euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Zergatik da martxoaren 15a Kontsumitzaileen Eskubideen Mundu-Eguna?

egilea: Kontsumobide, 

Martxoaren 15a, asteazkena, Kontsumitzaileen Eskubideen Mundu-Eguna da. Baina zergatik eta noiztik ospatzen da egun hori? Atzera egin behar da, 1962. urtera arte, egutegiko data hori zergatik hautatu zen jakiteko. Urte hartan, John F. Kennedy presidente estatubatuarrak, bere herrialdeko Kongresuaren aurrean, kontsumitzaileen eskubideak babestea ardatz nagusi zuen lehendabiziko hitzaldia eman zuen.

Agintari nagusiaren mintzaldia esaldi gogoangarri batekin hasi zen: “Kontsumitzaile terminoak, definizioz, denok biltzen gaitu” (“Consumers, by definition, include us all”). Eta denok horrek betebehar berezi bat zekarkion gobernuari; hain zuzen, talde horren premien eta interesen berri izatea, eta oinarrizko eskubideak baliatzeko aukera bermatzea: segurtasuna, informazioa jasotzeko eskubidea, hautatzeko eskubidea eta entzuna izateko eskubidea. 

Aurrerago, lehengo Kontsumitzaile Elkarteen Nazioarteko Erakundeak (IOCU) eta gaur egungo Kontsumitzaileen Nazioarteko Elkarteak (Consumers International - IC) erabaki zuen egun hori hautatzea, 1983an lehendabizikoz ospatzeko Kontsumitzaileen Eskubideen Mundu-Eguna. Entitateak 120 herrialdetako 240 erakunde baino gehiago biltzen ditu gaur egun, eta lanean dihardu, NBEk egun hori nazioarteko egunen egutegi ofizialean sar dezan lortzeko.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana