Liburu osoa (pdf, 13,14 MB)
Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> ...

eUsKaldUnON ALbiSte - HIstORia 1

Enma Zorn läsande, Anders Zorn 1887

Euskarak euskaldun egin gintuen. Euskaraz gure gorabeheren berri emateak herri bihurtu gintuen. Momentuko gertakizunak, denborarekin, historia bihurtzen dira. Batzuetan, gainera, historiari protagonismoa irabazi eta titulu, argazki edo marrazki batekin garai jakin bat ilustratzen da. Horrela, kazetaritzak ere historia egiten du. Gure aldizkarien izenak historian txertatu ziren eta, bide batez, egungo hedabideentzako bidea hasi zuten.

Irakurtzea beharra da

Euskal hiztunok hizkuntzatik sortutako albiste propioak ezagutzeko beharrizana sentitzen dugu, definitzen gaituenaren norabidea jakin nahi dugu. Ezinegon komunak partekatzen ditugu eta, horregatik, biziproiektu bera aurrera ateratzeko lanean gabiltza: herria. Kazetari eta irakurleak lan horren zati dira. Horrela ulertu zuten orain bi mendeko euskaldunek eta, haiek orduan egindako lanari esker, “izan zirelako gara” esan dezakegu. Ikus dezagun nolakoa zen orduko euskaldunen herria, ezagut dezagun euskaldunon albiste-historia.

Euskal Herria bere inguruko herriak baino geroxeago sartu zen kazetaritzaren munduan. Euskaraz emandako lehen albistea 1766koa da. Frantziako Errege Luis XVI.aren aitaren heriotzaren berri emateko, frantsesez idatzitako bederatzi orriko itzulpena da. Honela zuen euskarazko titulua: “Jaun Dauphin cenaren eritassuneco circonstancia berecien errelacionea, haren coffesorac arguitarat emana”. Baionan argitaratuta, lapurteraz idatzita, Iparraldeko euskaldunek Frantziako erregearen aitaren azken egunak nolakoak izan ziren jakin ahal izan zuten. Orduan ez zegoen euskara idazteko araurik, jakina. Horregatik, ezina ekinez egina pentsatuko zuketen, eta euskaldunon hizkuntza kazetaritzara gerturatzeko ahaleginek denborarekin hizkera berezia sortzeko lehen urratsa eman zuten. Orduko euskarak idazteko araurik finkatuta izan ez arren, bere helburua bete zuen. Errelazioak noizbehinka argitaratutako orriska batzuk ziren eta euskaraz kaleratutako lehen honek ere bere eginkizuna bete zuen. Horrela, Ipar Euskal Herriko euskaldunek Frantziako Erregearen heriotzaren circonstancia haiek ezagutu zituzten:

Ene desseinua ez da, agueri den beçala, Juan
Dauphinaren historia iscribatcea […]. Contentatuconaiz
explicatceaz, manera simple eta lano batean, haren
azquen circonstantia bereciac […].
Abendoaren hamabortcetic hamaseiraco gaüa hainitz
içan-cen tcharra. Printceac erakharri-ninduen goiceco
sie orenetan, eta nahi-içan-çuen iaquin ene ganic cer
cioten haren estatuaz.

Frantziako Errege Luis XVI.a

Luis XVI.a Frantziak izandako azken erregea izan zen. Ondoren, 1789ko Iraultzak Frantziako Errepublika ezarri zuen. Iraultzak politika aditzeko beste aukera bat zabaldu zuen: Konstituzioan oinarritutako legeak eta Gizakiaren Oinarrizko Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapena. Euskaldunontzat, hala ere, XIX. Mendea bereziki latza izan zen. Napoleon Bonaparte 1804. urtean Enperadore izendatu eta gero, Espainia inbaditu eta bi herrien arteko gerra Euskal Herrian ere gauzatu zen. Esaterako, Donostiak 1813ko abuztuaren 31n su hartu zuen.

Napoleonen aurkako guda garaitu izanak Espainian Fernando VII. Erregeari boterea eman zion. Hura hiltzean, haren ondorengoa nork izan behar zuen erabakitzeko, beste guda bat ekarri zuen. Hego Euskal Herrian bereziki bortitza izan zen. Alde batetik, karlistak zeuden, Karlosen aldekoak: Euskal Herriko foruak eta Jaungoikoa defendatzen zituena, antzinako erregimena, hain zuzen. Bestetik, liberalak zeuden, Isabel Erreginatzat hartzen zutenak eta Frantziako 1789ko Iraultzaren printzipioengatik borrokatzen zirenak: askatasuna, anaitasuna eta berdintasuna (orduan gizon dirudun batzuek bakarrik botoa eman ahal zuten, gogoratu).

Hego Euskal Herriko herri xehearen hizkuntza euskara zen. Horregatik, XIX. mendeko karlistek eta liberalek, biek ala biek, herriaren babesa berenganatu nahi zuten. Horretarako, herriari bere hizkuntzan berba egin behar izaten zioten. Karlistek elizako pulpitua erabiltzen zuten moduan, liberalek euren ideiak zabaltzeko aldizkaririk argitaratu nahi izan zuten. Euskarazko argitalpena kaleratzeko Espainiako Isabel II. Erreginaren baimena eduki arren, erdarazko aldizkaria plazaratu zuten 1834an: El Correo del Norte. Zergatik? Horra hor euskaldunon aspaldiko eztabaida. Euskaraz ala erdaraz? Euskaldunontzat ala erdaldunontzat? Euskaldunok erdaraz badakigu, euskaldun ala erdaldunak gara? Idaztean hizkuntza horren etorkizuna bermatzen ari gara. Orduan, zer garen baino, zer izan nahi dugun pentsatu behar dugu. Horregatik, XIX. mendean kazeta erdalduna kaleratu zutenak euskaldunak ziren, jakina, eta, horregatik, euskaldunei zuzendutako mezuak euskaraz idazten zituzten, gipuzkeraz honakoa:

“Erritar maiteac, zuben biziyac eta zubec dezuten guzia
galdutzera zuazte, ez sinistu esan disquitzuten gaucic.”

(El Correo del Norte, 1834ko maiatzak 5, Doako gehigarria)

Hortaz, euskara hutsezko lehen aldizkaria Iparraldean (pdf, 69,96 kB) plazaratu zuen Agosti Xahok, 1848an: Uscal Herrico Gaseta. Zergatik euskaraz? Zergatik izen hori? Irakur dezagun bere azalpena:

“Gaseta hounen hastiarequi, ezta tchipi içan goure
embrassia, eïa çouin herri edo probincitaco Uscaraz,
Escaraz, Eusqueraz edo Hescuaraz haïtu eguin
behargunian izquiribatceco. hasteco, cer icen emanen
dugu egun finitcen-den hilabeteari: Arramaïatça,
Ekhaiña, Errearoa?”

(Uscal Herrico Gaseta, 1848ko ekainak 30, 2. or.)

Uscal Herrico Gaseta

                                                                                                                                                        Hasiera

Euskarazko aldizkari bat aurrera ateratzeak, baina, euskararen orduko egoeraz jabetzera eraman zuen. Horregatik, euskara batuaren beharrizana jasota utzi zuen, euskaldun guztiek ulertuko zuten hizkuntza bateratua. Bitartean, hona hemen bere proposamena:

“Hobe liçate guisa-batez gouretaco, hobequi
counprenituric içateco, Uscara-bat-baïcic ezpaliz;
eta horren-gagnen, erran ahal dioquegu, goure
aberatstarçunian praübe guirela. Cer eguin? Ahal
beçala imprimatu, batian Ciberoutarra, bestian
Bache-Nabartarra, Laphourtarra edo Guipuzcoarra,
iracourçaliac Uscara subertiac oro balaquitça beçala,
eztaquitçanac ikhasbitça.”

(Uscal Herrico Gaseta, 1848ko ekainak 30, 2. or.)

Xaho politikaria zen eta euskaldunon botoa lortzeko aldizkari bat plazaratu zuen. Horregatik, euskaraz hitz egiten zien. Kazetan bere ideiak agertzen zituen:

“Bakhotchac bere oficio: apheça eliçan, redactorea bere
gasetan. Etcitiala ocupa goure mundu hountaco aferez,
nahi ezpaduçu çoure beste munduco eta Erreligioneco
sinhestiaz ocupa guitian. Gaseta eguile jalkhitcen bacira,
ni pheredicari bilha niteçu, eta beharbada, nour nahic
beçain ountsa erran dioquçut noun den Ifernia, noun
den Pharadusia.”

(Uscal Herrico Gaseta, 1848ko uztailak 25, 2. or.)

Bigarren zenbaki hori Uscal Herrico Gasetak argitaratu zuen azkena da. Bi zenbaki besterik ez zituen plazaratu. Hala ere, Xahok euskal kazetaritzari bide eman zion. Euskara hutsezko lehen aldizkariak Iparraldeko apaizen erantzuna ekarri zuen: almanaka xuriak. Almanakak ipuinak, laborarientzako aholkuak, efemerideak, anekdotak, erlijio-kontuak eta antzerakoak biltzen zituzten urtekariak ziren. Iparraldean, xuri ezizenarekin erlijioso eta kontserbadoreei esaten zitzaien. Gorriak, aldiz, errepublikazaleak eta liberalak ziren, 1789ko Iraultzaren aldekoak, baina Napoleon Enperadorearen aurkakoak. Irain moduan, xuriek gorriei sozialista eta komunista esaten zieten:

“Badira Francian ainhitz sistimetaco guizonac. Batzuec
deitzen dira comunistac. Hech nahi dute ontasun
guciac, bai eta emazteac eta haurrac oro comun izan
diten, batere bereciric gabe, batere ezcontzaric gabe;
guciac nahas mahas, familia bakhar bat baliz bezala
mundu gucian. Orduan buhameac eta salbaiac bezala,
ez, orduan alimaleac bezala guinitazke [...].
Berce batzu onheskichago dohatzi, eta deitzen dira
zocialistac. Hauc nahi lukete eguin dadin herri
bakhotchean granier comun bat, batera bilditezen
herrico bihi eta probisione guciac. Gobernamenduac
izan dezan ondasun gucien conduita [...]. Idurizaut
buhame edo salbai airebat behar dela gauza horren
gustatceco [...].”

(Escualdun Laborarien adiskidea eta Conseilaria presuna suerte gueientzat on dena, 1850).

                                                                                                                                                        Hasiera

Gorriek, erantzunez, haien almanaka propioak kaleratu zituzten. Almanaka xuri eta gorrien lehia luzea izan zen eta berrogeita hamar urtez luzatu zen. Hego Euskal Herriko almanakek, ostera, ez zuten politikarik agertu. Nekazari- kontuak azaldu zituzten, batez ere, bertso egituran sarritan. Honakoak, adibidez, bizkaieraz:

“[…] Aurtengo urte onec
asco emoteco.
Labrancia goxectic
ondo eguiteco.
Berandu dabillena
ezdala seguru
neure borondatia
onetara dozu.
Egurra ta icatza
gambaran daucanac
ahi ce aundija potza
echian sartubac.
Baña onetaraco
eguin aleguiña
cergaitic izango dan
guztien premiña.
Contuac etarai zus
cer esan nai dodan
aleguiñac eguizus
dempora onetan […].”

(Gorosabel, Josef: Eusquerasco, pronosticua milla ta zorcireun ta iruro gueiraco Vizcairaco, Guipuzcuaraco ta Aravaraco. Eta dá ateria icusbide luce batzuc daucazan Mendi altu batetic, derichona hermita bat Santa Eufemia. Eta da Medicua Arlabanco erditic. Aurtengo urteraco dauca epactida zazpi, 1859).

Euskal Herriko herrialde guztiek euskarazko prentsan euren ahalegina egin zuten eta, horregatik, euskalki gehienek agerpena izan zuten. Nafarroan, adibidez, Arturo Kanpionek (pdf, 501,34 kB) 1878an sortutako Revista Euskara. Euskarak aldizkariaren laurdena bakarrik hartzen zuen. Gainerakoa erdaraz argitaratzen zen.

The Difficult Lesson

Orreaga

Revista Euskara azala

Arabako euskara ere Gure Izarra Parisko astekarian jasota dago. Aldizkari hori 1888an martxan hasi zen eta berriemaile arabar batzuk zituen. Honela idazten zuten haien herrialdeari buruz:

“Araba probintzian, erri bic, iruc edo erri geyagoc
egitendute Ayuntamentu bat, Vitoriya, Salbaterra
eta beste errirenbat apartatu ezkero; Barrundiaco
Ayuntamentua amairu errirekin egiña dago. [...].
Emen ezdira falta tabernac eta dendac non boltza utza
ezduanac jan da eran eginlitekean. Ozaeta da bada
amairu erri oyetan buru izatea onduen mereciduan
erriya; besteac baño erri aundiagua da, gañera emen
bicida Medicua, lur neurtzallea, secretariyua, emen dago
botica eta emendic pasatzenda cochebidea Vitoriyara.
Emengo izketa edo itzmodua ezta ez euskera ez erdera,
emetic euskera igez egindu eta erdera ez da oraiñdic
allegatu: chapela chapel eta cherriya cherri, orra emengo
izketa.”

(Gure Izarra, 1888ko urriak 30, 1. or.)


                                                                                                                                                        Hasiera

XIX. mende latz horren azken adierazlea Ameriketara bizi hobe baten bila joandako euskaldun kopuru altua dugu. Estatu Batuetako Kalifornian finkatutako euskaldunek euskaraz irakurtzeko aldizkariak topatu zituzten. Martin V. Biscailuzek Escualdun Gaseta kaleratu zuen 1885ean. Euskal Herritik urrun, baina euskara eginkizun: zein hizkuntzatan argitaratu? Euskaraz, erdaraz ala ingelesez?

“Gaseta hunen eguileak iskiriatcen du Gazeta hau,
erakhusteko beste nasioner Escualdunak ser diren eta
ser eguiten ahal duten eta posible dela Escuaras ere
gazetaren eguitia edosoin beste lenguayas besen [...].
Gazeta hunen eguileak eguiten du gazeta hau kurio
sitates, seren eta frango aldis errana isanis Escuarasko
Gazeta bat es othesen eguiten ahal herri huntan. Orai
eguiten dut hau modeletsat. Ikhusten badut pagatuko
duela imprimatceko gastuyak astean behin eguinen dut
bat eta herriko berri gusiak emanen tut eta ere Estado
Unidocoak eta Europacoak [...].”

(Escualdun Gaseta, 1885eko abenduak 24, 1. alea, 1. or.)

Escualdun Gazeta

Euskarazko aldizkariak hurbileko gertakizunen berri ematen zuen. Azken batean, Kalifornian bizi ziren euskaldunek euren errealitatea interpretatzeko giltza izan nahi zuen, prentsa idatziaren helburu nagusia horixe baita. Horrela, Estatu Batuetako gertakizunak euskaraz azaltzen zituen, Gobernua kritikatzeko bazen ere:

“Hombeste urthe hotan Apache indio horiek
[Arizonakoak] harritceko da sombat malur eta crima
eguiten duten eta hala ere governuyak estu deusik
eguiten. Indiuek nehor harrapatcen dutelarik estute
beste nacionek besala hiltcen. Indiuek harrapatuta
buruko larruya kensen dute bisik direlarik eta
emastekiak igual tratatcen diuste berek nahi dutena
eguin onduan. Batzuetan buruco larruya kenduta
arboler estakuturik usten tuste. Haur tipiak berris,
sangotic har eta lurrari yoka hilsen tuste.”

(Escualdun Gaseta, 1885eko abenduak 24, 1. alea, 2. or.)

“Askenian hasi dira Washingtonen behien pushkabat
arghitzen [...]. Hombeste urthe hotan, General Crook
isenaduen imbecil, cobarde bati beha egon gira orai
arthan [...]. Espero dugu oraico aldian Gobernuyak
sanyatuco duen eta sarrico duen norbeit bere nacionia
errespetatcen duena.”

(Escualdun Gaseta, 1886ko urtarrilak 16, 3. alea, 1. or.)

Escualdun Gasetak hiru zenbaki bakarrik atera zituen. Argitalpen kostuak ordaintzeko behar beste harpidedun egingo zituela uste izan zuen Biscailuzek. Zoritxarrez, ez zen irakurleei esker irauteko moduko euskara hutsezko aldizkaririk suertatu: 75 harpidedun behar zituen. Horrek utzitako hutsunea San Frantzisko hirian Jean-Pierre Goitinoren California-ko Eskual Herriak bete zuen. Sorterritik urrun zeuden euskaldunon komunitatea osatzera etorri zen 1893an:

“Bertze nazione guziek beren gazetak badituzte eta gu
haimbertze garelarik hedatuak Pacifico-ko kostan ez
da yustu baizik yunta guiten denac berriketari baten
medioz. Gure intresak -hemen bederen- igualsuak dire
eta gure mintzo ederraren medioz bat bertzen herriak
yakiten ahal ditugu gure lekhutik hihuitu gabe [...].”

(California-ko Eskual Herria, 1. zenb., 1893ko uztailak 15, 1. or.)

California-ko Eskual Herria

                                                                                                                                                        Hasiera

California-ko Eskual Herriak (pdf, 2,08 MB) lau urtez, larunbatero, Far West-eko albisteak plazaratu zituen. Hortaz, bizimodu gogor hori ogibide zutenek aldizkarian ere parte hartzen zuten. Euren kezkak eta gorabeherak gutun bidez bidaltzen zituzten. Horren adibide Juan H. Aniotzbeherek Monterrey-tik bidalitako bertsoak ditugu:

“Artzainaren bizia da orai urrikaltzeko
Nehondik dirurik ezin atheratu gastuen egiteko
Ez ahalda bertze holako urtherik sartuko
Yaun Zerukoa da gutaz urrikalduko.”

(California-ko Eskual Herria, 1. zenb., 1894ko uztailak 7)

Euskal Herrian, bitartean, xuri-gorrien borrokak jarraitzen zuen Iparraldean. Gorriek, errepublikazaleek, Le Réveil Basque astekaria plazaratu zuten 1886an.

“Réveil Basque da jurnal bat sinheste guziak
errespetatzen dituena, errelijioneari batere gerlarik egin
gabe. Nahi du bakea eta unionea; nahi du Frantziaren
handitasuna ta fortuna; ezin gehiago da atchikia
Frantziari eta Eskual Herriari [...].”

(Le Réveil Basque, 1887ko urtarrilak 2, 1. or.)

Henri-Martial Berdolyk, Departamentuko hautagaiak berak, aldizkaria sortu zuen. Astekari elebiduna zen: euskaraz eta frantsesez idatzia. Azken batean, Le Réveil Basque (pdf, 124,79 kB)errepublikazaleen bozeramaile bihurtu zen:

“[…] Dans le canton de St.-Palais, deux candidats se
trouvent en présence:
D’un côté, M. Diriart, réactionairen, partisan du régime
dichu que l’Assamblée nationale a déclaré ‘responsable
de la ruine et du démembrement de la France’.
De l’autre, M. Berdoly, ancien Sous-Préfet de Mauléon,
conseiller municipal de St.-Palais, candidat designé
pur le Congrès aux élections législatives du 4 octobre
dernier [1885]. M. berdoly est sostenu énergiquement
par tous les républicains du canton, au nombre desquels
Mr. Baratchart, maire de St.-Palais, Président du
Comité républicain, et Mr. Posper Pradet-Balade (…).
Ez sinhets diotenac Murde Berdoly errelijionaren etsaya
dela. Gezurra diote! (…).
Ez sinhets erreiten dutenac Murde Berdoly
errebouzioneco gizona dela, familiaren eta hontasunaren
etsaya. Gezurra diote! (…).”

(Le Réveil Basque, 1886ko uztailak 11, 1. zenb., 1. or.)

Le Réveil Basque

Le Réveil Basquerekin lehian aritu zen xurien aldizkariak Eskualduna izena zuen. Azken hori 1887an sortu zen eta euskarazko argitalpenik iraunkorrena bihurtu zen. Gainera, oso zabaldua ere bazen eta hainbat irakurle zituen. Hamaboskari moduan hasi bazen ere, laster astekari maiztasuna hartu zuen. Bere mezua, esan bezala, guztiz kontserbadorea zen. Honela laburbiltzen zuen orduko egoera politikoa:

“Europako populu guciac gidatiac izan dira Erregez
edo Emperadorez [...]. Ochala! Guc ere Errege edo
Emperadore bat bagindu gidaritaco! Bainan, ehun
bat urthe huntan, Frantzia gaichuac ikhusi ta hirur
erreboluzione izigarriez bere Erregue edo Emperadore
maiteac desterratuac, eta heien plazan hirur
Errepublica.
Bethi eta bethi Frantziaren caltetan izan da, ezic
Errepublicac ez daucu ekharri nahaskeria, inyustizia eta
miseriaric beizic.”

(Eskualduna, 1887.eko urriak 24, 18. zenb., 1. or.)

Frantziako Errege Luis XVI.a

Jean Hiriart-Urrutik (pdf, 1,17 MB) 1891n Eskualduna zuzentzeko lanari ekin zion. Berarekin ere, aldizkariak bere hiru zutabeei eutsi zien: erlijio katolikoa, familia eta tradizioa. Bere zuzendaritzapean, Eskualdunak markarik onenak lortu zituen: 1907an, 7.000 ale saltzen zituen Ipar Euskal Herrian soilik.

                                                                                                                                                       Hasiera

Aurkezpena | 1 >> 2 >> 3 >> ...