Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Betelanak egiteko eta biodibertsitatea babesteko gida

Betelanak egiteko, egindako betelanetan aldaketak egiteko edo betelan gehiago egiteko prozedura ondokoek zehazten dute: batetik, hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua; eta, bestetik, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua.

Lurrarekin eta harkaitzekin egindako betelanek udal agintaritzaren lizentzia behar dute, azpiegitura linealeko proiektuen esparruan sortutako betelanak edo soberakin-metatzeak direnean salbu; izan ere, horrelakoetan autonomia-erkidegoan edo dagokion foru-aldundian ingurumen-gaietan eskumena duen sailari dagokio erabakitzea.

  1. Sustatzaileak txosten bana eskatu behar die URA agentziari eta Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari.
  2. URAk eta Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzak txosten bana egin behar dute.
    • Txostenak nahitaezkoak eta lotesleak dira.
    • Txostenak egiteko epea: 2 hilabete.
  3. Baimen-eskaeraz gain, sustatzaileak ondoko dokumentu hauek aurkeztu behar dizkio agintaritza eskudunari (udalari, aldundiari edo Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzari, dagokion arabera):
    • Betelanak egiteko proiektua.
    • URAren eta Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritzaren txostenak.

Biodibertsitate gaietako organo eskudunak txostena egiteko, sustatzaileak helbide honetara bidali behar ditu eskabidea eta agiriak:

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Ingurumen Sailburuordetza

Natura Ondarearen eta Klima Aldaketaren Zuzendaritza

c Donostia kalea 1,

01010 Vitoria-Gasteiz (Araba)

Proiektua egitean, betelanei buruzko hurrengo ataletan zehazten diren irizpide teknikoak hartu behar dira kontuan. 

Obran sortzen diren soberakinak tratatzeko analisian, hondakinak modu jasangarrian kudeatzeko hierarkia aplikatuko da; nazioarteko eta nazioko araudian xedatzen da hierarkia hori, aplikatzeko lehentasunaren arabera:

  • Hondakin-sorkuntza murriztea. 
  • Aprobetxamendua edo berrerabilpena indartzea.
  • Ingurumenean kalterik egin gabe ezabatzea.

Horrela, honako ekintza hauek hartuko dira aintzat eta lehentasuna emango zaie, soberakinen biltegiak kudeatzeko/kokatzeko:

  • Material betegarria jatorrian gehiago berrerabiltzea.
  • Harrobiak eta bestelako erauzketaguneak. Dena den, aurretik, gaur egungo naturalizazio-maila aztertu beharko da (baliteke bertako landareak egotea, hegazti harrapariek habiak egin izana, kiropteroen koloniak egotea, etab.).
  • Andeatutako beste eremu batzuk (obra zibilen, hirigintza-jardueren eta bestelakoen eragina duten eta utzita dauden eremuak).
  • Andeatuta ez dauden eta hurrengo atalean zehazten diren elementuei eragiten ez dieten eremuak.

Arau orokor gisa, betelanen aurkako txostena egingo da, honako hauei eragiten badiete:

Babestutako eremu naturalei eta Natura 2000 Sareko eremuei dagokienez, irizpide horiez gainera, leku horri dagozkion irizpideak ere aplikatu beharko dira; hau da, leku horren natura-balioak, babesgunetzat izendatu izana justifikatzen duten natura-balioak, babesteko ezarri ziren irizpideak.

  • Betelana egitean, hartuko den azalera ahalik eta txikiena izateko moduan egitea. Gainera, belar-sastrakak ez dira garbituko eta landareak ez dira kenduko betelan-gunetik, bideetatik, drainatzeko elementuetatik eta bestelakoetatik kanpo.
  • Leheneratzeko proiektua egin behar da. Proiektu hori betelanak egiteko proiektuaren parte izango da. Zonaldea leheneratzea da proiektu horren helburua: eremu horretakoak izan daitezkeen landareei dagozkien landare-formazioekin leheneratuko da, hautatutako kokalekuaren arabera.
  • Betelan-guneko zonaldeek ahalik eta denbora gutxien egon behar dute landarerik gabe; hori horrela izan dadin, zonaldeak bete ahala landareztatu behar dira.
  • Landatu beharreko zuhaitzei dagokienez, landaketa-eremu trinkoak sortu behar dira, soilgune gutxi egon daitezen eta soilguneen eragina ahalik eta txikiena izan dadin. Horretarako, tamaina txikiko landareak landatzea gomendatzen da.
  • Harri-lubetak eta bide-ezpondetako egitura sendogarriak erabiliz gero, beharrezkoa da horiek berriro landareztatzeko neurriak hartzea.
  • Zerbitzu-bideak leheneratu egin behar dira, eta, lanak amaitzean, landareztatu.
  • Lanen erruz garrantzizko landaredia eta habitatak dituzten zonaldeak kaltetzen badira, zer zonalde kaltetuko diren esan beharko da lanak egiten hasi aurretik.
  • Nekazaritzarako gaitasuna hobetzeko betelanak egiteko, frogatu egin beharko da betelan-guneek ez dutela gaitasun hori; horren ondorioz, landare-lurra bakarrik onartuko da helburu horretarako betelaneko material gisa.
  • Dagoeneko eginda dauden bideak erabiltzen badira, egiaztatu egin beharko da bide horiek erabil daitezkeela, bai eta gurutzaguneak eta bazterbideak daudela ere. Bide zatiak mugatu egin beharko dira, bideen ezaugarrien arabera.
  • Indusketetatik, lur-erauzketetatik eta lur-mugimenduetatik ateratako lurrak soilik bota ahalko dira. Berariaz debekatuta dago beste material eta hondakin batzuk botatzea; esate baterako: landare-lurra, motzondoak, belar-sastrakak garbitzean bildutako egur pusketak eta landare-hondakinak, hormigoia, adreiluak, egur-ebakinak, etab.
  • Itxitura perimetralak egin behar badira, itxituraren behealdean tarte bat libre utzi beharko da: lurretik 15-20 zentimetroko garaiera izango duen tarte bat. Biltegia ixteko fasean, itxitura guztiak kendu egin beharko dira.
  • Ahalik eta ornodun txiki gutxien hil daitezen drainatzeko eta isurketak desbideratzeko hodietan itota/atera ezinik, elementu horiek diseinatzean, arreta jarriko da animaliak atera ezinik geldi ez daitezen. Hori lortzeko, neurri hauek hartu beharko dira:
    • Diseinuan, animalientzako ihesbideak egingo dira (esate baterako: arrapala txikiak eta ihes egiteko zuloak).
    • Ubideen profila trapezoide eta uve formakoa izango da, eta ez angeluzuzena; izan ere, zailagoa da ornodun txikientzat profil angeluzuzena duten ubideetatik irtetea.
    • Betelanak egiten direnean, bermatu egin behar da eremuko eta inguruko ur-ibilguak ez direla kutsatuko. Horrela, ur-ibilgu horretaz baliatzen diren basanimaliak babestuko dira. Horretarako, beharrezko neurriak hartu beharko dira.
  • Ur-ibilguetara esekidura solido esekirik ez erortzeko neurriak (esate baterako: hesiak eraikitzeko, lastozko fardelak jartzea proposatzen da).
  • Ur-ibilguetara bestelako kutsatzailerik erori ez dadin (horretarako, besteak beste, makinen mantentze-lanak kontrolatu beharko dira, bai eta lixibiatuak kudeatu ere).
  • Betelana egitean, sartutako espezieak hedatzea (Cortaderia selloana, Amaranthus, Echinochloa, etab.) saihestu beharko da, jasotako betelan-materialaren bidez, edo eragindako eremuak landareztatzeko lanetan. Kontrol-neurriak hartu beharko dira, hori antzeman eta saihesteko, eta, hala behar izanez gero, neurri zuzentzaileak hartzeko:
    • Garrantzitsua da kontuan hartzea espezie inbaditzaileek oso gaitasun handia  dutela zurtoin eta sustraien zatietatik ugaltzeko.
    • Landaredia leheneratzeko proiektuan, zuhaitz- eta zuhaixka-egiturako landareak sartu behar dira. Horrez gainera, baztertu egin behar dira landaredia leheneratzea xede ez duten konponbideak (harri-lubetak, bide-ezpondetako egitura sendogarriak)

Betelanak amaitu ondoren lursaila zertarako erabiliko den azaldu beharko da proiektuan. Lursailak ez badu helburu jakinik, paisaia leheneratu egingo da; horretarako, berriro landareztatuko da.

16/94 Legearen 1.b eta 2.h artikulu-zatietako helburuei jarraiki, hona hemen proposatzen diren paisaia-integrazioko neurriak:

  • Horregatik, ezinbestekoa da Leheneratze Proiektuan landaredia leheneratzeko mailaz mailako programa bat izatea: betelanak egin ahala, bertako landareak erabiliko dira lurrak berriro landareztatzeko edo/eta landare-hesia sortzeko.
  • Botatako masa inguruaren morfologiari egokitu behar zaio; azalean ez du ertzik egon behar, eta lursail naturalaren eta betelan-gunearen arteko trantsizioak leuna izan behar du (ertzak leundu egin behar dira).

Aurreko puntuetan esandakoaz gainera, garrantzitsua da neurriak hartzea lurzorurik ez galtzeko; izan ere, lurra baliabide mugatua da, eta, horregatik, iraunkortasun-irizpideen arabera erabili behar da.

Hori dela eta, landare-lurrak kudeatzen direnean, ezinbestekoa da lur horiek berriro landareztatzeko duten ahalmena gordetzea. Hori lortzeko, landare-lurra betelanak egin baino lehenago kendu beharko da: kabailoietan pilatuko da, edo 1,5 m baino gutxiagoko tontorretan, eta ezingo da betetzeko elementutzat erabili; goiko geruzetan (gainazaletik 30 zentimetrora) soilik erabiliko da. Berriro landareztatzeko prozesua eraginkorra izan dadin, betelanak amaitu diren zonaldeetan, gainazala ez da trinkotu behar, ez eta harrotu ere.

Betelanak egin ahala, beste fenomeno batek biodibertsitatearen galera ekar dezake. Fenomeno hori aipatzea garrantzitsua da: Saihestu egin nahi da kanpotik sartutako landareak hedatzea (Fallopia japonica, Cortaderia selloana, banbua, eta abar); hedatu egin daitezke, betelanetarako materialekin edo betetako lurrak berriro landareztatzeko lanekin. Kontrol-neurriak hartu behar dira hori hautemateko, eta, beharrezkoa bada, neurri zuzentzaileak hartu behar dira.

Betelanei lotutako ekintzekin ezin zaie eragin ingurunean dauden bertako landare-formazioei. Horretarako, 10 m-ko gutxieneko zerrendabat utzi behar da, formazio horien ertzetik; eta hor ez da esku-hartzerik egingo.

Flora bereziari edo/eta mehatxatuari buruzko informazioaren arabera jarduera-eremuan landare-espezie berezirik edo/eta mehatxaturik badago, landare-espezie horrek inguru horretan duen presentziari buruzko ikerketa sakona egingo da. Landare-espezie horren aleak aurkituz gero, betelan-gunearen diseinua aldatu beharko da, betiere, teknikoki bideragarria den heinean.

Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema www.euskadi.net/natura

GeoEuskadi:

Azken aldaketako data: