Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

"Euskadiko Administrazio Orokorreko eta haren Administrazio Instituzionaleko kide anitzeko organoen ebaluazioa eta hobekuntza" proiektua martxan da dagoeneko.

egilea: Mónica Soto del Río, 

Beste artikulu batean aurkeztu genizkizunen PEGIP 2020 delakoaren  “Euskadiko Administrazio Orokorreko eta haren Administrazio Instituzionaleko kide anitzeko organoen ebaluazioa eta hobekuntza” proiektuaren helburuak, bai eta zer konpromisori erantzun nahi dien ere.

Ikuspegi integral eta transbertsaletik ari da gauzatzen proiektua, lankidetzan eta partaidetzan oinarritua, Eusko Jaurlaritzako sail guztiekin eta EAEko Administrazio Orokorreko erakunde autonomo eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko guztiekin. 

Aplikazio-eremua.

Proiektuak bere aplikazio-eremuan hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren kide anitzeko organo guztiak, bai eta haren Administrazio Instituzionaleko erakunde autonomo eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoenak ere. 

Alde batera utzita erabili ohi diren izen eta tresnen aniztasuna (kontseiluak, batzordeak, komiteak, patronatuak, behatokiak...), hauek sartu dira proiektuan: existentzia formalizatua duten kide anitzeko organoak, irauteko bokazioarekin sortuak (ez gai jakin bat edo arazo koiuntural bat konpondu edo eztabaidatzekoak), koordinazio eta/edo eztabaidarako guneak alegia, EAEko administrazio publikoaren eta haren administrazio instituzionalaren legitimazioa dutenak.

Horrenbestez, barruan sartu dira hasi sailen arteko koordinaziorako “intra” organoetatik (adituek eta/edo Administrazioari lotutako langileek bakarrik osatuak), herritarren partaidetza banaka edo elkarteka duten kide anitzeko organoetaraino, erakunde autonomoen eta zuzenbide publikoko erakunde publikoen gobernu-organoei ere lekua utzita (administrazio-kontseiluak, zuzendaritza-patronatuak...).

Ez dira proiektuan sartu, ordea, programa-kontratuen, hitzarmenen eta antzekoen jarraipen-batzordeak, ez eta klusterrak ere.

Parte-hartzaileak eta rolak

Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluari dagokio proiektuaren lidergoa eta sustapena; proiektuaren ardura eta bultzada, berriz, Administrazio Publikoen Batzorde Sektorialari.

Talde teknikoaren arduraduna, Batzorde horretan proiektu honetarako idazkaritza teknikoa betetzen duena, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako proiektu-arduradun bat da. Zuzendaritza hori, gogora dezagun, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Erakunde Harremanetarako Sailburuordetzakoa da.

Noiztik noiz arte

2017tik dago proiektua martxan, eta 2020ko abendurako aurreikusi zaio amaiera, PEGIP 2020 delakoaren indarraldiarekin eta XI. Legegintzaldiarekin bat etorrita.

Gauzatze-faseak

Proiektuak fase hauek ditu:

  1. Abian jartzeko fasea
  2. Inbentario-, analisi- eta kontraste-fasea
  3. Ebaluazioaren eta diagnostikoaren fasea
  4. Ekintza-plana proposatu eta onartzeko fasea
  5. Ekintza-plana gauzatu eta hedatzeko fasea

Gainera, aldaketaren kudeaketa eta proiektuaren jarraipena eta ebaluazioa fase iraunkorrak dira, eta proiektuaren gauzatze osoa hartzen dute.

Metodologia

  • Lankidetza-talde teknikoa

2018ko martxoaren 6an eratu zen Lankidetza-talde Teknikoa, sail, erakunde autonomo eta zuzenbide pribatuko erakunde publiko bakoitzak alde teknikotik izendatutako pertsonekin: 37 parte-hartzaile.

Gainera, antolamendu-egitura guztiko 38 pertsona ere badaude proiektuan sartuta, bideratzaile edo erraztaile gisa: guztira, 75 pertsona.

  • Lankidetza-gunea

Proiektuak badu ezagutza elkarrekin kudeatzeko lankidetza-gune bat, PEGIP 2020 delakoaren Sharepoint-leku batean kokatua, Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluarentzako bereizia.

Hauek aurki daitezke gune horretan:

  • Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluaren gunea
  • Administrazio Publikoen Batzordearen gunea
  • Proiektuan parte hartzen duten pertsonen eta rolen informazioa
  • Ekintza-programa: proiektuaren plangintzaren eta gauzatzearen jarraipena
  • Atazen eta erantzuleen egoeraren jarraipena
  • Proiekturako interesgarriak diren dokumentu, tutorial eta web orrien loturetarako irispidea
  • Kide anitzeko organoen zerrendak eta informazio-fitxak
  • Kide anitzeko organoetako kideen zerrendak eta informazio-fitxak
  • Kide anitzeko organoen zerrendak eta jarduera- eta ebaluazio-fitxak
  • Kide anitzeko organoentzako zeharkako eta berariazko jarduketen proposamenen zerrendak