Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Kide anitzeko organoek gobernantza publikoan betetzen duten rola

egilea: Mónica Soto del Río, 

Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen  7. artikuluan aholku-organoak arautzen dira eta, arautu ere, hirugarren atalean, administrazio publikoetako kide anitzeko organoak arautzen dira:

Kide anitzeko organo asko eta asko eta desberdinak dira zenbait eremutan (jarduketa-eremua, kide-kopurua, osaketa, izaera, tipologia, funtzioak...), eta mekanismorik ohikoenak dira bai Euskadin eta bai ingurumarietan, administrazio publikoen artean koordinatzeko eta herritarrek administrazio publikoetan iraunkorki parte hartzeko. Maiz, partaidetza-estrategia gisa sortu dira pasa den mendeko laurogeiko hamarkadatik, gobernu-maila guztietan, eta gobernuen eta elkarteen arteko solaskidetza-era nagusia izan dira.

Hala ere, ez dugu aurkitzen organoon funtzionamendua, jarduera eta politika publikoetan duten eragina aztertu eta ebaluatzeko prozesu askorik; era berean, ez dute merezi izan, oro har, komunikabideen arreta, eta, nahiz eta, azken urteetan, gardentasunaren eta publizitate aktiboaren gaineko politikak gero eta ikusgarriagoa egiten ari diren administrazio publikoen jarduera, esan dezakegu lana dagoela egiteke gai horri dagokionez, garrantzitsuak diren arren prozedura askotan eta politika publikoen gaineko erabakiak hartzeko garaian.

Dena den, ebaluaziorik egin ez den arren eta eszeptizismoz sarritan ulertu arren kide anitzeko organoek izaera formal handia dutela, ez dira bazter utzi.

Izan ere, aspaldidanik kezkaz uste izan da kide anitzeko organoek gehiegizko neurria dutela, larregi direla, zalantzan jarri dira haien efikazia eta efizientzia, bai eta politika publikoak diseinatzean, betearaztean eta ebaluatzean duten benetako eragina ere.

Azken urteetan, 2015etik aurrera batez ere, estatuko tokiko korporazio batzuk planak ari dira garatzen organoon funtzionamendua berpizteko eta berraktibatzeko, beraz, organoon azterketa Gobernu Irekiaren III. Planaren barruan dago, eta Ikasketa Politiko eta Konstituzionalen Zentroa (CEPC) ari da garatzen plan hori.

Arestiko esperientzia hurbila dugu Ikerketako Estatu Idazkaritzaren I+G+b Plan Nazionalaren assoDEM[1] proiektua. Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) Gizarte Ikaskuntza Aurreratuen Institutua (IESA) ari da garatzen proiektu hori, partaidetza-kontseiluek administrazio publikoen mailetan (estatukoak, autonomia-erkidegoetakoak eta tokikoak) duten funtzionamenduari buruz.

Kide anitzeko organoak eta maila askoko gobernantza Euskadin 

Kide anitzeko organo asko sortu dira Euskadiko gobernu-mailen arteko  erakundearteko koordinazioa gauzatzeko, herritarren partaidetzarekin edo partaidetzarik gabe.

1994an, Administrazio Publikoa Arrazionalizatu eta Hobetzeko Batzordearen (CORAME) txostenean, Jaurlaritzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren antolamendu-egitura berritzeko zenbait neurri proposatu ziren; hauxe, besteak beste: “batzorde-kopurua gutxitzea eta euren funtzionamendua arrazionalizatzea" (3.2. kapituluko 13. neurria: “Antolakuntza-egiturak sinplifikatzea”).

Txosten horretan honako hau proposatzen zen: “egungo batzorde batzuen ordez, koordinazio-mekanismo erraz eta azkarrak ezartzea”. Bertan ere honako hau aipatzen zen: “egon badago egungo funtzionamendua hobetzeko aukera handia”. Halaber, honako orientazio hauek eman ziren:

  • Kide anitzeko organoen osaera doitzea.
  • Batzordeei erabakimena ematea
  • Bileren prestaketa eta jarraipen hobea bermatzea
  • Sailen eta administrazioen arteko koordinazio ona bermatzea eta euren arteko komunikazio iraunkor eta azkarra sustatzea, eta beharrezkoa den neurrian soilik sortu behar dira aldi baterako lantaldeak edo lotura-mekanismo formalizatuak.
  • Batzorde eta komiteen indarraldia aldi baterakoa izatea, koordinazio-beharrizan benetakoa denean soilik

2006an, Gobernu Kontseiluaren erabakia, gobernantzaren oinarrizko lerro estrategikoez Euskadin: "politika publikoetarako berrikuntza- eta ebaluazio-eredu bat Euskadiko Administrazio Publikoan". Bertan, III. jarduketa-ardatza azaltzen zen: Euskadiko administrazio publikoak EAEko gobernantzari eginiko ekarpena: plangintza orokorra erakundearteko eremura hedatzea, kohesio-tresna gisa (Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua).(…)

Legealdi horretan ere, Eusko Jaurlaritzaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko hitzarmenak Euskal Autonomia Erkidegoko gobernantza-sistemarako hausnarketa, 2007ekarri zuen, non kontu bera aipatzen baitzen gobernantza-ereduaren arkitekturaren gakoen eta gobernantzaren EAEko sistemaren nahitaezko koordinazioaren artean.

2010ean, Gobernu Kontseiluak 2010eko otsailaren 9an hartutako erabakiaren ekimenez eratutako lantaldeak “Egungo arau-esparruari eta kide anitzeko organoei buruzko hausnarketa-agiria" egin zuen. Xedapen arautzaile orokorrak egiteko prozeduretan kide anitzeko organoek xmandako txostenei dagokienez (organo horien txostenik gehienak), lan-talde horrek neurri eta gomendio batzuk eman zituen, eta indarra dute gaur egun, beraz, plan honetan jaso dira.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legea onartu izana erabakigarria izan zen topatze-, erabakitze eta hitzartze-foroei dagokienez, foro horien helburua administrazioen arteko koordinazioa egikaritzea eta aktore publiko batzuengan eragina duten politikak diseinatu eta inplementatzeko adostasuna erraztea baita.

Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseilua lege horren 83. artikuluan sortu zen eta, parekotasunez, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru erakunde-mailetako ordezkariak biltzen ditu. Besteak beste, eginkizun hauek hartzen ditu bere gain “administrazioen arteko elkarlana eta informazio-trukea sustatzea, autonomia-erkidegoko administrazioaren, foru-aldundien eta tokiko administrazioen artean”; “politika publiko sektorialez eztabaidatzea eta denen artean lantzea, eta dauden gobernu mailetan zer-nolako eragina duten ikustea”; eta “lankidetzarako eta, beharrezkoa bada, koordinaziorako sistemak sustatzea, dauden gobernu-mailetako politika publikoen kudeaketa integratua izan dadin”.

Aukera bat da, maila anitzeko osaerako topaketa- eta lankidetza-foroen konstelazioa berriz aztertzeko, izan ere, forook izaera desberdinekoak izan arren, orain arteko konfigurazioa antzekoa izan da, eta helburua maila anitzeko gobernantza arrazionalizatzea, sinplifikatzea eta gardenagoa egitea da, beharrezkoak ez diren errepikapenak saihesteko.

2/2016 Legea indarrean jartzeak Euskadiko Udal Kontseilua desagerraraztea ekarri zuen, baina era berean ekarri ahalko luke beste topaketa- eta lankidetza-foro batzuk desagertzea, horien eginkizunak Kontseilu berriak bereganatu ahal izan ditzan, errepikapenak saihesteko.

Kide anitzeko organoak eta gobernantzaren kanpoko dimentsioa: herritarrekiko harremanak, norbanakoen eta elkarteen dimentsiotik

Orain dela urte batzuetatik hona, kide anitzeko partaidetza-organoak sortzea da herritarrek (banaka edo elkarteka) politika publikoetan erabakiak hartzeko prozesuetan iraunkorki parte hatzeko era, prozedura batzuetan ezarritako entzunaldi-izapide eta jendaurrean jartzeko izapide klasikoetatik eta arestiagoko aurretiko kontsulta-izapidetik (kasu batzuetan, adibidez, izaera orokorreko xedapenen kasuan) haratago.

Ildo horretatik, kide anitzeko organoak garrantzitsuak dira edo izan beharko lirateke gobernantzaren kanpo dimentsioan, hau da, herritarrekiko harremanetan. Banaka nahiz taldeka gertatzen bada, elkarrekintza edo interakzio hori ardatz hirukoitz baten inguruan egituratu behar da: gardentasuna, partaidetza, planifikazioa-ebaluazioa.

Hiruki kontzeptual bat, ziklo koherente gisa pentsatuta; izan ere, gardentasuna beharrezkoa da herritarrek behar besteko informazioa, kalitatezkoa, eduki dezaten, gai publikoetan parte hartzeko, erantzukizunez eta dokumentatuta, eta biak ?gardentasuna eta parte-hartzea?, era berean, ezinbestekoak dira politika publikoen benetako eragina ebaluatzeko. Ebaluazioak, bestalde, zentzua ematen dio gardentasunari, eduki erabilgarriak ematen dizkio. Hiru ardatzok (gardentasuna, partaidetza eta ebaluazioa) gidatu beharko lukete kide anitzeko organoen funtzionamendua.

Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu Zurian jasotako apustu horrek administrazioen eta herritarren arteko harremanak berriz formulatzera garamatza, alegia, gobernantza-eredu berri hori ezartzera, helburutzat duena balio publikoa sortzeko konpromiso kolektiboan euskal gizarteak dituen ahal publikoak eta pribatuak aintzatestea eta haiengan eragitea.

Liburu Zuriak bere zabalkunde-konpromisoen artean honakoa dakar: “Euskadin dauden prozesu parte-hartzaileen parte eta kanal formalen inguruan azterketa kritikoa egitea. Nabarmentzekoa da zer nolako garrantzia duen administrazio-egituretan integratuta dauden kontseilu eta organo parte-hartzaileak / aholku-emaileak berrikusteak, Liburu Zuria hedatzeko bidean ongi txerta dadin: zer balio ekar dezaketen horretan edota, are, parte hartzea eragotz dezaketen trabak izan daitezkeen ala ez”.

Kide anitzeko organoak eta gobernantzaren barne-dimentsioa: sailen arteko koordinazioa

Azkenik, aspalditik, kide anitzeko organoak Administrazio honen barne-koordinazioko mekanismo iraunkor eta formalak dira, bai Eusko Jaurlaritzaren barruko sailen artean eta bai Jaurlaritzaren eta bere administrazio Instituzionalaren artean ere.
Ez dira gutxi “sailarteko batzorde" izenekoak eta antzekoak, eta garrantzi handia izan beharko lukete gobernantzaren barruko dimentsioan, EAEko administrazio orokorraren politika publikoen zeharkako eta antolakuntzako ikuspegi integralaren bilaketan.

[1] Accountable autonomy? Examining multilevel associational democracy in Spain, 2017. Rico Motos,C. et cols.

 Reviewing participatory motivations in multilevel advisory councils, Paper presented at the workshop “Can Participatory Reforms Save Representative Democracy”, Joint Sessions of the ECPR, Nicosia, April 2018.Font Fabregas, J et cols.