zera da, Salgaien Korridore Atlantiko Iraunkorra sustatzeko eta garatzeko sarea sortzea. 1,3 milioi euroko aurrekontua du eta INTERREG IV-B Gune Atlantikoa Erkidegoko ekimenaren barne-konexioak eta irisgarritasuna hobetzeko 3.1 lehentasunean sartzen da.

 Jundiz eta Arasur

Oregik Pastor ministroari adierazi dio “Eusko Jaurlaritzaren nahia dela Euskadi salgaien nazioarteko garraioaren nodo logistiko bihurtzea, Bilboko portua (hegoaldeko tren-saihesbidea), Pasaiako portua eta Jundiz–Foronda, Arasur eta Lezo–Gaintxurizketa proiektuetan oinarritutako plataforma logistikoen sarea biltzen dituela”. Jundizeko eremuaren guztizko area gordina 2.200 x220 metrodira, hau da, 48 Ha-ko azalera garbia. Gasteizko hirigunetik 6 km-ra egonda, Jundiz komunikazioetarako puntu estrategiko batean kokatuta dago, A-1 eta N-1 errepideetarako eta E-70 Madril-Paris errepideen Europako ardatzerako zuzeneko sarbideak dituelako; Madril–Hendaia-Paris zabalera iberikoko trenbidea eta Forondako aireportua ere gertu ditu, A-1 autobidearen bitartez iristen da Forondara. Aireporturako 2 kilometroko distantzia du, lerro zuzen bat eginez gero.

 Halaber, Arabako hegoaldean dagoen Arasur plataforma proposatu du Oregik (Rivabellosa eta Miranda de Ebrorekin batera) “kokaleku estrategikoa delako eta Iberiar penintsulako industrialde nagusietako baten erdi-erdian dagoelako, 100 kilometroko erradioan 4,5 milioi biztanle baino gehiago dituela”. Zentro horrek guztira 200 hektareako azalera du eta nabe logistikoen milioi1 metrokoadro baino gehiago, Portugal, Mediterraneoa eta Espainiaren ipar-mendebaldea eta erdialdea lurretik Europarekin lotzen dituen nodo nagusietako baten ardatz garrantzitsuenean, eta Europar Batasuneko salgaientzako tren-korridoreen katalogoaren barruan kokatuta dago”.

 “Madril-Irun-Paris, Lisboa-Irun-Paris, Bilbo-Bartzelona eta Madril-Bilbo lineekiko trenbide-konexioei esker, Arasurrek gune ezin hobea eskain diezaieke Meditarrenoko eta Atlantikoko itsasertzeko portuei kargak finkatzeko eta gerora nazioko, Europako eta Magrebeko merkatuetan banatzeko” azaldu dute Eusko Jaurlaritzaren txostenean. Arasur plataforma multimodala errepide- eta trenbide-azpiegituren bidegurutze bikoitz batean kokatuta dago eta puntu egokiena da intra eta intermodalitaterako; halaber, zabalera iberikoa duten Irun – Madril eta Bilbo –Zaragoza tren-lineen arteko konexio-puntu ere bada. Errepide-azpiegiturei dagokienez, Arasurren A-1 / AP-1 Irun – Madril errepideak eta AP-68 Bilbo – Zaragoza errepideak bat egiten dute; beraz, Espainiako eta Europako hiriburu nagusiekin loturik dago E-70 eta E-80 errepideen bitartez. Bilboko eta Pasaiako portuetara eta EAE osoko portuetara sarbide pribilegiatua ere badu, Ebroko ardatzerantz. “Era berean, –dio Ana Oregik txostenean- Rivabellosan dagoen Talgo enpresaren lantegi garrantzitsua ere bertan dago”.

Lezo-Gaintxurizketa

Lezo - Gaintxurizketa (Gipuzkoa) plataforma logistikoa Salgaien trenbideko garraioa bultzatzeko Planean (2011ko maiatza) sartu zen; plan hori Garraio Sektorearen Biltzarrak onartu zuen. Europar Batasuneko salgaientzako tren-korridoreen katalogoan sartuta dago eta Pasaiako portuaren ondoan kokatuta. Euskal Trenbide Sare Berria abiarazten denean, plataforma logistiko horretan bat egingo dute honako hauek: alde batetik, Zabalera bikoitzeko (iberikoa – UIC) Sarearen trenbideak eta, beraz, Europako trenbide-sarearekin lotuta geratuko da; eta, bestetik, Euskal Trenbide Sarearen Sare metrikoa, Kantauri itsasoko ertzarekin eta Leonekin komunikatzen duena.

 Errepide-azpiegiturei dagokienez, Lezo-Gaintxurizketak sarbideak ditu honako errepide hauetara: Paris–Madril (N-1 eta A-8/AP-1) ardatzera; Bilbo, Kantabria eta Asturiaserako A-8 autobidera; eta Nafarroarako eta Ebro Haranerako sarbidea ere badu, Donostiako bigarren saihesbidetik eta A-15 errepidetik.

 “Lezo tren-aldaketa intramodalak egiteko puntua izango litzateke hiru zabaleratan (iberikoa, UIC eta metrikoa), Pasaiako portuko trafikoa hobetuko luke eta tren-garraio iraunkorraren garapenarekin bateragarri izatea bermatuko luke; izan ere, Pasaiako Badia eraberritzeko faktore lagungarria izango litzateke eta salgaien errepidezko trafikoa trenera igarotzea ahalbidetuko luke, Ipar – Hego ardatz baten barruan eta Nafarroa–Ebro Harana alderantz. Orobat, nazioarteko garraio-kate intermodalerako sarbidea hobetuko litzateke” adierazi du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.

Ministerioaren lanari egindako ekarpenetik Oregik nabarmendu duenez, “horretaz gain Lezo–Gaintxurizketa eremuan kokatzea Sustapen Ministerioak egin dituen azterketa osagarrien ondorio da, EAEko Trenbide Sare Berriari dagokionez. Azterlan horien arabera, mugaz gaindiko salgaien sarea Gipuzkoako ipar-ekialdean kokatzea komeni da, abiadura handiko sare berriaren osagarri, eta horrek ekarriko dituen aukerak eta bultzada baliatuta”.

Lankidetza

“Hiru plataforma logistikoek (Jundiz-Foronda, Arasur eta Lezo-Gaintxurizketa) potentzial izugarria eskaintzen dute benetan multimodalak direlako, Europa barneko garraio-sarean kokapen estrategikoa dutelako eta jada eginak eta erabilgarri dauden azpiegiturak optimizatzen direlako” ziurtatu du Oregik.

 Eusko Jaurlaritzako sailburuaren ustez “ezinbestekoa da plataforma horiek logistikaren arloko Optimizazio Estrategia baten osagai garrantzitsu izatea, jada hedatuta edo burutzeko zorian dauden azpiegiturak direlako eta laster faktore erabakigarri baten laguntza ere izango dutelako, hau da, Trenbide Sare Berria. Eusko Jaurlaritzatik, lankidetzan jarduteko prestasun osoa adierazi diogu Sustapen Ministerioari, plataforma logistiko horiek ahalik eta gehien optimizatzeko eta salgaien trafikoari ekarpen eraginkorra egiteko bai Estatuan, bai fatxada atlantiko osoan eta Europa barneko garraio-sarean”.

 Autonomia-erkidegoetako administrazioek asteburu honetan egin dituzten ekarpenekin, Sustapen Ministerioak “Optimizazio Estrategia bat" eratuko du; estrategia horretan, “erregulazioarekin loturiko alderdiak hartuko dituzte kontuan, baita Espainiako mapa logistikoa esaten dioten horren optimizazioaren eta zerbitzuen kudeaketarekin loturikoak ere”.