Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Bherria. Herritartasun berrirako Agora

egilea: Emilio Sola, 

Orain dela urte batzuk, Boluntariotza Planaren barruan, tokiko Administrazioan erantzukizun teknikoa edo politikoa izan eta herritarrekiko inpaktu sozialeko lanak egin nahiz boluntariotza, partaide eta lankidetza arloetako estrategietatik beren ingurunea hobetzeko era berriak bilatzen dituzten pertsonei laguntzea erabaki genuen. Gogoeta horretatik abiatu da Bherria, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak Boluntarioen Euskal Kontseiluaren lankidetzaz bultzatutako ekimena. 

Pertsonak administrazioari konpondu beharreko arazoen berri emateko antolatu ohi gara. Baldosa bat hausten denean, horrekin estropezu egiten duen auzokidea izaten da lehen konturatu ohi dena; adinaren ondorioz zenbait pertsona etxean gelditzen direnean irisgarritasun faltagatik, horien senideak eta auzokideak izaten dira lehen konturatu ohi direnak. Herritarrak erronka, interes eta beharrizan jakin batzuetarako erantzunak ematen lan egiteko gauza dira; gizartegintza, auzogintza eta boluntariotza elkarteak izan ohi dira erronka horiei era kolektiboan erantzuteko erabili izan ditugun topaguneak.

Udalek lankidetzan dihardute tokiko errealitatea hobetzen ahalegintzen diren erakunde eta pertsona horiekin. Jakin badakigu, inpaktu eraginkorra lortzeko modua auzokideekiko nahiz gizarte-erakundeekiko konplizitatea eta sinergia sortzearekin lotuta dagoela. Administrazio Publikoaren eta herritarren artean partekatutako erronka bat daukagu; nekez gaindi daitezkeen inertzia sendoak daude, etiketak eta lubakiak, baina era berean ikaskuntzaz betetako erronkak eta abenturak aurki ditzakegu.

 Tokiko Administrazioan erantzukizun politikoa eta teknikoa duten pertsonen beharrizanak entzutea, prestakuntza eta laguntza eskaintzea eta Administrazio Publikoaren eta herritarren arteko topalekuei buruzko gogoeta eta eztabaida sortzea dira Bherria proiektuaren helburuak.

 

Ondo zaindutako prozesu konplexua

Bherria, hiriak eta herriak lankidetza publiko-sozialetik eraikitzearen aldeko apustu honetatik ikasteko gune bihurtzeko asmoz sortu da. Konfort-gunetik ateratzen gaituen proiektu desberdina eta asmo handikoa da, jarduteko modu berrietara bultzatu eta formaz zein edukiaz esperimentatzera behartzen gaituena.

Urritik abendura bitartean garatuko den Bherria programak Agora deritzen hiru gogoeta-esparru proposatu ditu ikasketarako ardatz nagusitzat: Autokudeaketa eta Prokomun Agora, Smart Citizen (Herritartasun Adimenduna) Agora eta Entzute eta Komunikazio Digitalaren Agora.

Edukietan sakontzeko lana, berrikuntza sozialeko, herritartasun irekiko eta komunikazioko proiektuetan urteetako esperientzia duten profesionalen talde batek taxututako online prestakuntza-plataforma batean oinarrituko da.

Parte-hartzaileek ideiak, edukiak eta esperientziak trukatzeko eta sarean elkarlanean jarduten ikasteko aukera izango dute. Bherriaren ibilbidean hiru topaketa presentzial, bisitak eta taldekako bideokonferentziak antolatuko dira, landutako edukien ikuspegitik proiektu adierazgarri bat ezagutu ahal izateko. Azkenik, pertsona bakoitzak prozesuaren erraztaileetako batek emandako mentoring pertsonalizatuaz baliatzeko aukera izango du, baita aldaketaren kudeaketarako printzipioei nahiz lankidetzarako gaitasun digitalei dagozkien zeharkako trebetasunak bereganatzeko aukera ere.

 

Erdialdera iritsi den prozesua

Urriaren 3an, Bherria ekimenaren lehenengo saio presentziala egin genuen. Hirikilabs (Donostia) aukeratu genuen topagunetzat, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat udaletan eta berdintasuna, berrikuntza, boluntariotza, euskara, gazteria, gizarte-ekintza, hezkuntza, kirola, komunikazioa, osasuna eta parte-hartzea bezalako esparruetan erantzukizun teknikoa eta politikoa duten 30 pertsonaren arteko lehenengo bilera egiteko.

Hirikilabs teknologien erabilera soziala, kritikoa, sortzailea eta kolaboratiboaren inguruan lanean diharduen laborategia da; horrez gain, ezagutza libre eta irekiaren bitartez inspirazioa erraztea xede duen tresna da. Bherrian garrantzitsua iruditzen zaigu ohiko dinamika eta errutinetatik irten eta egiteko eta harremanetan sartzeko era berriak erraztuko dizkiguten lekuetara eta esperientzietara hurbiltzea. Esparru hau lankidetza eta elkarlanaren bilaketari beste era batez ekiteko gonbidapena da.

Topaketan, ondo kontuan hartu eta datozen asteotan erantzuten saiatuko garen hainbat galdera sortu ziren: Nola ez galdu garrantzizkoaren ikuspegia premiazkoa baztertu gabe? Zergatik galdu ohi da parte-hartze prozesuetan erakundearekiko konfiantza? Nola uztartu sentiberatasun politiko desberdinak herritarren parte-hartzearekin? Nola abiatu prozesu bat kolektibitate-sentimendua sortzeko? Nola kontzentziatu herritarrak parte-hartzearen garrantziaz? Nola sortu komunitatea? Nola igaro erronkatik errealitatera?

 

Entzute eta komunikaziorako geruza digitala

Bherria ekimenak www.bherria.eus izeneko web-plataforma du, eta honen bidez, informazio gehiago jaso eta prozesuaren jardueraren jarraipena egin daiteke. Gainera, blogetik, prozesuaren kontaketa eraikitzen laguntzen duten edukiak argitaratzen ditugu, Bherria taldeko kideen artikuluak, topaketa presentzialen kronikak, bideoak, argazkiak eta harremanetan sartuz joaten garen esperientziak tarteko direla.

Aldi berean, sare sozialak ireki dira (Facebook eta Twitter), baita banaketa-zerrenda bat ere Irekiaren YouTubeko kanalean, entzuteak, elkarrizketak, kontrasteak eta gogoetak eremu digitalean ere aurrera jarrai dezaten, #Bherria etiketaren bitartez.