Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Ezagut ezazu Euskadi "Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzan" sartzea lortu duen hautagaitza

egilea: Koldobike Uriarte, 

Eusko Jaurlaritzako, hiru foru-aldundietako, hiru hiriburuetako udaletako eta Innobasque - Berrikuntzaren Euskal Agentziako ordezkariek osatutako lantaldeak prestatu duen hautagaitzak lortu du Euskadik parte hartzea Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzan (Open Government Partnership – OGP). Hautagaitza horrek Matia Fundazioaren, EGK - Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren eta Elkarlan Zuzenbideko Euskadiko Elkartearen babesa jaso du.

Elkarlanaren bidez kontakizun bat osatu du lantalde horrek, gobernu irekiaren arloan eskualdeen sailkapeneko toki on batera eraman gaituzten indarguneen inguruan eta elkarlanetik zein erakundearteko bultzadatik abiatuta geure gain hartu eta gauzatu nahi ditugun etorkizuneko proiektuen inguruan.

Abiapuntutzat hartu dugu ideia hau: EAEko herritarren bizitza eta parte-hartze politikoa eskumenen eta erakundeen aldetik mugatuta ez dauden guneetan eta momentuetan gertatzen direla. Beraz, erakundeen arteko elkarlana hartu behar dugu oinarri gobernu irekiaren eredu bat bermatzeko, eredu bat non herritarren esperientzia, jakintza eta proposamenak ekintza publikoan txertatzen diren.

Gardentasunaren eta datu irekien esparruan, asko aurreratu dugu. Nazioarteko Gardentasuna bezalako erreferentziako erakundeek ebaluatu dituzte gure gardentasun-atariak, eta emaitza bikainak izan ditugu, gardentasunaren ranking-etan lehenengo tokiak lortu baititugu. (Maila instituzional guztiak 100etik 80 punturen gainetik daude, eta haietako batzuek 100 puntu ere lortu dituzte). Bestalde, Open Data Euskadi atariak datu irekien 4.126 multzo ditu, EAEko administrazioen datu federatuak barne, eta Europako datu irekien lehenengo atari ez britainiarra izan zen, 2010ean sortu zenean. EAEko hiru hiriburuek, gainera, hiri adimentsuaren eredua sustatzen dute, kultura digitalaren estrategia bera erabiliz: datuak bildu, monitorizatu eta irekitzea kalitatezko hiri-zerbitzuak sortzeko eta aplikazio irekiak herritarrei begira garatzeko. Erronka bat dugu aurrez aurre, ordea: horrek guztiak ahalbidetu behar du zerbitzuak sortzea datu estekatuen bitartez, eta bereziki herritarren eskarietara eta negozio-aukeretara bideratutako datu publikoekin aberastu behar dugu hori dena.

Kontuak emateari dagokionez, gobernu-programen eta aurrekontuen jarraipenerako aplikazioak gehitzen goaz, bai eta politika publikoak ebaluatzeko sistemak ere, azterketa eta ebaluaziorako behatokien bitartez. Hala ere, batera lan egin behar dugu informazio publikoa ulertzea eta modu kritikoan erabiltzea errazten duten bistaratze-tresnetan.

Apustu irmoa egin dugu ordezkari politikoen eta herritarren arteko elkarlan egonkorraren alde, ekimen eta politika publikoak eztabaidatzeko, proposatzeko eta erkatzeko, politikagintzaren dibertsitatea eta aniztasuna areagotuz eta erakundeen erabakien kalitate demokratikoa hobetzen lagunduz; eta horrexegatik ari dira garatzen herritarren parte-hartzeari buruzko araudi zorrotzak, Espainian aitzindari direnak (esaterako, Arabako eta Gipuzkoako lurraldeetako foru-arauak eta Euskadiko Toki Erakundeen Legea), bultzatze-planak eta herritarrekin batera sortzeko ekimen berritzaileagoak, hala nola Euskadiko Demokraziari eta Herritarren Parte-hartzeari buruzko Liburu zuria (Eskualde Batuen Elkartea - Eskualde Elkarteen Foro Globalak eta 2016ko Garapenerako Nazio Batuen Programak saritua, zeinean 500dik gora pertsonak eta 150 erakundek parte hartu baitute), zuzenean aplika daitekeena kudeaketa publikoaren arlo jakin batzuetan (osasuna, hezkuntza, ingurumena, garapen ekonomikoa), edo Etorkizuna Eraikiz proiektua, Gipuzkoako lurraldearen etorkizuna gobernantza berri baten oinarri esperimentalaren gainean zehazteko sortua, edota Irekia, gobernu irekiko gaztelaniazko lehenengo plataforma. Herritarren parte-hartze zabalagoa eta hobea erdiesteko, ordea, irakurketa errazerako eta hizkuntzaren sinplifikaziorako tresnak garatu nahi ditugu eta eredu misto orokortu baterantz jo nahi dugu, non parte-hartze formalak eta informalak bat egin eta elkar osatuko baitute.

Era berean, teknologiari dagokionez, harreman eta interakzio bizkorrago eta eraginkorragoak izateko, ezinbestekoa dugu EAEko administrazioen barruko zein kanpoko prozedurak digitalizatzeko prozesua azkartzea. "Herritarren karpeta" garatzen ari gara, zerbitzu integratua eta erakundeartekoa, edozein herritarrek bistaratu eta atzitu ahal izan ditzan EAEko administrazioekin edo Espainiako Estatuarekin irekita dituen prozedura guztiak.

Azkenik, ekintza publikoa eta erakundeen zein erakundeetako arduradun publikoen ospea lehengoratu eta errebalorizatu beharraz jabetuta daude. Osotasun instituzionalerako mekanismoak eta tresnak ezarri ditugu, kargu publikodunaren kontzeptua sakontzen dutenak eta guztien interesa lehenesteko kontrol- eta berme-sistema bat dakartenak, arauen bitartez (adibidez, Kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituen Legea), kargu publikodunen jokaera-kode etikoen bitartez —badira kontrolerako organoak ere, barruko eta kanpoko eragileek osatutako etika publikoko batzordeak, hain zuzen—, eta, zenbait kasutan, enplegu publikoaren, kontratuen eta diru-laguntzen kodeen bitartez, kanpo-dimentsio bat erantsiz osotasun instituzionalari. Etengabe eraikitzen ari den prozesu bat garatu nahi dugu, herritarrentzako bermerako eta arriskuen prebentziorako mekanismoen bidez. Prozesu horretan gehiago eskatzen digun ekintza oro aberasgarri izango da.

Horregatik guztiagatik, etorkizunari begira, gure lorpenak eta erronkak oinarri, zenbait ekimen berritzaile identifikatu ditugu, gobernu irekiak Euskadin dituen ahalbideen erakusle gisa:

  • Open Big-Data Euskadi, gure open data eboluzionaraztea erakundearteko big data baterantz.
  • "Open Eskola", irekierarako eta herritarrak inplikatzeko gune fisikoak sustatzea. Horiek saiakuntza-laborategi bihurtzeko beharrizanak arakatzea.
  • Jardun publikoaren esparruak eta prozesuak mapatzea ustelkeria-arriskua gutxitzeko.
  • Gobernantza esperimentaleko jardunbideak beste erakunde batzuei doitzea, herritarren parte-hartzea uztartuz eta lotuz plangintza estrategiko eta etorkizun-eraikuntza partekatuekin.

Aldez aurreko diagnostiko-lan horrek guztiak balioko digu, seguru asko, Euskadirentzat gobernu irekiko plan handinahi bat diseinatzeko (2018ko abuztua baino lehen) eta ezartzeko (2020rako), herritarrek osatutako talde eragilearekin batera: horixe dakar berekin Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzako kide izateak. Erakunde horrek ebaluatu egingo du plana, gure autonomia-erkidegoko gobernua, foru-gobernuak eta toki-gobernuak gero eta irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekiko sentikorragoak benetan ba ote diren egiaztatzeko.