Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Euskadi aukeratu dute Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzan parte hartzeko

egilea: Javier Bikandi - Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaria, 

Gobernu Irekirako Aliantzak (Open Government Partnership – OGP) jendaurrean azaldu du, atzo arratsaldean, Euskadi bere Tokiko Gobernuetarako Programan parte hartuko duten mundu osoko 20 eskualdeetako bat gisa hautatzeko erabakia. Nazioartean erreferentziazkoa den erakunde horrek, gobernamenduari eta gardentasunari dagokienez, positiboki balioetsi du Euskadiren baterako hautagaitza; hautagaitzak Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiak eta hiru hiriburuetako udalak barne hartzen ditu.

Lehendakariak eskerrik beroenak eman dizkio Gobernu Irekirako Aliantzari (OGP), bere tokiko gobernuen programarako euskal erakundeen baterako proposamena hautatu izanagatik, gobernu hobea lortzeko eginiko ibilbidearen berrespen gisa. Programa horrek euskal erakundeei lagunduko die ekintza-planak egiten eta gardentasunaren, herritarren ahalduntzearen, ustelkeriaren aurkako borrokaren eta gobernamendua sendotuko duten teknologia berrien garapenaren sustapenean aurrera egiten. Modu berean, Lehendakariak eskerrak eman dizkie, halaber, hiru foru-aldundiei eta hiru hiriburuetako udalei eta baterako hautagaitza hau bultzatu duten herritarren erakundeei: Innobasque - Berrikuntzaren Euskal Agentzia; Matia Fundazioa; Euskadiko Gazteriaren Kontseilua – EGK; eta Elkarlan Zuzenbidea elkartea.

Gobernu Irekirako Aliantza

Gobernu Irekirako Aliantza (Open Government Partnership – OGP) da erreferentziazko nazioarteko erakundea; bere helburua da gobernu “irekiagoak, arduratsuagoak eta herritarrekin sentikorragoak” sustatzeko mekanismoak ebaluatu eta garatzea. OGP 2011n sortu zen, NBEaren Batzar Nagusiaren bilera baten ondoren. Gaur egun, Zuzendaritza Batzordea 22 kidek, 11 gobernuk eta sozietate zibileko 11 erakundek eratzen dute.

Tokiko Gobernuen Programa

Euskadi Gobernu Irekirako Aliantzaren (OGP) Tokiko Gobernuen programako 5 parte-hartzaile berrietako bat da. Programa horrek bazituen 15 tokiko gobernu, eta kopuru hori zabaltzea erabaki zuen, 20 izateko, tokiko gobernuetan eragina zuten kasuistikei heltzeko. Euskadi, horrela, lehen 15 kideen taldeari gehitu zaio: Austin, Ontario, Jalisco, La Libertad (Peru), Sao Paulo, Madril, Paris, Eskozia, Tbilisi (Georgia), Buenos Aires, Sekondi- Takoradi (Ghana), Elgeyo Marakwet (Kenya), Kigoma Tanzania, Bojonegoro (Indonesia) eta Seul.

Euskal erakundeen baterako balio-proposamena (Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru foru-aldundiak, Bilboko, Donostia-San Sebastiango eta Vitoria Gasteizko udalak), OGPk ongi balioetsi du. Hautagaitzak goi-mailako inplikazio politikoko irizpideak bete ditu, erreformen historial luzea eta sozietate zibilaren inplikazioa gobernu irekian.

Euskadi, nazioarte eremuan aintzatetsia

Euskadi zenbait aldiz aintzatetsi dute gobernamenduaren, gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen eremuan. Nabarmentzekoa da Nazio Batuek 2015ean emandako saria, “Herritarrek erabaki politikoetan parte har dezaten sustatzea, mekanismo berritzaileen bidez” kategorian. Euskadiko Gobernu Irekiaren ekimena (IREKIAk garatu du) Europa mailan eremu horretan aitzindarienetakotzat hartu zen.

Bestalde, Euskadi azken urteotan gardentasunaren rankineko buru izan da; izan ere, 100 puntu lortu zituen gehieneko 100 puntuen gainean, autonomia-erkidegoen gardentasunaren indizean (INCAU).