Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Hizkera argia eta erraza herritar guztientzat

egilea: Pegip 2020, 

Administrazioko testuen argitasuna herritarren eskubidea da, bereziki erabakiek bizimoduaren gaineko ondorio garrantzitsuak dituzten esparruetan.

Batzuetan, administrazioko testuak korapilatsuak eta ulertezinak dira, eta ondorioz, gaizki ulertuak gertatu ohi dira testu horiei dagozkien jasotzaileengan, gerora bete beharreko tramiteak egiteko edo laguntza eta aholkularitza zerbitzuetara jotzeko aukerak areagotuz, besteak beste.

Horren harira, Eusko Jaurlaritzak lanean dihardu duela zenbait urtez geroztik, Administrazio honetan sortutako testuak hizkera errazean idatz daitezen, jasotzaileei testuen ulermena errazteko asmoz (haien lekuan kokatuz, haien behar, interes eta profiletan pentsatuz…).

Gobernantza eta Berrikuntza Publikoko Plan Estrategikoaren (PEGIP 2020) 3. ardatz estrategikoari (herritarrekiko harremanak) atxikitako “Zerbitzu publiko elektronikoen erabilgarritasuna” deritzon 3.4 Proiektuan, hizkera argia eta irakurketa errazari buruzko azpiproiektu espezifikoa sortu da zerbitzu eta prozedura publikoetan komunikazio argia sustatzeko, honako helburu nagusi hauen inguruan:

  1. Lan-talde bat osatzea, komunikazio argia bultzatzeko eta Euskadi-eus webgunean argitaratzen diren zerbitzuen edo programen erabilgarritasuna hobetzeko, arreta bereziki jarriz aniztasun funtzionala duten taldeetan
  2. Oinarria edo pilotu bezala erabilgarria izatea, prestakuntza/ekintzaren dinamika pixkanaka zabaltzeko, Euskadi.eus webgunean argitaratutako zerbitzuen erabilgarritasuna hobetze aldera (herritarrentzat orokorrean bideratutako zerbitzu eta programa guztietarako).

Administrazioko testuak hizkera argian idazteak zera dakarkie herritarrei:

  • behar duen informazioa modu errazean aurkitzeko aukera
  • zailtasunik gabe ulertzeko aukera
  • erabakiak jakinaren gainean hartzeko aukera

Bestela esanda, ondo antolatutako idazki argi eta laburra, dagokion arlo edo esparruari atxikitako beste jardunbide egoki batzuei nahiz helburuko jasotzaileei jarraitzen diena.

Testuak hizkera argiaren irizpideen arabera idazteak begi-bistako onurak dakarzkie herritarrei eta administrazio publikoari:

Herritarrengan, hauexek dira abantailarik garrantzitsuenak:

  • agiriak errazago eta azkarrago ulertzea
  • inprimakiak eta formularioak betetzean akats gutxiago egitea
  • jarraibideak eta zehaztapenak modu azkarrago eta zuzenagoan betetzea
  • argibideak nahiz informazio gehigarria eskatzeko deitu behar ez izatea

Administrazioaren kasuan, agiriak gaizki ulertzeko aukerak murrizten dira, eta ondorioz, askoz ere lan gutxiago egin behar du:

  • informazioa eskatzen duten telefono-deiei erantzuteko, ZUZENEANetik nahiz kudeaketa-zerbitzuetatik
  • informazioa eta argibideak eskatzen dituzten mezu elektronikoei erantzuteko
  • dokumentua zuzentzeko tramiteetarako
  • bestelako baliabideei erantzuteko

Laburbilduz, denbora, ahaleginak eta baliabideak aurrezten dizkiegu herritarrei nahiz Administrazioari, zerbitzu hobeak eskaintzeaz gain.

Hizkera argia eta irakurketa erraza ez dira gauza bera, helburu berbera duten arren: herritarrek behar duten informazio modu ulerterrazean jasotzea.

  • Hizkera argia komunikazio argiaren printzipioetan oinarritu eta herritar guztiei zuzenduta dago.
  • Irakurketa errazak irakurketa-demokraziaren eta irakurketa bidezko gizarte-integrazioaren printzipioak ditu oinarri, eta irakurtzeko edo ulertzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dago; adibidez, adinekoak, migratzaileak edo zailtasun kognitiboak dituzten pertsonak.

2017an, egungo proiektuaren lehen aurrekaria gauzatu zen, irakurketa erraza ardatz, euskadi.eus webguneko programa bat irakurketa errazera egokitu zenean. Zehazkiago esanda, seme-alabak kargupean dituzten familientzako laguntza ekonomikoei buruzko programa izan zen irakurketa errazera egokitutako lehena, atari horretako zerbitzurik kontsultatuenetakoa den heinean. Programa horretarako sarbidea irakurketa errazean egin daiteke esteka honen bitartez.

2018an, hizkera argia eta irakurketa errazari buruzko lehen formakuntza-ekintza pilotua egin zen bi ikuspegiak uztartuz eta IVAPeko Administrazio Hizkeraren Arloko adituen eta Irakurketa Errazaren tutoretzapean, ondoko eskema honi jarraiki: 

Formakuntza-ekintza programa honek hizkera argiari buruzko prestakuntza teoriko presentziala egiazko adibideekin uztartzen du, eta parte-hartzaileek hizkera argira egokitu behar dituzten beraiek kudeatutako zerbitzu eta prozedurak ikastaroa gainditu ahal izateko. Honela, ikasitako ezagutza programaren errealitatera transferituko dela bermatzen da.

Programaren kudeaketa lankidetza bidezko esparru baten laguntzaz egiten da, eta esparru hori dokumentazioa eta formakuntza nahiz erreferentziazko materialak biltzeko eta tutore eta parte-hartzaileen arteko komunikazio-plataformatzat ere erabiltzen da, ikasketa partekatuaren eta lan kolaboratiboaren mesedetan.

2019an, prestakuntza-ekintza programaren bigarren edizioa egiten ari da, hizkera argia ardatz ia bakartzat hartuta eta hau ere pilotu gisa, material didaktiko orokorrak eta bestelakoak kudeatzeko erabiltzen den lankidetza bidezko esparruaren oinarrizko diseinua finkatzeko.

Hauexek dira, labur-labur esanda, programa osatzen duten faseak:

  1. Prestaketa: Zerbitzuen edo programen identifikazioa, parte-hartzaileen taldearen eraketa eta abian jarztea.
  2. Diseinua: Jatorrizko materialen bilketa eta azterketa “oinarrizko programa” zehazteko, eta prestakuntzarako materialen eta praktiken diseinua.
  3. Plangintza: Saio eta jardueren egutegia proposatu eta adostea.
  4. Prestakuntza-ekintza: Saioak eta jarduerak egitea.
  5. Kontrastea: Egokitutako edukiak baliozkotzea helburuko pertsona eta kolektiboen parte-hartzearekin.
  6. Fitxen argitalpena: Denborazkotasun mota guztiak kontuan hartuz.
  7. Ebaluazioa: Inpaktua eta kudeaketa neurtzea.
  8. Zabalkundea: Emaitzak eta jarduerak ezagutzera ematea, barruan nahiz kanpoan.

Hori guztia bat dator komunikazio argiaren praktika pixkanaka-pixkanaka Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu guztietara hedatzeko helburu estrategikoarekin.