Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Eusko Jaurlaritzaren Erregistro Elektronikoa gainerako administrazio publikoen erregistroekin lotuta dago

egilea: PEGIP 2020, 

Lotura horri esker, dagoeneko Eusko Jaurlaritzak erregistro-idazpenak truka ditzake Estatuko gainerako administrazio publikoekin.

Hala, herritarrentzako arretarako Eusko Jaurlaritzaren bulegoek —Zuzenean bulegoak— Estatuko edozein administraziori zuzendutako agiriak erregistra ditzakete, eta formatu elektronikoan igor ditzakete herritarrek haiei aurkeztutako agiriak. Beraz, bidalketak erraztu egiten dira eta denbora laburragoa behar da agiriak organo hartzaileari helarazteko.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak formatu elektronikoan jaso ahal izango ditu herritarrek sistemari atxikita dagoen Estatuko edozein administrazio publikoren aurrean aurkeztutako agiriak, bai eta administrazio publikoek eurek Eusko Jaurlaritzako sailei edo haren menpeko erakundeei zuzenduta sortutako dokumentuak ere.

Zerbitzu hori Estatuko Administrazio Orokorraren (Administrazio Digitalerako Idazkaritza Orokorra) eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmen baten esparruan garatu da. Hitzarmen horrek administrazio elektronikoko oinarrizko konponbideak elkarri ematea du xede, eta aurtengo martxoaren 24an sinatu zen.

Eusko Jaurlaritza Erregistroak Elkarrekin Lotzeko Sisteman (SIR) sartu aurretik, beharrezkoa izan da ziurtagiria lortzea Eusko Jaurlaritzak bere erregistro-liburua kudeatzeko erabiltzen duen aplikaziorako, zeinak SICRES 3.0 araua betetzen baitu. Horretarako, erregistro-idazpenak modu seguruan trukatzen direla eta ezarritako legezko betekizunak betetzen direla bermatu behar izan da.

Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteak —EJIE— erregistroko aplikazioaren ziurtagiria lortzeko eta SIR sistemarekin lotzeko lan teknikoak egin ditu, eta Herritarrentzako Arreta Zerbitzua —Zuzenean— arduratuko da hasierako etapan erregistro-trukeen kudeaketaz eta sistema horren bitartez jasotzen diren dokumentuen barruko banaketaz. Geroago, sailek eurek trukatuko dituzte erregistro-idazpenak gainerako administrazio publikoekin.  

Zerbitzu berri hori abian jartzea garrantzi handiko mugarria izan da Euskal Autonomia Erkidegoan Administrazio elektronikoa hedatzeko eta sendotzeko prozesuan.